BageraNet BageraNet
Ziberteka

Gora 1999

Artikulua Balantzea
Artikulua Ekologia
Artikulua Euskara 21. Mendean
Artikulua Horoskopoa
Artikulua Iritziak
Artikulua Kirol Pertsonaiak
Artikulua Kronologia
Artikulua Urteko Pertsonaiak
Jaso ezazu
Bageranet Albistegia
posta elektronikoz


Irutxuloko Hitza
  BAGERA    ZIBERTEKA    IRUTXULO    GAZTEZULO    ALBISTEAK    LOTURAK    NON ZER 
 [ Bageranet  >  Donostiako Ziberteka  >  Urtekariak  >  1999  >  Horoskopoa ]

Hurrengo urterako horoskopoa

Horoskopoa

ARIES (III-20 -IV-20)

ENKARNI GENUA

Bizitzak nahiko ongi zaintzen nau, beraz ezin naiz kexatu. Edozeinek bezalaxe gripeak izan ditut, baina horretaz aparte zorionez ez nik ezta nire inguruko pertsonek ez dute gaixotasun aipagarririk izan. Lana nola joan den epaitzerakoan aitortu behar dut lanpetuta ibili naizela, eta datorren urtean gutxiago eta lasaiago lan egitea erabaki dudala. Maitasunean ere urte ona izan da; arazo txiki batzuk izan ditudan arren, konpontzeko bidean daude. Beraz, argi daukat urte berriari berdin jarraitzea eskatuko diodala.

2000. urtean zer?

OSASUNA
Uda sasoian arazotxo batzuk izango dituzun arren, urtea ondo joango zaizu. Udaberrian bereziki ondo ibiliko zara osasunaren aldetik.
LANA
Arrakastaren bila abiatuko zara urte hasiera-hasieratik. Lanen bat aurkitzeko edo lantokian gora egiteko urte egokia izango da, batez ere abuztutik aurrera.
MAITASUNA
Neguan zehar erromantizismoa eta abentura bidetik joko duzu. Hala ere, udaberritik aurrera errealistagoa izango zara eta oreka lortuko duzu.


TAURO (IV-20 - V-21)

AMAIA BONTIGI

Pertsonalki, ez da txarra suertatu mendeko azken urte hau, ezta gutxiagorik ere. Lan askoko boladak bizi izan ditut, eta 63 urterekin lanarekin lasaiago ibili nahiko nukeen arren, zer egingo diogu bada! Osasunean ere urte ona izan da, gaixotasunik ez baitut jasan. Urteko gauzarik pozgarriena senarrarekin Bahametara egin dudan bidaia izan da. Berrogei urte daramatzagu ezkonduta, eta batek daki beste berrogei ospatzeko aukera izango ote dugun!

2000. urtean zer?

OSASUNA
Osasuntsua zara berez. Hala ere, zenbait momentutan gaixotasun txikiak izango dituzu, batez ere udaberri aldera.
LANA
Garrantzi handia izango du. Urte hasieran etorkizunerako asmoak landuko dituzu. Udan lan baldintza hobeak izaten lagunduko dizun jendea ezagutuko duzu.
MAITASUNA
Maitemintzeko eta pasio handiak bizitzeko joera duzun arren, ez da horretarako urte ona izango. Irailetik azarora bitartean sexu nahiari ezin eutsirik ibiliko zara.


GEMINI (V-21 - VI-21)

LUIS MOKOROA

Oraintxe katarroak nagoen arren, ez dut esango urte txarra izan denik osasun aldetik, beste gauzarik ez baitut izan eta gainera katarroarena neguan gaudenez normala baita. Lanean urtea gaizki hasi zen, jendeak urtarrila aldean, urte hasieran, ez baitzuen dirurik gastatu nahi. Baina ordutik hona egoerak hoberantz egin du nabarmen, eta gustura gabiltza urte amaiera honetan. Maitasunari dagokionez urte dexente ona izan dut. Laburbilduta, arlo guztietan horrela jarraituko banu konformatuko nintzateke. Ez dut bestelako eskaera handiegirik egingo.

2000. urtean zer?

OSASUNA
Nerbioekin arazoak izango dituzu. Ingurukoek jokaera alda dezaten ahalegina egingo duzu, baina zuk zeuk aldatu behar duzu zurea.
LANA
Ez duzu aldaketa handirik izango eta ez zara lanpetuta ibiliko. Helburu berrietara iristen saiatuko zaren arren, lantokiko nagusiek ez dizute aukerarik emango.
MAITASUNA
Oso erakargarria izango zara besteentzat. Bikotekidea baduzu, tirano samarra izan zaitezke berarekin. Ez baduzu, komeni ez zaizkizun pertsonengana hurbil zaitezke.


CANCER (VI-21 - VII-22)

ELENA ARZAK

Urte ona izan da zalantzarik gabe niretzat. Lanpetuta ibili gara jatetxean, baina lana dagoen bitartean pozik egon behar dugu, ondo baitakigu zer nolako arazoak dauden gaur egungo gizartean lana aurkitzeko. Gainera, maitasunean, aurreko urteetan gauzak ondo joan bazaizkit, 1999 urtea oraindik hobea izan da. Badakit lan aldetik aldaketa batzuk izango ditugula datorren urtean, baina espero dut aldaketa bakarrenetakoa izatea, errespetu handiz ikusten baitut 2000. urtea. Ez dakit zergatik, baina ez dut batere gogoko hastear dagoen urte berri hau.

2000. urtean zer?

OSASUNA
Zaindu ezazu zure burua urte hasieran. Halaxe egiten baduzu, ez duzu arazo larririk izango urtean zehar. Lan kontuek ondorio txarrak eragin diezazkizukete.
LANA
Gora-behera ugari gertatuko zaizu. Urte hasieran garaipen txiki bat izango duzu, baina hala ere, adi egon beharko duzu. Traizioren bat izan dezakezu.
MAITASUNA
Arlo honek zuretzat garrantzi handia du, baina aurten bazterrean utziko duzu zertxobait. Iraganeko kontuak ahazteko ordua da.


LEO (VII-22 - VIII-23)

IKER SARRIEGI

Osasun aldetik gorabehera ugari izan ditudala aitortu behar dut, baina EEBBn belaunean egindako ebakuntzarekin baikor naiz. Belaunean izandako lesioak eragin zuzena izan du lanean, geldirik egon naizelako denbora luzez, baina azken bi edo hiru hilabeteetan gimnasioan lan eskerga egin dut, eta datorren urtean arazo fisiko hauek guztiak atzean uzteko gogoa dut. Maitasunari buruz hitz egiten badugu, esango nuke urte normala izan dela. Urte berriari zerbait eskatzekotan ez nioke maitasunik eskatuko, osasuna baizik, azken urteotan ezinbestekoa dela konturatu bainaiz.

2000. urtean zer?

OSASUNA
Gauzak kosta lain kosta burutu nahiak zenbait gaitz eragingo dizkizu. Handiusteak alde batera utzi beharko dituzu.
LANA
Estresak jota ibiltzeko arriskua duzu. Lan handia egingo duzu, eta oso ondo, baina hori bai, presiopean. Nagusiek zure egitasmoak oztopa ditzakete.
MAITASUNA
Lanak arazoak eragingo dizkizunez, pasioz betetako harremanak bilatuko dituzu. Dena den, hobe duzu harreman hauek kontrolpean izan.


VIRGO (VIII-23 - IX-23)

MIKEL AZPIROZ

Injineratza ikasketak bukatu ditudan arren, lana beste arlo batean egin dut, musika munduan hain zuzen; eta aurten, aurreko urteetan bezalaxe, lan asko izan dut. Hala ere, kontzertuen mundua gogoko dudanez, ez nau batere kezkatzen lanpetuta ibiltzeak eta 2000.ean ere halaxe nahiko nuke jarraitu. Buruan ditudan proiektu guztiak aurrera atera nahiko nituzke. Maitasunean ere urte ona igaro dut, eta osasunean, bai nik, bai senitartekoek eta bai lagunek ez dugu inolako gaixotasunik izan.

2000. urtean zer?

OSASUNA
Ohi bezala, ahul ibiliko zara eta beraz, arreta berezia eskaini beharko diozu osasunari. Argi ibili beharko duzu elikadura arazoekin.
LANA
Erronka handietako urtea izango da zuretzat, baina oso ondo egokituko zara. Urte hasieran eskuzabal jokatu beharrean egongo zara.
MAITASUNA
Maitasunaren bila abiatuko zara eta beraz, egungo harremana arriskuan egon liteke, batez ere uda aldera. Udazkenean, aldiz, oreka lortuko duzu.


LIBRA (IX -23 - X -22)

JOSETXO LIZARTZA

Urtearen balantzea egiterakoan, ondo eutsi diogula esango nuke. Lasaitasuna izan da nagusi, osasun kontuetan etxean ez baitugu inolako gaixotasunik jasan izan behar. Lan arloan, berriz, urtea aurrekoak bezalakoa izan da, eta proiekturen bat bidean geratu den arren, oso pozik nago. Maitasunari dagokionez ere urte zoriontsua izan da. Ahal balitz, datorren urtea hau baino hobea izatea nahiko nuke.

2000. urtean zer?

OSASUNA
Oso gaizki ibiliko zara zenbait momentutan, baina aurrera egitea lortuko duzu. Udazkena garairik okerrena izan daiteke.
LANA
Urte hasieran pozik eta gustura ariko zaren arren, beheraka hasiko zara otsailetik aurrera. Uztailean, hala ere, berriro helduko diozu hasierako gogoari.
MAITASUNA
Gora-behera asko izango duzu. Udan esaterako, lana dela eta, ez duzu maitasunarekin gozatzeko tarte handirik izango. Dena den, momentu onak ere aurkituko dituzu.


SCORPIO (X-23 - XI-22)

MAITE JAUNARENA

Ahanzteko moduko urtea izan da aurtengoa, familian ezbehar bat baino gehiago izan dugulako. Pertsonalki, nire kasuan, alde onak eta txarrak izan ditu urteak. Realeko hockey taldean gero eta gehiago jokatzen dudalako pozik nago, baina ikasketak amaitu berri ditut eta orain galduta ikusten dut nire burua, zailtasunak besterik ez baitut ikusten lanpostu bat aurkitzeko. Maitasun aldetik, aitortu behar dut mutilik ez daukadala momentu honetan, baina urte berriari zerbait eskatzekotan osasuna eta lana eskatuko nizkiokeî.

2000. urtean zer?

OSASUNA
Urte hasieran batzuetan indarra soberan eta besteetan falta izango duzu. Maiatzean tristurak jota ibil zaitezke. Uda ona izango da.
LANA
Zure ekonomia kili-kolo ibiliko da. Aldaketak etorriko zaizkizu eta baliteke aparteko lantxo baten bila hastea. Gogor lan egin beharko duzu. Udazkena lasaiagoa izango da.
MAITASUNA
Konpromisorako urtea izan daiteke. Bikotekidea baduzu, ardura berriak hartu beharko dituzu. Ez baduzu, luzaro iraun lezakeen harreman batean has zaitezke.


SAGITARIO (XI-23 - XII-21)

MIREN AZKARATE

Milurteko azken urtea epaitzeko orduan, orokorrean positiboa izan dela esango nuke. Istripu txiki bat izan dut, baina garrantzi gutxikoa izan zenez ahaztuta daukat jadanik. Lanari dagokionez, urte amaiera honetan hasieran baino lasaiago ibili naiz, eta maitasun aldetik ere ez dut aipatzeko ezustekorik izan. Beraz, datorren urtean orain arte bezala jarraitzea nahi nuke, hori bai, lan gutxiagorekin baldin bada hobeto!

2000. urtean zer?

OSASUNA
Kalte egiten dizuten ohiturak alde batera utzi behar dituzu. Lan kontuek ondorio txarrik izan ez dezaten ahalegina egin beharko duzu.
LANA
Lan falta ez duzu izango. Are gehiago, zenbaitetan denbora gehiegi hartzen dizula pentsatuko duzu. Uda aldera aldaketa edo eskaintzaren bat izan dezakezu.
MAITASUNA
Beste sexuarekiko harremana lasaiago hartu eta alde onak nabarmendu eta alde txarrak baztertuko dituzu. Ikasitakoa praktikara eramateko aukera izango duzu.


CAPRICORNIO (XII-24 - I-20)

TATUS FOMBELLIDA

Bukatzear dagoen urte honetan ez dut osasun arazo aipagarririk izan, eta honi garrantzi handia ematen diot, datorren mende berrian orain arte bezala jarraitu nahi nukeelako. Lanari buruz hitzegiterakoan, oso pozik nago, ostalaritza gorantz doala ikusten baitugu, eta etorkizuna baikortasunez ikusi liteke. Maitasun aldetik ere urte erabat ona izan dut. Laburbilduta, ziur nago primerako urtea izango dugula datorren hau.

2000. urtean zer?

OSASUNA
Orain arteko gaitzak albo batera utziko dituzu. Beharbada, ez zara erabat sendatuko, baina ez dira bizimodu normala egiteko traba izango.
LANA
Gustura ariko zara. Kosta egiten zaizun arren, senari lan egin dezan utzi beharko diozu. Lankideekin harreman hobea izango duzu. Udazkena izango da garairik onena.
MAITASUNA
Segurtasun handiagoa lortu eta erakargarriago azalduko zara beste sexuaren aurrean. Maiatza eta ekaina hilabete onak izango dira eta gozatuko duzu.


AKUARIO (I-21 - II-20)

EDURNE GARMENDIA

1999a primerako urtea izan da niretzat osasun aldetik, eta urtero katarroak hartu ohi ditudan arren, aurten ez dut katarro bat bera ere izan. Lanean gorabehera ugari bizi izan ditut, urte nahasia izan da, eta udaberri partean estresatuta ibili nintzen. Hala ere gauzak aldatu egin dira, eta orain ez nago hain lanpetuta. Azkenik, maitasun arloan ere ondo joan da urtea, pasioen menpe egon bainaiz. Dena den, 2000. urtea lasaiagoa izatea espero dut.

2000. urtean zer?

OSASUNA
Elikadurarekin lotutako gaitzek buruhausteren bat edo beste emango dizute. Hala ere, haien atzean bestelako gaitzak egongo dira.
LANA
Lanaz aldatzeko aukera aztertuko duzu. Gehiago asebetetzen zaituen beste zerbaiten bila ibiliko zara. Dena den, ez dituzu egungo lan kontuak ahaztu behar.
MAITASUNA
Urte zaila baina bizitza osoan pozik gogoratuko duzuna izango da hauxe. Krisi eta arazo ugari izango duzun arren, indarberrituta aterako zara haietatik.


PISCIS (II-21 - III-20)

TOMAS ALMANDOZ

Urte lasaia bizi izan dut alor guztietan, ezuste handiegirik gabe. Osasun aldetik ez dut inolako arazorik izan eta honi, zahartzen ari zarenean, bere benetako garrantzia eman behar zaio. Lanari dagokionez ere pozik egoteko urtea bizi dudala aitortu behar dut, gure jatetxe txikiak aurrera baitarrai, eta maitasunean zer esanik ez! Beti uste izan dut nire bizitzako emakumea aurkitzeko zortea izan nuela. Oraintxe bertan sinatuko nuke aurtengoa bezalako urtea bizitzea 2000.ean.

2000. urtean zer?

OSASUNA
Arreta berezia eskainiko diozu gai honi. Inguruko gertaerek eragin txarra izan dezakete zuregan eta beraz, burumakur ibil zaitezke.
LANA
Ez duzu talde lana batere gogoko, baina egin beharko duzu. Hala ere, esperientzia ona izango da zuretzat. Abuztuan liskarrak izan ditzakezue lankideon artean.
MAITASUNA
Oso urte aberasgarria izango da. Abentura eta egoera ezberdinak bizi beharko dituzu eta hauek, aurrera egiteko indarra emango dizute.
O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O
  Hasierara   hasierara   

Bagera.net © Bagera, Donostiako Euskaltzaleen Elkartea
Katalina Eleizegi 36, behea; Donostia 20009 | Telefonoa: 943467181 - Faxa: 943446532
e-posta: idazkaritza@bagera.net | Webgune honi buruz: Kontsultak - Kredituak
Orri honen kokapena: http://www.bagera.net/Bageranet/Ziberteka/Urtekariak/1999/Horoskopoa