|
|
|
 |
|
[
Bageranet
>
Donostiako Ziberteka
>
Urtekariak
>
1999
>
Kronologia
]
|
|
 |
Udal akordioa
Urrian sinatu zuten gobernu akordioa PSE-EEk (Odon Elorza) eta PPk (Maria San Gil)
|
1999. urteko Kronologia
Urtarrila
- Danborradan, emakumeak eta gizonezkoak batera
- Berri atsegin batekin eman genion hasiera urte berriari. San Sebastian egunean historian lehendabiziko aldiz gizonezkoez eta emakumezkoez osatutako danborradak gehiengoa izan ziren. 1980an atera zen lehen danborrada mistoa, Kresalakoa. Ekimenak kritika zorrotzak jaso zituen bere garaian. Nork esango zuen orduan ia 20 urte beranduago danborrada mistoak nagusituko zirela?.
Otsaila
- Gazteen begia
- Negu gorrian, otsailaren 10ean, IRUTXULOk 5. urtemuga ospatu baino bi hilabete lehenago, GAZTETXULO hilabetekariaren lehen alea argitaratu zen. Gazteei begira euskaraz egindako lehen aldizkaria da: Sexoa, rock & rolla eta euskararen inguruko kontu bitxiak baino azkoz ere gehiago. Zalantzarik gabe, ohiturak apurtuko dituen beste ekimen berria.
Martxoa
- Euskaltzaleak Korrika baina ez presaka
- Udaberriko haize biziberrituekin batera Korrikaren 11. edizioa heldu zitzaigun Donostiara, martxoaren 28an. Euskal Herrian barrena 2.249 kilometroko bidea egin ondoren, gure hirian amaitu zen AEKk antolatutako lasterketa. Helmugarako bidean aurpegi ezagun asko: Mari Carmen Garmendia, Iñaki Uria, Ramon Labaien... Izerdiak ere hamaika, asko gazteak. Alde horretatik, itxaropentsu begira diezaiokegu geroari.
Apirila
- Morlansetik Bulebarrera
- Euskaltzaleak korrika baino askoz ere abiadura biziagoan igaro ziren autoak Amara-Aiete errepide berriaren inaugurazio egunean, apirilaren 16an. Zortzi egun beranduago, hilaren 24an, Bulebar berria zabaldu zen. Batek baino gehiagok hauteskunde atarikotzat jo zituen inaugurazio guztiok.
Maiatza
- Bizikletak jopuntuan
- Lore garaiarekin batera, Kontxan bidegorria jartzeko lehen trafiko azterketa egin zen, maiatzaren 10ean. Iaz bidegorri azalera handitu egin zen: Unibertsitatea, Urumea inguruak, Zurriola. Hala ere, 1999an hamar urte bete zituen Kalapie txirrindulari elkartearen esanetan, oraindik lotura garrantzitsuak falta dira Donostia osoa zeharkatuko duen sarea osatzeko, esaterako, Kontxako bidea. Bizikletazaleagoa izango al da etorkizuna?
Ekaina
- Hondartzetan, kontuz bainatu
- Ekainaren 1ean eman zitzaion hasiera uda sasoiari. 1999an uren kalitatea aurreko urteetan baino hobea izan zen, Udalak badiara urbeltzak isurtzen zituzten hainbat ubide konpondu baitzituen. Hala ere, Kontxa eta Zurriolako hondartzetan kontuz bainatzeko gomendatu zen. Tamalez, egoera ez da aldatuko, Loiolako araztegia egin eta lurrazpiko emisarioa behar den bezala jarri arte. Araztegia eraikitzeko emandako azken data? 2003. urtea.
Uztaila
- Ikuskizunen eta turisten hila
- Kultur emanaldien aldetik, uztaila oparoa izan zen. Antzerki Feria hilaren 10ean jarri zen abian eta 14.000 ikusle izan zituen. Jazzaldia, berriz, hilaren 22an hasi zen. Musikari bikainak etorri ziren hirira: Steve Coleman, Van Morrison, Max Roach... Kultur ikuskizun bila eta seguru asko, parranda egarriz, uda partean turista ugari ibili zen Donostiako kaleetan. ADEGIren arabera, uztailaen %5 igo zen turista batez bestekoa. Abuztuan, berriz, % 7.
Abuztua
- Sargoriarekin, Kursaala
- Hilaren 23an, hiru urte luze itxaron ondoren, eta segurtasun neurri handiekin, Batzar Jauregi polemikoa inauguratu zen. Guztira, 12.000 milioi pezetako inbertsioa egin zuten hainbat erakundek Moneoren eraikinean, aurreikusitakoak baino hainbat mila milioi gehiago. Urtea amaitu aurretik, Kursaal Elkarteak Kutxari erakusketa aretoa 630 milioiren truke saltzea onartu zuen.
Iraila
- Zinemaldia Kursaalean baina gazteleraz
- Freskatzen hasia zitzaigun hiria, baina ezin uda sasoia amaitu urteroko zinemaldiko izarren bisitarik gabe. Aurten Vanesa Redgrave, Angelica Huston, Fernando Fern·n GÛmez, Melannie Griffith, Antonio Banderas eta Aitana Sanchez Gijon egon ziren gure artean. Zinemaldiak Kursaalera egin zuen jauzi. Antolatzaileek oso baikortzat jo zuten aldaketa. BAGERA elkarteak, beste behin ere, euskararen erabilera txikia salatu eta datozen urteetarako plangintza baten beharra nabarmendu zuen.
Urria
- PP eta PSE-EEren gobernu akordioa
- Uda biziaren ostean, egunerokoa. Politikari dagokionez, hilabete sonatua izan zen urria, hilaren 7an, negoziazio luzeen ondoren PP eta PSE-EEk gobernu akordioa sinatu baitzuten. Ondorioz, PP eta PSE-EE alderdiek osatutako bikoa dugu agintean. Bat egite horrek EAJ-EA-PSE-EE koalizioari hartu zion lekukoa. Azken hogei urteotan lehen aldiz alderdi abertzaleek ez dute lekurik Udal Gobernuan.
Azaroa
- Euskarazko antzerki garaia
- Udazken bete-betean euskarazko antzerki eskaintza normalizatzeko ekimena jarri zen martxan: Antzerki Garaia. Euskararen Udal Patronatua, Donostia Kultura eta EAB (Euskal Autoreen Batasuna) elkarlanean aritu ziren egitasmoa aurrera ateratzeko. Lehendabiziko saioa hilaren 25ean izan zen, Txalo taldearen Dama eta kardinala antzezlanarekin. 2000 urteko martxora arte beste hainbat talderen antzezlanak ikusi ahal izango dira.
Abendua
- Presoak Euskal Herrira
- Urte osoan zehar hamaika ekintza egin dira Donostian euskal presoak Euskal Herriko kartzeletara ekar daitezen eskatzeko. Talde ezberdin askok parte hartu dute eskaera honetan, alderdi politikoak eta sindikatuetatik hasi, gizarte eta ikasle taldeetatik segi, eta 1999an sortutako Batera plataformara heldu arte. Abenduan, hainbat euskal preso grose egiten ari zirela, elkartasunezko ekintzak ugaritu egin ziren Donostian.
O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O
|
|