BageraNet BageraNet
Ziberteka

Gora 1999

Artikulua Balantzea
Artikulua Ekologia
Artikulua Euskara 21. Mendean
Artikulua Horoskopoa
Artikulua Iritziak
Artikulua Kirol Pertsonaiak
Artikulua Kronologia
Artikulua Urteko Pertsonaiak
Jaso ezazu
Bageranet Albistegia
posta elektronikoz


Irutxuloko Hitza
  BAGERA    ZIBERTEKA    IRUTXULO    GAZTEZULO    ALBISTEAK    LOTURAK    NON ZER 
 [ Bageranet  >  Donostiako Ziberteka  >  Urtekariak  >  1999  >  Ekologia ]

Berde nahi zaitugu, berde...

Xabier Rubio, Haritzalde Naturzaleen Elkarteko kidea., 1999/12/31.

Mende bukaera honek Donostiako hezeguneen suntsipena eta desagerpena ekarri digu, eraikuntzak berdeari tokia kentzen joan dira eta Urumea ibaia izatetik kanale izatera pasa daiteke. Oraindik bada, ordea, itxaropenerako denbora, baina horretarako gizarte-kontzientziazioa ezinbestekoa dugu. Hona hemen, ekologia aldetik datorren mendean kontutan hartuko beharko ditugun zenbait gai.

Datorren urtean Urumeako Autobiaren lanak hasiko dira. Autobia hau, Donostiako Bigarren Saihesbidea eta Abiadura Handiko Trena, Urumea aranean egitekoak diren azpiegitura nagusiak izango ditugu. Eta hori guztia, oso kilometro gutxitan. Hiru obrek eragingo dituzten kalteak (nekazaritza-lur aberatsak galtzeko arriskua, lur mugimenduak, sortu beharko diren harrobiak eta betelanak...) azpibaloratu dira, multzoaren Ingurugiro Inpaktoaren Ebaluaketarik egin ez delako. Banan banako ebaluaketa egin da, kontuan izan gabe kalteak ez direla gehituko biderkatuko baizik.

Larriena, dena den, Urumea ibaiaren kanalizazioa da. Proiektua aurrera eramateko, ezinbestekoa dela saldu nahi digute. Urumea Donostiatik Hernaniraino ubideratu nahi da, eta Amarako 22 Poligonoan egin zuten bezala harresi modukoa jartzekotan, ibai-ertzeetako landarediaren eta, ibai-ekosistema beraren akabera suposatuko luke. Gainera, uholde arriskua beti egongo da, ibaiarenak diren lurrak okupatzen diren bitartean: ibaiak, gainezka egiterakoan, kendutako lurrak berreskuratzera jotzen duela pentsatu behar dugu.

Garraio publikoa bultzatu beharra

Zoritxarrez, errepide berriek egungo trafiko estutasunak konpondu ahal badituzte, nork esaten digu hemendik urte batzuetara ez direla txikiak geratuko? Eta zer egingo dugu, errepide gehiago eta gehiago?

Erakundeek garraio alternatiboak bultzatu beharko dituzte, batez ere publikoak, gero eta kotxe gehiago baitago. Heziketa ezinbestekoa dugu dagoen pentsamoldeari buelta emateko. Bizi-kalitatea hobetu dezakegu eta ez bagara saiatzen, autoilaraz-autoilara ibiliko gara, estresaturik, ke txarren artean.

Espezieen biziraupena: Hegoaldeko Zuhaitz Igela

Ezaguna denez, Euskal Herrian iraungitzeko arriskuan dagoen anfibio bakarra da zuhaitz igela. Gipuzkoako Foru Aldundiak Espeziearen Gestio Plana onetsi du eta dagoeneko martxan da. Bertan, igeltxoak duen ugaltoki bakarra den Gurelesako Urtegiaren garrantzia azpimarratzen da. Baina, zoritxarrez, ez da hezegunerako inolako babes-neurririk aurreikusten. Une honetan, putzu berriak sortzen ari dira eta etorkizunean gehiago egingo dira. Dena den, argi utzi behar da putzuok ez dutela ezertarako balioko bertan ez bada igelaren ugalketa bermatzen, eta horretarako denbora behar da, beti ere Gurelesa mantenduz.

Hiriko plazak eta berdeguneak

Oso kezkagarria iruditzen zaigu azken urteotan gertatu dena eta tamalez, joera hori ez bada aldatzen, pixkanaka-pixkanaka, tamainako eitea duten zuhaitzak desagertzera joko dute. Gero eta zuhaitz handi gutxiago dago eta gainera, geratzen diren askok pairatu behar dituzten baldintzak negargarriak dira: kolpeak, sustraiak moztu egiten zaizkie, lur gutxi dute, bibrazioak...

Zementu eta harriaren pizkundea da nagusi, eta egindako plaza berri asko ikusirik, ematen du modernoa berdearen kontra doala. Plaza berri gehienen azpialdean aparkalekuak egiten dituzte eta obra gehiegi garestitzen delako aitzakiaz, ez da zuhaitzik landatzen. Bide horretatik jarraituz gero, basamortu-plaza politak izango ditugu udan.

Ulia, 2000. urteko parkea

Ulia milurte berriaren hasierako parkea izango da. Bertako itsas-labarren garrantzi ekologikoa handia den arren, ez da ordea nahikoa ezaguna. Donostiako Udalak azkenean dagokion tokia emango diola eta bertan, egokitze-lanetan, dirua gastatuko duela dirudi. Baliabide handiko berdegunea da eta orain arte erabat azpierabilia egon da. Gainera, izugarri ugaldu dira bere hegoaldeko magalean eraikitako etxeak. Horri amaiera eman beharko zaio, parkea izatea nahi badugu behintzat. Etxe ondoan dugun altxorra zaindu beharra dago eta gure ingurune naturalaren aberastasuna ezagutzera eman. Horretarako, hiriko parke guztietara ingurugiro heziketa zabaldu beharko da: natur-eskolak, ibilaldi gidatuak, tailerrak, gidaliburuak....

Balio ekologikoa duten eremuen kontserbazioa

Oraindik badugu hainbat eremu nahikoa ondo kontserbaturik, hala nola Igarako ibarrak eta Barkaiztegikoa. Erakundeek katalogatuta dauzkate, baina horien kontrako erasoen aurrean mutu geratzen dira. Aipagarriak dira arantxo horietan aurki daitezkeen altzadiak eta hariztiak, eta bertan bizi den fauna interesgarria. Dituzten arriskuak, berriz, honako hauek dira: pista berriak, erreken kanalizazioa eta batez ere, eraikuntza, etxeak edota īkirol-pistakŠ, tenisa edo golfa kasu. Urrats sendoak eman beharko dira geratzen zaizkigun naturgune garrantzitsu horiek (erreka bazterrak, basotxo eta zuhaitz apartak, hezeguneak,...) babesteko.

O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O
  Hasierara   hasierara   

Bagera.net © Bagera, Donostiako Euskaltzaleen Elkartea
Katalina Eleizegi 36, behea; Donostia 20009 | Telefonoa: 943467181 - Faxa: 943446532
e-posta: idazkaritza@bagera.net | Webgune honi buruz: Kontsultak - Kredituak
Orri honen kokapena: http://www.bagera.net/Bageranet/Ziberteka/Urtekariak/1999/Ekologia