|
|
|
 |
|
[
Bageranet
>
Donostiako Ziberteka
>
Gastronomia
>
Betiko errezetak
]
|
|
 |
Euskal Herriko betiko errezetak
Euskal sukaldaritza klasikoaren testigantzak
Edorta Agirre
Kartoizko kaxa eta hitzaurrea liburuekin batera datozen arren ez dira irakurtzen, normalean. Nolanahi ere hau geurea dugula aprobetxatuz bazterrak astintzeko aukera biziki eskertzen diegu IRUTXULOkoei, maisuen magalean. "Zergatik bazterrak astindu?, bakea izan dezagun, behingoz", diosku behin ere busti ez den gizaki demokratikoak.
"Escualdun cocinera" (1864), "Cocinan icasteco liburua" (1889), "Osasuna, merketza ta yanaritzaz" (1931) eta Mokoroaren artikuluak argitaraz gero hasi ziren bazterrak astintzen genero honetako liburuen egile erdalzaleak: hortxe frogatua zen euskaraz ederki idatz zitekeela. Alferrik, ordea. Espainola edo frantsesa nahiago nahien, akaso izan dute: harrezkeroko euskal liburu (sukalde, jatetxe, jantoki, janari, aldizkari, artikulu, etiketa, iragarki...) gehienetan euskararik ez. Tristea, beraz, gaurdainoko panorama: euskal herritar izaki, lotsatu egiten gara geure izakeraz, geure euskalduntasunaz. Edo are tristeago erdarei diru gehiago ateratzen diegunez, etxekoa putzura botatzean lotsarik ez. Holakoxeak omen gara saltsatxo honetan. Komunikabideetan ergelkeriak ia bakarrik esateko balio digu euskarak.
Zazpi herrialdeetan erroturiko sukaldari itzaltsuok menderatzen dituzten betiko jaki ezagunak, maisu lanak, espero bezala bildu ditu IRUTXULOk hemen, honen toki txikian euskal errealitateaz eman daitekeen ikuspegirik zehatzena eskainiz, Bilbondoko arabar Lautada zurrunetik Basaburua zuberotar magikoraino, IRUTXULOkoak hautematen diren Lohizuneko itsas bazter leunetik, Baztan epel eta Estellerri gorrian barrena Ebroren ertz tinkoraino iritsi direlako, hamalau apostolu erakargarri finkaturik: hortxe biltzen dira arragoa gabeko sukaldaritza klasiko honen testigantzazko altxorrak.
Euskal Herriko sukaldaritzaren eta euskararen bereizgarria bestelakoa da, ukiezinean oinarritzen baita: mendetan zehar (Finis terrae edo Lurraren bukaera haren bila, erromes, sendagile, lapur, maltzur, apaiz, jauntxo, perratzaile) bertatik pasa diren herrialde askotako bidaztiek utziriko aztarnari heldu eta gure zorroan sartzea izan dugu trebezia, azkenean egile-eskubiderik ordaindu gabe geure batasuna osatzeko: nork esango luke Tolosako babarrunak, arrozkoletxea, Ezpeletako piperrada, marmitakoa, Elizondoko txokolatea, "gureak" ez direnik? (Zeinek bermatuko padera, txipiroia, labana, ahatea eta beste hamaikatxo erdaretatik jaso ez ditugunik?). Horiek gabe, ordea, otordua dezente murriztuta egokituko litzaiguke.
Arzak irakasleak dioenez, kultura handiei atxikita agertzen dira sukaldaritza handiak. Oteiza irakasleak dioenez, gure historia Historiaurrea izan delako (tontamente, 30.000 urte inguru bete ditugu hementxe euskaldunok, zeharo agrafo: analfabeto, arerioen arabera) datza hemen kultura handia: horri dagokio euskal sukaldaritza (mediterraniarra, horiexen esanetan). Aurrerantzean, kontua izango da bahea behar bezain estu-zabal edo eskuzabal erabiltzea, gerora ere bertako sukaldaritza izan dezagun. Euskal sukaldaritza, alegia
O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O
|
|