KURSAALA - Eskaileran gora
Aurten ere Kursaala polemikagune izan da. Proiektuaren finantziazioaren nondik norakoak, obretan gertatutako gorabeherak... ez da ezer falta izan kubo ospetsuotan. Baina goazen puntuz puntu.
Finantziazioari dagokionez, Kursaala eraikitzeko aurrekontua 800 milioi pezeta garestitu da: guztira 9.200 milioi pezeta kostatuko ditu. Dirutza Gipuzkoako Aldundiak eta Udalak hartu dute bere gain: lehendik zehaztu gabe zeuden 1.000 milioiak gehi aurten sortutako 800 milioitako zuloa. Erakunde publikook sinatutako akordioaren arabera, Udalak eta Aldundiak inbertsio bera egingo dute (denera 2.500 milioi) eta biek partaidetza bera izango dute Kursaal Elkartean (%50).
Dena den, zenbait hari nahi baino gehiago korapilatu zaizkio Kursaal Elkarteari aurten.
Zentzu honetan, kuboetan egitekoa den 1.000 metro koadratuko erakusketaretoa izan da protagonista. Izan ere, Kutxa eta Udala ez dira ados jarri erakustaretoaren inguruan: ez akordioaren baldintzei buruz -erakustaretoa alokairuan ala jabegoan hartzea-, ezta ordaindu beharreko dirutzaz ere.
Apirilean istripua
Apirilean, proiektuaren promozio kanpaina martxan jarri behar zen aste berean, kubo handiko eskaileretako bat behera erori zen. Testuinguru honetan, Gipuzkoako Arkitektoen Eskolak irregulartasunak salatu zituen. Istripuak giroa nahastu zuen.
Proiektuari emango zaion kultur erabilera argitzeke dago oraindik. Jakina den gauza bakarra, datorren urtetik aurrera Zinemaldia eta Musika Hamabostaldia bertan egingo direla da. Askok oso larritzat jo dute oraindik kultur egitasmo zehatzik ez aurkeztu izana.
Kongreso antolaketari dagokionean, aurten Kursaal Elkarteko gerente izendatutako Miguel Aierzak adierazitakoaren arabera, hainbat kongresu hitzartu dira dagoeneko.
Aurreikusia dagoenez, lehendabiziko urteetan Kursaalak 100 milioiko diru galera izango du urtero. 1999ko maiatzerako ateak zabaltzeko prest egon behar du.
AQUARIUMA - Maskorraren perla berria
Aquariumari buruz luze zabal hitz egin da amaitzear dagoen urte honetan. Oro har, Aquariumaren ekarriak; Australiar arkitektoek egindako punta-puntako diseinua, japoniar teknikarien metakrilatoko tunela eta, barnean aterpetzen dituen arrainak, batipat Floridatik ekarritako marrazoak izan dira hizpide nagusi.
Inaugurazio ofiziala irailean egin zen. Politika munduko aurpegi asko bildu zituen ospakizunak. Okasioak merezi zuen, izan ere, bi urte luzeren ondoren Itsas Jauregia izenez ezagututakoak bere altxor berriak erakusten zituen.
Aquariumaren berritze eta zabaltze lanek 1.500 milioi pezetako aurrekontua izan dute, aurreikusitakoa baino 300 milioi gehiago. Finantziazioan hainbat erakundek hartu dute parte: Eusko Jaurlaritzak (350 milioi), Aldundiak (63 milioi), Donostiako Udalak (200 milioi) eta Kutxak (75 milioi). Finantziazioaren % 100era heltzeko, egitasmoa bultzatu duen Gipuzkoako Elkarte Ozeanografikoak hainbat mailegu eskatu zituen.
Azpiegiturei dagokienez, bi urteren buruan aldaketa sakonak jasan ditu 1928an irekitako eraikinak, eta horiei esker, Europako ozeanotegi garrantzitsuenetakoa da.
Aquariumari leku guztietatik heldu zaizkio goraipamenak. Esaterako, Jose Antonio Maturana Eusko Jaurlaritzako Garraio eta Obra Publikoetako sailburu ohiaren esanetan, *”Aquariuma turismoa erakartzeko amu garrantzitsua izango da”*.
ZEZENPLAZA - Ilunbe: iluntasunetik jaioa
Oihartzun handiko inaugurazioa egin da aurten: Ilunbeko aisialdigunea. Ilunbekoa
1998an kritika gehien jasotako proiektuetakoa izan da. Aisialdigunea Udalaren lursailetan eraiki da, erabilera publikorako beharko lukeen lur eremuan.
Azpiegiturei eman zaien erabilera, gainera, ez da Udal hirigintza planetan orube horretarako aurreikusitakoa. Aitzitik, lur sailei ustez ez zegokien diru irabazizko-erabilera eman zaie. Izan ere, zezenplaza, hainbat jatetxe, haur parke bat, aparkalekuak eta Warner Lusomundo multinazionalaren zine aretoan eraiki dira bertan.
Ilunbeko proiektuak hautsak harrotu ditu hasieratik
Han eta hemen, gauza asko esan dira egitasmoari buruz. Askoren ustez, esaterako, Warner Lusomundotik eta aisialdiguneko beste enpresetatik atera da zezen-plaza finanziatzeko diru gehiena.
Nolanahi ere, egitasmoak puntu ilun asko izan ditu, eta horren lekuko da epaitegietan ibili izana. SADEk, Zezenplazaren Aurkako Plataformak eta IU-EBk errekurtsoak jarri zituzten epaitegian. Beren ustez, egitasmoak Plan Orokorra eta Barne Erreformarako Plan Berezia (PERI) ez ditu errespetatzen.
Errekurtso horiek ezezik, beste hainbat salaketa eta aldarrikapen ere izan ziren, batipat zezenplazaren eta zezenketen inguruan.
Salaketa guztiak alferrikakoak izan ziren, ordea, abuztuaren 11an inauguratu baitzen Donostiako zezen-plaza berria. Aste Nagusian, Jose Maria Manzanares, Francisco Rivera Ordoñez eta Enrique Ponce toreatzaileak aritu ziren.
Hilabete beranduago, Donostiako Zinemaldia bete betean zela, Warnerrek 10 zine areto inauguratu zituen. Hainbat enpresari eta politikari bildu ziren ospakizunean. Ez ziren falta izan krispetak, Hot dogs eta halakoak, neoizko argiak eta Bugs Bunny eta Warner-en ohiko pertsonaia bizidunak. Guzti guztia, estatubatuarren ohiko estilora.