|
|
|
 |
|
[
Bageranet
>
Donostiako Ziberteka
>
Urtekariak
>
1999
]
|
|
 |
1999ko Urtekaria
Donostiarentzat ere 2000 efektua
|
Ditxosozko 2000 efektuak zeresan ugari eman du azken hilabeteotan. Antza, data aldaketak enpresa askotako ordenadoreak kaltetu ditzake. Beste batzuek, berriz, neurriak hartu eta ikaragarrizko dirutzak bideratu dituzte efektuaren kalteak saihesteko. Ondorioak datozen egunotan ezagutuko ditugu, abenduaren 31n erlojuak 00.00 ordua ematerakoan.
Egia esan, guk bestelako 2000 efektua nahi genuke Donostiarentzat. Udal administrazioko, enpresetako edota Zinemaldia bezalako kultur ihardueretako ordenagailuak protestaka has daitezen nahi genuke, informazioa, datuak, hitza azken batean euskaraz nahi dutelako. Politikarien softwarea edozein momentutan nahastu eta herritarren eskaerei kasu handiagoa egitea nahi genuke. Donostiak txipa aldatu eta hiri parte hartzaileago bihurtzea. Agur esaten ari den urtean aldaketa asko ikusi dugun arren, ez legoke gaizki 2000. urte ospetsuak mota honetako berrikuntzak ekartzea. Orduan, efektuaren ondorioak ederrak izango lirateke benetan: Donostia euskaldunagoa, irekiagoa, biziagoa...
Eskuartean duzun zenbaki honetan, irakurle, 1999ko gertakari eta albisterik garrantzitsuenez gain, XXI. mendeko Donostiari buruzko hausnarketa topatuko duzu. Hainbat arlo aukeratu ditugu, euskara, kultura eta hirigintza, besteak beste, eta adituengana jo dugu iritzi eske, guk nahi dugun 2000 efektu bereziaren eragina nolakoa izango den jakiteko; nola ikusten duten eremu horietan Donostia, zein erronka dituen hiriak...
IRUTXULO ere astinduko du 2000 efektu horrek. Indarra emango digu euskararekin eta donostiarrekin dugun konpromisoari eusteko eta gure produktua hobetzeko, zabaltzeko eta ahalik eta erakargarrien egiteko. Eta ahalegin horretan ezinbestekoa izango da gure kolaboratzaile eta harpidedun guztien laguntza. IRUTXULO egiten dugunok urteberri ona opa dizuegu denoi. Ondo izan!
O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O
|
|