Iparragirre abizena entzuterakoan, “Gernikako Arbola” kantu ezaguna datorkigu burura. Dena dela, beste kantu askoren egilea ere izan zen urretxuarra: “Zibillak esan naute”, “Ume eder bat”, “Agur Euskalerria-ari”… 1820an jaioa, Iparragirrek bi alditan hartu behar izan zuen erbesterako bidea. Lehen Karlistadan, foruak defendatzearren, karlisten alde egin eta atzerriratu behar izan zuen. Besteak beste, Suitzan, Alemanian, Frantzian eta Ingalaterran ibili zen, gitarra besapean. Indultua jaso ondoren, “Gernikako Arbola” sortu zuen eta horregatik, Espainiako agintariek Euskal Herritik egotzi zuten. Ameriketan artzain ibili ondoren, 1881ean hil zen Ezkio-Itsason. Iparragirrek kale bat du Grosen.