Iritzigileak: Gotzon Egia [1], Koro Erdozia [2], Joxan Muņoz [3], Iņaki Peņa [4].
[1]
Gotzon Egia. Bagerakidea.
Mila urte pasata...
Urtearen biribilak izutu ditu jendeak, ez bakarrik ordenagailuak. Bi mila, zifra zehatza da, urteak izateko handi itxurakoa. Hor hasi dira lasterka, burrundara ikaragarriaz, mila urteko berriari buruz, nori dirua sakelatik nork arinago aterako. Diru truke ari zaizkigu saltzen, alajaina, mundua mundu denetik urtero gertatu ohi den urrats kronologiko soil hori: urte zaharra amaitu eta urte berria hastea.
Euskaldunok berandu ohartzen omen gara halakoez, ospakuntzaren hondarretara iristen omen gara beti. Zer egingo diogu, ez gara munduaren buru. Zer axola behar zaigu guri, gainera, urteak milaka kontatze hori?
Ohituta gaude euskaldunok, geure moduan eta nolabait adierazteko, urteak milaka esaten. Orain haizatzen diren bi mila urte horiek igaro dira, aurrez beste milaka batzuk igaro ziren bezala, euskaldunok lur hauek zanpatzen ditugularik. Ez gaitu izutuko, beraz, urte baten gorabeherak, ez eta zifraren biribilak ere. Datorren urteak aldarri absolutoaren izena du, zehaztasun guztizko egitatearena: bi mila. Ez gaitu izutuko, hala ere.
Eskuartetik ihesi dihoakigun mendea euskaldunon aurkako oldarrari buru egiten hasi ginen Donostian: euskal jaiak izan ziren, Euskarazko Itz-Jostaldien Batzarrak antolatuta. Erresistentzia kulturalaren ikurra hemen altxatu genuen, ez alferrik, euskaldunak historiatik bazter gelditu zirela aurrez erabakita zeukaten agintari eta boteredunen aurrean.
Datorren mendean ere lehengo bideak utzi gabe, bide berriak urratuko ditugu, hemen Donostian, euskararik eta euskaldunik ez balego bezala biziarazi nahi digutenen aurrean, euskaldun izateko euskararen beharrik ez dutenen aurrean, euskaldun izan arren bizitzeko euskararen beharrik ez dutenen aurrean, euskaldun izanagatik euskaraz bizi beharrik ez dutenen aurrean.
Datorren urtean, hurrengo mendean, mila urte pasata ere, segiko du Bilintxek bere Kontzeziri amodiozko poemak kantatzen, segiko dugu donostiarrok arrotz belarriak gure euskaraz harritzen, segiko dugu Donostian euskararen historia txikia letra handiz idazten.
[3]
Joxean Muņoz. Idazlea
Iraun
Irutxulokoek datorren mendearen balantze zelebrea, aurrera begirakoa, eskatu didate. Baiezkoa eman diet, XXI mende bukaerako Irutxuloren ale berezian, orduko euskaldunek nik hemen egindako profeziez barre egin ahal izan dezaten.
Ziurtzat eman nahi dut, beraz, XXI. mendean Donostia bat izango dela, bakarra munduan, munduak iraun egingo duela, eta jende multzo orain baino zabalagoa euskaraz biziko dela Irutxulon. Asmatuko dugula, alegia, hiriari eusten.
Donostiarik gabe ere, kulturak iraun egingo luke beste ehun urtetan. Zaldun boteretsua da Kultura, puntako arlo ekonomiko eta estratejikoa. Giza asmoen, ametsen eta gorrotoen borroka-zelaia da kultura. Bertan itxuratzen dira, etengabe, gure nahikundeak, grinak, nortasunak. Arras interesgarria da bertan eragin ahal izatea. Eta etekina atera ahal izatea. Diruaren inperioak ez du harrobi hori utziko datozen ehun urteetan. Donostiarekin ala Donostiarik gabe.
Kezka, beraz, ez da kulturarik izango ote den Donostian, baizik eta Donostiarik izango ote den Kulturan. Kultura jasotzeaz eta kontsumitzeaz gain, kultura egiteko, berregiteko, birmoldatzeko eta hedatzeko gai izango ote garen. Neurria hartu beharko diogu neurriz gaineko kultur eskaintza globalari bai hiri txikiek, bai herri eta kultura eta hizkuntza txikiek, hurrengo mendearen ospakizunetara iritsi nahi badugu.
Hiria, hiritasunari eusteko, kulturaren beharrean dago. Nortasun berezia landu beharko du eta azaldu, erakutsi, ez kultur bide nagusietatik apartatzeko, aitzitik, errepide ertzean erakargarri eta habitagarri izaten jarraitzeko. Hiriak kultura egin egin beharko du, kulturgune erakargarri izan nahi badu.
Bestela, harpide multzo bat izango gara donostiarrok, merkatu globalaren esparru telematiko bat, www, hutsik sareetara itsasteko gune bat. Eta Irutxulo ingelesez argitaratuko da, sarean.
[2]
Koro Erdozia. SOS Arrazakeria erakundeko kidea
Hiri beroa eta harrera onekoa
Galdetu didazue IRUTXULOkoek XXI. mendean nolako Donostia nahi nukeen.
Gauza zehatzak gustatzen zaizkidanez, horrela erantzungo dut. Azken denboraldi honetan, polizoi andana iritsi da gure hirira. Batzuei asilo eskaeraren tramiteak hastea onartu diete. Hauek beste leku batzuetara bidaltzea posible izan da, Gurutze Gorriaren babespean, ez baitago Gipuzkoa osoan errefuxiatuentzako babes lekurik.
Beste batzuei ez zaie eskaera onartu, ordea. Zein da euren egoera momentu honetan? Errekurtsoa jarria dute. Polizia nazionalak hilero,hilero, berritzen die hemen egoteko baimena, baina baimen horrek ez du lan egiteko eskubidea ematen.
Beraz, Donostian, edo inguruan, egon behar dute nahitanahiez; bestela, legezko egoera galtzen dute. Baina ezin dute lan egin. Legeak oinarrizko eskubide hori ukatu egiten die. Zer egin behar dute bizitzeko?
Donostiako Udalak behar horiei aurre egitea nahi nuke. Eta proposamen batzuk egingo dizkiot: non bizi (etxea) dohainik utzi, janaria eman, kirola egiteko laguntza eskaini, autobusetan bidaiatzeko txartela eman, ikasketak egiten lagundu, eta hain oinarrizkoa eta bidezkoa den lan egiteko eskubidea eskatu gobernu zentralari. Edo Udaleko Abegi Etxean programa bereziak eskaini, denbora luzerako, lehen aipatutako gauzak kontuan hartuz.
Polizoiak, gerretatik edo beste ezbeharretatik ihesi iristen dira gure hirira. Normalean ez dakite nora iritsiko diren. Pasaia edo Donostia ez dira ezer, bertan geratu arte. Gero, hiri hau oso erakargarria egiten zaie, baina zein egoeratan dauden ikusten dutenean, hiri honen aurpegi polita, gauza hotz anker, etsai bihurtzen da. Guzti hori aldatzea izango litzateke nere nahia, Donostia, pobreentzat, errefuxiatuentzat, etorkinentzat ere, hiri beroa eta harrera onekoa izan dadin.
[4]
Iņaki Peņa. Deustuko Unibertsitateko Irakaslea.
Ekonomikoki egungo ildotik jarraituko da
Mendearen hasieran inor gutxik aurreikusiko zuen zein egoeran izango ginen gaur egun Donostialdean ekonomia arloan. Egungo errealitateari begiradatxo bat ematen badiogu, badira zenbait datu nahiko esanguratsu. Datuok, Donostialdeko ekonomian XX. mendetik XXI.era zubia eraikitzeko erabiliko diren zutabeak zeintzu izango diren ager diezagukete.
Batetik, zerbitzuen sektoreak Donostiako ekonomian pisu handia duela jakin badakigu. Beste hiri asko bezala, Donostialdea ez da globalizazioaren eraginetik kanpo geratzen ari (esaterako, Gipuzkoa mailan internazionalizazioari buruzko lege-aholku zerbitzuak, finantza-zerbitzuak, eta kontsultoria enpresa nagusiak hirigune honetan daude).
Ezin dugu ahaztu, Europako Txanpon Batasunaren parte garenez, gure inguruko ekonomiak bertan bazkide izateko baldintzei erantzun behar diela. Beste zenbait faktorez gain, Europarekiko konberjentzia lortzeko interes-tipo baxuko politikak gure biztanleen errenta mailan eta langabezia portzentaietan eragin ona izan du. Erregistratutako langabezia datuen arabera, Donostian 1998-1999 bitartean langabetu kopurua 9.000tik 8.000ra jaitsi da. Jaitsiera, bereziki, eraikuntza eta inmobiliaria sektoreek eragin dute.
Turismoa eta merkatzaritza giltzarri
Bigarrenik, eraikuntza sektorearekin batera, Donostialdeko ohiko sektoreek jarduera onarekin jarraitzen dute. Merkataritza barruan, altzariak eta etxerako artikulu eta ibilgailuen sektoreak ohikoa baino bilakaera hobea izan dute azken boladan. Papergintza eta bulego-material komertzioek ere ederki jardun dute. Bestalde, dinamismo gutxiagorekin azaldu dira ehungintza, larrugintza, oinetakoak edota lurrinekin lotutako komertzioak.
Kursaaleko eraikuntza berriarekin, Donostialdean turismoaren garrantzia areagotzea espero da. Izan ere, Donostiak garrantzi handia izaten jarraitzen du Gipuzkoako turismo sektorean (Gipuzkoako hotel kopuruaren %41, jatetxeen %25 eta kafetegien %43 Donostian daude). Antzeko gauza gertatzen da finantza sektorean (Gipuzkoako banku bulegoen %31 Donostian baitago). Ez dut uste, mende berriaren lehen urteetan behintzat, Donostiako egitura ekonomiko honek aldaketa nagusirik jasango duenik.
Ongizate iraunkorra bermatu
Azkenik, hazkunde ekonomikorako garrantzitsuak diren giza kapitala, I+G, eta azpiegitura hobetzeko apustua egin dela nabari da (Ibaetako unibertsitate kanpusa, Miramongo parke teknologikoa, errepide eta trenbide garraio hobekuntzak, eta abar). Etorkizunerako, hazkunde ekonomikoaz gain, gizarte eta ingurugiroaren bilakaera kontutan hartzea derrigorrezkoa da.
Adibidez, gaur egun Gipuzkoako biztanleriaren ia %50 Donostian bizi da, azken hamarkada honetan etxebizitzak eraikitzeko metro karratu kopurua bikoiztu egin da Gipuzkoan. 1.000 biztanleko 354 ibilgailu izatetik 484 izatera pasatu gara.
Datu hauek etorkizunerako gizartearen, ingurugiroaren eta ekonomia helburuen artean oreka lortu beharra adierazten digute. Donostiako biztanleen ongizate iraunkorra bermatu nahi bada, helburu ekonomikoetan besterik ez pentsatzea hutsegite arriskutsua izan daiteke.