BageraNet BageraNet
Ziberteka

Gora 1998

Artikulua Auzo Auzo
Artikulua Etxebizitza
Artikulua Euskara
Artikulua Gogoan Ditugu
Artikulua Hirigintza
Artikulua Kronologia
Artikulua Kultura
Jaso ezazu
Bageranet Albistegia
posta elektronikoz


Irutxuloko Hitza
  BAGERA    ZIBERTEKA    IRUTXULO    GAZTEZULO    ALBISTEAK    LOTURAK    NON ZER 
 [ Bageranet  >  Donostiako Ziberteka  >  Urtekariak  >  1998  >  Auzo Auzo ]

Auzoz Auzo



Herri bihurtzeko eskaera Igeldon,

Auzoek albiste ugari utzi dizkigute 1998an. Erdialdean asko hitz egin da San Martin azokaz, Igeldon gora eta behera ibili dira udalerri izateko eskaerarekin...

Auzoz Auzo: Amara Zaharra [1], Parte Zaharra [2], Intxaurrondo [3], Gros-Ulia [4], Egia [5], Erdialdea [6], Martutene [7], Añorga [8], Igeldo [9], Altza-Herrera [10], Aiete [11], Antigua [12], Loiola [13], Amara Berri [14].


[1]

Amara Zaharra

Autonomia kalea ez itxi!

Hauxe da, 1998an Easo plaza inguruko bizilagunek balkoietan ipinitako karteletan irakurri ahal izan den esaldia. Beste gai batzuek ere -gasolindegia ixtea, autobus geltoki berriak- zeresan ugari sortu dute aurten. Dena dela, autonomia kalea ixtea izan da auzotarrak gehien kezkatu dituena.

Eusko Trenbideak-en ibilbide berria eraikitzeko lanen eraginez, Autonomia kalea itxita dago iaztik.

Auzokideek ixtearen aurka eta obrak geldiarazteko hainbat ekimen burutu dituzte 1998an. Besteak beste, urtarrilean, Arartekoari eta Donostiako alkateari proiektuaren kontrako 3.170 sinadura bidali zizkieten. Udaberri partean, gainera, errekurtsoa jarri zuten EAEko auzitegi Gorenean.

Lanak geldiarazteko bi arrazoi nagusi azpimarratu dira. Batetik, itxiera Donostiako Plan Orokorrean aurreikusia ez egotea. Bestetik, proiektuaren erakusketa publikorik ez egin izana. Auzo elkartea ibilbidea lurperatzearen aldekoa da. Auzia oraindik konpontzeke dago.

Dena den, Eusko Jaurlaritzak bere lehenengo ibilbidea aldatzea onartu zuen, trenbidea lurperatzeko gastu handiak aurreikusten zituelako. Lehen egitasmo horrek, trenbidea Geriatrikoren azpitik igarotzea aurreikusten zuen.

Udazkenean EAk ibilbide horri alternartiba aurkeztu zion. Bigarren proiektu honekin ibilbidea Sasiotegiko etxeetatik egingo litzateke, eta Autonomia kalea, berriz ere, zabaldu egingo lukete.

Donostiako Udalak bigarren proiektu honen bideragarritasuna aztertzea eskatu dio Jaurlaritzari. Nolanahi ere, Jaurlaritzak ez du ibilbide berriari buruz behin betiko erabakirik hartu.


[2]

Parte Zaharra

Auzoa hankaz gora eta obrak nonahi

Parte Zaharreko bizilagunek, tabernariek eta dendariek gertutik bizi dute obren anabasa 1998an. Hesiak, zuloak, egurrezko pasabideak, hondeamakinen zarata... eguneroko gauza bihurtu dira bertakoentzat.

Parte Zaharra birmoldatzeko plana orain urte batzuk jarri zen martxan, eta beraz, bertakoek obren gorabeheretara ohituta beharko lukete. Aurtengoan bezainbeste obra, ordea, inoiz ez dute ezagutu auzotarrek.

Parte Zaharreko hainbat tokitan egin dira berritze lanak 1998an: San Bizente Elizan, San Telmon, Paseo Berrian, Igentea kalean, Bretxan eta Bulebarrean, besteak beste.

Azken biok eragin handia izan dute bizilagun, dendari zein tabernariengan. Horren lekuko, Zaharrean dendari eta tabernarien elkarteak ekainean egindako protesta itxialdia.

Planifikazio txarra

Elkartearen arabera, obren planifikazio okerraren ondorioz, salmentak jaitsi egin ziren. Dena den, obrek luze iraungo dute.

Bulebarreko lehen zatia amaitzear dago, baina Bretxako eta Arraindegia inguruko lanek 2.000 urtera arte iraungo dute. Alde Zaharra zaharberritzeko 6. fasearen barruan gainera, Portaletas, Kaia kalea eta Abuztuaren 31.aren kaleko hesi bat konponduko dituzte 1999an.

Antzinako Irutxulo

Martxoan Arkeolaneko kideek XVI. mendeko 10 tresna eta 30 kanoi bala aurkitu zituzten Bretxan. Donostiako merkatariek olioa eta ardoa gordetzeko erabiltzen zituzten treska hauek. Azaroan arkeologo berek keramikazko lapiko zatiak aurkitu zituzten Urgullen. Aztarnok, Antso Jakituna Nafarroako erregeak Donostiari forua eman aurrekoak dira (XII. mendea), frankoak eta gaskoiak gure hirira bizitzera etorri baino lehenagokoak.


[3]

Intxaurrondo

Ikastetxe berria 2.000 urterako

Urte gutxitan Intxaurrondok hazkunde garrantzitsua izan du. Populazioa asko ugaldu da eta egun, auzoak 17.000 biztanle ditu.

Biztanlegoa haztearekin batera, mota guztietako azpiegituren beharra handituz joan da. Behar diren azpiegituren artetik, Ipar Haizea eta Intxaurdi auzoko bizilagunen elkarteen arabera, Haur hezkuntza-Lehen hezkuntzako eta DBHko ikastetxe publiko berriak dira premiazkoenak. Auzotarren arabera, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko plangintzak huts egin du Intxaurrondon. *”Haur asko daude auzoan, eta leku gutxi guztientzat”* diote elkartekoek.

Arazoa eskola mapa berriarekin hasi zen eta aurreko urtean legez, aurten ez dira falta izan ikasketxe berriak eskatzeko mobilizazioak.

Jaiotze tasa gora

Estatistiken arabera, auzoko biztanleen adina 36,2 urte da batez beste. Benta-Berrirekin batera Intxaurrondo da jaiotze tasa gehien hazi den auzoa.

Intxaurrondon, esaterako, D eredua eskaintzen duen haur hezkuntza eta lehen hezkuntzako ikastetxe publiko bakarra dago: Intxaurrondo ikastola. DBHri dagokionean, gauzak ez daude askoz hobeto, izan ere, auzoko ikasleak Egiako Lau Haizeta ikastolara joaten dira. Arazoari irtenbidea emateko, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak 2.000 urterako bi ikastetxe berri eraikitzea aurreikusi du. Batetik, Baratzategi Pasealekuan haur hezkuntza eta lehen hezkuntzako D eta B ereduak eskainiko dituen ikastola egongo da. Bestetik, Polloe kanposantuaren ondoan, Beharkon, hain zuzen, DBHko ikastetxe berria eraikiko dute.

Euskal lapikoa

Intxaurrondo Euskal Herriko gastronomiaren topagunea bihurtu da. Bertan 8 urtetik hona, urtero, izen handiko gastronomia astea ospatzen da. Horrez gain, urrian Euskal Herriko Gastronomia Foroaren proiektua aurkeztu zen Yeyette etxean. Besteak beste, Martin Berasategi, Pedro Subijana, Juan Mari Arzak eta Pilar Idoiatek osatuko dute foroaren zuzendaritza batzordea. Euskal Herri osoko sukaldarien eta euskal gastronomiaren munduan dabiltzan zale zein profesional guztien gunea bilakatu nahi du foroak. Proiektuaren aurrekontua 50 milioi pezetakoa da.


[4]

Gros-Ulia

Manteo udaberrirako

Martxoan hasi ziren Manteon kiroldegia eraikikitzeko lanak eta aurreikuspenak betez gero, 1999ko udaberrirako irekiko ditu ateak. Balio anitzeko kantxa, hiru gimnasio, bi squash eta lau aldagela izango ditu, besteak beste.

Manteok ez du igerilekurik izango. Hori dela eta, auzotarrek beren haserrea erakutsi dute maiz. Guztira, 168,9 milioi pezetako inbertsioa egin du Udalak Manteon. Proiektua Fernando Arizmendi arkitektoarena da, eta horren arabera, eraikina aurrekontura eta orubearen tamaina txikira (2.657 metro karratu erabilgarri) egokitu behar izan dute. Auzotar asko txiki samarra ez ote zaien geratuko galdetzen hasiak dira. Dena den, auzotarrek pozik begiratzen diote kiroldegiari. Izan ere, Grosen zerbait falta bada, horiexek kirol azpiegiturak dira.


[5]

Egia

  1. aparkaleku berri

    Azken urteetan arazo larria bilakatu da auzoan kotxea aparkatzea. Aparkalekuen premia nabari da Egian nahiz eta lau urte igaro Moyua enpresak Plaza Haundi azpian 292 aparkaleku eraiki zituenetik. Dena den urte horietan eta aurtengo maiatzerarte 50 aparkaleku besterik ez ziren saldu 75 urteko jabetzan. Aparkalekuen prezioak garestiak zirela iruditzen zitzaion jendeari, merkeenak milioi ta erdi balio zuen eta garestienak hiru.

320 milioi Moyua enpresarentzat

Udalak aurten aurkitu du irtenbidea. Maiatzeko Udalbatza batean Moyua enpresari 320 milioi ordaindu eta aparkalekuak enkantera eramatea erabaki zen. Aparkalekuak merketu egin ziren: gehienek milioi ta erdi balio zuten nahiz eta bi milioira iristen zena ere bazegoen. Enkantea egin ondoren, gelditzen ziren aparkaleku guztiak saldu egin ziren eta beste 80 lagun plazarik gabe gelditu ziren.

Kritikak ere bai

Enkante bidez saldu ziren aparkalekuak jabetza osoan eskuratu dira. Horren ondorioz, aurretik erosi zutenek ere eskubide bera jaso dute. Egiako Hirigintza Koordinakundeak aparkalekuak eraiki eta berehala,garestiak eta modu kaskarrean eraikitakoak zirela salatu zuen eta publikoak izan behar zutela. *”Enkanteak argi utzi du garestiegiak zirela eta aparkalekuen beharra bazegoela auzoan”* azaldu dute Koordinakundeko kideek.

Gazteentzako arte eszenikoak

Berrogeita bi ikuskizun eman dira Gazteszenan joan den maiatzean ofizialki inauguratu zenetik. 264 eserleku ditu eta zutik 600 bat lagunentzat lekua du. Donostiako hainbat jaialdi eta ekimenak lekua izan dute bertan: Maiatza Dantzan, Jazzaldia, Fantasia eta Beldurrezko Zinemaldia, Antzerki feriaÖ Orain arte, harrera ona izan du Gazteszenak eta jende gehien bildu duen ikuskizuna Mark Laneganen kontzertua izan da, 651 lagun izan baitziren.


[6]

Erdialdea

San Martin azokari buruzko gora-beherak

Aldatzeko ordua iritsi zaio San Martin azokari. Betiko merkatua zahartu egin da, eta etorkizunari aurre egiteko aldatu beharrean dago. Inor gutxik jartzen du zalantzan hori, ez San Martin Azokako Erabiltzaileen Elkartekoek, ez Udalak, ezta hiritarrek ere. Hala ere, eztabaidak eta arazoak azaldu dira azoka berria egiteko adostasunik ez dagoelako.

Hasiera batean, Udalak San Bartolomera eraman nahi zuen azoka eta hika-mika handia sortu zen politikari eta saltzaileen artean. Proposamen hau bertan behera utzi eta gero, azoka betiko lekuan mantenduko dela ziurtatu zen. Lekua bai, zehaztuta geratu zen, baina azoka berritu behar zen moduaz ez zuten bat egin.

Ikerketa martxan

Adostasun batera iristeko, Udalak eta Mercasa enpresak hitzarmena sinatu dute hil honetan, azken honek San Martini buruzko ikerketa egin dezan. Mercasak ikerketak egiten ditu betiko azokak kontsumo eskaerei egoki daitezen. Ikerketa honetan barne antolamendua eta arkitektura aztertuko dira, eta udal teknikarien, merkatarien eta kontsumitzaileen iritziak kontuan hartuko dituzte. Ikerketaren emaitzak etorkizuneko San Martin azoka nolakoa izan daitekeen jakiteko balio izan dezake. Hau eztabaidatzeko abiapuntu egokia izan daitekeela esan du Odon Elorza alkateak.


[7]

Martutene

Kalitatezko hezkuntza auzoan

Martuteneko B.H.Institutuak ISO 9002 izeneko kalitatearen ziurtagiria lortu du aurtengo uztailaren 13an. Gipuzkoako beste bi ikastetxerekin batera, Estatuan kalitatea bermatzen duen agiria lortu duen lehendabiziko ikastetxea izan da.

Kontuan hartu behar da agiri ezagun hau enpresa askok lortu dutela, baina ordura arte inongo ikastetxerik ez zuela hau eskuratzeko urratsik eman. Agiri hau lortzeko eta kalitatea bermatzeko helburuarekin, institutuak bere barruko funtzionamendua berrantolatu behar izan du. Gainera, noizbehinka, eskolak kontrol zorrotzak gainditu beharko ditu kalitatea mantentzen dela bermatzeko.


[8]

Añorga

Unanueren lehen txapela

Aurtengo otsailaren 22an lortu zuen Mikel Unanuek profesional mailako lehen txapela. Auzoak bat egin zuen ogizalearekin eta jende asko joan zen Atano III frontoira Mikel animatzera. Txapela buruan zuela ongi etorria eman eta ohorezko agurra dantzatu zitzaion. Ondoren, pilota partidua ere jokatu zuten Kultur eta Kirol Elkarteko pilotariek. Bukatzeko, afaria antolatu zen Jolas Etxean eta izugarrizko giroa bizi izan zen bertan.

Unanuek Jokin Errasti azkoitiarra izan zuen lagun atzeko koadroetan. Final historikoa izan zen añorgatar ororentzat eta txikienentzat bereziki. *”Pilota eskolako haurrek pozez txoratzen hartu zuten garaipena”*, esan digu Mikelek. Partidua irabazi beharra zeukan nahitanahiez, bere seigarren finala baitzen eta aurreko guztiak galdu egin baitzituen.

Garaipen hori eta gero, gora-behera handiak izan ditu Mikelek eta lesioren bat ere bai. Hala eta guztiz ere, urtea ondo bukatu du, ikusi besterik ez dago lau terdiko txapelketan egin duen lan bikaina.

Belartza eta autopista

Belartza eremuan industrialdea egiten hasi dira aurten. Auzotarrak ez daude ados, eta sarritan salatu dituzte beren ustez egitasmo honek dituen akatsak. Auzotarren esanetan, proiektuak ez du betetzen udal araudia. Bien bitartean, eta inguru horretatik gertu, laurogei bat etxebizitza eraikitzen hasi dira. Batzuk saldu egin dira dagoeneko, baina hauen prezioa etxebizitza behar duten añorgatarrentzat garestiegia dela esan da auzoan.

Bestalde A 8 autopista eta Añorga lotzeko lanek aurrera darraite. Honek ere izango du eragina auzoan.


[9]

Igeldo

Udalerriarena, ibilbide katramilatsua

Udalerri bihurtzeko bidea eginez jarraitu dute aurten Igeldon nahiz eta Donostiako Udala hau eragozten saiatzen ari den. Lau urte dira igeldotarren gehiengoak Donostiatik banantzea eskatu zuela baina Udalak ez zuen eskaera hau Gipuzkoako Batzar Nagusietara bideratu. Hori dela eta, Igeldoko Itsas Aurre taldeak errekurtsoa jarri zuen Euskal Autonomi Erkidegoko Auzitegi Gorenean.

Bi urte t’erdi beranduago, aurtengo otsailean, eman zuen EAEko Auzitegi Gorenak epaia; Donostiako Udala behartuta zegoen Igeldoko Itsas Aurre taldearen segregazio eskaera bideratzera. Erabaki horren ostean, Udalak bi hilabete zituen Igeldo udalerri bihurtzeari buruz duen iritzia emateko, eta auzia Batzar Nagusietara eramateko.

Donostiako Udalak ez zuen onartu epaia, eta Igeldoren bereizketa bideratzearen aurkako errekurtsoa aurkeztu zuen Espainiako Auzitegi Gorenean maiatzaren 12an. Orain azken erabakiaren zain daude bi aldeak, Udala eta igeldotarrak.

Arau zaharra ala berria

Igeldoren banantzeari ezarri behar zaion araudian ez datoz bat Donostiako Udala eta Igeldoko Itsas Aurre. Igeldotarren ustez, eta EAEko Auzitegi Gorenak pasa den otsailean ebatzi zuenez, foru arau zaharra ezarri behar zaio segregazioari. Arau honek, berriak ez bezala, eskaera derrigorrez bideratzera behartzen du Udala. Arau berriarekin gainera Igeldo ez litzateke inondik inora Udalerri bihurtuko, ez bailituzke baldintzak beteko: 2.500 biztanle izatea esate baterako.

Deszentralizazio eskaintza

Kontuak kontu, eta azken epaia noiz aterako den zain gauden bitartean, Donostiako Udalak deszentralizazio aukera eskaini dio Igeldori. Abenduan bildu dira zehazteko zein izango liratekeen deszentralizazioaren ezaugarriak. 1999an martxan jarri nahi du Udalak Igeldoren deszentralizazioa. Igeldotarrak, deszentralizatuak egoteko aukera aztertzen ari dira baina ahaztu eta baztertu gabe helburua udalerri izatea dela.


[10]

Altza-Herrera

Auzo Etxea altzatarren zerbitzura

Urte amaieran eta Larratxo pasealekuan ireki dute Auzo Etxea. Seiehun metro karratu prestatu dituzte auzotarren erabilerako. Etxearen kudeatzaile Donostia Kultura izango da eta kultur etxeak leku ezagatik bete ezin zituen helburuak hartuko ditu. Elkarteek badituzte zenbait gela haien tresnak gordetzeko eta Gazteri Sailak ere bertan izango du Altzako egoitza. Honi buruz informazio gutxi izan dutela kexatu dira auzotarrak.

San Jose de Calasanzen 25. urteurrena

Altzatar askoren eskola izandakoak 25 urte egin ditu auzoan. Urteurrena ospatzeko makina bat ekitaldi antolatu ziren urte hasieran: musika emanaldiak, ipuin kontalaria, pailazoak, bazkaria ikasle eta irakasle ohiekin eta abar.

Iranzo pasealekua berrituta

Felix Iranzo pasealekua berritu eta egokitu dute aurten. Altzatarrentzako mesede izan da, makina bat auzotar biltzen baitira eguzkia hartzeko eta patxadan egoteko.


[11]

Aiete

1998ri adio zubia bukatu gabe

Amara eta Ibaeta lotzeko Morlansen eraiki den zubiak asko aldatu du azken auzo honetako paisajea. Zubiak Aieteko trafikoan ezezik, Donostiakoan ere eragin handia izango du eta azken urteetan egin den obrarik ikusgarrienetakoa da. Aurtengo abuztuan zen irekitzekoa, baina lanak atzeratu egin dira.

Aietek zuen isolamendua sahiesteko, duela bi urte zabaldu zen Aiete-Ibaeta errepidea. Bigarren zatiarekin Amara ere lotuta geratuko da.

Aieterako autobus zerbitzuak ere hobetu egin dira. Tranbia konpainiak Sanserrekara doan 31 zenbakidun autobusa jarri du aurten. Behin Amara-Aiete-Ibaeta errepidea ireki bezain pronto, Altza eta Antiguako 24 eta 27 zenbakia duten autobusak ere auzotik igaroko dira.

Easo abesbatza Araozen

Marañon pasealekuan dagoen Araoz etxea 75 urtez erabiltzeko lagapena egin dio Udalak Easo abesbatzari. Bost urte iraun duen negoziazioa aurten itxi da. Abesbatzak 100 milioi pezetako inbertsioari aurre egin beharko dio. Fundazio bat sortzea eta musika eskola martxan jartzea dira etorkizunerako erronkak.


[12]

Antigua

Auzoa handitzen

Ahaztuta daude auzoko garai bateko baratzak, zingirak, El Leon lantegia eta baita Suchard eta Lizarriturrirena ere. Lantegiek auzo berri eta dotore bati utzi diote lekua. Antiguaren izaera ere aldatu egin da aurten bizilagun ugari etorri baita Benta Berrira bizitzera. Antiguatarrek igarri dute aldaketa.

Frontoia estalita

Sabai mugikorra jarri diote frontoiari. Lan horri esker, edozein urtaro ona izan daiteke pilotan jokatzeko eta gainera Antiguako Pilotazaleok Elkarteak udan antolatzen duen txapelketari mesede egingo dio. Lana, neurriz eta aurrekontuz txikia izan arren, balio handikoa da auzotarrentzat. Antiguatarrak gustura daude berrikuntzarekin.

Gaizka Razkin mendizalea gogoan

Gaizka Razkin Izquierdo mendi istripuan hil zen Patagonian otsailaren 19an. Bere heriotzak doluz jantzi zuen auzoa Gaizka oso ezaguna baitzen Antiguan. Razkin esperientzia handiko sei mendizalek osatutako espedizio bateko partaide zen (Antxon Alonso, Andoni Areizaga, Gerardo Telletxea, Josetxo Rodriguez, Martin Zabaleta eta Gaizka bera). Paineko Dorreen gailurra egin ondoren jaisten ari zirela, elur jauzi bat etorri zitzaien gainera Gaizka Razkini eta Antxon Alonso errenteriarrari. Espediozioko kideek adierazi zutenez, beroak eragin zuen ezbeharra, horrek izotz eta elurgune handiak urtu baitzituen.


[13]

Loiola

Bi idazleren fruitu mamitsua

Felix Elejaldek eta Joxe Aierbek liburu bana argitaratu dute. Lehenak, Elejaldek, Behin batean Loiolan izenburuko liburu mardulean, Loiolari buruzko historia eta informazioa jaso du 500 orrialdeetan. Argazkiek ere garrantzi handia dute, 200 baino gehiago bildu baititu. Loiolaren bilakaera nolakoa izan den azaltzen saiatu da liburuan.

Joxe Aierbek, bestalde, bertso liburu bat kaleratu du. Alako batean izena du eta bere bizitzaren gorabeherak azaltzen dira bertan: sentimenduak, lagun arteko gertakizunak, euskarari buruzko kezkak eta abar. Loiolatarrentzat, uzta oneko urtea izan da beraz, bi auzotarren lanak eskuragai izan baitituzte.


[14]

Amara Berri

Osasun-zentro berria

Aurten, urte osasuntsuagoa izan dute amaratarrek. Azkenik, eta makina bat eskaera egin eta gero, Amara-Berri eta Erdialdeari zerbitzua emango dion anbulategi berriak irailaren 23an ireki zituen ateak. Jose Maria Salaberriako osasun-zentroa txiki gelditzen ari zenez, Osakidetzak gune berri hau zabaltzeko erabakia hartu zuen, nahiz eta behin-behineko irtenbidea izan. Iñaki Azkuna Osasun Sailburua izan zen irekitze ekitaldian.

Medikua hautatzeko aukera

Bi berrikuntza nagusi ekarri ditu zentro berri honen irekitzeak. Lehenengoa, norberaren medikua hautatzeko aukera da, eta lan hori errazteko bi osasun-zentro horietan ariko diren sendagileen zerrenda bidali zen postaz. Bigarren berrikuntza, analisiak egiteko odola aterako da, bi anbulatorietan gainera. Orain arte, horretarako Groseko osasun-zentrora jo behar izaten zen.

TAOren estraineko urtea

TAO sistema ezarri zen Pio XII eta Mendeurrenaren plazaren arteko kaleetan. Autoak aparkatzeko ordaindu beharra dago eremu horretan baina egia da aparkalekuak maizago hustutzen direla orain. Otsailean jarri zen martxan TAO.

Aurtengo proiektu erraldoiak

Auzoarengan eragi handia izango duten bi proiektu abian jarri dira. Lehena, Urumea zeharkatuko duen zubi berria da. 454 milioiko aurrekontua duen proiektu honen aurrelanak azaroan hasi ziren, eta lanak bukatzeko zortzi hilabeteko epea eman zaio enpresa eraikitzaileari.

Bestalde, Amara eta Ibaeta lotuko dituen errepidea eraikitzen hasi dira. Datorren urteko otsailerako prest egongo da aurrerapauso izugarriak eman baititu aurten. Mendiari zati bat kendu eta zuhaitza batzuk bota ezezik, aparkaleku batzuk ere gutxitu dira. Dena Amara eta Ibaeta lotzeko helburuarekin.

O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O
  Hasierara   hasierara   

Bagera.net © Bagera, Donostiako Euskaltzaleen Elkartea
Katalina Eleizegi 36, behea; Donostia 20009 | Telefonoa: 943467181 - Faxa: 943446532
e-posta: idazkaritza@bagera.net | Webgune honi buruz: Kontsultak - Kredituak
Orri honen kokapena: http://www.bagera.net/Bageranet/Ziberteka/Urtekariak/1998/Auzoak