BageraNet BageraNet
Ziberteka

Gora 1998

Artikulua Auzo Auzo
Artikulua Etxebizitza
Artikulua Euskara
Artikulua Gogoan Ditugu
Artikulua Hirigintza
Artikulua Kronologia
Artikulua Kultura
Jaso ezazu
Bageranet Albistegia
posta elektronikoz


Irutxuloko Hitza
  BAGERA    ZIBERTEKA    IRUTXULO    GAZTEZULO    ALBISTEAK    LOTURAK    NON ZER 
 [ Bageranet  >  Donostiako Ziberteka  >  Urtekariak  >  1998  >  Kultura ]

Urte Oparoa Kulturan

Koldo Izagirre
Koldo Izagirre

'Donostiako euskararen historia txikia' kaleratu zuen

Donostiarrek aurten ere lan ederra egin dute kultur arloan: Koldo Izagirre, Joan Mari Irigoien, Arantxa Urretabizkaia...

1998an euskarazko liburu eta disko asko plazaratu dira gure hirian, Donostiako idazle eta musika taldeek lana gogotik egin dutela, alegia. Zinean ere, gutxixeago izan arren, izan da euskarazko alerik ere. Koadrootan duzue, ahantz ez dezazuen, azkenekotan den urte honetako kultur produkzioa.

LIBURUAK

EGILEA IZENBURUA ARGITALETXEA

  • Mariasun Landa - Kleta Bizikleta - Elkarlanean
  • Felipe Juaristi - Eguzkiren Etxea - Alberdania
  • Juan Mari Beltran - San Telmoko museoko soinu eta hots tresnak - Eusko Ikaskuntza.
  • Harkaitz Cano - Bizkarrean tatuaturiko mapak - Elkar
  • Joxe Aierbe - Halako batean - Sendoa
  • Felix Elejalde - Behin batean Loiolan - Felix Elejalde
  • Koldo Izagirre - Nik ere Germinal! egin gura nuen aldarri - Susa
  • Koldo Izagirre - Euskararen historia txikia Donostian - Susa
  • Koldo Izagirre eta - Euskal literaturaren antologia - Elkarlanean
  • Xabier Mendiguren Elizegi
  • Joxerra Gartzia, - Jon Sarasua Bertso ispiluan barrena - Alberdania
  • Luis Fernandez - Etxepare Porno - Alberdania
  • Arantxa Urretabizkaia - Koaderno gorria - Erein
  • Luis Mari Mujika - Bidean ihes - Kriseilu
  • Joan Mari Irigoien - Hautsa eta maitemina - Elkarlanean
  • Enkarni Genua - Ku-ku Ku-ku aitonaren erlojua - Desclee Brower
  • Joxe Mari Aranalde - Xalbador - Sendoa

DISKOAK

EGILEA - IZENBURUA - ARGITALETXEA

  • Txirri, Mirri eta Txiribiton - Gurekin hegan - IZ
  • Txirri, Mirri eta Txiribiton - Barre egin - IZ
  • Euskadiko Orkestra Sinfonikoa - Jose Maria Usandizaga 1887-1915 - Clave Records
  • Amaia Zubiria - Hau pitti hau - Elkarlanean
  • Joseba Tapia eta Koldo Izagirre - Apoaren edertasuna - Gaztelupeko hotsak
  • Urtz - Lur gezian ametsak ereinez - Gor
  • Tapia eta Leturia - 1998 - Elkarlanean
  • Naun - ... eta legeaz landako gure mintzairan solastuko - Zaunka Records
  • Ezin Izan - Nora goaz? - Cooperación Records

ZINEMA ETA MARRAZKI BIZIDUNAK

EGILEA - IZENBURUA - EKOIZTETXEA

  • Juanba Berasategi - Ahmed, Alhambrako printzea - Lotura Fillms
  • Juanba Berasategi - Tortolika eta Tronbon - Lotura Films
  • Koldo Almandoz - Kuba 3


Azken bi mendeotako poz eta nekeak

Joan den azaroan Koldo Izagirre idazleak Euskararen historia txikia Donostian 1800-1998 liburua plazaratu zuen. Bertan euskarak azken bi mendeoetan gure hirian bizi izandako bilakaeraren kontakizuna egiten du, hainbat data eta gertakizunetatik abiatuta. Aurtengoan, gainera, musika mundura ere hurbildu da Izagirre. Horren lekuko da Koldo Tapiarekin batera kaleratutako Apoaren edertasuna disko bitxia.

Alhambrako printze euskalduna

Joan den ekainean estreinatu zen Donostiako zine aretoetan Ahmed, Alhambrako printzea animaziozko filmea. Juanba Berasategik zuzendua eta Ategorrietako Lotura films ekoiztetxean egina, filmearen euskarazko bertsioak erdarazkoak baino astebete gehiago iraun zuen gure hiriko zine karteldegian. Zinea ere euskaraz egin daitekeela seinale.

...eta legeaz landako gure mintzairan solastuko

Halaxe izena du Donostiako Naun musika taldeak aurtengo abenduan kaleratutako lehen diskoak. Lan honetan, boskoteak Joseba Sarrionandia idazle durangotarraren zenbait olerki musikatu ditu, hardcore eta punk ukituak emanez. Talde honetan Karkaxa, Heriotza eta Eskoria-tza musika taldeetako musikari ohiak elkartu dira.

Arantxa Urretabizkaiaren itzulera

1947an jaiotako Arantxa Urretabizkaiak Koaderno Gorria izeneko nobela kaleratu du aurten. Egiatarrak sei urte zeramatzan libururik plazaratu gabe, 1992an argitaratu baitzuen Aurten aldatuko da nire bizitza haurrentzako azken liburua. Besteak beste Zergatik Panpox eta Saturno ospetsuen egilea den Urretabizkaia helduen literaturara itzuli da nobela berriarekin.

Euskadi Saria Juaristirentzat

Felipe Juaristi izan da aurtengo protagonistetako bat, azkoitiarrak 1998ko Euskadi literatur saria irabazi baitu iaz kaleratutako Galderen geografia olerki liburuarengatik. Aurten, bestalde, Eguzkiren etxea izeneko liburua plazaratu du.


Argi ilunak, pozak eta tristurak

Aurtengoa Kursaaleko obrei begira egon garen azken urtea izan da. Udaberrian zabalduko dira, izan ere, kubo ospetsuak. Zenbaiten ustez, hiriko kultur eskaintzan aro berri bat irekiko da orduan. Musika Hamabostaldiak eta Nazioarteko Zinemaldiak Kursaalera egingo dute salto. Hortik aurrera, baina, ez dago asko aurreratzerik, oraindik ez baita Kursaalaren inguruko kultur egitasmo zehatzik ezagutzera eman. Kursaala zabaltzearekin batera, Victoria Eugenia berritzeko lanak hasiko dira datorren urtean.

Victoria Eugenia aipatu dugunez, aurtengo antzerki eskaintza ekarriko dugu gogora. 1998a ez da urte ona izan euskarazko antzerkiarentzat Donostian. Victoria Eugenian ez da euskarazko antzezlan bat bera ere eman urte osoan, eta Antzoki Zaharrean emandakoak esku bateko behatzekin konta daitezke -soberan genituzke, gainera, behatzetako batzuk-.

Aste Nagusian Ttanttaka taldeak Dakota obraren euskarazko antzezlana estreinatu zuen Antzoki Zaharrean. Taldeak deialdia egin zuen jendeaurrean, jendea euskarako obra ikustera joan zedin. Panorama beltza euskal antzerkigintzan hain tradizio oparoa duen Donostiarentzat. Datorren urtea oso bestelakoa izatea nahiko genuke. Eta zinematik antzerkira. Izan ere, Zinemaldia oso bolada ona bizitzen ari da. Lortutako ikuslego arrakastaz gain, kritikaren txaloak jaso ditu azken urteotan. Alderdi beltzean, euskarak oraindik ere emankizunetan duen leku exkaxa, gure hizkuntzan azpititulatutako filme kopurua oso txikia baita. Zinemarekin jarraituz, hazten ari dena Beldurrezko eta Fantasiazko zinema zikloa da. Antzoki Zaharra txiki geratu da zikloarentzat, eta antolatzaileek bitarteko gehiago behar dituztela azpimarratu zuten udazkenean. Hemen ere euskaraz azpititulatutako filmeak gutxi dira oraindik.

Alde horretatik ederra izan da urteari bukaera emateko Nosferatu kolektiboak antolatutako Aki Kaurismaki zuzendariari buruzko zikloa. Euskaraz azpititulatutako filme politak eman dira, bi hizkuntza gutxitu -euskara eta finlandiera- harremanetan jarriz.

Jazzaldia da azken urteotan bere bidea hartuta dagoena. Entzulego zabalera heldu nahiean, denetariko eskaintza izan da aurten: hip-hop saioa, Blues Brothers Band eta Jhon Mayall, George Coleman eta Chic Corea... Ondo funtzionatzen duen formula dela dirudi. Urteak gehiago ere eman du, baina... (foto6)


Goizaldi: 50 urte dantzari

1998an Goizaldi Dantza taldeak bere 50. urteurrena ospatu du. Goizaldi Kandido Pujana maisuak 1948an sortu zuen dantza tradizionala bultzatzeko asmoz. Taldeak hainbat lekutara eraman ditu euskal dantzak, besteak beste, Danimarkara, EEBBetara, Eslovakiara eta Greziara. Jasotako sariak ere hamaika izan dira. Urteurrena ospatzeko, Goizaldikoek taldeari buruzko erakusketa bat antolatu zuten. Horrez gain, Jose Antonio Olano, Jose Inazio Iztueta eta Kandido Pujana bera omendu zituzten.

Mende erdia argazkigintzan

Gipuzkoako Argazkilaritza Elkarteak ere mende erdia bete zuen 1998an. Elkartea Espainiako Estatuko era honetako elkarterik zaharrena da eta baita bazkide gehien dituenetakoa ere. 50. urteurrena ospatzeko egitarau zabala antolatu zen. Besteak beste, Alberto Shommer eta Alberto Jaar argazkilarien erakusketak eta Ordoñez-Falcon senar-emazteen bildumak ikusi ahal izan genituen.

Bosgarren urtemuga

Koldo Mitxelena kulturgunea aurrekoak baino gazteagoa da. Aurten bosgarren urteurrena bete du, eta dagoeneko 45.000 bazkide ditu. Urteotan 4 milioi lagunek erabili dituzte bertako zerbitzuak. Artxibategian ia 10 milioi kontsulta egin dira, eta bertako erakustaretoetara 200.000 lagun hurbildu dira. Aurrera begira, teknologia indartzea da KMk duen erronka nagusia, beste kulturgune batzuekin elkarlanean jarduteko, hala nola, Donostiako liburutegi nagusiarekin eta Gipuzkoako udal liburutegiekin.

Urrezko maskorra Argentinara

Pronostikoei muzin eginez, Alejandro Agresti zuzendari argentinarraren "El viento se llevo lo que" filmeak irabazi zuen Nazioarteko Zinemaldiko urrezko maskorra. Antolatzaileek aurtengo edizioaren balantze one egin zuten, bai ikuslegoaren erantzunari dagokionez, baita eskainitako filmeen kalitatea kontuan hartuta. Aurten, bestalde, John Makovich estatubatuarrari eman zitzaion Donostia Saria.

O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O
  Hasierara   hasierara   

Bagera.net © Bagera, Donostiako Euskaltzaleen Elkartea
Katalina Eleizegi 36, behea; Donostia 20009 | Telefonoa: 943467181 - Faxa: 943446532
e-posta: idazkaritza@bagera.net | Webgune honi buruz: Kontsultak - Kredituak
Orri honen kokapena: http://www.bagera.net/Bageranet/Ziberteka/Urtekariak/1998/Kultura