Junkal Irigoien estatubatuarra
Junkal Irigoien Estatu Batuetan izan da aurten. Ikastera eta gogor entrenatzera joan da Washingtonera. Etxetik urrun egindako lana ondo etorri zaio donostiarrari. Uztailean, Donostian jokatutako Euskadiko Txapelketetan, bi marka hautsi zituen: 200 metro estiloetan eta 100 metro libreetan . Datorren urtean Junkal Irigoienen erronka nagusia Sydneyko joko olinpikoetarako sailkatzea da.
Agur Krauss, kaixo Clemente
Denboraldi hasiera txarra egin zuen Realak. Joko eskasa eta emaitza kaskarren ondorioz, Luis Uranga Realeko presidenteak Bernd Krauss kargutik kentzea erabaki zuen. Santanderreko Racing-en aurka 2 eta 5 galdu eta gero Anoetan, jendearen haserrea eta egonezina handia zen. Kraussek gainera, kazetarien aurkako jarrera azaldu zuen eta gauzak okertu baino ez zituen egin. Neurri batean Krauss bota izana ustekabean harrapatu zuen jendea, eta zeresanik ez Clemente fitxatu izana. Hala ere, Barakaldokoaren lanak ez du fruiturik eman oraingoz: Reala kopatik kanpo dago jada eta Ligan zulo beltzetik atera ezinik dabil.
Bera-Bera, atzerritarrik gabe
Bera-Berak 1998an egindako harrobiaren aldeko apustuari eutsi egin dio aurten. Tati Garmendia edota Amaia Garmendia taldera itzuli dira, eta hauekin batera beste zenbait jokalari. Nahiz eta atzerritarrik ez eduki, lehen postuetan sailkatuta daude. Liga irabaztea miraria litzatekeen arren, denboraldi ona egiten ari dira eta Europan jokatzeko aukerak dituzte. Ez dute kanpora jo entrenatzaile bila; Reyes Carrere ere etxekoa da.
Kontxako bandera Pasai Donibanera
Arraun aditu gehienek Oriok irabaziko zuela iragarri arren, Koxtape nagusitu zen Kontxako estropadan. Oriotarrak jo eta ke aritu ziren abuztuan, arerio guztiak aurretik eraman zituzten, inongo kupidarik gabe. Hala eta guztiz ere, Kontxako lehenengo ihardunaldian, Koxtapek ia hamar segundu kendu zizkion Oriori. Bigarren igandean, pasaitarrek errentari eutsi zioten.
Donostia Arraun ere ondo baino hobeto aritu zen, ohorezko txandatik gertu. Kontxan ezezik, denboraldi osoan maila ona erakutsi zuen.
Amaia Ortega, Behobiako erregina
Saskibaloian jokatzen hainbat urte eman zituen Amaia Ortegak. Saskibaloia utzi eta atletismoari ekin zion donostiarrak. Eta nola gainera! 28 urteko neska honek Behobia Donostia eta Lasarteko lasterketak irabazi zituen.
Amaia Ortegak profesionalei aurrea hartu zien, bera afizionatu mailako korrikalaria izan arren. Aurten zituen helburuak gainditu ditu, eta garaipen ikusgarriak lortu ditu.
Urte oparoa Realeko neskentzat
Realeko belar hockey taldeak hirugarren liga txapelketa eskuratu du jarraian. Aurtengoa ez da garaipen erraza izan, azken partidura arte ez baitzen liga erabaki. Estatuko txapelketan ezezik, nazioarte mailan ere gauzak txukun egin zituzten Mari Aiestaranen neskek. Realak brontzezko domina lortu zuen Eskozian jokatutako Europako Areto Hockey Txapelketan.
Erbesteko izotzean irabazitako liga
Bederatzi dira dagoeneko. Txuri Urdin taldeak bere bederatzigarren Izotz Hockey Liga eskuratu du aurten. Puigcerdaren aurka neurtu zituen indarrak apirileko finalean, eta baita irabazi ere. Garaipenak inoiz baino balio handiagoa izan zuen, baldintza negargarrian aritu baitira jokatzen urte osoan. Izotz jauregia berritzen ari direnez, donostiarrek Gasteizera eta Angelura joan behar izan dute entrenatzera eta etxekopartiduak jokatzera.
Duela gutxi hasi zuten denboraldi berria. Oraindik ezin izan dute izotz jauregia erabili, 2.000. urtean izango da. Hamargarren liga lortzea da hurrengo helburua.
Aintzane Argaitz triatloilari onena
Aintzane Argaitz Atletiko San Sebastianeko triatloilariak denboraldi biribila egin du. Ekainean jokatu zen Donostiako triatloia irabazi zuen lehendabiziko aldiz, Euskadiko duatloi eta triatloi txapelketetan gailendu zen eta Espainako duatloian bigarren sailkatu zen.
Diego Garciaren agurra
Diego Garcia azkenengo aldiz izan genuen Donostian korrika egiten. 2000. urteko urriaren hasieran utzi behar du Diegok goi mailako atletismoa. Behobia Donostian bigarren sailkatu zen Alberto Juzdado madrildarraren atzetik. Bi aste beranduago maratoia jokatu zen, baina han ere potto egin zuen. 41 kilometrotan lasterketa buru izan eta gero, azken kilometroan galdu zuen lasterketa, arazo fisiko batzuk tarteko.
Mikel Unanue lau t’erdiko txapelduna
Añorgatarrak arerio eta pronostiko guztiak gainditu ditu aurten. Mikel Unanuek lau tíerdiko txapelketa irabazi zuen Gasteizen abenduaren 19an. Inor gutxik espero zuen Eugi gainditzeko gai izango zenik. Irabazi zuen, eta nola gainera, 22 eta 11. Ez zen lau t’erdiko finalera iristen zen lehen aldia, 1995ean Jorge Nagoreren aurka galdu baitzuen.
Añorgatarra banan banako txapelketa irabazi duen lehen donostiarra da gainera. Urte osoan maila ona eskaini du eta urtea ezin hobeto bukatu du.