BageraNet BageraNet
Ziberteka

Gora 1999

Artikulua Balantzea
Artikulua Ekologia
Artikulua Euskara 21. Mendean
Artikulua Horoskopoa
Artikulua Iritziak
Artikulua Kirol Pertsonaiak
Artikulua Kronologia
Artikulua Urteko Pertsonaiak
Jaso ezazu
Bageranet Albistegia
posta elektronikoz


Irutxuloko Hitza
  BAGERA    ZIBERTEKA    IRUTXULO    GAZTEZULO    ALBISTEAK    LOTURAK    NON ZER 
 [ Bageranet  >  Donostiako Ziberteka  >  Urtekariak  >  1999  >  Balantzea ]

Urtearen errepasoa kazetarien eskutik

Balantze egiteko...

Urtero bezala, aurten ere albiste jario etengabea izan dugu. Sei kazetari donostiar aukeratu ditugu urteari errepasoa eman dezaioten eta berri garrantzitsuenak aukera ditzaten. Kanpoko zein etxeko albiste garrantzitsuenak jasotzeko eskatu diegu. Horretarako, bina galdera egin dizkiegu:

1999ko...

1. Zein albiste nabarmenduko zenuke Donostian, Euskal Herrian eta nazioartean?

2. Zein pertsonaia goratuko zenuke eta zein gaitzetsi?

MIKEL ARRIETA - Egunkaria

Kursaalak zer kultur programazioa eskainiko du?

Donostian Kursaala. Zalantza bakarra du uxatzeko: zer kultur programazio eskainiko du?

Euskal Herri mailan, emakumeen kontrako erasoak nabarmendu dira. Eraso bortitzen ondorioz hainbat emakume hil dira aurten. Nazioartean, kutsatutako elikagaien inguruan izan da zeresana: dioxinaz kutxatutako oilaskoen afera, jaki transgenikoak,...

Pertsonaietan, Giraldilla goratuko nuke. Legea bete eta presoak Euskal Herriratzeko eskatzeko makina bat ekimen egin dira urtean zehar. Presoekin Elkartasuna taldeak Sevillako Atletismo Mundialaren inaugurazioan Giraldillaz jantzita egin ekimena izan zen ikusgarriena.

Negatiboa berriz, Jacques Chirac. Frantziako Gobernuak Europako Hizkuntza Gutxituen Ituna sinatu zuen maiatzaren 7an, baina, hilaren 17an Eurokartak Frantziako Konstituzioa urratzen duela ebatzi zuen Kontseilu Konstituzionalak.

ODILE KRUTZETA - Euskadi Irratia

Aznarrek aukera paregabea izan du bake prozesua bultzatzeko

Etxean Kursaal Jauregiaren inaugurazioa izan da albisterik aipagarriena. Eraikin moderno eta polemiko honek zeresan franko jarri du bazterretan.

Euskal Herrian berriz, ETAk berriro ekintza armatuen bidetik jo izana berriro iruditzen zait izan dela berri nagusia. Noraezean utzi ditu hainbat ilusio.

Mundura begira jarriz gero, Ipar Irlandako gobernua eratu izana garrantzitsua izan da. Aldapak aldapa eta nekeak neke, irlandarrek zailtasunak gainditu dituzte eta pauso inportantea eman dute bake eta normalizazio prozesuan.

Bestalde, Xebe Peņa da aukeratu dudan pertsonaia, mendizale handia eta kategoriako gizona baitzen. Aurten joan zaigu, 92 urterekin, munduko gailur nagusiak zapaltzera iritsi zen kirolaria.

Beste muturrean Jose Maria Aznar jarriko nuke. Hamalau hilabetez aukera paregabea izan du bake prozesua bultzatzeko baina ez du egoera aprobetxatu.

IDOIA AROZENA - Gara

Txetxenia eta Jugoslabiako gerrek kezkatu naute

Donostian Kursaala eta PP-PSOEren arteko akordioa nabarmenduko nituzke.

Kuboak izen handidun eraikin erraldoien aldeko apustu garbia iruditzen zaizkit. Gobernu akordioa berriz, Estatuan muturka dabiltzan bi alderdi, Espainiaren batasuna bermatzearren, zein puntutara iritsi daitezkeen erakusteko sinboloa.

Euskal Herrian, ETAren su etenarekin hasi zen 1999a eta su-etena bertan behera uzteak markatu du bukaera. Ez da ez, berri pozgarria.

Munduan berriz, Txetxeniako eta Jugoslaviako gerrek kezkatu naute, agian oso hurbil somatu ditudalako. Nortasuna gorde nahi duten herri txikiekin handiek zer-nolako sarraskiak egin ditzaketen ikusteak beldurra ematen du.

Txalotu nahi nituzke Virginia Acebesen hilketa salatzeko eta emakumeok beldurtzeko zabaldutako mezuei aurre egiteko larrugorritan agertu ziren emakumeak. Ikatza, mendebaldeko gizartearentzat gorde dut bere jarrera lotsagarriarengatik.

MARIANO FERRER - Herri Irratia

Su etena garaian ikusi da gauzak beste era batera egin daitezkeela

Udala PSE eta PPren esku utzi duen ekainaren 13ko hauteskundeen emaitza. Historian lehendabiziz, indar abertzaleak udal gobernutik at geratu dira Donostian.

Euskal Herrian ia hamaika hilabete iraun duen su-etena izan da albiste nagusia. Nire ustez, garrantzitsuagoa da su-etena ia urtebete iraun izana, bertan behera geratu izana baino. Tarte honetan ikusi dugu gauzak beste era batera egin daitezkeela.

Nazioartean, arlo militarrean zein judizialean eskuhartzeko eskubidea zabaldu egin da. Hainbat adibide ditugu: Kosovo, Pinochet eta abar. 1999an ikusi dugu badaudela herrialdeen mugek ezabatu ezin dituzten giza balio unibertsalak. Hala ere, ezin uka zenbait kasutan eskuhartze eskubidea era eztabaidagarrian jartzen dela indarrean.

Urteko pertsonaia EEBBetako George Mitchell hautatu dut Ipar Irlandako auzian egindako bitartekaritzagatik. Pertsonaia negatiboa aukeratzea zaila egiten zait.

NEREA AZURMENDI - Zabalik

Bill Clintonek mundua berea bailitzan jokatzen du

Kursaalaren inaugurazioa aipatuko nuke Donostia mailan. Kursala eraikin bikaina izateaz gain, hiria biziberritzeko baliagarria izan daitekeela uste dut.

Bestalde su-etena bukatu izana nabarmendu beharra dago. Hainbat hilabeteko itxaropenaldia bertan behera geratu da. Aldi berean, etenaldiak, politikari gehienen ezintasuna agerian utzi du.

Gure mugetatik at, proba nuklearren berpizte indartsua ezin ahaztu. Proba nuklearren gutxitzea azken urte hauetan emandako urrats baikor bakarretakoa zen. Hauen berpiztearekin, atzerapauso izugarria eman da.

Gunther Grass idazle alemaniarra izan da nabarmentzeko pertsonaia, urtean zehar izandako ospeaz baliatu delako sarritan isilpean geratzen diren mezuak aldarrikatzeko. Negatiboa berriz, Bill Clinton. Aurrerakoiena egiten du, baina aldi berean, mundua berea bailitzan jokatzen du.

TXEMA AUZMENDI - Herri Irratia

Mitchellek Ulsterren egindako lana goraipatzekoa da

Donostiari dagokionez, Moneoren kuboen inaugurazioa izan da albisterik aipagarriena. Euskal Herria mailan berriz, ETAk abenduaren hasieran su-etena bukatutzat eman izana izan da berri nagusia nire iritziz behintzat. Eta Euskal Herritik kanpo berriz, ekialdeko Timor herriak egindako erreferendumaren ostean, Indonesiaren gonapetik atera eta askatasunaren bidea aukeratu izana aipagarria oso iruditzen zait.

Pertsonaiaren alorrean, goraipatzekoa da George Mitchell Ulsterren egindako bitartekaritza lana. Azken bultzada eman dio negoziazio prozesuari eta gauzak berriro bideratzen lagundu du.

Aurtengo pertsonaia negatiboa Jose Mari Aznar da nire ustez. Euskal Herrian bizi izan den aukera paregabea ( ETAk deitutako su-etena, Lizarra-Garazi...) kontuan hartuta, egoera horretaz ez da baliatu, ez dio etekinik atera.

O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O
  Hasierara   hasierara   

Bagera.net © Bagera, Donostiako Euskaltzaleen Elkartea
Katalina Eleizegi 36, behea; Donostia 20009 | Telefonoa: 943467181 - Faxa: 943446532
e-posta: idazkaritza@bagera.net | Webgune honi buruz: Kontsultak - Kredituak
Orri honen kokapena: http://www.bagera.net/Bageranet/Ziberteka/Urtekariak/1999/Balantzea