BageraNet BageraNet
Ziberteka

Gora 1999

Artikulua Balantzea
Artikulua Ekologia
Artikulua Euskara 21. Mendean
Artikulua Horoskopoa
Artikulua Iritziak
Artikulua Kirol Pertsonaiak
Artikulua Kronologia
Artikulua Urteko Pertsonaiak
Jaso ezazu
Bageranet Albistegia
posta elektronikoz


Irutxuloko Hitza
  BAGERA    ZIBERTEKA    IRUTXULO    GAZTEZULO    ALBISTEAK    LOTURAK    NON ZER 
 [ Bageranet  >  Donostiako Ziberteka  >  Urtekariak  >  1999  >  Urteko Pertsonaiak ]

Urteko Pertsonaiak

Bernardo Estornes Lasa
Bernardo Estornes Lasa

1999ko abuztuan hil zitzaigun

1999ko kultur uztak eman du eman beharrekoa. Datozen hiru orrietan kultur alorrean nabarmendu diren bederatzi protagonista bildu ditugu. Idazleak, eskultoreak, musikariak... Ez daude egon beharreko guztiak, baina daudenak merezi zuten tartea.

Bernardo Estornes Lasa

Abuztuaren 10ean hil zen Donostian Izabako idazle, argitaldari, historialari eta ohorezko euskaltzaina , 92 urte zituela. Euskal Herriari buruzko lan etnografiko itzela egin zuen, 83 liburu idatziz. Egindako lanen artean, Estornes Lasak berak sortutako Auñamendi argitaletxeak plazaratutako Euskal Herriko Entziklopedia Orokorra da aipagarriena. 1927an idatzi zuen bere lehen liburua Erronkari. 1929an, Eusko Ikaskuntzan bulegari lanak egiten hasi zen. Han ezagutu zituen Aitzol, Lizardi, Orixe, eta beste hainbat euskaltzale. Gerra zibilean Frantzian erbesteratu zen eta 1940an Txilera jo zuen. Euskal Herrira itzulitakoan sortu zuen Auñamendi bilduma. 1966an Euskaltzaindiako akademikoa izendatu zuten. 1992an, Eusko Ikaskuntzak, Manuel Lekuona saria eman zion eta 1997an argitaratu zuen bere azken lana: Erronkariko euskararen hiztegia.

Anbrosio Zatarain

Maiatzaren 3an, Anbrosio Zatarain euskaltzain urgazlea zendu zen Donostian, 86 urte zituela. Ikasketaz industria injineru teknikoa zen eta Donostiako Injineru Eskolako irakasle izan zen. Anbrosio, batik bat, ResurrecciÛn MarÌa de Azkueren euskal kantutegiari egindako oharrengatik egin zen ezagun euskaltzaleen artean. Euskaltzaindiak euskara baturako finkatutako irizpideak ez zituen begi onez ikusi. Gerra Zibila garaian, Paben erbesteratu zen bere familiarekin. Atzerrian, Barriolatarrak, Orixe, Altube eta beste zenbait euskaltzale ezagutu zituen. 1948an bueltatu zen Donostiara. Ez zen itzulera gozoa izan, gobernuak ondare guztiak kendu zizkion eta. Euskara eta euskal historiari buruz asko idatzi zuen. 1996an, Euskal Idazleen Elkarteak ohorezko kide izendatu zuen.

Manuel Matxain

Manuel Matxain bertsolaria abenduaren 18an hil zen 83 urte zituela. Matxain baserriko semeari bertsorako grina txikitatik zetorkion arren, berandu hasi zen bertsotan. Apustu baten ondorioz izan zen gainera, 1965ean lagun bati egindako apustuarengatik aurkeztu baitzituen zenbait bertsopaper Euskaltzaindiako bertso sarira. 48 urte zituen eta hasiera arrakastatsua izan zuen: bigarren saria jaso baitzuen. Handik aurrera ere, aietearrak makina bat sari jaso zituen. Gai jartzaile lanetan ere, jardun zuen. 1994ko Bertsolari egunean omendu zuten beste hainbat bertsolari eta gaijartzailerekin batera. Matxain, bertsotan jarduteaz gain, herri kirolak gustukoak zituen. Bolari aparta izan zen eta makina bat toka txapelketa irabazi zituen.

Eduardo Txillida

Eskultore donostiarrak 75 urte bete ditu eta aurten ere albiste izan da. Urtarrilean Madrilgo Reina Sofia museoak 300.000 bisitari izan zituen atzerabegirakoa eskaini zion. Apirilean Bilboko Guggenheim Museoak berari buruzko erakusketa antologikoa antolatu zuen eta urrian Eusko Ikaskuntza-Euskadiko Kutxa saria jaso zuen. Txillida 1947an hasi zen marrazten eta 1951n egin zuen lehendabiziko pieza: Ilariak.

Donostiako Haizearen Orratza 1977an egin zuen eta hiru urte beranduago, Gasteizko Foru plaza eraiki zuen Peña Gantxegirekin batera. 1984an, Frantziako Eskultura Sari nazionala bereganatu zuen. Txillida, izen handiko eskultorea da. Besteak beste, Londresko Royal Academy of ARTS, New York-eko Academy of Arts and Letters eta San Franciscoko Erret Akademiako kide da eta baita EHUko Honoris Causa doktorea ere.

Karmele Esnal

Santo Tomas Lizeoko irakasle ohiak Antton Abbadia saria jaso zuen abenduaren 17an. Gazte gaztetatik hasi zen irakaskuntzan, 1954an, hain zuzen. Hasieran Elvira Zipitriarekin jardun zuen Parte Zaharreko ikastolan. 1956an, ikastola bat antolatu zuen Erdialdean, Pedro Egaña kalean. Ez ziren urte errazak izan, Estatuko ikuskatzaileen bisitak jasan zituen behin baino gehiagotan.

Handik urte batzuetara, Santo Tomas Lizeoaren sorkuntzan parte hartu zuen, Carlos Santamaria, Joxemi Zumalabe eta beste hainbat euskaltzalerekin batera. Bertan aritu zen lanean erretiroa hartu arte. Irakaskuntzan ezezik, beste zenbait esparrutan ere lan egin zuen: Zeruko Argian kolaboratzaile, Jarrai euskarazko antzerki taldearen sortzaileetako bat eta gidoilari... Iaz Euskal Idazleen Elkarteko omenaldia jaso zuen.

Donostiako Orfeoia

Aurtengoa urte oparoa izan da Donostiako Orfeoiarentzat. Besteak beste, Salzburgeko musika jaialdi ospetsuan parte hartu zuen Berlioz musikariaren La Damnation de Faust operaren egokitzapenarekin. Lan honen estreinuan La Fura dels Baus Kataluniako taldearekin batera aritu zen. Ikuskizun abangoardista, ikusgarri eta indartsutzat jo zuten musika kritikariek. Guztira, 250 lagunek parte hartu zuten aipatu operan. Donostiako Orfeoi kideak musikari ezagunekin izan ziren eskenatokian: Paul Groves tenorea, Vesselina Kasarova eta Willard White baxua, besteak beste. Zuzendari lanetan, berriz, Sylvain Crambreling ospetsua izan zen. Orfeoiaren emanaldiak oihartzun handia izan zuen. 1999an goraipamen ugari jaso du Orfeoiak, eta bere izena munduan zehar barreiatu da.

Cristina Iglesias

Donostiako eskultoreak Espainiako Arte Plastikoen Sari Nazionala jaso zuen Pablo Palazuelo madrildarrarekin batera. Epaimahaikideek, Iglesiasek erakutsitako sormen gaitasuna saritu nahi izan zuten. Donostiarrak, orain artean, egurra, burdina eta porlana erabili izan ohi ditu. Euskal Herrian egindako azken erakusketa Guggenheimen izan zen ikusgai. Horren aurretik, New Yorken izan zen bere lanak erakusten. Cristina Iglesias, 1956an jaio zen Donostian. Kimika ikasketak egin zituen arren, artearen bideari jarraituko ziola erabaki zuen. Londresen eta Europako hainbat hiritan bere lanak erakusten aritu ondoren, 1986an, Veneziako 46. Biurtekoan izugarrizko arrakasta lortu zuen. Ordutik hona etengabe aritu da lanean eta adituen esanetan, etorkizun oparoa du.

Koldo Izagirre

Lan franko egin du Izagirrek 1999an. Aurreko urtean kaleratutako Nik ere germinal! egin gura nuen aldarri eleberriari esker, Manuel Larramendi Bazkunak antolatutako Beterriko Liburua 1998 saria eskuratu zuen 1999ko maiatzean. Liburua, heriotza zigorrari buruzkoa da eta bizkaieraz idatzi zuen. 1999an zehar, beste hainbat liburu kaleratu zituen Balizko erroten erresuma eta Mendekuak izeneko liburuen egileak: Agirre zaharraren gartzelaldi berria eta Fernandoren heriotza amezketarra bertsolariari buruz egindakoa. Horrezaz gain, Koldok Joseba Tapiaren Quebec: hamalau kantu independentziarako izeneko diskorako ere hainbat hitz egin zituen. Pasaian 1958an jaio eta aspalditik Donostian bizi den idazlea emankorra da oso. Hargatik eskaini diogu tarte hau. Ez duk erreza konpai!

O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O
  Hasierara   hasierara   

Bagera.net © Bagera, Donostiako Euskaltzaleen Elkartea
Katalina Eleizegi 36, behea; Donostia 20009 | Telefonoa: 943467181 - Faxa: 943446532
e-posta: idazkaritza@bagera.net | Webgune honi buruz: Kontsultak - Kredituak
Orri honen kokapena: http://www.bagera.net/Bageranet/Ziberteka/Urtekariak/1999/Pertsonaiak