BageraNet BageraNet
Ziberteka

Gora 1998

Artikulua Auzo Auzo
Artikulua Etxebizitza
Artikulua Euskara
Artikulua Gogoan Ditugu
Artikulua Hirigintza
Artikulua Kronologia
Artikulua Kultura
Jaso ezazu
Bageranet Albistegia
posta elektronikoz


Irutxuloko Hitza
  BAGERA    ZIBERTEKA    IRUTXULO    GAZTEZULO    ALBISTEAK    LOTURAK    NON ZER 
 [ Bageranet  >  Donostiako Ziberteka  >  Urtekariak  >  1998  >  Euskara ]

Datuek euskarari bai esan diote

Euskararen normalkuntza plana aurrera doa. Abenduaren 16an, euskararen aldeko ekitaldi erraldoia izan zen Anoeta estadioan. Bitartean, datuek ere Bai euskarari esaten dute, eta Bagera elkarteak lanean segitzen du...

Euskararen normalkuntza plana aurrera

Donostiako euskaltzaleok, itxaropentsu begira diezaiokegu 1999ari, izan ere, 1998an, elebitasuna eta euskararen berreskurapen osoa lortzeko urrats garrantzitsuak eman dira.

Bi urte luze udalean bueltaka ibili ondoren, iaz Donostiako Udalbatzak Euskal Herrian aintzindaria den Euskararen Normalkuntza Bideratzeko Plan Orokorraren Egitasmoa onartu zuen. Bigarren plangintzaldiaren jarduna astiro joan da 1998an, hirukoan eman diren ezberdintasunengatik.

Nolanahi ere, urtea amaitzeko egun gutxi batzuk besterik geratzen ez diren honetan, gure hizkuntza berreskuratzeko prozesuaren oinarrizko lan tresna izango denaren Euskararen Plan Orokorraren idazketa, ia amaitzear dago.

Euskararen Udal Patronatuak prestatutako Plangintza Orokorrak esparru guztietara iritsi nahi du. Hargatik, Plan Orokorraren idazketan Euskararen Patronatuak udalerriko gizarte eta ekonomia-eragileen odezkaritza zabal baten esku hartzea bermatu du.

Gizarte osoaren ekarpenak antolatzeko, oinarrizko zortzi esparru hartu dira kontuan: hezkuntza, ikerketa eta gazteria; familia harremanak; administrazio publikoa; hedabideak eta kulturgintza; lan mundua, teknologia eta telematika; gizarte erakundeak; harreman instituzionalak eta sozialak eta euskara batuaren zabalpena eta azterketa soziolinguistikoa. Esparru horietan aditu diren hiritarrek jardun dute planaren idazketan. LKS aholkularitza enpresa arduratu da lan-taldeen dinamizazioaz.

Helburua eskuhartze esparru bakoitzean euskararen egoera diagnostikatu, arazoen inguruan eztabaida sortu eta ahuleziei aurre egiteko plana egitea zen. Urte berriarekin batera jakingo ditugu Euskararen Normalizaziorako Planaren inguruko xehetasun guztiak, orduantxe, plana bera idatzita egongo baita.


Euskarak Anoetako partidua irabazi behar du

Abenduaren 26an, Euskal Herriko bost hiriburuetako futbol estadioetan, XXI. mendeko akordioa: Bai Euskarari kanpainaren ekitaldi nagusia egingo da. Anoeta, San Mames, Mendizorrotza, El Sadar eta Aguilera estadioetan milaka euskaltzale elkartuko dira euskararen aldeko akordioa aldarrikatzeko. Bost estadiook satelite bidez elkarlotuta egongo dira; futbol zelai bakoitzeko pantailetan, beraz, gainerakoen berri emango da.

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak antolatu du kanpaina. Kontseiluak euskararen egoeraren diagnostikoa egin du, eta benetako normalizazioa urrun dagoela azpimarratu du. Are gehiago, euskararen biziraupena ez dagoela bermatuta ziurtatu du.

Horrexegatik, euskara berreskuratzeko, akordio sozial eta politikoa funtsezkotzat jo du Kontseiluak. Horixe izan da, hain zuzen, Euskal Herriko bazter guztietan zabaldutako mezua. Bai Euskarari kanpainak duela 30 urte egindako izen bereko kanpainaren leloa berreskuratu du.

Sektore guztiekin harremana

Kanpaina urrian abiatu zen. Guztira 170 herri-batzorde aritu dira lanean, euskararen aldeko akordioaren mezua gizarte sektore eta talde guztietara helarazteko. Honela, oinegitura garrantzitsua lortu da, eta etorkizunean akordio soziala posible egingo duten eragile sozialekiko harremanak landu dira. Alderdi politiko eta sindikatuekin ere hartueman sakona izan da.

Dena prest dago abenduaren 26ko ekitaldi handirako. Inoiz baino gehiago, euskarak gola sartu beharko du Anoetan.


Datuek ere bai euskarari!

Euskararen kale erabilera Donostian

  • 1993 - % 9,53
  • 1997 - % 14,01

EKBk aurten eman ditu ezagutzera 1997. urte bukaeran egindako kale neurketaren emaitzak. Datuak itxaropentsuak dira. Azken neurketan, 1993koarekin alderatuta, euskararen kale erabilera lau puntu tíerdi hazi da Donostian. Bestalde, adinean behera egin ahala erabilerak gora egiten du. Haurrek egiten dute gehien euskaraz kalean, %23ak, hain zuzen.

Eskolaurreko matrikulazio kopuruak 98/99

1998-99 ikasturteko matrikulazio datuak historikoak dira. Aurten lehendabiziko aldiz, sare publikoan 6 urte bitarteko haur bakar batek ere ez du A ereduan ikasiko. Sare pribatu eta publikoetako datuak batuz gero, datu ederra ateratzen da: sei urte bitarteko umeen %91 euskarazko ereduetan ari da, eta erdaraz %9 besterik ez.


Bagera, beste urtebete euskararen alde

Bagera, Donostiako Euskaltzaleen Elkartea 1991n jaio zen helburu nagusi batekin, Donostian euskaraz bizi eta euskarari bizitza ematea. Duela zazpi urte baino gehiago emandako lehen urrats hari tinko eutsi dio elkarteak. Hona hemen 1998an aurrera eramandako ekimenetako batzuk.

  • Mintzalaguna. euskaldun berriei eta beraien inguruan euskaraz hitz egiteko aukerarik ez duten pertsonei euskaraz hitz egiteko aukera eskaini die Bagerak 1998an. Honetarako euskaldun berriak eta euskaldun zaharrak harremanetan jarri ditu. Urtetik urtera mintzalagunen kopurua handituz joan da, eta 1998an 50 euskaldun zaharrek jardun dute 150 euskaldun berrirekin.
  • Aurreko urteetan izandako erantzun ona kontutan hartuta (mila eta ehun espediente eraman zituen aurrera), 1998an Bagerak etengabeko zerbitzu jarri du martxan: Euskal abizenak euskal grafiaz. Izenak izana ematen digula esan ohi da, eta hori horrela, euskal abizenak euskal grafiaz idatzi ahal izateko zerbitzu iraunkorra eskaintzen hasi da. Bagerak modu sinple eta arinean egiten du tramitazio osoa. Dagoeneko 500 lagunek jo dute elkartera aurten.
  • Euskararen erabilera neurtzeko garaian ere behaketak bideratu ditu azken bost urteotan Bagerako Sentsibilizazio Taldeak. Honela jakin ahal izan da Donostiako Jazzaldian euskarari bere lekua eskaintzen zaiola, Aste Nagusian aurreko urteekin alderatuz gero euskarak gora egin duela, eta Zinemaldia aurreko urteetako maila kaxkarrean mantendu dela.
  • Donostiako dendak euskaldundu nahian, Merkataritza kanpainak egin ditu Bagerak. Merkataritza kanpaina hauek erantzun ona izan dute dendetan, eta aurrera begira kanpainok sendotu eta zabaldu asmoz dabil elkartea.
  • Bagerak 1994 urtean sortu zuen IRUTXULO astekari euskalduna, urtez urte sendotuz eta irakurle kopurua handituz joan dena. Hurrengo urterako aldizkariak asmo berritzaileak ditu, irakurle guztiengana iristea baita helburua.
  • Argitalpenetan, kantu-liburuxkak eta Intxaurrondoko Gastronomia Astean kaleratutako sukaldaritza-hiztegia plazaratu ditu elkarteak. Datorren urteari begira, bertso-liburuxka eta jatetxeetarako jaki-hiztegia prestatzen dabil.
  • Hainbat auzotan, bestalde, Bagerako lan-taldeak buru belarri aritu dira lanean, auzoetan giro euskalduna piztuz. Jadanik Antigua eta Egian nabari da lan horren emaitza, eta datorren urtean Intxaurrondon behintzat taldea osatzekotan da Bagera. Gainontzeko euskara elkarte, talde eta euskaltzaleekin ere hartu-emanetan jardun du elkarteak: Ikastolen festak, Kontseilua, Euskaldunon Topagunea eta abar.
O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O
  Hasierara   hasierara   

Bagera.net © Bagera, Donostiako Euskaltzaleen Elkartea
Katalina Eleizegi 36, behea; Donostia 20009 | Telefonoa: 943467181 - Faxa: 943446532
e-posta: idazkaritza@bagera.net | Webgune honi buruz: Kontsultak - Kredituak
Orri honen kokapena: http://www.bagera.net/Bageranet/Ziberteka/Urtekariak/1998/Euskara