BageraNet BageraNet
Ziberteka

Gora 1998

Artikulua Auzo Auzo
Artikulua Etxebizitza
Artikulua Euskara
Artikulua Gogoan Ditugu
Artikulua Hirigintza
Artikulua Kronologia
Artikulua Kultura
Jaso ezazu
Bageranet Albistegia
posta elektronikoz


Irutxuloko Hitza
  BAGERA    ZIBERTEKA    IRUTXULO    GAZTEZULO    ALBISTEAK    LOTURAK    NON ZER 
 [ Bageranet  >  Donostiako Ziberteka  >  Urtekariak  >  1998  >  Etxebizitza ]

Etxebizitza, Urrea Baino Garestiago



Etxe berriak Bentaberri auzoan

Eusko Jaurlaritzak aurten egindako ikerketa baten arabera, Donostiak etxebizitza berriei dagokienean EAEko ranking-ean lehendabiziko postua galdu du: Gasteizek hartu dio aurrea.

Donostian etxebizitza berriak %1 eta Bilbon %2 garestitu dira. Gasteizen %20 igo da salneurria. Erabilitako etxebizitzetan Donostiak Hego Euskal Herriko hiri garestiena izaten jarraitzen du. Erabilitako etxebizitzen metro karratuak 354.000 pezeta balio ditu. Alokairuetan Donostia da hiribururik garestiena. EAEko batez bestekoa 88.000 mila pezeta da, Donostiak eta Gasteizek aise gainditzen duten kopurua. Batez beste, Donostian 109.000 pezetatan, Gasteizen 101.000 eta Bilbon 87.000 pezetatan daude alokairuak. Iruņea da Hego Euskal Herriko hiririk merkeena etxebizitza kontuetan.

Etxe hutsak ez dira errenta

Abenduaren erdialdera, Odon Elorza alkateak hutsik dauden Donostiako 3.000 etxe alokairuen merkatura ateratzeko prestatutako plangintza aurkeztu zuen. Proposatutako neurrien artean honako hauek daude: jabeek higiezin-jabetzen gaineko zergarik ordain ez dezaten eta errentak pagatzen ez direnerako segurua Udalak bere gain hartzea. PP eta HBk gogor kritikatu zuten alkatea. PPren ustez neurriokin ”guztion diruaz bakan batzuei egingo litzaieke mesede”. HBk, berriz, ”datozen udal hauteskundeekin” lotu zuen proposamena.

Etxebizitzaren datuak Hego Heuskal Herrian

Erabilitako etxebizitzak Etxebizitza berriak Alokairuak
DONOSTIA 354.000 pezeta m2 332.000 pezeta m2 109.000 pezeta hileko
BILBO 211.000 pezeta m2 259.000 pezeta m2 87.000 pezeta hileko
GASTEIZ 315.000 pezeta m2 357.000 pezeta m2 101.000 pezeta hileko
IRUÑEA 127.000 pezeta m2 144.000 pezeta m2 70.000 pezeta hileko

Babes ofizialeko etxebizitzak: norentzat?

Berriz ere, 1998an, erakunde publikoen etxebizitza politika herren dabilela ikusi da. Gizarte-esparru pobreenari zuzendutako babes ofizialeko plangintza zehatza falta da, eta babes ofizialeko etxebizitzaren inguruko legedia aldatzeko premia dago.

Aurten, aurrekoetan legez, etxebizitzari zuzendutako aurrekontuak xumeak izan dira, testimonialak ia.

Babes ofizialeko etxebizitza politikaren irizpideei dagokienean, Benta Berrin izan dugu nagusi den joeraren desegokitasunaren adibide garbiena. Berriz ere, gertutik ikusi ahal izan dugu promozio formulek akats handiak dituztela. Benta Berriko aurtengo promozioan, kasu, irizpide ekonomikoak gailendu dira beste gainontzekoen artean.

Datuak aztertzea nahikoa da ikusteko operazio horretan ez zaiola beharrari erreparatu, alde ekonomikoari baizik. Eusko Jaurlaritzak bultzatutako promozio horren bidez, Babes Ofizialeko 510 etxebizitza eraiki eta eman dira alokairuan.

Guztira, 2.260 eskaera egin ziren, diru-sarreren araberako 4 taldetan banatuta. Alokairuak 35.000-74.000 pezeta bitartean ezarri ziren, alokairu garestiegiak, kontuan hartuta Jaurlaritzako Etxebizitza eta Ingurugiro Sailak ez ziela hautagaiei etxebizitzen erosketa eskubidea bermatu.

Eskatzaileetatik, 1.638, hau da, % 72 errenta baxukoak izan ziren. Haatik, horiei zuzendutako eskaintza guztiz urria izan zen, izan ere, guztira, 109 etxebizitza eskaini ziren (%15).

Kopuru bera zegoen ezarrita diru-sarrera altuenen ataleko eskatzaileentzat. Aldiz, kasu horretan, eskaera eskaintza baino txikiagoa izan zen: orora, 63 eskatzaile (%2,7). Nabarmentzekoa da, gainera, etxebizitzetako %70, 3,5 eta 5,5 milioi pezeta bitarteko dirusarrerak zituztenentzat izan zela, donostiar askoren ahalmenetik kanpotik dagoen errenta, alegia.

Atotxari kritika ugari

Urtarrilean hasiko dira Atotxako etxebizitzak egiten. Udalak 400 etxebizitza eraikiko ditu, %75 gutxienez babes ofizialekoak, eta horietatik 100 alokairuan jartzekoak. Hiru enpresa aurkeztu dira lehiaketara: Brues, Dunboa eta Amenabar-Sukia.

Bruesek etxebizitza guztiak babes ofizialekoak egingo lituzke. Horietatik 102 etxebizitza ”sozialak” izango lirateke -babes ofizialekoen artean merkeenak-. Dunboak babes ofizialeko 304 etxebizitza eraikiko lituzke (175 sozialak) eta Amenabar-Sukiak 212 (114 sozialak). Urtarrilean jakingo da nork irabazi duen lehiaketa, behin-betiko egitasmoaren berri emango da. Atotxako proiektuak kritika zorrotzak jaso ditu. Egiako Elkarteen Plataformak, esaterako, etxebizitza guztiak babes ofizialekoak izatea eskatu zuen. Lur zorua Udalarena izanik, zergatik ez denak sozialak egin?

Zapatari: 10 urte okupatuta

Urte gutxitan Donostia ikaragarri hazi da. Makina bat etxe berri eraiki dira. Hiriko etxe ugari, baina, hutsik daude: 20.000 inguru hain zuzen ere. Etxebizitza horietatik asko bigarren etxebizitza moduan erabiltzen dira. Gainerakoetatik franko guztiz utzita daude eta denborak aurrera egin ahala horien egoera okerrera doa. Zapatari Ibaetako etxea, horietako etxe huts bat izan zen. Ondora jo zuen hutsik geratu zenean. Haatik, orain 10 urte gazte talde batek okupatu zuen. Hamarkada honetan zehar bertakoek etxea goitik- behera zahar-berritu dute.

Urumeako etxebizitzen zozketa udaberrian

Datozen urteotan babes ofizialeko 2.000 etxebizitza inguru eraikiko dira: Morlansen (500), Atotxan (300), Urumean (222), Marrutxipin (135), Munton (32) eta Altzan (500). Guztira, Udalak, 1999rako 600 milioiko gastoa aurreikusi du babes ofizialeko etxebizitzetarako lurra erosteko.

Aurten bi zozketa egin dira: Puio II (192 etxebizitza) eta Benta Berri (510). Urtea amaitu aurretik egitekoa zen Urumea pasealekukoa datorren urtera arte atzeratu dute. Eusko Jaurlaritzaren promozio honetan 222 etxebizitza salduko dira, salneurri ezberdinetan etxebizitzen tamainaren arabera. Prezioak 9-13 milioi bitartekoak izango dira (batez beste, 153.000 pezeta metro karratuko). Hautagaien diru-sarreren batez bestekoa 1,5 eta 4,9 milioi bitartean ezarri zen. Promozioa donostialdeko biztanleei zuzendua egon zen, eta ia 4.000 eskaera egin ziren.

O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O
  Hasierara   hasierara   

Bagera.net © Bagera, Donostiako Euskaltzaleen Elkartea
Katalina Eleizegi 36, behea; Donostia 20009 | Telefonoa: 943467181 - Faxa: 943446532
e-posta: idazkaritza@bagera.net | Webgune honi buruz: Kontsultak - Kredituak
Orri honen kokapena: http://www.bagera.net/Bageranet/Ziberteka/Urtekariak/1998/Etxebizitza