|
|
|
 |
|
[
Bageranet
>
Donostiako Ziberteka
>
Urtekariak
>
2000
]
|
|
 |
2000ko Urtekaria
Ez dakienak ikasi, eta dakienak erabili
Atzera begira, duela urtebete hain zuzen, Donostiarentzat 2000 efektua eskatu genuen orrialdeotan. Ordenadoreetan sekulako triskantzak egin behar zituen efektuarekin alderatuta, gurea oso bestelakoa zen, Donostia eraldatu eta euskaldunago bihurtu behar zuen.
Urtebete igaro da orduz geroztik eta balantzea egiteko garaia da. Ditxosozko 2000 efektuak uste baino askoz kalte gutxiago eragin zituen enpresetan eta ez zen aparteko nahaste-borrasterik gertatu. IRUTXULOk eskatutakoak, ordea, eraginik izan al du?
Oro har, ezetz esan beharko genuke. Aurrerapausuak eman dira, jakina, eta hor ditugu, esaterako, Donostiako udal funtzionariak euskalduntzeko planaren bigarren atala edota gizarteari dagokionez, hainbat eragilek Kontseiluaren Plan Estrategikoari emandako baietza. Dena den, ezin ahaztu, adibidez, Donostiako Euskararen Plan Orokorra oraindik ez dela abian jarri eta onartu ere ez dela onartu.
Baina are okerrago, agur esan behar digun 2000. urtean euskararen aurkako erasoak areagotu dira Euskal Herri osoan. Egia esan, zerrenda amaigabe eta penagarria osatu beharko genuke. Nafarroako Gobernuak edukirik gabe utzi du hizkuntz politika eta horrez gain, euskararen legea okerrerako aldatu du. AEK jopuntuan dago eta haren izena behin eta berriro zikindu dute. Ikastolak eta euskarazko hezkuntza ere ez dira erosootatik salbu egon eta erakunde, komunikabide eta alderdi politiko askok zalantzan jarri dute haien lana. Horrelakorik ere!
Beraz, ikusitakoak ikusita, 2001. urterako ezertxo ere ez eskatzea izango du buruan baten batek. Hobe isilik egotea, zer gerta ere! IRUTXULOk, ordea, euskararentzat beharrezko lekua eskatuko du, aurten bezala, beti bezala. Izan ere, asko falta da euskararen normalizazioa lortzeko gure gizartean. Erasoei eguneroko lanarekin erantzungo diegu, nonahi euskaraz arituz. Ez dakienak ikasi, eta dakienak erabili, horixe da 2001erako donostiarrei luzatu nahi diegun gondidapena. Hortik etorriko ahal da zorioneko 2001 efektua!
O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O
|
|