|
|
|
 |
|
[
Bageranet
>
Donostiako Ziberteka
>
Urtekariak
>
2000
>
Kronologia
]
|
|
 |
2000. Urteko Kronologia
Urtarrilak 20
- Gizonezkoen danborrada berri bakarra
- San Sebastian egunean 84 danborrada atera ziren kalera. Haietatik, 39 gizonezkoenak, bakarra emakumezkoena eta 44 mistoak. Zazpi danborrada berrik parte hartu zuten hiriko jai nagusian: Egiako tolosarrak, Jesuitetako danborrada, Zubimusu, Cantabrico, Txirrindulari elkartea, Gaztedi eta Zuhaitz. Danborrada berriotatik bakarra zen gizonezkoena: Cantabrico elkartearena. Guztira, 76 marrazo irten ziren kalera danborrada horretan. Ur handiko danborrariek bazterrean utzi zituzten emakumeak.
Urtarrilak 21/22
- Euskarazko antzerki garaia
- 1999ko urrian abian jarritako "Antzerki garaiak" egitasmoak kimu berriak eman zituen 2000. urtean. Urtarrilaren 21ean eta 22ean, "Euskaloff-2050". Hika taldearen antzezlan berria taularatu zen. Ondoren, Maskaradaren "Ikaro" eta Txireneren "Birus" ikusi ahal izan ziren. Antzezlan guztiak Antzoki Zaharrean jokatu ziren, Maskaradaren "Ikaro" izan ezik. Antzezlanok harrera ona izan zuten ikusleen artean, eta salbuespenak salbuespen, emankizun guztietan antzokia lepo zegoen. Arrakastatsua, beraz, Donostia Kulturak, Euskararen Udal Patronatuak eta Euskal Aktoreen Batasunak elkarrekin antolatutako egitasmoa.
Urtarrilak 26
- Parte Zaharrean taberna gehiagorik ez
- Urtarrilaren 26an Udal Gobernuak Parte Zaharrean taberna gehiago zabaltzea debekatu zuen, araudi berri batekin. Udalak adierazitakoaren arabera, Parte Zaharra tabernez gainezka dago. Araudi berriak ez zituen donostiarrak ezustean harrapatu. Bizilagunak pozik agertu ziren neurri berriarekin. Ostalariak eta tabernariak, ordea, kexu ziren. Araudiaren arabera, bestalde, sagardotegiak, gastronomia elkarteak eta janari azkarreko lokalak ere derrigortuta daude tabernen arteko gutxieneko tartea betetzera.
Urtarrilak 29
- Bertso Eguna, aro berriaren isla
- Urtarrilaren 29an XXXII. Bertso Eguna egin zen Joxean Gasca kiroldegian. Bertsozaleek Bernart Etxeparek "Linguae Vasconum Primitiae" idatzi zueneko 455. urtea ospatu zuten. Egitaraua Bertso Egunak bizi duen aro berriaren isla izan zen. Besteak beste, Xabier Paiaren bertso jarriez eta Oihane Enbeitaren antzerki flash-az gozatzerik izan zen. Bertso Egunak sakon errotutako jaia dugu. Urtero mila ikusle pasatxo bildu ohi dira bertan. Horrexegatik, antolatzaile lanetan aritzen den Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak jaia antolatzeko behin betiko gunea eskatu zion Donostiako Udalari.
Otsailak 1
- Emakumeak bortizkeriaren aurka
- Maria Teresa A.V intxaurrondotarraren hilketa zela eta, 20 bat emakume elkartek hilabete bakoitzeko lehen asteartean Bulebarrean elkartzea erabaki zuten, emakumeen aurkako bortizkeria salatzeko. Besteak beste, Ezker Batua eta Plazandreok alderdi politikoek, UGT sindikatuak eta hiriko hainbat emakume taldek bat egin zuten ekimenarekin. Otsailaren 1ean egin zen lehen bilkura. Urte osoan elkartu dira emakumeok. Martxoaren 8rako kartel berezia plazaratu zuten, "Emakumearenganako bortizkeriarik ez. Hau benetan da" lelopean.
Otsailak 15
- Kontadores-eko operazioa eztabaidagai
- Bidebietako Etxebizitzaren Aldeko Komisioak otsailaren 15ean eginiko prentsaurrekoan, Kontadoreseko operazioa salatu zuen. Operazioak eztabaida piztu zuen auzoan, baita Udalean ere. Komisioak salatu zuenez, lursailen kalifikazioa aldatu ondoren, salerosketa susmagarriak izan ziren eta lursailen prezioa 525 milioi pezeta izatetik 1.600 milioi izatera igaro zen. Halaber, lursail hauek azpiegiturak eraikitzeko erabili behar ziren, baina hala ere, erresidentzia erabilerako lur bihurtu ziren. Plataformak lursailotan etxebizitza publikoak egitea eskatu zuen. Aldiz, egitekoak diren 254 etxebizitzetatik 100 besterik ez dira babes ofizialekoak izango.
Otsailak 18
- Rezolak 150 urte
- Otsailaren 18an Añorgako porlan lantegiaren 150. urtemuga ospatu zen. Euskadiko Orkestra Sinfonikoak eta Donostiako Orfeoiak kontzertu bana eskaini zuten Kursaalean. Hilabete batzuk beranduago Rezolak Añorgako Porlanaren Museoa inauguratu zuen. Egun 700 bat lagun ari dira lantegian. "Agenda Local 21" Osasun Sailak bultzaturiko egitasmoaren arabera, ordea, Rezola da Donostiako lantegi kutsagarri bakarra. Beraz, enpresaburuen helburu nagusia, ISO 14.000, ingurunearen kudeaketaren egokitasun agiria lortzea da.
Otsailak 25
- Astero astero, aldarrikapen bera
- Otsailaren 25ean, ostiralero bezala, Senideak erakundeak enkartelada egin zuen Erdialdeko kaleetan barrena euskal presoak Euskal Herrira ekar ditzaten eskatzeko. Guztira, 52 ostiraletan kaleratu dira Senideakeko kideak aurten. Horrez gain, euskal presoak euskal herriratzearen aldeko beste manifestazio eta ekitaldi ugari egin dira 2000. urtean. Espainiako eta Frantziako gobernuek, ordea, entzungor egin diote eskaerari eta Donostiako hainbat presok Euskal Herritik urrun jarraitzen dute oraindik ere.
Martxoak 12
- PP nagusi Donostian
- Martxoaren 12an Espainiako hauteskunde orokorrak egin ziren. Donostian PP izan zen gehien bozkatutako alderdia, 31.629 botorekin. PSE-EEk 21.981 boto, EAJk 19.680, EAk 12.504 eta IUk 4.668 lortu zituzten. Gogoan izan EHk abstenzioa bultzatu zuela. PP hamaika auzotan izan zen garaile, PSE-EE lautan eta EA eta EAJ auzo banatan. Igeldok eta Añorgak abstentzio kopururik handienak izan zituzten. Bageraren arabera, hauteskunde kanpainan alderdi gehien-gehienek euskara bigarren mailan utzi zuten. +
Martxoak 13
- Orixe eta Morlans egoitza berrietara
- Martxoaren 13an Udalak baiezkoa eman zion Eusko Jaurlaritzak hezkuntzari buruz eginiko konbenioari. Besteak beste, Orixe ikastola Zuloagara eta Morlans ikastetxea Peñaflorida institutura lekualdatzea erabaki zen. Udalak Zuloagako eskola txukuntzeko 50 milioi pezeta bideratzea hitzartu zuen. Horrez gain, Jaurlaritzak eta Udalak hiriko zenbait ikastetxe berritzeko 300 milioi bideratzeko konpromisoa hartu zuten. Era berean, erakundeok Benta Berrin, Intxaurrondon eta Igeldon zentro berri bana eraikitzea onartu zuten.
Martxoak 18
- Agur Zapatari etxeari
- Zapatariko lagunek martxoaren 18an ospatu zuten etxearen hamabigarren urtemuga. Hala ere, aste gutxi batzuk gehiago baino ez zituzten bertan pasatu Zapatariko okupek. Izan ere, apirilaren 3an eraitsi egin zuten Zapatari, Euskal Herriko okupazio mugimenduko giltzarrietakoa izandako etxea. Lur orube horretan 89 etxebizitza eraikiko dira, guztiak sustapen pribatukoak. Bestalde, udazken partean beste etxe okupatu bat lurrera bota zuten Donostian: Herrerako gaztetxea, hain zuzen ere. Okupazioak ez omen du lekurik hirian.
Martxoak 21
- Udaltzain gehiago kaleetan
- Udalak Udaltzaingoaren berregituraketa onartu zuen martxoaren 21ean. Besteak beste, zuzendaritza indartzea eta bi talde kentzea erabaki zuen, parkeak eta lorategiak zaintzen zituena eta ibilgailuen biltegiaz arduratzen zena, alegia. Azken aldaketokin Udalak kaleetan udaltzain gehiago ibiltzea zuen helburu. Bestalde, Udaltzaingoaren zuzendariari beste bi buruzagiorde batu zaizkio.
Apirilak 5
- Donostian ere euskararen ofizialtasuna aldarri
- Apirilaren 5ean Euskal Herrian Euskaraz erakundeak euskararen ofizialtasuna aldarrikatzeko antolatutako martxa Donostiara heldu zen. Martxak Herrera, Egia, Gros eta Amara Berri auzoak zeharkatu zituen besteak beste. "Hizkuntza bat, lurralde bat, legeri bat: ofizialtasuna" izan zen ibilaldiaren leloa. Martxalariek etenaldi bat egin zuten Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak Andia kalean duen egoitza aurrean.
Apirilak 9
- Club Vasco de Campingen urrezko ezteiak
- Apirilaren 9an Club Vasco de Camping mendi taldearen 50. urteurrena ospatzeko jaia egin zen. Dena den, urte osoan hainbat iharduera antolatu ziren: argazkigintza eta orientazio ikastaroak, afariak, hildako kideen omenezko meza... Baita Ulian barrena egin ohi den Euskal Mendi Federakundeko Beteranoen XXIII. Ibilaldia ere. Urte guztiotan taldeak eginiko lana goraipatu da, batik bat euskal mendizaletasuna sustatzeko egindakoa. Egun, elkarteak 3.000 bazkide inguru ditu.
Apirilak 23
- Milioi erdi metro karratu lur, kutsatuta
- Ihobe-k, Ingurugiroaren Kudeaketarako Elkarte Publikoak, apirilaren 23an komunikabideetan jakinarazitakoaren arabera, hiriko 569.100 metro karratu lur kutsatuta daude industria ustiaketaren ondorioz. Gehien kaltetutako inguruak Ibaeta-Igara, Errekalde, Gros, Egia, Martutene, Altza, Buenabista, Herrera eta Intxaurrondo dira. Ihobek egindako ikerketak dioenez, gasolindeak, mekanika tailerrak eta altzari eta kimika produktuen lantegiak kutsagarrienak dira.
Apirilak 24
- Zabaletaren hiltzaileari 17 urte
- Apirilaren 24an Ricardo Guerra Ai-tor Zabaletaren hiltzaileari hamazazpi urteko espetxe zigorra ezarri zioten. Guerrak hogei mi-lioi pezeta or-daindu beharko dizkie Zabaletaren gurasoei eta beste hamar milioi Veronica Olivenza Aitorren nes-ka lagunari. Zabaletatarrak pozik dau-de zigorrarekin, bai-na hala ere uste dute, hainbat lagunek Guerrari Aitorren aurkako erasoan lagundu ziotela. Realzale gaztearen hilketa erabat argitu gabe dago oraindik.
Maiatzak 13
- Laugarren zubia zabalik
- Ia urtebeteko atzerapenarekin, azkenik, maiatzaren 13an laugarren zubia inauguratu zen. Mundaiz izena jarri zitzaion Urumea ibaia zeharkatzen duen zubi berriari. Hainbat arazo medio atzeratu ziren lanak. Hala ere, oinarriak jartzea izan zen lanik zailena eta oztopo nagusia. Guztira, 567 milioi bideratu ziren zubia egiteko, aurreikusitakoa baino 113 milioi gehiago. Horregatik, oposizioko alderdiek kritika zorrotza egin zieten eraikitze lanei.
Maiatzak 15
- Funtzionariek 35 orduko lan astea
- Udalbatzarrak udal funtzionariek 35 orduko lan astea izatea onartu zuen maiatzaren 15ean. Beraz, 2001etik aurrera udal funtzionariek 1.592 lan ordu izango dituzte urtean. Alderdi bakarrak eman zion ezezkoa proposamen berriari, PPk. Lan ordu kopurua murrizteaz gain, soldata igotzeko proposamenari ere baiezkoa eman zion Udalbatzarrak. Hori dela eta, 2001etik aurrera %3 igoko zaie soldata funtzionariei.
Maiatzak 21
- Hamarkada Euskaldunon Egunkaria besapean
- Maiatzaren 21ean Antiguako Herri Krosaren 10. edizioa jokatu zen, Bageraren ekimenez. Ia 700 korrikalarik parte hartu zuten eta aurten ere antolatzaileek kopuruari eutsi zioten. Bestalde, ezin aipatu gabe utzi abenduan Euskal Herriko euskarazko egunkari bakarrak, Euskaldunon Egunkariak, hamargarren urtemuga ospatu zuela.
Maiatzak 23
- Autobus geltoki berria Loiolara
- Hilabete luzez ezbaika ibili ondoren, azkenik, maiatzaren 23an, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostiako Udalak autobus geltoki berria Loiolan, Urumea ibaiertzean egitea hitzartu zuten. Aldundiak bi toki proposatu zituen: Pio XII. plaza eta Araba Parkea. Garraio enpresarientzat Araba parkea zen lekurik egokiena. Udalarentzat, berriz, Loiolako ibaiertzea. Geltoki berria burdinezko zubitik gertu eraikiko da. Bertan beste bi geltoki egitekoak dira: Eusko Tren-ena eta Renfe-rena.
Ekainak 11
- 100.000 lagun Euskal Eskola Publikoarekin
- Euskal Eskola Publikoaren bederatzigarren jaia Donostian egin zen ekainaren 11n, "Esan bai geroari, geuria" lelopean. "Baikara" Gipuzkoako gurasoen elkartearen federazioak hartu zuen bere gain jaiaren antolaketa. 100.000 lagun inguru elkartu ziren Anoeta inguruan. Antolatzaileak pozik agertu ziren jendearen erantzunarekin eta beste behin Euskal Herriko Eskola Publikoaren beharra nabarmendu zuten. Horretarako ezinbestekotzat jo zuten Ipar Euskal Herrian eta Nafarroan euskarak ofizialtasuna lortzea.
Ekainak 13
- 425 gizarte eragilek bai euskarari
- Ekainaren 13an, Miramon Teknologia Parkean egindako ekitaldian, 425 gizarte eragilek Euskara Gizarte Erakundeen Kontseiluaren "Bai euskarari" ziurtagiria jaso zuten. Erakunde, enpresa eta talde hauek Plan Estrategikoko konpromisoak betetzea hitzartu zuten. Ziurtagiria jaso zutenen artean Donostiako hainbat talde, elkarte eta zentro zeuden: Garbera merkataritza gunea, Lacunza hizkuntza akademia, Jazzaldia, Matia Fundazioa eta Real Sociedad futbol elkartea, besteak beste.
Ekainak 22
- Atotxan zozketa
- Atotxako babes ofizialeko etxebizitzen zozketa ekainaren 22an egin zen. 5.000 eskaera pasatxo jaso ziren. Eskaintza, ordea, askoz ere txikiagoa zen. Izan ere, Atxotxan, guztira, 388 etxebizitza egiten ari dira. Haietatik 100 alokairuan emango dira, beste 262 saldu egingo dira eta 36 etxe eraikitzailearen esku geratuko dira. Babes ofizialeko etxe merkeenak hamabi milioi inguru balio ditu eta garestienak hamasei milioi. Etxe merkeenetako metro karratuak 140.000 pezeta balioko ditu eta garestienetakoak, 160.000. Egun batzuk beranduago Intxaurrondon Eusko Jaurlaritzak egindako 96 etxebizitza zozketatu ziren.
Ekainak 28
- Gay eta lesbianen eguna
- Ekainaren 28an gay eta lesbianen nazioarteko eguna ospatzeko manifestazioa egin zen Donostiako kaleetan, "Berdintasuna orain" lelopean. Gehitu elkarteak egitarau oparoa antolatu zuen. Besteak beste, gay festa, Tirri Tarra fanfarearen emankizuna eta hitzaldiak egin ziren. Ez zen ohiko gay festa ere falta. Egiako Gasteszenan egin zen, ekainaren 24an. Bai bertan eta baita hirian egindako beste ihardueretan ere gay-ek eta lesbianek homosexualitatearen inguruko sentsibilizazio falta salatu zuten.
Uztailak 7
- Kutxa Kursaaleko erakusketa aretoaren jabe
- Kursaal Elkargoak eta Kutxak uztailaren 7an sinatu zuten erakustaretoaren salerosketa. Kutxak 630 milioi pezetatan erosi zuen aretoa. Lehen erakusketa Zinemaldian egin zen. Hala ere, inaugarazio ofiziala abenduan egin zen, Oteizaren erakusketarekin. Fernando Spagnolo Kutxako lehendakariari artifiziala iruditu zitzaion Kursaalaren eta Kutxaren arteko negoziazioetan sortutako gatazka. Odon Olorza Donostiako alkate eta Kursaal Elkargoko lehendakari ohiaren esanetan, berriz, ordaindutako dirua gutxi zen.
Uztailak 19
- 60.000 ikusle "Atarian" erakusketan
- Uztailaren 19an "Atarian" Donostiari buruzko erakusketa zabaldu zen San Telmo museoan. Bertan, 2.000 metro karratutan, hiriaren 800 urteko zertzelada historiko garrantzitsuenak bildu ziren, besteak beste. "Atarian" ez zen ohiko erakusketa, izan ere, gaikako beste erakusketa historikoek ez bezala, hainbat baliabide erabili ziren: ikus-entzunezkoak, argazkiak, musika, eszenografia eta abar. Erakusketa azarora arte zabalik egon zen eta 60.000tik gora ikusle izan zituen. Beraz, azken urteetan hirian egindako erakusketa jendetsuenetakoa izan da.
Uztailak 18
- Funtzionarien euskalduntze plana aurrera
- Udalbatzarrak baiezkoa eman zion funtzionarien euskalduntze planaren bigarren atalari uztailaren 18an. Alderdi guztiek, PPk izan ezik, aldeko botoa eman zuten. Plangintzaren arabera, funtzionarien %45ari hizkuntz eskakizuna eskatuko zaio. Plana 2002ko abenduan amaituko da. Ordurako funtzionarien % 45ak euskara jakitea du helburu plangintzak. Bigarren atal honek hizkuntz eskakizunak aurkezteko epe malguagoak ditu lehen atalak baino.
Uztailak 21
- Jazzaldia, ohi bezain arrakastatsua
- Uztailaren 21ean hasi zen aurtengo Jazzaldia. Guztira, 55 emanaldi egin ziren bost egunetan, haietatik 35 doan. Keith Jarret, B.B King, Al Jarreau, Diana Krall eta Kenny Barron musikariek jardun zuten jaialdian. Jazzaldiak aurreikuspen guztiak gainditu zituen, izan ere, 45.000 lagun inguru bildu zituen. Emaitza ekonomikoak ere ez ziren makalak izan, antolatzaileen arabera, sarreretan bildutako diruak %60ko igoera izan baitzuen, iazko Jazzaldiarekin alderatuta.
Abuztuak 9
- Ainhoa Arteta Kursaalean
- Juan Sebastian Bach musikariaren omenezko maratoiarekin hasi zen Hamabostaldia, abuztuaren 9an. Guztira, 75 kontzertu egin ziren hogei agertokitan. Carlos Alvarez, Ainhoa Arteta eta Mischa Maisky musikariak eta Scottish Chamber Orkestra izan ziren gure artean. Antolatzaileek adierazitakoaren arabera, jaialdiak 52.000 ikusle izan zituen.
Abuztuak 10
- Bellas Artes-en aldeko hiritar taldea
- Ekainaren amaieran Donostiako Udalak Bellas Artes antzokia lurrera bota eta hotela egitea aurreikusten duen proiektuari argi berdea eman zion. Horretarako Plan Orokorra aldatzea erabaki zen. Ildo horretatik, abuztuaren 10ean, egungo antzokia mantentzearen aldeko hiritar taldea aurkeztu zen. Plataforma hau 70 lagunek osatu zuten: Rafael Agirre Franco KTEko presidente ohia, Jon Bagues musikologoa, Luis Castells historialaria, Felipe Juaristi idazlea, Jorge Oteiza eskultorea eta abar.
Abuztuak 13
- Saharauiarren Aste Nagusia
- Luis Mokoroa artillero nagusiak, Saharako haurrak lagun zituela, bota zuen Aste Nagusiaren iragarle den ohiko kanoikada. Abuztuaren 13an izan zen. Handik lau egunetara Parte Zaharreko elkarteen eguna egin zen. Berrikuntzak izan ziren, esaterako, Zurriolako hondartzan hondarrezko gaztelu txapelketa egin zen. Gazteek kontzertu sorta ederrarekin gozatzeko aukera izan zuten: Ariel Rot, Idi Bihotz, Kashbad, Dover eta Loquillo y los Trogloditas, besteak beste. Udalak Aste Nagusian tabernen ordutegia bi ordu zabaltzea erabaki zuen.
Abuztua
- Emisarioa itsas azpian
- Udako eguraldi ona zela eta, emisarioa urperatzeko lanek segida izan zuten abuztuan. Gogoan izan emisarioa urperatzeko iaz egindako saiakerak huts egin zuela eta tutuak kalte larriak pairatu zituela. Ondor18
ioz, tutu berria egin behar izan zuten. Aurten urperatzea aldi bakar batez egin beharrean, zatiz zati egin da. Lehen zatia ekainean hondoratu zuten eta az-kena irailaren 5ean. Tutuak 6.000 metro kubiko ur isuriko ditu segunduko, itsas ertzetik 1.300 metrora. Azkenik, itsas azpian da sugetzarra. Hala ere, gogoan izan behar da. abenduaren 6an Eduardo Andres F.G urpekaria hil zela, tutuan konponketa batzuk egiten ari zela.
Irailak 16
- Mende erdiko lana Txillida-Lekun
- Eduardo Txillida eskultore donostiarrak 50 urteko lana bildu du Zabalagan, Txillida-Lekun. Besteak beste, Espainiako erregea eta Jose Maria Aznar presidentea izan ziren inaugurazioan, irailaren 16an. Hori dela eta, Espainiako agintarien aurkako protesta ekintzak izan ziren. Herritarrek irailaren 27ra arte itxaron behar izan zuten 150 artelan baino gehiago biltzen dituen bilduma ikusteko. Jakina denez, museoa XVI. mendean eraikitako Zabalaga baserrian dago, Hernanin. Lehen hiruhilabetekoan museoak 20.000 bisitari izan ditu.
Irailak 21
- Diego Galanen azken Zinemaldia
- Udako azken egunetan zine izar eta artista handien giroan sartu ginen. Aurtengoa Zinemaldiaren 48. edizioa izan zen. Alex de la Iglesia bilbotarraren "La comunidad" filmarekin hasi zen aurtengo zinemaldia, hilaren 21ean. Besteak beste, Daniel Calparsoro, Ane Muñoz eta Ramon Salazarren azken filmak ikusi ahal izan ziren "Made in Spanish" atalean. Horrez gain, Robert De Nirok eta Michael Cainek eraman zuten aurtengo Donostia Saria. Diego Galanek agur esan zion Zinemaldiari eta datozen urteetan Mikel Olaziregi izango da zine jaialdiaren zuzendaria.
Irailak 22
- Kotxerik gabeko eguna
- Europako beste hainbat hiritan bezala, "Kotxerik gabeko eguna" egin zen gurean ere, irailaren 22an. Donostiako erdialdea itxirik egon zen ibilgailuentzat 09.00etatik 20.00etara. Eguzki talde ekologistak beharrezkotzat jo zuen ekimena, baina nahikoa ez zela adierazi zuen. Ekimenak zortzi milioi pezetako aurrekontua izan zuen. Erdialdeko dendarien esanetan, beraien salmentak %40 jaitsi ziren egun horretan. Hala eta guztiz ere, Udal ordezkariek ontzat jo zuten ekimenaren emaitza.
Irailak 29
- Bretxa merkataritza gunea zabalik
- Bretxako merkaritza gune berria irailaren 29an inauguratu zen. Zentroaren inaugurazioa hainbat alditan atzeratu zen, udal agintariek adierazitakoaren arabera, merkataritza gunearen kudeatzaile Bretxa 2.000 enpresak ez zuelako hitz emandakoa betetzen. Kontuak kontu, inaugurazioa aurreikusitakoa baino bost hilabete beranduago egin zen. Horrexegatik bertako dendariek haserre bizian zuten.
Urriak 18
- Intxaurrondoko kultur etxe berria
- Duela hiru hilabetetik Intxaurrondok kultur etxe berria du. Txara-2n dago eta urriaren 18an zabaldu zen. 200 milioi pezeta erabili ziren kultur etxe berria egiteko. Hasieran 1.500 metro karratuko gunea egiteko asmoa zegoen, baina, kultur etxeak 600 metro karratu besterik ez ditu. Hainbat zerbitzu eskaintzen ditu zentro berriak: 300 metro karratuko liburutegia, fonoteka, bideoteka eta internet zerbitzua, besteak beste. Txara 2-ko kultur egitaraua Intxaurrondo Zaharreko Larrotxenekoaren osagarri izango da.
Urriak 6
- Kursaal Fundazioa mami bila
- Sei enpresa pribatuk (Azkar, MCC, Donostigas, Banco Guipuzcoano, Kutxa eta El Diario Vasco) eta bi erakunde publikok (Gipuzkoako Foru Aldundia eta Donostiako Udala) osatu zuten Kursaal Fundazioa. Aurkezpena urriaren 6an egin zuten. Fundazioak Kursaaleko kultur eskaintza antolatu eta kudeatuko du. 2001. urterako 25 kontzertu egin nahi ditu. Hitzartutakoaren arabera, bi erakunde publikoek hirurogeina milioi pezetako ekarpena egingo dute urtero eta enpresa pribatuek, aldiz, hamarna milioikoa.
Urriak 13
- Gaztetxulo Euskal Herri osora
- Gaztexulo gazteentzat euskaraz egindako lehen adizkariak Euskal Herri osorako lehen zenbakia kaleratu zuen urriaren 13an. Egun batzuk lehenago Gaztetxulo Busa Euskal Herrian barrena ibili zen hilabetekaria aurkezten: Baiona, Gasteiz, Arrasate, Iruñea, Durango Bil-boÖ Ordutik hona, Donostiako Bagerak eta IRUTXULOk sortutako euskal aldizkaria Euskal Herriko kiosko eta liburudendetan eros daiteke 300 pezetatan.
Urriak 27
- Beldurrezko Zinearen XI. Astea
- Fantasia eta Beldurrezko Zinearen XI. Asteak 90tik gora film eskaini zituen eta 50 milioi pezetako aurrekontua izan zuen. Filmak, ohi bezala, Antzoki Zaharrean eman ziren. Pantailaratutako filmeetatik bakarra eskaini zen euskaraz azpititulatuta. Aurreko urteen antzera, jaialdiak lau zutabe nagusi izan zituen: sekzio ofiziala, film laburren lehiaketa, Universal ekoiztetxearen zikloa eta gore zinegintzan aintzindari izandako Friedman eta Le-wis bikoteari eskainitakoa. Zalantzarik gabe, urtez urte goraka doan jaialdia dugu hauxe.
Azaroa
- Altza XXI Herri ekimena
- Azaro hasieran Altzako hainbat erakundetako eta taldetako ordezkariek Altza XXI Herri Ekimena aurkeztu zuten. Erakunde eta taldeok Auditz Akularren egitekoa den egitasmo erraldoiaren aurka azaldu ziren. Udalak 3.000tik gora etxebizitza egin nahi ditu Altza eta Pasaia artean dagoen inguru horretan. Etxebizitzetatik %75 babes ofizialekoa izango da. Herri ekimenak edozein proiektu egin baino lehen auzoaren premiak aztertu behar direla adierazi zuen. Horregatik, azterketa egin bitartean egitasmoa bertan behera uztea eskatu du.
Azaroak 11
- Loiolako araztegia aurrera
- Azaroaren 11n Donostialdeko ur zikinak garbituko dituen araztegia eraikitzeko lanak hasi ziren. Lanok bi urte t¥erdi inguru irautea aurreikusi da. Loiolako araztegia egiteko proiektua duela zazpi urte hasi zen mamitzen. Hala ere, egitasmoaren inguruan ika-mika ugari izan da eta lanak hainbat alditan atzeratu dira. Espainiako Ingurugiro Ministerioak ekainean egin zuen lanen esleipena. Proiektuaren aurrekontua 4.246 milioi da eta Espainiako Ingurugiro ministerioak finantziatu behar du.
Azaroak 19
- Jesusen Bihotzak 50 urte Urgullen
- Azaroaren 19an Urgulleko Jesusen Bihotza inauguratu zeneko 50. urteurrena bete zen. Jesusen Bihotzaren eraikuntza egiteak milioi t¥erditik gora balio izan zuen. Lehen bultzada erakundeen diru publikoari esker eman zitzaion. Hala ere, Gipuzkoako herritar eta enpresa askok eraikuntza diruz lagundu zuten. 12,5 metroko luzerako eta 2.300 tonako eskultura frankisten ekimenez egin zen. Pio XIII Aita Santuak ekimenarekin bat egin zuen.
Azaroak 20
- Beilatoki berria zabalik
- Azaroaren 20an zabaldu zen Donostialdeko beilatoki berria. Beilatokiak sei mila metro karratu ditu eta Añorgako Errekalde hiribidean dago. Kudeaketa enpresa pribatu baten esku dago. Bertan hamar beilatoki, egongela ugari eta aitortza egiteko gela daude, besteak beste. Bestelako zerbitzurik ere badu: lore denda, harriz egindako apaingarriak eta Martin Berasategiren esku jatetxea, adibidez. Beilatokiak 900 milioi balio izan ditu.
Abenduak 14
- Turismoak behera egin du
- Urte osoan bezala, abenduko zubian iaz baino bisitari gutxiago izan genuen hirian. Gipuzkoako Ostalarien Elkarteak adierazitakoaren arabera, abenduko zubian hiriko hotel eta ostatuek %60ko okupazioa izan zuten, hau da, iaz baino %20 inguru gutxiago. Elkartekoen arabera, eguraldi txarra eta su-etenaren amaiera izan dira turismoa jeistearen arrazoi nagusiak.
Abenduak 6-10
- Euskararen plana aztergai
- Abenduaren 14tik urtarrilaren 31ra bitartean, herritarrek Euskararen Udal Patronatuaren egoitzan Euskararen Plan Orokorra eskuragai dute. Plana ezagutu ondoren, herritarrek ekarpenak edo iradokizunak egiteko aukera izango dute. Txostenak plangintzaren nondik-norakoen berri ematen du. 2001tik 2005era bitartean berrehun ekintza egin nahi dira. Epe horretan 1.546 milioi pezeta bideratzea aurreikusi da.
Abenduaren 15
- 3.300 hilobi gehiago Polloen
- Abenduaren 15ean inauguratu ziren Polloen egindako 3.300 hilobi berriak. Lanok 450 milioiko aurrekontua izan dute. Hilobi berriekin kanposantua handitzeko lehen fasea amaitu da. Zabaltzearekin Donostiako eskaerari aurre egin nahi zaio datozen bost urteetan. Hilobi berriak lurrazpian daude eta aurrerago lurrazpiko hobiak dituen lorategia egitea aurreikusi da, Europan eta EEBBetan daudenen antzerakoa.
Abenduak 15
- Oteiza Kursaalean
- Abenduaren 15ean, Oteiza oriotar eskultorearen antologiarekin Kursaaleko Kutxaren erakusketa aretoa zabaldu zen estraineko aldiz. Erakusketan Oteizaren 88 eskultura eta 230 pieza daude ikusgai datorren urteko otsailaren amaiera arte. Bildumak eskultorearen 60 urteko lana laburbiltzen du. Bilduma hiru gunetan dago banaturik eta bertan artistaren obra garrantzitsuenez gain, berak egindako hainbat proiektu ikus daitezke.
O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O
|
|