BageraNet BageraNet
Ziberteka

Gora 2000

Artikulua Balantzea
Artikulua Kirolak
Artikulua Kronologia
Artikulua Protagonistak
Jaso ezazu
Bageranet Albistegia
posta elektronikoz


Irutxuloko Hitza
  BAGERA    ZIBERTEKA    IRUTXULO    GAZTEZULO    ALBISTEAK    LOTURAK    NON ZER 
 [ Bageranet  >  Donostiako Ziberteka  >  Urtekariak  >  2000  >  Protagonistak ]

Urteko Protagonistak

Ondorengo lerrootan Donostiako 2000. urteko protagonista nagusiak dituzue. Denak izan dira aipagai aurten; batzuk zendu dira, beste batzuk egindako lanarengatik nabarmendu dira, kargu hartzeak ere izan dira... Aipatu beharreko guztiak, hala ere, ez daude hemen, baina zalantzarik gabe, ondorengoek aipamena merezi dute: kulturarekin lotutakoak, eliz gizonak, kirolariak...

Horra urteko pertsonaiak...

Mikel Irazusta Polipaso

Urtarrilaren 7an, 74 urte zituela, Mikel Irazusta Goikoetxea Poli-paso zendu zen. Aizkolaritzan nabarmendu arren, igeldotarra beste hainbat herri kiroletan ere aritu zen, hala nola herri lasterketetan, idi dematan eta sega probetan. Irazustak makina bat jaialditan parte hartu zuen, eta berandura arte ez zion kirola egiteari utzi. 44 urte zituenean, esaterako, Arria korrikalariarekin lehiatu zen. Hiletak Igeldoko San Pedro elizan egin ziren. Herri kiroletako hainbat eta hainbat lagun bertaratu ziren Igeldora Polipa-sori azken agurra ematera.

Iņaki Barriola

Azaroaren 6an, 54 urte zituela, Iņaki Barriola EAko zinegotzi ohia hil zen. Barriolak hamabi urte eman zituen zinegotzi lanetan, eta zortzi urtez Ongizate Sailean aritu zen. Ignazio Maria Barriola sendagile eta euskaltzale ospetsuaren semea eta Abelino Barriola zinegotziaren biloba, Iņakik aurtengo otsailean zinegotzi kargua utzi eta enpresa pribatu batean lanean hasi zen. Ekonomia Zientzietan lizentziatua, El Diario Vasco egunkarian jardun ondoren, politika munduan murgildu zen. Elizkizunak Ar-tzain Onaren katedralean egin ziren azaroaren 7an.

Rafa Treku

Abuztuaren 31n Rafa Tre-ku zinegile donostiarra hil zen. Tre-kuk 68 urte zituen eta oso ezaguna zen zinegintzaren munduan. Besteak beste, itsasoari eta itsas faunari bu-ruzko hainbat do-kumentalen egile zen. Horrez gain, hiriarekin lotura estua zuen, saltsa guztietako perrexila baitzen. Aste Nagusiko Su Ar-tifizialen Nazioar-teko Lehiaketako epaimahaikidea izan zen zenbait urteetan. Tamalez, Rafak ez zuen berak hainbeste lagundu zuen Zinemaldiko aurtengo filmak ikusterik izan, Zinemaldia hasi baino egun batzuk lehenago hil baitzen.

Felipe Juaristi

Felipe Juaristiren Animalien inauteria lanak irabazi zuen 2000. urteko Haur eta Gazte Literaturako Euskadi saria. Sariari esker, idazleak bere lana Euskal Herritik kanpora ezagutarazteko aukera izango du. Narrazioaren egitura sendoa eta erritmo pausatua izan ziren epaimahaikideek goratutako ezaugarrietako batzuk. Felipe Juaristi curriculum luzeko idazlea da, bereak dira adibidez, Denbora. Nostalgia (1985), Hiriaren melankolia (1987), Laino artean zelatari (1993), Arinago duk haizea Absalon (1990) eta Sagitario (1993) liburuak. Animalien inauteria liburuaren marrazkiak Antton Olagariagak eginak dira. Bestalde, Juaristi Durangoko Azokako protagonistetako bat izan zen, Aduna eta aduanak liburu berriarekin.

Lourdes Oņederra

Lourdes Oņederra idazlearentzat aurtengoa sarien urtea izan da. Eta emakumeari sugeak esan zion bere lehen eleberriari esker, donostiarrak Kritika saria eskuratu zuen maiatzean. Aste batzuk beranduago, Be-terriko Liburua saria etxeratu zuen. Ondoren, Oņederra Espainiako Narra-tiba sarien finalistetako bat izan zen. Urrian, azkenik, Euskadi Saria eskuratu zuen. Lehen eleberriak fruitu ederrak eman ditu, beraz. Euskadi Sariko epaimahaikideek azpimarratu zutenez, Obabakoak liburuaz geroztik, nekez aurki daiteke euskal literaturan hain denbora laburrean hainbeste sari bereganatu duen lanik. Zorionak Lourdes.

Barbara Goenaga

Kasualitatez hasi zen telebistaren munduan, izeba Aitzpea Goena-garen eskutik. Hiru urte besterik ez zituen Bai zera saioan parte hartu zuenean. Ordutik hona, Juan Luis Goenaga pintorearen alabak lan asko egin du telebistan. Goenkalen luze jardun ondoren, Madrildik hots egin zioten El Comisario telesailean parte hartzeko. Ondoren, Hospital central telesailean ere aritu zen. Zinemagin-tzan ere jarduna da Goenaga, hain zuzen ere, Jesus Morak zuzendutako eta oraindik estreinatu gabeko azken filman. Film horretan Aitana Sanchez Gijonekin batera ari da. Aurten, Tele 5 kateko El grupo telesailean ikusi ahal izan dugu Barbara. Nolako enborra, halako ezpala: goenagatarren aktore leinuak aurrera darrai.

Joan Mari Irigoien

Altzatar idazlearentzat 2000. urtea oso oparoa izan da. Batetik, duela hamaika urte idatzitako Babilonia nobela arrakastatsua Euskadi Irratian emateko egokitu dute. Irratsaioaren grabaketetan hainbat aktorek parte hartu dute. Bestetik, Metak eta kometak bere azken liburua kaleratu zuenetik sei urte beteak zirela, Irigoienek Lur bat haratago nobela mardula argitaratu zuen Durangoko Azokarako. Elkarlanean argitaletxeak plazaratutako eleberri hau XVII. mendeko Nafarroan kokatua dago. Hizkuntza-ren aldetik, Irigoienek Axularren Gero hartu du oinarri eta inspirazio iturritzat.

Joxean Muņoz eta Txabi Basterretxea

Joxean Muņozek eta Txabi Baste-rretxeak lan asko egin dute aurten. Biak Atarian erakusketa arrakastatsuaren zuzendariak eta komisarioak izan ziren. Horrez gain, azaroan estreinatu zen bikote honek zuzendutako Karamarro uhartea marrazki bizidunetako filma. Azaroaren 17tik abenduaren 24ra 12.000 ikusle izan zituen film honek Hego Euskal Herrian, horietatik 6.000 euskarazko bertsioa ikustera joanak eta beste hainbeste gaztelaniazkora. Lerrook idazteko tenorean, euskarazko filmak zazpi aste zeramatzan jarraian Donostiako karteldegi komertzialean. Datozen asteetako ikusleak kontuan hartu gabe, 4.000 lagunek ikusi dute gure hirian Karramarro uhartea, gaztelerazko La isla del cangrejo ikusi dutenak baino %25 gehiago.

Ramon Saizarbitoria

Iaz Aberriaren alde (eta kontra) saiakera zorrotza argitaratu ondoren, Saizarbitoria Gorde nazazu lurpean liburua besapean joan zitzaigun Durangoko Azokara. Hiru narrazio luzek eta bi eleberrik osatutako liburu mardul honek oso harrera ona izan zuen Durangon. Bi eleberrietako bat, Gudari zaharraren gerra galdua izenekoa, aparteko edizioan ere plazaratu zuen Erein argitaletxeak. Zenbait elkarrizketetan onartu izan duenez, Sai-zarbitoria gogotsu ari da berriro literaturan. 70eko hamarkadan Egu-nero hasten delako, 100 metro eta Ene Jesus liburu giltzarriak plazaratu ondoren, donostiarrak denbora luze eman zuen batere lanik plazaratu gabe.

Mikel Laboa

Mikel Laboa kantari donostiar ezagunak Gernika zuzenean II izeneko diskoa kaleratu du aurten. Laboak 1999ko abuztuan Victoria Eugenia antzokian Donostiako Or-feoiarekin eta Euskadiko Gazte Or-kestrarekin eskainitako kontzertuaren zuzeneko grabazioa da diskoa. Horrez gain, Txoriak txori edota Baga biga kantuen egileak EHUren urrezko domina jaso zuen urtarrilean. EHUk sari bera eman zien Ez Dok Hamahiru taldeko kide izandako Benito Lertxundiri eta Artze anaiei. IRUTXULOko orrialdeetan ere protagonista izan genuen Laboa. Besteak beste, Gernikako bonbardaketa ez dugula ahaztu behar adierazi zigun kantari donostiarrak.

Vicente Belda

Aurtengo ihauterietako Momo Jainkoa Vicente Belda izan da, bost egunez Donostiako errege. Ihauteriak beti oso gustukoak izan dituen gizona da Vicente Belda eta horrexegatik, azken hamalau urteotan beti atera da mozorrotuta Zuhaitza konpartsarekin. Mozorrozaletasuna agerian uzten duen datua aipatu zion Beldak IRUTXULOri: ´Aste Santuan hasten gara pentsatzen hurrengo urteko ihauterietan zer egin eta udan mozorroa prestatzenĒ. Ihauteriak txantxarako egunak diren arren, ez da txantxetakoa Beldak eta bere konpartsakideek hartu ohi duten lana! Kritikak ere egin zituen Momo Jainkoak; ihauterietan donostiar gutxik parte hartzen duela eta Udalak dirulaguntza txikiak ematen dizkiela konpartsei.

Juan Mari Uriarte

Juan Mari Uriarte Gipuzkoako gotzaina da joan den otsailetik. Jose Maria Setienek artzain makila eman zion otsailaren 27an, Artzain Onaren katedralean, eta geroztik Gi-puzkoako elizaren ardura du. Uriarte bizkaitarra da, oso ezaguna Euskal Herriko elizan eta Gipuzkoako gotzaina izan baino lehen, kargu bera zuen Zamoran. ETAren su etenean, bitartekari lanak egin zituen talde armatuaren eta Espainiako gobernuaren artean eta horrexegatik, bere izena komunikabide guztietan izan zen aipagai. Setienek nabarmendu zuenez, Uriartek ondo ezagutzen du Euskal Herriko errealitatea. Kargua hartzean, bakea, elkarrizketa, askatasuna eta barkamenaren alde lan egingo zuela hitz eman zuen gotzain berriak.

Mikel Olaziregi

Mikel Olaziregi Zinemaldiko ku-deatzailea izan da azken urtez eta zuzendaria izango da 2001. urtean. Diego Galanek, hainbat urtez Donos-tiako Zinemaldiko buru izan ondoren, uztailean jakinarazi zuen kargua utziko zuela eta Olaziregiren esku utziko zuela Zinemaldiaren ardura nagusia. Olaziregi pasaitarra da eta Enpresa Zientzietan lizentziaduna. 1986an ETBn hasi zen produkzio lanetan eta handik bi urtera Miramongo arduradun izendatu zuten. Zinemaldira 1993-an iritsi zen eta ordu ezkeroztik gerente lanetan aritu da. Beraz, hemendik aurrera Donostiako Nazioarteko Zi-nemaldiak zuzendari euskalduna izango du. Hizkuntz erabileran eragina izango ahal du!

O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O
  Hasierara   hasierara   

Bagera.net © Bagera, Donostiako Euskaltzaleen Elkartea
Katalina Eleizegi 36, behea; Donostia 20009 | Telefonoa: 943467181 - Faxa: 943446532
e-posta: idazkaritza@bagera.net | Webgune honi buruz: Kontsultak - Kredituak
Orri honen kokapena: http://www.bagera.net/Bageranet/Ziberteka/Urtekariak/2000/Protagonistak