BageraNet BageraNet
Ziberteka

Gora 1998

Artikulua Auzo Auzo
Artikulua Etxebizitza
Artikulua Euskara
Artikulua Gogoan Ditugu
Artikulua Hirigintza
Artikulua Kronologia
Artikulua Kultura
Jaso ezazu
Bageranet Albistegia
posta elektronikoz


Irutxuloko Hitza
  BAGERA    ZIBERTEKA    IRUTXULO    GAZTEZULO    ALBISTEAK    LOTURAK    NON ZER 
 [ Bageranet  >  Donostiako Ziberteka  >  Urtekariak  >  1998  >  Gogoan Ditugu ]

Gogoan Ditugu

1998. urtean desagertu diren pertsonaiak

Karlos Santamaria (1909-1997)

Karlos Santamaria zientzilari eta euskaltzale donostiarra, 1997ko abenduaren 30ean zendu zen 88 urte zituela. Hileta elizkizunak 98ko urtarrilaren 2an egin ziren Donostiako Artzain Onaren katedralean. Euskal kultur eta politika munduko ordezkaritza zabal batek eman zion azken agurra euskaltzain osoa izandakoari. Karlos Santamariak lan handia egin zuen euskararen alde. Politikan, 1978tik 1980ra jardun zuen. Hezkuntza sailburua izan zen Eusko Kontseilu Nagusian eta hezkuntza sistema propio baten alde egin zuen apustu beti. On Karlos, besteak beste, EHUren sortzailea eta Donostiako Santo Tomas Lizeoaren bultzatzailea izan zen.

Miguel Pelay Orozko (1913-1998)

Otsailaren 13an Miguel Pelay Orozko idazle donostiarra hil zen, 84 urte zituela. Pelay Orozko oso gazte hasi zen idazten. 1941etik 1951ra bitartean Ameriketan bizi izan zen. Ondoren, etxera bueltatu eta Jose Artetxe, Antonio Valverde eta Donostiako garai hartako idazle eta pentsalariekin Euskal Herrian hara eta hona ibili zen.

Hiru gai nagusiren inguruan idatzi zuen: Pio Baroja, Jorge Oteiza bere lagunmina eta euskal pilota. Genero ezberdinak landu zituen, eta hogeitamar bat liburu argitaratu zituen, horietako bat Oteizaren biografia. Pio Baroja miresten zuen eta adituen arabera, Itzeako maisuaren obra hoberen ezagutu eta ikertu zuena izan zen. Hargatik, lehendabiziko barojianotzat jotzen zuten.

Inazio Maria Barriola (1920-1998)

Erreferentzia garrantzitsua izan zen urte askotan medikuntza munduan Inazio Barriola. Era berean, sendagile donostiarra euskal kulturaren sustatzaile garrantzitsua izan genuen. Besteak beste, EHUren sortzaileetakoa izan zen. Madrilen egin zituen Medikuntza ikasketak, eta liseri-aparatuan espezializatu zen atzerrian. Gipuzkoako Mediku Elkargoko lehendakaria izana 1978tik 1993ra arte, euskal medikuntzaren historiografia ikertu eta liburu ugari idatzi zituen gai horren inguruan. Familia euskaltzale bateko semea, Francoren diktadura garaian kartzeleratu egin zuten Barriola.

Jon Etxaide Itharte (1920-1998)

Ekainaren 30ean Jon Etxaide idazleak utzi gintuen. Aitarengandik jaso zuen Jonek euskaltzaletasuna; hura, Ignazio Maria Etxaide ingeniaria, Euskaltzaindiko buru izan zen. Gaztetan egin zuen bere lehendabiziko itzulpena. Gerra osteko lehen urteetan, itzulpenak ezezik, sormen lanak argitaratzeari ekin zion, Egan, Euzko Gogoa, Jakin eta beste hainbat aldizkaritan.

50eko hamarkada oparoa izan zen Jon Etxaiderentzat. 50eko hamarkadako euskal literaturan protagonista izan zen. 1950ean idatzi zuen bere lehen liburua Alos torrea. Jarraian beste hainbat etorri ziren, Joanak Joan (1955), Begia begi truk (1962), Gorrotoa lege (1964).... 1991an euskaltzain ohorezko izendatu zuten.

Iņaki Gaska Ajuria, Poch (1956-1998)

Poch goitizenez ezaguna, irailaren 18an zendu zen IŅaki Gaska musikaria. Donostiarrak Huntington izeneko gaixotasuna zuen.

80ko hamarkada hasierako pertsonaia bitxi eta apurtzailenetakoa izan zen. Pochek La Banda sin futuro, Apatridas Dro eta beste zenbait taldeetan ibili ondoren Derribos Arias taldea osatu zuen Alejo Alberdirekin.

Taldeak arrakasta lortu zuen garaiko Madrilgo musika munduan, eta berehala oso ezagunak egin ziren. Brankias bajo el agua, A Fluor eta Dios Salve al Lehendakari ziren taldearen kantuetako batzuk. 1984an desegin zen Derribos Arias, baina Pochek bakarlari bideari ekin zion. Ez zuen asmatu, ordea.

Xabier Aizarna Azula (1922-1998)

Urriaren 3an, Xabier Aizarna Azula politikaria hil zen. Xabier Aizarna Gipuzkoako Diputatu Nagusia izan zen transizio garaiko lehen legealdian, eta Batzar Nagusietako lehendakaria bigarrenean. Senadorea ere izan zen, lehendabizi EAJ alderdiarekin eta banaketaren ondoren, EArekin.

Xabier Aizarna Gipuzkoako ikastolen bultzatzailea izan zen transizio garaian. Behin politika utzita, Euskal kultura eta euskararen alde lan egiten jarraitu zuen.

Koruko Aizarna haren alaba Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura diputatua da.

O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O
  Hasierara   hasierara   

Bagera.net © Bagera, Donostiako Euskaltzaleen Elkartea
Katalina Eleizegi 36, behea; Donostia 20009 | Telefonoa: 943467181 - Faxa: 943446532
e-posta: idazkaritza@bagera.net | Webgune honi buruz: Kontsultak - Kredituak
Orri honen kokapena: http://www.bagera.net/Bageranet/Ziberteka/Urtekariak/1998/Gogoan