BageraNet BageraNet
Ziberteka

Gora 2001

Artikulua Irutxulon esanak
Artikulua Kirola
Artikulua Protagonistak
Artikulua 2001 kronologia
Jaso ezazu
Bageranet Albistegia
posta elektronikoz


Irutxuloko Hitza
  BAGERA    ZIBERTEKA    IRUTXULO    GAZTEZULO    ALBISTEAK    LOTURAK    NON ZER 
 [ Bageranet  >  Donostiako Ziberteka  >  Urtekariak  >  2001  >  Kirola ]

2001eko kirol balantzea

Behobia-Donostian 10.000 korrikalari

Azaro hasieran jokatutako Behobia-Donostia lasterketak ia 10.000 lagun bildu zituen. Bigarren urtez jarraian, afrikar bat nagusitu zen gizonezkoen artean: Philip Rugut. Emakumezkoetan, berriz, Rocio Riosek lortu zuen garaipena. Aurtengoan udaberrian bihotzekoak jota zendutako Diego Garcia azkoitiarrari omenaldia egin zitzaion. Behobia-Donostian ezezik, afrikarrak maratoian ere jaun eta jabe izan ziren: gizonezkoetan Samson Kandie nagusitu zen, eta Anne Kosgey emakumezkoetan.

Partida handiak... eta eztabaida urte bukaeran

Aurten pilotazaleek goi mailako partidak ikusi ahal izan dituzte Atano III. frontoian. Udaberrian Gońi III.ak eta Asier Olaizolak binakako txapela jantzi zuten Alustiza eta Beloki mendean hartuta. Buruz buruko txapelketaren finala ere Donostian jokatu zen, eta orduko hartan Beloki Eugiri gailendu zitzaion. Urte amaieran, baina, polemika izan da nagusi. Izan ere, lau t’erdiko txapelketaren finala Donostian izatekoa zen, baina azken unean, enpresek Gasteizen jokatzea erabaki zuten.

Poza Castro Urdialesen eta etsipena Orion

Aspaldi ez bezalako istiluak izan ziren aurten Kontxako Banderan. Irailaren 2an, lehen igandean, Oriok zortzi segundutik gora atera zizkion Jose Luis Kortak gidatutako Castrori. Bigarren igandean badia barruko azken txanpa ametsgaizto bilakatu zen oriotarrentzat. Korta zakur-zaharraren gidaritzapean, Castrok Orio atzean utzi eta ehunenekoei esker bandera eskuratu zuen. Oriok Kortaren portaera salatu zuen epaimahaian, Ortzaikakoak beren ibilbidea oztopatu zuela argudiatuz. Alferrik.

Ametsgaizto amaigabea

Realak itxaropentsu ekin zion 2001. urteari. Toshack-en agindupean, txuri-urdinen jokoak hobera egin eta Realak Lehen Mailari eustea lortu zuen. Azken partidan jai giroa nagusi izan zen Anoetan, Osasunak ere mailari eutsi baitzion, Realak “oparitutako” puntuei esker. Irailetik hona, ordea, ez da giro Donostian, Toshack eta bere mutilak jaitsiera postuetatik atera ezinean baitabiltza.

Handien artean handiena

Aurtengo klasikan egun bateko lasterketetan iaioak diren txirrindulariak nagusitu ziren. Casagrandek, Rebellinek, Bellik eta Jalabertek Jaizkibelgo igoeran ihes egin eta Bulebarrean elkarren kontrako lehia ikusgarria izan zuten. Helmugan Laurent Jalabert nagusitu zen, azken urteetan txirrindularitza munduan garaipen gehien lortu dituen gizona, alegia. Hain zuen, Donostiako klasika zen Jalabert-ek sekula irabazi gabeko txapelketa bakarrenetako bat.

Proiektu berria Gaskan

Urte luzez Askatuak izan da Gipuzkoako saskibaloiaren ordezkari nagusia. Aurten, baina, Gipuzkoa Basket sortu da Miguel Santos kirol sustatzailearen zuzendaritzapean. Taldeak Askatuak-en lekua hartu du eta LEB 2 mailan ari da. Lehen denboraldi honetan, donostiarrak sailkapenaren erdialdean dabiltza. Epe ertainera, Gaskako harmailak lepo ikustea eta taldea mailaz igotzea da proiektuaren bultzatzaileen helburua.

Persian Ruler urrezko zaldia

Abuztuaren 15a, Zubietako zalditegian Urtero urrezko Kopa jokatzen den eguna, aurtengoan sargoritsua izan genuen oso. Ekaitza arriskua egon arren, zalditegiko harmailak lepo bete ziren denboraldiko lasterketarik garrantzitsuenaz gozatzeko. Etxeko Ehun zalditegiko Jafar zen faboritoa, baina azkenean Persian Ruler eta Illunbe gaztearen arteko norgehiagoka estua izan zen helmugan. Alde txikiaz, baina Persian Rulerrek irabazi zuen Urrezko Kopa.

Galdutako maila berreskuratu nahi

Itxaropena berpiztu du 2001 urteak errugbizaleen artean. Bera-Berak galdutako maila berreskuratu du, eta Ohorezko B Mailan dihardu berriro. Aurtengo denboraldirako goi mailako helburua jarri diote Bera-Berakoek beren buruari: Lehen Mailara igotzea. Bera-Berak egindako balentriari Atletikorena gehitu behar zaio, honek ere mailaz igotzea lortu baitzuen ekainean bukatutako denboraldian.

Etorkizun handiko piraguistak

2001ean Maria Eizmendik piraguismoa uztea erabaki zuen. Zalantzarik gabe, Eizmendi izan da Donostiak azken urteotan emandako piraguistarik onena. Dena den, hainbat lagunek hartu dute Maria Eizmendik utzitako lekukoa. Esaterako, Jon Ergüin munduko onenekin ari da ur lasterren txapelketan. Bestalde, Donostia Kayak elkarteko neska-mutilek dominak irabazi dituzte parte hartu duten nazioarteko txapelketa guztietan. Meritu handia da, denak 20 urtetik beherakoak direla kontuan hartuta.

Zorionak Donosti Cup!

Uztaila hasieran Donostia futbolari gazteen topaleku bihurtu zen berriro. Munduko bazter guztietatik etorritako neska mutilak baloiari ostikoka aritu ziren Donosti Cup txapelketaren 10. edizioan. Edizio guztiotan futbolarien harrobi ezezik, hainbat kulturetako gazteen topagune ere bihurtu da Donosti Cup. Esate baterako, Xabi Alonso edota Mikel Arteta txapelketa honetan aritu ziren goi mailara iritsi baino lehen.

ET-ren jauzi ikusgarriak

Azaroaren 1ean Belodromoak gainezka egin zuen motorzale trebeenak gertutik ikusteko. Superkrosaren hirugarren edizioa izan zen aurtengoa, eta iaz ez bezala, ET goitizenez ezaguna den Edgar Torronteras gurean izan genuen. Kataluniako mutila oso iaioa da jauzi txapelketetan, eta Euskal Herri osotik etorritako ikusleak aho bete hortz utzi zituen.

Abenturak itsaso zabalean

Urtarriletik martxora bitartean, Kirolgi itsasuntzia eta Cadiz-Habana estropadan parte hartu zuen taldea izan genituen protagonista. Hamaika oztopo gainditu behar izan zituzten tripulatzaile gipuzkoarrek Habanako kaira iristeko. Urrian Euskadi untziak hartu zuen lekukoa, munduko estropada zailenari ekin zion, Xabier Agote eta Urko Mendibururen eskutik.

O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O
  Hasierara   hasierara   

Bagera.net © Bagera, Donostiako Euskaltzaleen Elkartea
Katalina Eleizegi 36, behea; Donostia 20009 | Telefonoa: 943467181 - Faxa: 943446532
e-posta: idazkaritza@bagera.net | Webgune honi buruz: Kontsultak - Kredituak
Orri honen kokapena: http://www.bagera.net/Bageranet/Ziberteka/Urtekariak/2001/Kirola