BageraNet BageraNet
Ziberteka

Gora 1998

Artikulua Auzo Auzo
Artikulua Etxebizitza
Artikulua Euskara
Artikulua Gogoan Ditugu
Artikulua Hirigintza
Artikulua Kronologia
Artikulua Kultura
Jaso ezazu
Bageranet Albistegia
posta elektronikoz


Irutxuloko Hitza
  BAGERA    ZIBERTEKA    IRUTXULO    GAZTEZULO    ALBISTEAK    LOTURAK    NON ZER 
 [ Bageranet  >  Donostiako Ziberteka  >  Urtekariak  >  1998  >  Kronologia ]

1998. Urteko Kronologia

Ekaitza
Ekaitza

Urtarrilaren 1ean itsasoak kalte handiak eragin zituen Donostian

Urtarrila [I], Otsaila [II], Martxoa [III], Apirila [IV], Maiatza [V], Ekaina [VI],

Uztaila [VII], Abuztua [VIII], Iraila [IX], Urria [X], Azaroa [XI], Ekaina [XII].


[I]

Urtarrila

URTARRILAK 1 - Txikizioa urtarrilaren lehenean

Itsas ekaitzaren ondorioz, Paseo Berriko hainbat etxe eta lokalek kalte larriak pairatu zituzten. Tartean IRUTXULO eta Bageraren egoitzak. Kalteak 200 milioitik gorakoak izan ziren. Udalak itsas-hesia indartzea erabaki du harriak jarrita. 1999an Udalak diru kopuru bat zuzenduko du horretarako.

  • 11. Udalak homosexualen lan eskubideak bermatuko dituen akordioa sinatu zuen sindikatuekin. Akordioaren arabera, udal langile homosexualek eta heterosexualek lan eskubide berak izango dituzte.
  • 19. San Sebastian bezpera. Estreineko aldiz, emakumeek igo zuten Donostiako bandera. Mari Carmen Mercero eta Maria Jesus Muñoz Donostiako Orfeoiko kantariak aritu ziren zeregin horretan.
  • 21. TAOa erdialdean ezarri zen. Astebete beranduago zerbitzua Amarara eta Frantzia pasealekura zabaldu zuten.
  • 24. Anoetako Atano III. pilotalekuan Bertso eguna egin zen. Pedro Mari Otaño zenaren omenezko saioan 26 bertsolarik jardun zuten.
  • 25. Karlos Linazasoro euskarazko ipuinen alorrean eta Pantxo Irigarai antzezlanean Donostia Hiria literatur sarien irabazleak izan ziren. Gaztelaniazko sariak Pedro Garcia Jimenezek (ipuina) eta Juan Torresek (antzezlana) eskuratu zituzten.
  • 25. Paulo Guerra portugaldarra eta Anita Weyermann suitzarra gailendu ziren Nazioarteko Krossan.


[II]

Otsaila

OTSAILAK 20 - 25.000 milioiko aurrekontua

Udal gobernuak 1998ko aurrekontua onartu zuen, oposizioak egindako zuzenketak kontutan hartu gabe. Aurrekontua 25.000 milioi pezetakoa izan zen. HBko Joseba Permachek “antisozialtzat" jo zuen, langabezia, etxebizitza edota euskararen arazoei erantzuten ez zielakoan. EB-IUko Antxon Karrerak, udalak eramandako etxebizitza politika salatu zuen. PPko Cote Villarrek, bestalde, gogor kritikatu zuen «hirukoaren jarrera itxia».

  • 2. Osoko bilkura istilutsua. HBko zinegotziek euskal presoen argazkiak jarri zituzten beren mahai aurrean. Hori dela eta, PPko ordezkariek aretotik alde egin zuten. Gertaerak PPren eta PSE-EEren arteko tirabira eragin zuen.
  • 7. Llaneras eta Almazora txirrindulari bikotea Euskadiko Sei Orduetan garaile. Aurtengo edizioan Urs Freuler suitzarrari, hainbat urtetan Sei Orduetako izarra izandakoari, omenaldia egin zitzaion.
  • 14. «Emakumea eta ekologia» izeneko topaketak egin ziren. Eguzki talde ekologistak antolatutako topaketotan, Teresa del Valle antropologoak, Tere Jauregi abokatuak eta Maite Aristegi EHNEko lehendakariak parte hartu zuten.
  • 28. Haritzalde eta Urumea Gurea elkarteek eta Udalak antolatuta, Zuhaitzaren eguna ospatu zen. Donostiako hainbat ikastetxetako haurrek haltzak eta lizarrak landatu zituzten Martutenen eta Loiolan.Otsaila


[III]

Martxoa

MARTXOAK 5 - Adio hiri gasari

Hiri gasa iragana bihurtu zen. Donostigasek gas naturalari bidea ireki zion, atzean 130 urteko historia utziz. 1996an hasi ziren Donostian hiri gasa gas naturalarekin aldatzen eta martxoan bertan bukatu ziren aldaketarako obrak. Morlanseko azpiegiturak desagertu egingo dira, hala ere, gasometro zaharrena (1890) eta gasmotorra (1912koa) gorde egingo dira.

  • 1. 450 emakume aritu ziren Donostiako IX. Lilaton lasterketan. Rosi Talavera, Iratxe Aranburu eta Maika Ariztegi izan ziren iristen lehenak.
  • 4. Euskal aktoreen gala ospatu zen Victoria Eugenian. Ramon Bareak, Ramon Agirrek eta Pako Sagarzazuk irabazi zituzten aurtengo interpretazio sariak.
  • 10. EAEko Auzitegi Gorenak Itxas Aurre Igeldoko bizilagun elkartearen aldeko epaia eman zuen. Auzitegi gorenak segregazio espedientea bidera zezan agindu zion Udalari.
  • 13. «Euskararen normalizazioan bitarteko garrantzitsua zara» izenburupean, Donostiako Euskararen Plan Orokorra ezagutarazteko kanpaina martxan jarri zen.
  • 21. Ehundaka lagunek manifestazioa egin zuten Donostian Arrazakeriaren kontrako Nazioarteko Egunean. SOS Arrazakeria, Amnistia Internazionala, Elkarte Afroamerikanoa eta beste hainbat taldek deitu zuten manifestazioa.


[IV]

Apirila

APIRILAK 1 - Baserritarrak Sarriegi plazara

Bretxako baserritarrak Sarriegi plazara. Guztira hogeitamabi lore, barazki eta berdura postu ipini zituzten salgune berrian. Leku aldaketak, iritzi ezberdinak eragin zituen baserritarren artean. Dena den, aldaketa ez da behin betirako, izan ere, Bretxako obrak amaitzean egungo postuetatik hamar merkatal zentro berrian jarriko dira. Gainerakoak, berriz, San Juan kalean.

  • 8. Aquariumaren lehendabiziko zatia inauguratu zen. Lehendabiziko egunean 1.300 bisitari izan zituen.
  • 17. 17. Euskal koreografo berrien II. erakusketa. Zazpi koreografok beren obrak eskaini zituzten, besteak beste, Ruth Berikoetxeak, Edu Muruamendiarazek, Miren Zabalak, Uxue Otolak, Cristina Quijerak eta Axier Zabaletak.
  • 19. Belodromoa abestoki erraldoia bihurtu zen Haur Kantatarekin. Guztira 2.175 ume aritu ziren kantari. Tomas Araguesek Bernardo Atxagaren «Jimmy Potxolo» ipuinean oinarritutako lana estrainatu zuen.
  • 25. Euskadiko Gazteri-kontseiluak antolatutako topagunean Gipuzkoako hogeitahamar bat elkarte bildu ziren. Zuloaga plazan egon ziren pare bat egunez, ingurugiroa, sexo diskriminazioa, langabezia, aisialdia eta beste hainbat gairen inguruko taldeen informazio postuak zeuden.
  • 31. Agur kartoizko bonobusari. Aurrerantzean donostiarrek txip txartelarekin ordainduko dute bidaia.


[V]

Maiatza

MAIATZAK 8 - Parte Zaharreko merkatarien haserrea

Alde Zaharreko dendari eta tabernariek itxialdia egin zuten. Zaharrean elkarteak auzoko hirigintza planifikazioan eskuhartzeko ahalmena eskatu zion Udalari. Elkartekideak haserre zeuden auzoko obrak zirela eta. Haien ustez, obren antolaketa ez zen batere egokia izaten ari, eta salmentak %50 jaitsi ziren konpontze-lanen ondorioz.

  • 1. Nacho Duatok zuzendutako Espainiako Dantza Konpainia Nazionalak Maiatza Dantzan zikloa inauguratu zuen. Victoria Eugeniaz gain, beste aretoetan, Koldo Mitxelenan eta Jareñon esaterako, ikusi ahal izan ziren emankizunak. Besteak beste, Pina Bausch-k zuzentzen duen Wolkwang Tanzstudio eskolako konpainiak dantzatu zuen.
  • 6. Iñigo Baldak HBko Mahai Nazionalarekin batera kartzeleratutako Joseba Alvarez zinegotzia ordezkatu zuen Udalean. 26 urteko euskal filologoak euskara eta kultura gaien ardura hartu zuen.
  • 12. Trafiko Aholkularitza Kontseiluak deituta, trafikoari buruzko eztabaida egin zen. Kalapie, garraiolariak, dendariak, Real Automovil Club elkartea eta beste hainbat talde aritu ziren ihardunaldiotan.
  • 23. Santa Klara uhartea euskaltzalez bete zen AEKk antolatutako jaian.«Euskara uharte bat izan ez dadin» izan zen festaren leloa.


[VI]

Ekaina

EKAINAK 1 - Hondartzetan bandera urdinik ez

Uda denboraldia hasi zen. Uraren kalitate txarraren eraginez, aurten ez zen Europako bandera urdinik ipini Donostiako hondartzetan. Ur gaineko zikinkeriak izan ziren udako protagonistak. Udalak adierazitakoaren arabera, zikinkeria Donostiak lurrazpiko emisariorik ez izatearen ondorioa zen. Donostiako Fiskaliak neurriak hartzea eskatu zion Isabel Tocino buru duen Espainiako Ingurugiro Ministeritzari. Azaroan, azkenik, urazpiko isurbidearen obrak hasi ziren. Egitasmoak 5.000 milioiko aurrekontua du, eta Espainiar Estatuko Ingurugiro Ministeritzak hartuko du bere gain inbertsioa. Horietatik 2.262 milioi isurbiderako dira eta beste 2.060 milioi Loiolako araztegia egiteko.

  • 2. Intxaurrondoko Gastronomia Astearen VIII. edizioa hasi zen. Berrikuntza nagusiak, haurrentzako tailerrak eta helduentzako ikastaroak eta «Zinema eta Gastronomia» zine zikloa izan ziren.
  • 5. Anoetako estadioa handitzeko obrak. 2.584 eserleku gehiago egiteko 100.000.000 pezeta gastatu zituzten.
  • 23. Goizaldik 50. urtemuga ospatu zuen Konstituzio enparantzan. Ia 200 lagun bildu ziren mutildantza eta San Juan zortzikoa dantzatzeko.
  • 26. Gaueko autobus zerbitzu bereziak zenbait ibilbidetan. Zerbitzu horiek irailaren amaiera arte iraun zuten, eta goizeko ordubiak arte besterik ez ziren eskaintzen.
  • 30. Urgulleko kultur programa berezia hasi zen. Udan hainbat jarduera egin ziren bertan. Mota gazteluan Donostiako historiari buruzko erakusketa bat, eta gobernadorearen etxean haur eta helduentzako liburutegi bat jarri ziren.


[VII]

Uztaila

UZTAILAK 15 - Donostia antzoki erraldoi

Antzerki Feria martxan jarri zen. Lau egunez antzerkia izan zen protagonista. Guztira 22 talde aritu ziren. Horietatik 10 Euskal Herrikoak ziren, besteak beste, Ttanttaka, Kukubiltxo, Trapu Zaharra eta Legaleon T. Ikusleen erantzuna aurreikusitakoa baino hobea izan zen. Orora 10.000 ikusle izan zituen feriak. Bertaratutako 108 programatzaileek eta 43 banatzaileek begi onez ikusi zuten azoka.

  • 4. Ehundaka lagunek manifestazioa egin zuten Euskal-Herriko desmilitarizazioa eskatzeko. «Desmilitarizazioaren bidean, okupazio indarrak alde hemendik» izan zen Malatxa taldeak antolatutako manifestazioaren leloa .
  • 14. Gizalde lankidetzarako zentroa inauguratu zen. Aldundiak, Gotzaitegiak eta Euskadiko Kutxak babestutako zentro honen helburua bolondres munduari buruzko informazioa eskaintzea da.
  • 16. Rip Curl Europako Txapelketako VII. edizioa hasi zen. Ingalaterra, Frantzia, Espainia, Portugal eta Italiako ia 100 surfari profesionalek nahiz Euskal Herriko eliteko surfariek jardun zuten Zurriolan.
  • 24. Donostia Jazzaldiaren hotsen beroan. Aurtengoa 33. edizioa zen, eta besteak beste, Chic Corea, Blues Brothers Band, De Diego anaiak, Jhon Mayall, Jimmy McGriff-Hank Crawford bikotea eta George Colleman izan ziren gure artean. Golden Gate Quartet, gospel talde ezagunaren kontzertua bertan behera geratu zen, taldeko musikari baten osasun arazoak medio.


[VIII]

Abuztua

ABUZTUAK 31 - Berritutako Alderdi Eder

Obren eraginez hilabetetan hankaz gora egon ondoren, jai batekin inauguratu zen Alderdi Eder berria. Haurrak izan ziren protagonistak. Berrikuntza lanek 320 milioi pezetako aurrekontua izan zuten. Besteak beste, lorategiak handitu eta txukundu eta argiztatze sistemak hobetu dira. Horrez gain, lur-azpiko aparkalekua eraiki da. Berrikuntza nagusia antzinako karrusela da. 40 milioi kostatu ditu.

  • 1. Gidatutako lehendabiziko bisitak Artikutzan. Artikutzako Ingurugiro eskolako begiraleak arduratzen dira bertako fauna eta landareriaren berri emateaz.
  • 2. Esoterismoaren V ihardunaldiak hasi ziren Miramar Jauregian. Magia eta mediunitatea izan ziren hizpide. Esoterismoaren inguruko 20 stand pasatxo jarri ziren.
  • 5. Haynd-en «Nelson meza» eta Pergolesiren «Salve Regina» obrekin Musika Hamabostaldia hasi zen. Aurtengo edizioan bi daten inguruko programazio berezia izan zen: Felipe II. ren heriotzaren laugarren mendeurrena eta Kubako independentziaren ehungarren urteurrena.
  • 11. Ilunbeko zezen plaza inauguratu zen, duela 25 urte botatako Txofrekoari lekukoa hartuz. Egun gutxi batzuk lehenago 1.500 lagunek manifestazioa egin zuten Donostiako kaleetan zezen plazaren aurkako plataformak deituta.
  • 22. Udaltzainek marihuana plantazio bat aurkitu zuten Ibaetan. Guztira 18 landare hartu zituzten udaltzainek. Antza denez, 30 laguneko gazte talde batenak ziren. Gazteek azaldu zutenez, landareak kontsumo propiorako ziren.


[IX]

Iraila

IRAILAK 15 - Kontxako banderan Orio nagusi

Aurreikuspenak bete egin ziren: Oriok irabazi zuen Kontxako Ikurrina. Bigarren jardunaldia birritan atzeratu zen itsasoaren egoera txarra zela medio. Tiran eta Perillo traineru galiziarrak bigarren estropadan parte hartu gabe etxeratu ziren.

  • 5. Sagardo Egunaz, Euskal Jaiei hasiera eman zitzaien. Mota guztietako ekitaldiak egin ziren. Herri kiroletan, Trentoko aizkolariak eta Maika Ariztegi, eta Itziar Goenaga eta Kristina Saralegi emakumeak izan ziren protagonista.
  • 7. Aquarium berriaren irekitze ofiziala. Politika munduko ordezkaritza zabala bertaratu zen ospakizunera.
  • 17. Nazioarteko 46. Zinemaldia hasi zen. John Malkovichentzat izan zen aurten Donostia Saria. «El viento se llevo lo que» filmeak irabazi zuen urrezko maskorra. Bestalde, «Kimuak» egitasmoa aurkeztu zuten zinemaldian. Jaurlaritzako Kultura Sailak bultzatutako ekimen horrek euskal zinemagile gazteen plataforma izan nahi du.
  • 19. Otxoki Intxaurrondoko parke berria zabalik. Otxokik 49.624 metro karratu ditu eta Donostiako hirugarren parke handiena da. Udalak hainbat bide egin eta argiztatu, eta haurren jolaslekua egin zuen bertan. Gainera, 800 zuhaitz landatu dira. Aurrekontua 80 milioi pezetakoa izan da.


[X]

urria

URRIAK 3 - San Bizente gaztetuta

San Bizente Eliza berpiztuta. Urte t´erdiko lanak eta gero, San Bizente berria inauguratu zen. Donostiako eraikin zaharrena den eliza zaharberritzeko obrak 264 milioi pezetako aurrekontua izan du. Donostiako Udalak, Gipuzkoako Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak eta elizak jarri dute diru kopuru handiena. Orain, Nantesen berritzen ari diren elizako organoa konpontzea falta da.

  • 4. Laugarren zubia egiteko obrak hasi ziren. Zubia Mundaiz deituko da, eta abanguardiako diseinua izango du. Datorren urteko maiatzean zabaltzea espero da.
  • 9. Donostiatik Lasartera trenez. Euskotrenek ezarritako zerbitzu berriari esker, trenez joan daiteke Donostiatik Lasartera 10 minututan. Euskotrenek emandako datuen arabera, 2,2 milioi lagunek erabiliko dute urtero zerbitzu berria.
  • 10. Erakusketa eta kongresu munduko 60 antolatzaile Kursaala bisitatzen. Angel Alvarezek -Convention Bureauko zuzendariak- oso positibotzat jo zuen bilkura.
  • 22. Euskararen aldeko protesta Ibaetako Campusean. 700 ikaslek manifestazioa egin zuten euskaraz ikasteko eskubidea aldarrikatzeko, eta errektoretzak 7 ikasle zigortzeko hartutako erabakia salatzeko. Zazpi ikasleok euskaraz ikasteko eskubidea erreibindikatu zuten Leioako klaustroan.
  • 30. IX. Fantasiazko eta Beldurrezko Asteak ateak zabaldu zituen. Besteak beste, Larry Cohen eta William Lustig zuzendarien inguruko zikloak eta Bill Plymton animaziogilearen inguruko atzerabegirakoa ikusi ahal izan ziren.


[XI]

Azaroa

AZAROAK 8 - 11.000 korrikalari Behobia-Donostian

Inoiz baino korrikalari gehiago Behobia-Donostia lasterketan: 11.000. Gizonezkoetan, Carlos de la Torre eta Diego Garcia nagusitu ziren, eta emakumezkoetan, berriz, Rocio Rios eta Ana Isabel Alonso. Hiru aste beranduago, azaroaren 29an, Donostiako Maratoia jokatu zen. Julius Ruto keniatarra eta Bartolome Serrano katalana izan ziren txapeldun.

  • 3. Donostiako Udaleko Giza Eskubideen Batzordeak zigorraren hiru laurdenak beteak dituzten Donostiako 15 preso aske uztea eskatu zuen.
  • 20. Informatikari Euskaldunen II. Topaketak Miramar Jauregian. Udako Euskal Unibertsitateak antolatutako «Euskara eta Internet» izenburupeko topaketotan, ehundik gora informatikari elkartu ziren. Besteak beste, hitzaldiak eta mahainguruak egin ziren, eta baita software munduko produktuen aurkezpenak ere. Antolatzaileen arabera, Euskal Herrian 30.000 zibernauta euskaldun daude.
  • 25. Emakumeak tratu txarren aurka. Emakumeek jasandako bortizkeriaren aurkako egunean, hiriko hainbat emakume taldeetako kideak bildu ziren Artzai Onaren katedral aurrean. 1998an 40 salaketa egin ziren Donostiako epaitegian, tratu txarrak zirela eta. Kontuan hartu behar da, baina, kasuen %10 besterik ez dela salatzen normalean.


[XII]

Abendua

ABENDUAK 10 - Agur t'erdi, Aitor

Abenduaren 10ean Aitor Zabaleta Ibaetako gaztearen aldeko hileta elizkizunak egin ziren. Jendetza handia bildu zen Santa Maria baselizan. Aitor Zabaletari labankadaz hil zuten Realak Atletico de Madriden aurka jokatu zuen partidua hasi aurretik. Heriotzak gogor astindu zuen Donostia. Besteak beste, Athletic, Alaves, Osasuna eta Realeko ordezkariak izan ziren hileta elizkizunetan.

  • 1. Udalak, Insersok eta Oncek auzoetako espaloien altura txikitzeko konbenio sinatu zuten. Horrez gain, elbarrituek semaforoei urrutitik aginduak emateko tramankulu bat erabil ahal izan dezaten neurriak hartzea erabaki zen.
  • 9. Loiolako araztegia eraikitzeko lehiaketarako deia. Sei enpresa aurkeztu ziren. Araztegia 2002. urterako amaitu nahi da, eta 5.000 milioi pezetako aurrekontua du.
  • 10. «Desberdinak hirikide» erakusketaren azken eguna. Irailaren bukaera aldera San Telmon zabaldutako erakusketa honek espero baino bisitari gehiago izan zituen. Bi hilabetetan 10.000 lagun igaro ziren bertatik. Udalak hiriko zenbait talderekin batera antolatutako erakusketak arrazakeriaren eta xenofobiaren aurkako mezua zabaldu nahi zuen.
  • 18. Lan luzeen ondoren, abenduaren 18an zabaldu zen Bulebarreko lurrazpiko aparkalekua. Aparkaleku honetan 500 kotxeentzako lekua dago, horietatik 125 bertako bizilagunentzat izango dira, eta gainontzeko 375ak errotaziozkoak, edozeinek erabil ditzakeenak, alegia.
O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O
  Hasierara   hasierara   

Bagera.net © Bagera, Donostiako Euskaltzaleen Elkartea
Katalina Eleizegi 36, behea; Donostia 20009 | Telefonoa: 943467181 - Faxa: 943446532
e-posta: idazkaritza@bagera.net | Webgune honi buruz: Kontsultak - Kredituak
Orri honen kokapena: http://www.bagera.net/Bageranet/Ziberteka/Urtekariak/1998/Kronologia