BageraNet BageraNet
Ziberteka

Gora 2000

Artikulua Balantzea
Artikulua Kirolak
Artikulua Kronologia
Artikulua Protagonistak
Jaso ezazu
Bageranet Albistegia
posta elektronikoz


Irutxuloko Hitza
  BAGERA    ZIBERTEKA    IRUTXULO    GAZTEZULO    ALBISTEAK    LOTURAK    NON ZER 
 [ Bageranet  >  Donostiako Ziberteka  >  Urtekariak  >  2000  >  Balantzea ]

Urteko Balantzea

Kazetari zenbaitzuren iritziak...

Ohi bezala, 2000. urtean Donostiako, Euskal Herriko eta nazioarteko berriek tarte zabalak hartu dituzte gure komunikabideetan. Agur esan behar digun urteari errepasoa emateko garaia da. Beraz, begiradatxoa emateko, Donostiako sei kazetarirengana jo dugu. Beraiek nabarmendu dizkigute aurtengo albisterik garrantzitsuenak.

1. Zein berri izan da garrantzitsuena Donostian, Euskal Herrian eta nazioartean?

2. Zein pertsonaia goratuko zenuke eta zein gaitzetsi?

Sei kazetariren iritzia...

AINHOA ETXEBESTE - Euskadi Irratia

Donostiako albisteren bat nabarmentzekotan bidegorria nabarmenduko nuke. Kilometro askotan luzatu baita bizikletaz ibiltzeko bidea gure hirian. 2001. urtean oinezkook bidegorria errespetatzen badugu, neu ere bizikleta gainean jartzera animatuko naiz.

Euskal Herriko albiste garrantzitsuena indarkeriari lotutakoa da. Atentatuak izan dira urtarrilean hasi eta urte guztian. Nazioartean txunditu nauena, berriz, giza genoma izan da. Asko falta da, baina ikerlariek asko aurreratu dute gizakiaren sekuentzia genetikoaren definizioan.

Pertsonaiaren bat goraipatzekotan Pedro Miguel Etxenike zientzilaria aipatuko nuke. Duen ikerlari maila ezezik, bere umore ona ere estimatzen dut. Jose Maria Aznarren txisteek, ordea, nire onetik ateratzen naute.

MARTIN ANSO - Gara

Loiolako araztegia eraikitzeko lanak hasi omen dira eta hori izan daiteke, Donostiari dagokionez, aurtengo albisterik aipagarrienetako bat. Bazen garaia!

Euskal Herrian, berriz, aipagarria iruditzen zait euskara eta euskarazko irakaskuntzaren kontrako kanpaina, alegia, AEKko arduradunen prozesamendua, Nafarroako dekretu berria, Espainiako Historia Akademiak egindako txostena eta beste.

Munduan, azkenik, globalizazioaren aurkako mugimendua aipatuko dut, Pragan inon baino hobeto islatu zena. Askok eta askok kontrakoa sinestarazi nahi badigute ere, bistan da ez garela mundurik onenean bizi. Pragakoak gogorazi zigun ez dugula gauzak errotik aldatzeko esperantza galdu behar.

Aurten onerako aipatu behar diren pertsonak: Sabino Ormazabal, Karlos Trenor eta Joxemi Zumalabe Fundazioko gainerakoak. Garrantzitsuagorik ere egongo da, seguru; hauek dira, ordea, azkenaldion ia uneoro gogoan ditudanak.

Txarrerako, berriz, Garzon aipatuko dut. Arrazoiak begi-bistakoak dira eta ez naiz banan-bana azaltzen luzatuko, besterik ez bada ere, ez dudalako terrorismoaren apologiarik egin nahi.

ARANTXA KALTZADA - Herri Irratia

Realak daraman "martxa" da hemen inguruan nabarmenduko nukeena. Eta gainontzekook... Anoetako penitenteen malkoak lehortzen!

Bestalde, Estatuko aparatuetatik nahasketa politiko, sozial eta kulturala bultzatu izana aipatuko nuke. Estratega handien gisa, espainiar abertzaletasunak euskal abertzaletasuna borrokatu du aurten, aspaldiko erara. Euskara, euskal komunikabideetan esaten dena, irakasten dena, guztia epaitu dute. "Nirekin ala nire kontra zaude" esaldia eguneratu dute, "frentitis" delako obsesioa bideratuz.

Nazioartean, Holandak eutanasia baimentzea azpimarratuko nuke. Munduan sufrimendu gehiegi dago, eta bakar batzuek askatasun osoz sufritzeari noiz utziko dioten erabakitzeko aukera izatea eskubide naturalenetakoa dela uste dut.

Aznar putzu sakon eta ilun batean sartuko nuke, bertan ur gaziren bat topatuko ahal du! Etorkinak goratuko nituzke, asko zor diegulako, eta bestela, arren, pentsa ezazue zintzoki.

NEREA AZURMENDI - Zabalik

Azken urteotan obra handitan murgilduta dabilen Donostian, herrilanen kudeaketaren inguruko pasadizo kezkagarri bat edo beste aipatuko nuke 2000. urteko gertaeraren bat nabarmendu beharrez gero... Onargaitzak iruditu zaizkit, esate baterako, Monpasen kokatu nahian dabiltzan urpeko isurbidearen inguruko arazo amaigabeak edota urtean zehar inauguratu diren Mundaizeko zubiak eta Bretxak izan dituzten atzerapen izugarriak. Atzerapen eta arazo horiek guztiak hiritarrok ordaintzen ditugula kontuan harturik, norbaitek bere gain hartu beharko luke haien erantzukizuna.

Euskal Herrian bizi dugun giro politikoa aipatu behar ezinbestean, azken batean ñtamalez bada ere- politikagintzak baldintzatzen baititu gizartegintzaren atalik gehienak. Eta giro horretan kezkagarriena, politikariek erakutsi diguten ezintasuna eta arduragebekeria, ez baitute euren lana burutzeko gaitasunik -edo borondaterik- erakutsi.

Nazioartean, behi eroen inguruko afera 2000. urtekoa ez bada ere, arazo horrek jendartean piztu duen kezka bizia azpimarratuko nuke, onerako ere izan daitekeelakoan. Elikagaien segurtasunaren inguruko kezka gu guztion eguneroko arazo bilakatu den arte, gutxiengo baten ardura baino ez zen mendebaldeko gizartearen garapen ereduari buruzko kezka. Haragi kutsatua hausnarketa eta kezka hori zabaltzeko baliabide ezinhobea izan da, eta horrexek onuragarri bilakatzen du berez oso kezkagarria den berria.

AITZIBER IARTZA - Euskaldunon Egunkaria

Donostian gehien harritu nauen berria Auditz Akularreko egitasmoa da. Proiektu honek kezka eragin dit, nire ustez, etxebizitzaren arazo larria konpontzeko bidea ez baita geratzen zaizkigun ingurune berdeak suntsitzea, baizik eta Donostian hutsik dauden milaka etxeen erabilera sustatzea eta espekulazioa gelditzeko neurriak hartzea. Euskal Herrian, berriz, albisterik tristeena 1998ko irailean abiatutako prozesuaren kinka larria da. Prozesuan aurrera egiteko urratsak emateko gaitasun ezak, ETAren atentatuek, gobernuen eraso bortitzak (euskarari, hainbat talderi) eta abarrek 1999an nagusi izandako ilusioa erabat murriztu dute.

Nazioartean, ordea, Irlandako bake prozesuan emandako aurrerapausoak nabarmenduko nituzke. Hala, 2000ko uztailaren 28an azken preso politikoak kalera atera ziren, era horretan Long Kesheko kartzela famatua erabat hustuz.

Urteko pertsonaien artean Jose Bove goraipatuko nuke, Confederation Paysanne nekazal sindikatuko burua, baina ez bere pertsona soilik, baizik eta globalizazioaren aurkako mugimenduaren hazkundearen sinbolo gisa.

Bestalde, Jose Maria Aznarren portaera gaitzetsi nahi nuke. Euskal Herriko egoera gero eta gehiago tenkatzen aritu delako eta ez duelako aterabidea lortze bidean inolako pausorik eman.

FELIX IBARGUTXI - DV

Donostian Bretxako gune komertzial ludikoa eraiki izana aipatuko nuke. Alderdi komertzialari nahiko ondo deritzot, alderdi ludikoari (garai bateko arraindegia) oso gaizki. Euskal Herrian Euskaldunon Egunkariaren 10. urteurrena azpimarratu behar da. Iruditzen zait euskararen normalkuntzaren bidean pauso handia izan dela.

Nazioartean, berriz, Pi-nochet-en auzia ekarri behar da gogora. Tamalgarria izan da diktadore ohia ezin epaitu izana.

Pertsonaietan, Maria Teresa Castells Recalderen emaztea goraipatu nahiko nuke. Ez dut ezagutzen, baina minaren iruditzat hartzen dut.

Azkenik, Ernest Lluch hiltzeko agindua eman zuena gaitzesi nahi dut.

O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O
  Hasierara   hasierara   

Bagera.net © Bagera, Donostiako Euskaltzaleen Elkartea
Katalina Eleizegi 36, behea; Donostia 20009 | Telefonoa: 943467181 - Faxa: 943446532
e-posta: idazkaritza@bagera.net | Webgune honi buruz: Kontsultak - Kredituak
Orri honen kokapena: http://www.bagera.net/Bageranet/Ziberteka/Urtekariak/2000/Balantzea