Urtarrilak 17
Zarataren aurkako araudi berria indarrean
Iaz onartutako araudi berria urtarrilaren 17an jarri zen indarrean. Araudia zorrotza da, eta garai bateko neurriak gogortu ditu, esaterako, hutsegite larriena bost milioi pezetako isunaz zigor daiteke. Horrez gain, arautu gabeko jarduerak bildu dira bertan: alarmak, zama lanak, motorrak… Donostian zarata arazo bilakatu da. Etxeak soinugabetzeko Udalak emandako dirulaguntzak edota tabernek egindako ordutegi urratzeak zirela eta, aurten Parte Zaharreko Ixo elkarteak kexu ugari plazaratu ditu. La-saituko al du araudi berriak donostiarron loa?
Urtarrilak 18
Euskal Herriko lehen Zientzia Museoa zabalik
Ia urtebeteko atzerapenez, baina azkenean, urtarrilaren 18an Zientziaren Kutxagunea inauguratu zen Miramonen. Londre-setik ekarritako “Dinosauria 2000” izenburuko erakusketak estreinatu zuen Euskal Herriko lehen Zientzia Museoa. Lehen hilean museoak 1.000 bisitari izan zituen eguneko. Guztira, 8.000 metro karratu ditu museoak. Udan “Atapueca eta giza bilakaera” izeneko erakusketa izan zen ikusgai bertan. “Homo antecessor”-ek, Europako lehen gizakiak, ikusmira handia piztu zuen donostiarren artean.
Urtarrilak 22
Nanai umeentzako aldizkaria kalean
Baikararen (Gipuzkoko Eskola Publikoko Gurasoen Federazioa) eta Ikasbiren (Ipar Euskal Herriko Eskola Publikoko Gurasoen Federazioa) ekimenez sortutako Nanai hilabetekaria Euskal Herri osoan banatzen da ikastetxe publiko zein pribatuetako ikasleen artean. Nanai-k haurren gustuko gaiak jorratu ohi ditu: sukaldaritza errezeta errazak, jolasak, ipuinak… Aldizkariaren aurkezpena Amara Berriko Katalina Erauso ikastetxe publikoan egin zen urtarrilaren 22an. Hilabete barru, beraz, urtebete beteko du Euskal Herriko haurrentzako hilabetekari be-rriak.
Urtarrilak 23
Polizia Zabaltzenen eta Bilintxen urtemuga
Urtarrilaren 23an Espainiako Polizia Zabaltzen enpresan sartu zen Baltasar Garzon epailearen aginduz, banatzaileak ETArekin zerikusia zuelakoan. Euskal Editoreen Elkarteak (EEE), Kontseiluak, AEKk eta euskalgintzako beste hainbat taldek gogor kritikatu zuten Garzonen erabakia. Baita EA eta EH alderdiek ere. Zorionez, urriaren 29an plazaratutako autoak hipotesia indargabetu zuen. Astebete pasatxo beranduago, Zabaltzenen eta Bilintx dendaren 25.urtemuga ospatu zuen Elkarlanean Fundazioak. Urte askotarako..
Otsailak 10
Bertso Eguna Kursaalera itzuli zen
1935ean Kursaaleko Poxpolin antzokian lehen Bertsolari Eguna egin zen. 60 urte beranduago Bertso Eguna Kursaalera itzuli zen. Ganbara aretoan egitekoa zen eguneko jaialdi nagusia, baina sarrerak agortzear zeudela ikusirik, Auditoriumera aldatzea erabakia zuen Bertsozale Elkarteak. Otsailaren 10ean egin zen Bertso Eguna eta, azken urteetan bezala, bertso-trama izan zen ikuskizunaren ardatza. Bertsogintza berritzen ari den seinale.
Otsailak 19
Goi Mailako Musika Ikastegia Miramarrera
EAEko Goi Mailako Musika Ikastegiaren (GMMI) kokapena kolokan izan da hainbat urtez. EAEko hiru hiriburuek hartu nahi zuten LOGSE legea dela eta, sortu beharreko ikastegi berria. Hilaren 19an, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak EAEko Goi Mailako Musika Ikastegia Donostian egitea erabaki zuen. Hiru urtez ikastegi berria Miramar Jauregian egongo da, eta ondoren, Ibaetan egitekoa den egoitzan. Azkenik, azaroan hasi zen GMMIren lehen ikasturtea.
Otsailak 22
Samina Donostian
Euskal Herriak bizi duen gatazkaren ondorioz, hildakoak izan dira Donostian. Otsailaren 22an ETAk Martutenen leherrarazitako bonba autoak bi langile hil zituen: Josu Leonet eta Jose Angel Santos. Atentatuaren helburua Iñaki Dubreuil PSE-EEko zinegotzia zen. 2001ean, hala ere, ETAk beste bi pertsona hil ditu Donostian: Ramon Diaz Espainiako Itsas Komandantziako sukaldari loiolatarra (2001-01-26) eta Santiago Oleaga El Diario Vasco egunkariko finantza zuzendaria (2001-05-24) Abuztuan ere samina zabaldu zen Donostian, izan ere, Olaia Kastresana ETAko militantea Alacanten hil zen, lehergailu bat erabiltzen ari zela (2001-08-24).
Otsailak 27/28
Negu Gorriaken azken guda dantza belodromoan
Negu Gorriak taldeko kideek Baionan eta Donostian egin zituzten azken kontzertuak. Donostiakoetan 24.000 lagunek gozatu ahal izan zuten emanaldiez, eta sarrerak astebete lehenago agortu ziren. Besteak beste, Italia, Galizia, Bar-tzelona, Almeria, Valentzia eta Madrildik hainbat autobus etorri ziren, Euskal Herriko bazter guztietatik etorritakoak kontuan hartu gabe. Hunkigarria izan zen taldearen agurra. Guda dantza, hala ere, ez da amaitu.
Martxoak 1
Aurrekontua mahai gainean
Martxoaren 1ean Udal Gobernu Batzordeak 2001eko aurrekontuaren hitzarmena sinatu zuen. Eztabaida luzeen on-doren, azkenean aurrekontua maitzaren 18an onartu zen. Aurrekontuaren atzerapenak kritika zorrotzak jaso zituen oposizioko alderdien artean. Bestalde, aurten lehendabiziko aldiz, hi-riko talde eta elkarteek beren proposamenak aurkezteko aukera izan zuten. Hala ere, Auzo Elkarteen Koordinadorak deialdia berandu plazaratu zuela leporatu zion Udalari. Uliako Auzo Elkarteak, bestalde, berriro ere Saguesen aparkalekua egitea eskatu zuen.
Martxoak 17
AEKren aurkako eraso berria
Amara Berriko AEKko euskaltegiak, zabaldu zenetik, lau eraso jasan ditu. Martxoaren 17an hainbat ezezagunek euskaltegia harrikatu eta ateko eta leihoetako kristalak apurtu zituzten. Hala eta guztiz ere, bertako arduradunek ez zutela etsiko eta, “oztopo guztien gainetik euskalduntze eta alfabetatze lanetan jarraitzeko asmoa zutela” jakinarazi zuten. Begi bistan dagoenez, Garzonek jarraitzaileak ditu Donostian ere.
Martxoak 20
Euskadiko filmategia gas fabrikara?
Martxoaren 20an Udal Gobernu Batzordeak Euskadiko Fil-mategiari gas fabrikan 2.900 metro karratu ematea erabaki zuen, bertan filmategiaren egoitza berria egiteko. EAEko Ondare Industrialaren Elkartea, ordea, ez dago ados ebakiarekin, proiektuak ondare industriala kaltetu dezakeelakoan. Oraindik ez dago batere argi non egingo den egoitza berria. Argi dago, hala ere, Bizkaiko pasealekuko egoitza txiki geratu dela bertako 2.500.000 milioi metro pelikula, 5.000 liburu, 19.000 aldizkari eta 3.000 kartelentzako.
Martxoak 27
Donostiako I. Antzerki Saria
Martxoaren 27an Antzoki Zaharra galaz jantzi zen, izan ere, I.Donostia Antzerki Saria banatu zen. Ttanttaka taldearen “Ozeanoko pianista” antzezlan arrakastatsuak jaso zuen saria, datorren urtean antezlan berria ekoizteko milioi t´erdi pezeta, hain zuzen ere. Antzoki Zaharra lepo zegoen eta jendetzaren artean antzerki munduko aurpegi asko. Taula gainean, be-rriz, Jose Ramon Soroiz eta Elena Irureta, besteak beste.
Apirilak 4
Urumeako autobia bidea hartuta
Duela bi urte hasi zen autobiaren auzia, Gipuzkoako Foru Aldundiak proiektu ofiziala aurkeztu zuenean. Handik gutxira, proiektu horrek kaltetutako auzotarren elkarteak Okendotegi egitasmoa aurkeztu zuen. Okendotegi egitasmoak alderdien politikoen gehiengoa lortu zuen Batzar Nagusietan. Bi urte hauetan jarrerak hubiltzeko saiakera ugari egin dira eta azkenik, apirilaren 4an akordioa gauzatu zen. Okendotegi eta proiektu ofiziala baztertu eta “Bikain” proiektua, aurrekoen bategitea, onartu zen.
Apirilak 6
Korrika, baina ez presaka
Apirilaren 6an, Ipar Euskal Herrian barrena ibili ondoren, Korrika Donostiara heldu zen. Altzatarrak izan ziren Korrikari ongi etorria ematen lehenak. Egia eta Parte Zaharra izan ziren kilometro gehien erositako auzoak. Bestalde, aurten Ziberkorrika jarri zen abian. Hari esker, atzerrian bizi diren euskaltzaleek kilometroak erosteko aukera izan zuten, esaterako, Leire Diaz eta Aizpea Leizaola ikasle donostiarrek. Presarik gabe, baina beti aurrera.
Apirilak 19
Turismoak behera Aste Santuan
Aste Santuko oporren ondoren gurera etorritako turismoaren balorazioa egin zen. “Ostatuak %50 bete dira, horrek esan nahi du iazko batez bestekoarekin alderatuz gero, turismoak lau puntu egin duela behera”. Kote Villar Turismo zinegotziak apirilaren 19an eginiko adierazpenak dira. Zinegotziaren arabera, ezegonkortasun politikoa eta indarkeria ziren turismoaren gainbeheraren eragileak.
Apirilak 23
Amara Berriko kultur etxea zabalik
Aurreikusitakoa baino hilabete batzuk beranduago, azkenik, apirilaren 23an Amara Berriko kultur etxea zabaldu zen Anoetako futbol estadioko solairu arteko lokal batean. Kultur etxeak Ernest Lluch izena du, eta 2.600 metro karratu ditu. Eraikitze lanek 210 milioiko aurrekontua izan zuten, eta bigarren fase batean kultur gunea zabaldu nahi da.
Maiatzak 10
Ilazki euskaltegiak mende laurdena
Maitzaren 10ean Ilazki euskaltegiaren 25.urtemugako ekitaldiak hasi ziren. Euskaltegiak Amara Zaharreko Landetxe Gau Eskolan eman zituen lehen urratsak, 7 irakasle eta 70 ikaslerekin. Ordutik hona, euskaltegiko kideek lan handia egin dute, eta egun 30 bat irakasle eta 600 ikasle ari dira. Konstituzio plazako euskaltegia antzindaria da Donostian euskararen irakaskuntzan. Zorionak!
Maiatzak 13
EAJ-EA nagusi hauteskundeetan
Maitzaren 13an EAEko hauteskundeak egin ziren. Donostian, EAJ-EA koalizioak irabazi zuen auzo guztietan, Altzan salbu. EHk eta PSE-EEk beherakada nabarmena izan zuten, Legebiltzarreko aurreko hauteskundeekin alderatuta. PPk, aldiz, bost puntuko igoera izan zuen eta EBk 2 puntukoa. EAJ-EA koalizioa izan zen jaun eta jabe, 14 puntuko igoerarekin.
Maiatzak 26
Santa Klara uharte euskaltzalea
Maiatzaren 26an Euskaltzaleen Eguna egin zen Santa Klara uhartean. Aurreko bost urteetan AEKk antolatu zuen eguna, baina aurten, AEK ezezik Donostiako 47 talde biltzen dituen Batzen elkargunea aritu zen antolatze lanetan. Hitzordua arrakastatsua izan zen, izan ere, 500 lagun inguru bildu ziren uhartean gure altxor maitearen ohorez. Noiz hartuko dute euskal itsaslapurrek hiria?
Maitzak 30
Tabakalera eta San Telmo bidegurutzatuta
Maiatzaren 30ean Udalbatzarrak argi berdea eman zion Udalak, Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak tabakalerari buruz sinatutako hitzarmenari. Tabakaleran nazioarteko kultur garaikidearekin lotutako gunea egin nahi da. Proiektua erabat zehaztuta ez dagoen arren, 8.000 milioi pezeta aurreikusi dira gune berrirako. Proiektuak bere egin ditu San Telmon Euskal Kulturaren Museoa egiteko hitzartutako dirulaguntzak. Beraz, San Telmo beste behin umezurtz geratu omen da.
Ekainak 14
Telefonia automatikoak 75 urte
Ekainaren 14an Donostiako telefono zentral automatikoa abian jarri zeneko 75. urtemuga bete zen. Zentraleko azpiegiturak San Martin kalean ipini ziren. Gauerdian jarri zen abian zerbitzu automatikoa Eibarrera egindako dei batekin. Lehen zentralita automatiko hark 75 urte bete dituen arren, martxan dirau, izan ere, Ingenieritza Eskolako irakasleek erabiltzen dute telekomunikazioaren oinarriak ezagutzeko.
Ekainak 17
Zerga gutxiago Errege Katolikoetako dendarientzat
Errege Katolikoen kalean aparkalekua egin eta kalea oinezkoena bihurtzeko lanak martxoan hasi ziren. Hasieratik bertako dendari, tabernari eta auzotarrek obrek eragozpen ugari sortzen zituztela salatu zuten. Dendarien arabera, gainera, obrek eragindako anabasaren ondorioz, salmentek nabarmen egin zuten behera. Kexuak zirela eta, Udalak neurri aitzindaria hartu zuen ekainaren 17an: dendariontzako beherapen fiskala.
Ekaina 26
Kontxako bidegorria aurrera
Bidegorriaren aurreproiektuak ika-mika ugari sortu zuen Mugikortasun Batzordeko kideen artean, baina azkenik, ekainaren 26an Udal Gobernu Batzordeak argi berdea eman zion Kontxako bidegorriaren aurreproiektuari, PP alderdiak proiektuaren aurka egin zuen arren. Behin betiko onespena urriaren 30ean etorri zen, eta PP alderdiak eta baita EA-EAJ koalizioak ere aurka bozkatu zuten. Hala eta guztiz ere, txirrindularien gozamenerako Kontxan bidegorria izango dugu datorren udan.
Ekainak 29
Mendea Euskal Billerarekin
1901eko ekainaren 29an sortu zen Euskal Billera elkarte ezaguna. Garai hartan egoitza Fermin Calbetonen zegoen eta Paulino Goitia zen bertako presidente. Mende honetan el-karteak gastronomiaz gain, bestelako jarduerak bultzatu ditu: Irutxulo fanfarea, Kili Kili Eguna, San Sebastian eguneko danborrada… Egun elkarteak 250 bazkide ditu, guztiak gizonezkoak. Urtemugaren karietatik elkarteak liburua plazaratu zuen.
Uztailak 1
Zakildegi Antzoki Zaharrean
Uztailaren 1ean, Gay Harrotasunaren Egunaren haritik, “Zakildegi” gay zine zikloa egin zen Antzoki Zaharrean. Besteak beste, “Parto”, “Done Ostia”, “Making Off” eta gay zuzendariek eginiko bestelako film laburrez gozatzeko aukera izan zen. Hitzordua arrakastatsua izan zen, makina bat donostiar gerturatu baitziren Antzoki Zaharrera. Izango al du segida zikloak datorren urtean?
Uztailak 11
Denda txikiak bultzatzeko neurriak
Uztailaren 11n Udalak eta Gipuzkoako Merkataritza Federazioak denda txikiak bultzatzeko hitzarmena sinatu zuten. Donostian 3.598 dendari txiki daude eta 7.808 la-gun ari dira sektore honetan lanean. Hitzarmenaren harira, Udalak eta Gipuzkoako Merkataritza Federazioak dendarientzako 50 ikastaro antolatzeko konpromisoa hartu zuten. “Helburua merkatari txikien biziraupena bermatzea da”, jakinarazi zuten federazioko kideek.
Uztailak 9
Zipotz jaien hasiera zaratatsua
Uztailaren 9an hasi ziren Zipotz jaiak eta egun horretan bertan feriak ipini ziren Nafarroa Beherea plazan. Hurrengo egunean, ordea, Udalaren aginduz, feriak itxi behar izan ziren. Bi egun atzera eta aurrera ibili ondoren, azkenik, hilaren 19an feriak berriz ere zabaltzea lortu zuen Jai Batzordeak, hori bai, ordutegia murriztuta. Gauzak horrela, sinadura bilketa egin zen datorren urtean feriak izan daitezen.
Uztailak 16
Arrantzale zaharrei omenaldia
Uztailaren 16an, Karmengo Amaren Eguna, Gipuzkoako Arrantzaleen Kofradiaren ekimenez, 70 urtetik gorako Gipuzkoako 20 arrantzaleei omenaldia egin zitzaien kaiko San Pedro elizan. Donostiako 28 arrantzale ziren tartean. Kre-salako dantzariek itsasoarekin lotutako dantzak eskaini zizkieten, urte luzez itsasoa bizibide izandako gizonei.
Abuztuak 20
Argitu gabeko heriotza
Aldamar kalean izandako atentatuak samina eta kezka zabaldu zituen donostiarren artean. Parte Zaharreko Txio-ka tabernako komunean utzitako lehergailu batek eztanda egin zien eskuartean Maritxu Eraunzetamurgili eta haren biloba Jokini eta ondorioz, amona hil eta biloba oso larri zauritu zen. Ertzaintzak atentatua gertatu ondoren, hipotesi guztiak zabalik zeudela adierazi zuen. Espainiako Gobernutik eta PPtik kale borrokari edo ETAri leporatu zioten heriotza eta Ezker Abertzaleak, berriz, estatuaren gerra zikinari. Jostailuak nork utzi zuen ez da oraindik argitu.
Abuztuak 20
Rozanes Gaztelua babestu
Gure Gazteluak elkartea gazteluak, jauregiak, dorreak, harresiak eta bestelako eraikinak babestu eta berreskuratzeko helburuz jaio zen. Abuztuaren 20an elkarteak Aieteko Rozanes gaztelua bere horretan uztea eskatu zion Udalari. Gaz-telua Udalarena da, eta Udalak eraitsi egin nahi du bertan hotela egiteko. Alkatearen arabera, eraikinak ez du aparteko balio artistiko eta historikorik. Elkartekoek, ordea, oso bestelako iritzia dute.
Abuztuak 24
Hondartzak garbiago emisarioari esker
Emisarioa uztailean jarri zen martxan ofizialki, baina lehenago hainbat proba egin ziren. Udalak abuztuaren 24an plazaratutako datuen arabera, aurten ekaina eta uztaila bitartean, iaz baino 146.000 zabor kilo gutxiago jaso ziren uretatik. Jakina, itsas korronteek ere zerikusia dute. Egun Donostiako ur zikin guztiak kostaldetik 1.300 metrora isurtzen dira. Hala ere, Loiolako arazgailuko obrak ez dira 2003ra arte amaituko.
Abuztuak 27
Antiguako Gaztetxea kiskalita
Abuztuaren 27an ezezagun batzuek Antiguako Gaztetxeari su eman zioten. Sutea zela eta, Antiguako Gazte Asanbladako kideek manifestazioa egin zuten eta bertan Donostialdeko Etxe Okupatuen Batzarreko kideez gain, Altzako eta Intxaurrondoko Gazte Asanbladetako ordezkariak izan ziren. Antiguako gazteek bi urte zeramatzaten Seminario bideko gaztetxean.
Irailak 12
Porrontxo jaiek 20 urte
Irailaren 12an Porrontxo jaiak hasi ziren koadrilen ohiko jaitsierarekin. Aurten jaiok 20. urtemuga bete zuten. Ez dira beste asko bezala santu edo ama birjin baten inguruan sortutako jaiak, sudur handi bati lotutakoak baizik. Aurten ere giro paregabea izan zen: kontzertuak, antzerki emanaldiak, ziklokrosa, herri afaria… Datorren urtera arte itxaron beharko dugu Donostiako auzoetako jai ederrenez berriz ere gozatu ahal izateko. Pazientzia, lagunak!
Irailak 14
Poltsiko telefonoen antenekin adi
Irailaren 14an Udalbatzarrak poltsiko telefonoen antenei buruzko behin behiniko udal araudia onartu zuen. Hemendik aurrera hirian antena bat jarri nahi duten telefonia konpainiek baimena eskatu beharko dute Udalean. Orain arte, nahikoa zen obra txikien baimena izatea antena ipintzeko. Hala eta guztiz ere, ez da antenon kontrola eta erradiazioen neurketari buruzko neurririk hartu. Batasuna alderdiak eta Eguzkik Udalak kontrola zorroztea eta neurriak hartzea eskatu zuten.
Irailak 20
Mikel Olaziregiren lehen Zinemaldi aldapatsua
New Yorkeko gertakariek Mikel Olaziregiren lehen Zinemaldia belztu zuten. Warren Beauty, Mila Sorvino, Anthony Lapaglia, Glen Close... hainbat artistek beren etxean geratzea erabaki zuten. Julie Andrews ere ez zen Donostia Saria jasotzera etorri. Beste hutsegiterik ere izan zen: Paco Rabalena. Aktorearen heriotza kolpe handia izan zen antolatzaileentzat.
Irailak 22
Kotxerik Gabeko Eguna, ika-mikatsua
Irailaren 22an egin zen Kotxerik Gabeko Eguna, larunbatez. Iaz bezala ekimenak hiriko hainbat talderen kritikak jaso zituen, hala nola, Gipuzkoako Merkataritza Federazioa, Kalapie, Eguzki eta Batasuna alderdia. Gipuzkoako Merkataritza Federazioak, besteak beste, datorren urtean ekimena igandez izatea eskatu zuen. Udalak balorazio ona egin arren, donostiar askok kotxea hartu zuten batetik-bestera joateko.
Urriak 12
San Bartolomeko proiektua indargabetuta
Urriaren 12an EAEko Justizia Auzitegi Gorenak plazaratutako epaiak Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak onartutako San Bartolomeko ordenazio plangintza indargabetu zuen. Epaiaren arabera, bertako harresia, komentua eta bainuetxea babestu behar dira. Kaltetutako auzotarrek helegitea aurkeztea eskatu zioten Udalari, baina Udalak ez zuela helegiterik aurkeztuko jakinarazi zuen. Zer gertatuko da orain kaltetutako auzotarrekin? Horra hor, Udalak luze baino lehen argitu beharreko galdera.
Urriak 16
Gobernu Ituna haustear
Amaitzear dagoen urtean bi udal gobernukideen artean, PSE-EE eta PP, ezinegona izan da nagusi. Hainbat hirigintza proiekturekin sortu da desadostasuna: Kontxako bidegorria, San Telmo eta Tabakalera... Hala ere, urrian ezinegona areagotu egin zen, eta Gobernu Ituna haustear egon zen. Datorren urteko aurrekontuak piztu zuen Euskal Herriko mugak gainditu zituen afera. Azkenik, urriaren 16an alderdiok aurrekontua onartu zu-ten eta krisia amatutzat jo zen. Ikusi beharko.
Urriak 26
Añorgako errepide mozketak eztabaidagai
Aspaldi hasi ziren Añorgan N-1 errepidearen aurkako ekintzak, izan ere, errepideak auzoa bitan banatzen du, eta auzotarrek alde batetik bestera joateko nahikoa pasabide eta zebrabide ez dagoela salatu izan dute maiz. Aurten N-1aren aurkako ekintza ugari antolatu dira Añorgan, tartean errepide mozketak. Ildo horretatik, urriaren 26an Hiri Segurtasunerako Zuzendaritzak mozketak debekatu zituen. Astebete beranduago, ordea, EAEko Justizia Auzitegi Gorenak debekua bertan behera utzi zuen. Bien bitartean, añorgatarrek ez dutela etsiko diote.
Urriak 30
Euskaltzaleak kartzelara
Urriaren 30ean Euskal Herrian Euskaraz erakundeko lau gazte epaitu zituzten Donostian. Leporatu zitzaien hutsegitea? Hezkuntzak ikasleak euskaldundu beharra dagoela aldarrikatzeko kartelak ipintzea. Epaiketan gazteok euskaraz hitz egin nahi izan zuten, baina ezin. Argi dago euskaldunon hizkuntz eskubideak askotan zapaltzen direla gurean. Eskubideak eskubide, gazteok bi asteburu pasatu beharko dituzte gartzelan.
Azaroak 12
GAZTETXULOk urtebete
Azaroaren 12an GAZTETXULO Busa Donostiatik abiatu zen Euskal Herriko bazterrak bisitatzeko asmoz. Barruan Tentazioa ekoiztetxeko hiru aktore: Maider Yabar, Getary Etxegarai eta Jon Elola. Helburua: GAZTETXULO aldizkariak urtebete bete zuela gogora ekartzea. Eta bide batez, aitzakiarekin, gure herriak berotu eta gozatzea. Bost egunez herriz herri ibili ziren GAZTETXULOko komedianteak, aldizkaria hilabetero kioskoan dagoela gogorarazteko. Urtemugaren karietatik GAZTETXULOk 40tik gora opari zozketatu ditu.
Azaroak 16
Kursaaleko lur trukaketa indargabetuta
Azaroaren 16an Espainiako Epaitegi Gorenak duela zenbait urteko erabakia berretsi eta Kursaalean egindako lur trukaketa indargabetu zuen. Udalak eraikitze etxe baten utzi zuen garai batean Groseko merkatuan zegoen lur-saila, eta ez zituen legez erabaki behar zituen babes ofizialeko etxeak eraiki. Hala ere, erabakiak ez du eragin handirik izango. Beste hainbeste gertatu da aurten Ilunbeko lur trukaketaren auziarekin.
Azaroak 19
Babestutako 5.400 etxe gehiago Donostian
Azaroaren 19an, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza sailburu Javier Madrazok eta Donostiako alkate Odon Elorzak hirian sei urtetan babes ofizialeko 5.400 eraikitzea adostu zuten. Hitzarmenaren arabera, Udalak lurzorua jarriko du Eusko Jaurlaritzaren esku, babestutako etxeak egin ditzan. Zorionez, lurzorua ez da sustapen etxe pribatuen esku geratuko. Ez dezagun, ahaztu hala ere, Benta Berriko babes ofizialeko etxeen auzia konpontzeke dagoela. Ildo horretatik, bertako auzotarren elkarteak protestaldi bat baino gehiago egin du aurten.
Azaroak 20
Ereinen zilar ezteiak
Azaroaren 20an Erein argitaletxeak zilar ezteiak ospatu zituen. 25 urte hauetan argitaletxeak hiru arlo jorratu ditu: literatura, hezkuntza eta saiakera. Horrez gain, “Ipur-beltz” haurrentzako aldizkaria argitaratzen du Ereinek. Etorkizunera begira, berriz, Erein Narratina saria jarri nahi dute abian bertako arduradunek. Ereinek idazle handien uzta ederra jaso du urte hauetan guztietan: Ramon Saizarbitoria, Anjel Lertxundi, Lourdes Oñederra, Yon Etxaide... aurrerantzean ere hala izan bedi.
Abenduak 4
San Telmo dela eta, kritika
Herritar talde batek, abenduaren 4an, “San Telmo. Hondamendiak aurrera darrai” izenburuko agiria kaleratu zuen. Taldeak museoaren egoera salatu nahi izan zuen agiri honekin: gutxi erabiltzen ari dela zioen eta egun dituen ondasunekin, bertan Arte Ederretako Museoa eta Museo Historiko-etnografiko bat egin litekeela. Sinatzaileen artean hainbat idazle, historiagile eta artista zeuden, tartean Felix Maraña, Edorta Kortadi, Xabier Laka edota Carlos Aurtenetxe.
Abenduak 13
Euskararen plana sustatzeko akordioa
Udalak eta Kontseiluak Euskararen Plan Orokorrari elkarrekin jarraipena egiteko hitzarmena sinatu zuten abenduaren 13an. Bi aldeak pozik agertu ziren akordioarekin. Ho-nako hau, ordea, ez zen egun horretan sinatutako hitzarmen ba-karra izan, bai Udalak, bai Kontseiluak akordio bana sinatu baitzuten Altzako Bizarrain elkartearekin. Azken bi hitzarmenon helburua Altzako Plan Estrategikoa abian jartzea da. Plan guztiok Donostian euskara gehiago entzuteko balioko ahal dute!
Abenduak 21
Santotomasetan, txostena
Santo Tomas hotza egokitu zitzaigun aurten donostiarroi, hala ere, hotzak ez zion egunari dizdira kendu. Milaka donostiarrek Parte Zaharreko kaleak hartu zituzten. Joxefina txerramak harro erakutsi zuen bere gorputza Konstituzio enparantzan. Hala eta guztiz ere, ohiko zozketak arazoak ekar diezazkioke Udalari. Eusko Jaurlaritzak Udalaren aurkako zigor txostena abian jarriko duela jakinarazi du, animaliaren zozketa eta erakustaldia dela eta. Antza denez, Animalien Babeserako EAEko Legeak jarduerok debekatzen ditu.
Abenduak 24
Monpaseko lanetan segurtasun falta
Osalanek jakinarazi duenez, Monpaseko urazpiko emisarioa eraikitzeko lanetan segurtasun legea urratu zen. 2000ko abenduan urpekari bat hil zela eta, Osalanek ikerketa egin zuen eta aurtengo abenduan ezagutarazi ditu ikerketaren ondorioak. Txostenak dioenez, besteak beste, langilearen ekipoan akatsak zeuden eta horrez gain, enpresak ez zuen arrisku azterketarik egin. Urtarrilean enpresako jabeak eta lanen zuzendariak epailearen aurrera joan beharko dute.