XIX mendean baxurako arrantzan aritzen ziren patroientzat funtsezkoa zen untzian azkar ibiltzea. Arrain-sardara lehenengo iristea ez zen txantxetako kontua izaten. Han traina izeneko sarea bota (hortik dator traineru izena), eta arraiak ziztu batean harrapatu behar izaten ziren. Porturatutako lehenengo traineruak prezio onenak lortzen zituen, noski.
Arrantzarako traineruak 1916ra arte erabili ziren estropadetan. Urte hartan Vicente Olazabal mutrikuarrak lehiarako lehen traineru arina egin zuen getariarrentzat. Traineru hark 400 kiloko pisua zuen, eta Golondrina izena zuen.
Traineruak arintzeko lasterketa
1920ko hamarkadatik aurrera, baporeek traineruen lekua hartu zuten arrantza munduan. Ordutik hona, traineruak estropadetarako besterik ez dira erabili.
Pixkanaka, traineruak zabaleran eta pisuan gutxitzen joan ziren. Aldatu ez den ezaugarri bakarra traineruen luzera da: 12 metroko eslora.
1944an Pedreñakoek lau milimetroko lodiera zuen Gineako egurra erabili zuten Cantabria trainerua egiteko. 165 kiloko pisua izan arren, ez zen oso egonkorra itsaso txarrean.
1925-1950 urte bitartean Eusebio Lazkano untzigile getariarrak egin zituen txapelketarako traineru gehienak. Araudia ez zen batere zehatza garai haietan, eta pisua gutxitzearren, betiko traineruaren irudiarekin bat ez zetozen hainbat untzi egin ziren.
Arazoaz jabetuta, estropadetako antolatzaileek arraunlariak pisu eta diseinu bereko traineruetan aritzera behartzen hasi ziren.
Kontxako Banderan neurri hau 1957an ezarri zen lehen aldiz, eta araudiak 1970era arte iraun zuen.
Traineruak egiteko era, ordea, ez da gehiegi aldatu duela gutxi arte. Iraultza azken bost urteotan etorri da: zuntzezko traineruek untziak egiteko era tradizionala erabat astindu dute.
Jose Luis Korta izan zen, oriotarrekin, 1994an zuntzezko trainerua goi mailako estropadetan erabiltzen lehena. Cuesta untzigile galiziarraren traineruarekin, emaitza onak lortzen hasi zen eztabaida bizien artean. Garai batean, itsaso harroan, zuntzezko traineruak ez ziren oso egonkorrak. Gaur egun edozein egoeratan erabiltzen dira.
San Pedro egurrezkoarekin
Egun San Pedro da egurrezko traineruan aritzen den talde bakarra. Juan Carlos Fontan arotza da, eta bere traineruak onenak izan dira azken denboraldietan, zuntza heldu aurretik. Oraindik ere garaipenak lortzen jarraitzen du San Pedrok egurrezko untziekin.
(1999ko irailean argitaratua)