BageraNet BageraNet
Ziberteka

Gora 2001

Artikulua Irutxulon esanak
Artikulua Kirola
Artikulua Protagonistak
Artikulua 2001 kronologia
Jaso ezazu
Bageranet Albistegia
posta elektronikoz


Irutxuloko Hitza
  BAGERA    ZIBERTEKA    IRUTXULO    GAZTEZULO    ALBISTEAK    LOTURAK    NON ZER 
 [ Bageranet  >  Donostiako Ziberteka  >  Urtekariak  >  2001  >  Protagonistak ]

2001eko pertsona esanguratsuak

Hona hemen 2001. urtean hizpide izan diren hainbat pertsonaia. Jendearen ahotan izan dira, eta horretarako arrazoi ezberdinak izan dira. Batzuk eginiko lanagatik izan dira protagonista eta beste batzuk, berriz, zendu direlako.

Enkarni Genua

Bi emakume izan ziren protagonista aurten Donostia Hiria literatur sarietan: Enkarni Genua donostiarra eta Itziar Rozas lasartearra. Genua “Ostiralero afaria” lanarekin nagusitu zen euskarazko antzezlanen atalean. Donostiarrak, “Erreka Mari” lana plazaratu zuenetik hona, 15 obratik gora idatzi ditu. Horrez gain, aurten bere senarra Manolo Gomezekin Txo-txongilo taldea sortu zueneko 30. ur-temuga bete da. Urte hauetan guztietan, bikoteak Aita Barandiarenek eta Resu- rreccion Maria Azkuek bildutako ipuinak zabaldu ditu gure haurren artean. Urte askotarako.

Francisco Escudero

Francisco Escudero (Donostia, 1913) Donostiako Musika Kontserbatorioan hasi zen musika munduan. 1931n Madrilera jo zuen ikastera, eta handik Frantziara. Gerra Zibilean bertan erbesteratu zen. 1945ean Espainiako Musika Saria erdietsi zuen, eta 1961ean Donostiako Kontserbatorioko zuzendari izendatu zuten. Aurtengo Musika Ha-mabostaldiak kontzertua eskaini zion maisuari. Horrez gain, Euskadiko Orkestra Sinfonikoak Escuderoren bilduma grabatu zuen. Hori gutxi balitz, bezala, Jose Mari Agirrek musikariari buruzko dokumentala egin zuen.

Virginia Imaz

Pailazoak Cirque de Soleil ospetsuan eman zituen azken bi urteak, eta 2001eko hasieran etxeratu zen. Iritsi bezain laster Oihulari Klown taldearen sortzailea lanean hasi zen. Eta aurten ere lan asko izan du egiatarrak. Uztailean bere azken lana es-treinatu zen Antzerki Ferian: “Ogibidez printzesa”. Udazkenean, berriz, “Banbulo” Bernardo Atxagaren pertsonaiaren larruan sartu zen, izen bereko antzezlanean. Horrez gain, Blanca Zarageta, Jose Luis Gascon eta hainbat taldetako kideekin “Mediklown” EAEko erietxeetan animazio saioak egiteko elkartea sortu zuen.

Martin Berasategi

Parte Zaharrean jaiotako sukaldariak Michelinen hirugarren izarra eskuratu du. Hortaz, Lasarteko jatetxea munduko onenen artean dago. Izan ere, jatetxe gutxi batzuek besterik ez dituzte hiru izar mundu osoan, eta haien artean, bi donostiarrenak dira, Juan Mari Arzakena eta Martin Berasategirena. Martin Berasategi gaztea da, baina hala ere, azken urteotan sari asko irabazi eta sona handia lortu du. Lasartekoaz gain, beste jatetxe batzuk ere baditu, Bilboko Guggenheim Museoan eta Donostiako Kursaalean, adibidez.

Miren Azkarate

Amara Berrin bizi den euskaltzaina Hezkuntza eta Kultura sailburu izendatu dute aurten Ibarretxeren gobernuan. Miren Azkarate irakasle eta EHUko errektoreorde ere izana da. Argia astekarian egindako elkarrizketan, EAEko Hezkuntza eta Kultura sailburuak adierazi du euskararen militante izaten hilko dela. Horrez gain, Eusko Jaurlaritzaren Euskararen Biziberritze Plana, Kontseiluaren Plan Estrategikoa eta udalen planak osagarriak direla esan du eta erakunde bakoitzari zer dagokion zehaztu beharra dagoela.

Julio Medem

Ezin zitekeen bestela izan. Julio Medem zine zuzendari donostiarrak abuztuan estreinatu zuen “Lucia y el sexo” bere azken lana, eta dudarik gabe, horixe izan da aurten gure hirian zeresan gehien eman duen filmeetako bat. “Los amantes del círculo polar” bikainaren ondoren, Medemek unibertso propioa eraiki du berriro ere, ikuslea metafora-irudiez jositako amodiozko istorioan barrena eramanez. Medemekin beti gertatu ohi den bezala, zinemazaleen artean ez zen adostasunik izan, filma epaitzerako orduan. Batzuek maisulantzat jo zuten, erdibidean geratutako istorio handinahitzat besteek.

Maialen Lujanbio

Abenduaren 16an, bertsozaleek berdindu ezinezko uneak bizi izan zituzten Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiaren finalean. Jakina denez, Andoni Egañak hirugarren aldiz jantzi zuen txapela, baina zarauztarrak inoiz baino hobe aritu behar izan zuen buruz buruko azken txanpan Maialen Lujanbio mendean hartzeko. Duela lau urte, bertso txapelketen historian mugarria ipini zuen Hernanikoak, final baterako inoiz sailkatutako lehen emakumezkoa izan baitzen. Lau urteren ondoren, belodromoan bildutako guztien arnasa eta animoa jaso zuen Lujanbiok, eta bertso gogoangarriez erantzun zion animo horri.

Oreka TX

Igor Otxoa eta Harkaitz Martinez añorgatar gazteek osatutako Oreka TX taldeak maiatzean plazaratu zuen “Quercus endorphina” izeneko lehen diskoa. Txalaparta doinuez betetako disko hau Kepa Junkera soinujole bilbotarrak ekoitzi zuen, eta kolaboratzaileen artean musikari handiak aritu ziren, Michel Bordeleau, Phil Cunningham eta Mikel Laboa, kasu. Añorgako taldeak hamaika kontzertu eman ditu aurten, Junkera eta Cunningham-ekin, edota Oskorri eta Hevia-rekin, besteak beste. Azaroaren 11n, esaterako, kontzertu jendetsua eman zuten Kursaalean.

Momo jainkoa

Maribel Bobueta izan genuen aurtengo inauterietako Momo jainkoa. Mozorrozale amorratu hau Alaiak konpartsa umoretsuarekin atera zen kalera. Inauterietan Donostian garai bateko giroa egon dadin, formula polita proposatu zuen Bobuetak IRUTXULOko orrialdeetan: “Gazteak gero eta gutxiago animatzen dira. Ez da inauterietan soilik gertatzen, festa guztietan baizik. Horrexegatik, gurasoek haurren eredu izan behar dute, beraiek ere festan parte hartuz. Modu horretara haurrak inauterietan irtetzera animatuko dira”. Horrela izango ote da 2002ko inauterietan?

Pablo Malo

Zalaparta askorik egin gabe, apaltasun handiz, Pablo Malo zine zuzendari donostiarra gogotsu ari da lanean. “El angel de marmol” bere lehen film laburrarekin zenbait sari jaso ondoren, lau urteko etenaldia hautsi eta “Jardines dehabitados” izeneko film laburra egin zuen Parte Zaharreko gazteak. Film honek arrakasta handia izan du, nazioarteko zinemaldietan jasotako bederatzi sariak horren lekuko. Unax Ugalde, Andoni Erburu eta Maribi Bilbao aktoreak protagonista dituen film labur hau irailaren 25ean eskaini zen Donostiako Zinemaldian Euskal Zinearen Egunean.

Jesus Maria Alkain

Jesus Maria Alkain (Donostia, 1922) Antiguan jaio eta bertan bizi izan zen, emazte Mari Carmen Dominguezekin ezkondu zen arte. Ekonomia Zientzietan lizentziatua, Donostiako alkate izan zen 1979tik 1983ra (EAJ). Horrez gain, Pakeako zuzendaritzan aritu zen hainbat urtez. Alkain aurtengo uztailaren 1ean hil zen, 79 urte zituela. Hileta elizkizunetan udal agintariak zein EAJko ordezkariak bildu ziren alkate ohia agurtzeko. Omenaldi gisa, Loiolan egitekoa den auzo berriko kaleetako bati bere izena ematea erabaki zuen Udalak.

Vicente Ameztoi

Vicente Ameztoi (Donostia, 1946) azaroaren 6an hil zen. Ameztoik osaba Jesus Olasagasti margolariarekin eman zituen lehen urratsak. 1967an egin zuen bakarkako lehen erakusketa. 1970ean, berriz, Euskal Pinturaren V. Sari Nagusia irabazi zuen, eta besteak beste, “Euskadi Sioux” aldizkariaren sortzaileetako bat izan zen. 1990ean Artelekuk artistaren ibilbidea bildu zuen “Karne & Klorofila” erakusketan. 1993an, Remelluriko ermitan mural bat egiteko enkargua jaso zuen. Iaz Koldo Mitxelenak bere lanei buruzko erakusketa antolatu zuen.

Irene Laffitte

Irene Laffitte (Donostia, 1931) Donostiako Arte eta Ofizioen eskolan eta Madrilgo Arte Ederren eskolan hasi zen arte munduan. 1959an Gipuz-koako Artista Berrien Saria irabazi zuen. Bi urte beranduago lehen erakusketa egin zuen Madrilen, eta ondoren, Parisera joan zen bizitzera. 1970ean Irenek Ordiziako Areta baserria erosi, eta oilarren koadro ezagunak egiten hasi zen. 1982an, ordea, sute batek baserria kiskali zuen. Dena den, Irenek ez zuen etsi eta lanean jarraitu zuen. Bere azken bi erakusketak Parte Zaharreko Kai eta La Colchoneria tabernetan egin zituen. Pintore donostiarra abenduaren 13an hil zen.

O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O
  Hasierara   hasierara   

Bagera.net © Bagera, Donostiako Euskaltzaleen Elkartea
Katalina Eleizegi 36, behea; Donostia 20009 | Telefonoa: 943467181 - Faxa: 943446532
e-posta: idazkaritza@bagera.net | Webgune honi buruz: Kontsultak - Kredituak
Orri honen kokapena: http://www.bagera.net/Bageranet/Ziberteka/Urtekariak/2001/Protagonistak