Beste urtebete pasatu da. Agur esan digun urteak mota guztietako albisteak utzi dizkigu. Nagusia, zalantzarik gabe, nazioartetik etorri zitzaigun: New Yorken eta Washingtonen izandako atentatuak eta Afganistanen ondoren piztutako gerra. Euskal Herriari dagokionez, EAEko maiatzeko hauteskundeek zeresana eman zuten eta zenbaitentzat ezustekoa ekarri zuten. Ezin ahaztu, halaber, euskal gatazka eta indarkeriak; haiek ere zoritxarreko albiste izan dira 2001ean. Donostian ere ez dugu albiste falta izan. Hiru nabarmenduko ditugu: udal gobernuaren krisialdia, San Bartolomeko proiektua bertan behera geratu izana eta Realaren salbazioa.
Zein erronka izango dute Donostiak eta donostiarrek 2002an? Udalak Plan Estrategikoa eskuartean du. Planak hainbat helburu eta egitasmo ezarriko ditu eta udal agintarien esanetan, etorkizunerako tresna garrantzitsuenetako bat izango da. Hortaz, gizartearen parte hartzeak ezinbestekoa izan behar luke. Kontuan hartuko al da ohiko erabakietan oihartzun txikia izaten duten zenbait talderen iritzia (gazteak, langabetuak, baserritarrak, euskaltzaleak…)? Prest al dago Donostiako gizartea jarrera aktiboagoa izateko?
Beste erronka bat: bizikletaren erabilera. 2001ean Udalak Kontxako bidegorriari baiezkoa eman ondoren, datorren urtean garraiobide hau sustatu beharko litzateke, besteak beste, bidegorri sarea zabaltzeko eta hobetzeko neurriak hartuta.
Etxebizitzaren arazoak ere lehentasuna izan behar luke erakundeentzat 2002an. Izan ere, aspaldiko arazoa da hauxe Donostian eta neurriak hartzen ari diren arren, oraindik ere gazte (eta ez hain gazte) askok ez dute etxebizitza izateko aukerarik.
Eta euskara, jakina. Udalak bi plan ditu mahaigainean: udal funtzionarien euskalduntze plana eta Euskararen Plan Orokorra. Plan horiek ahalik eta azkarren eta ondoen garatu behar dira. Dena dela, euskararen normalizaziorako bidean, erakundeek ezezik, gizarteak ere badu zereginik. Denok euskara gehiago erabiltzea da gure hizkuntzaren alde egin dezakegun onena. Horra hor apustua!