Luis Carril
Patroi donostiarrak Munduko desafiorik handiena deitutako estropadan Ondarroako traineruari irabazi zion, 1890eko abenduaren 2an.
Donostiarrek eta ondarrutarrek Lekeitiotik Getariako San Anton mendira bitarteko distantzia egin behar zuten. Carrilek kostaldetik hurbileneko kalea aukeratu zuen, aditu guztien iritziaren kontra. Dena den, Anbrosio Bedialaunietak gidatutako ondarrutarrak atzean utzi zituen. Carril heroia bailitzan hartu zuten Donostian.
1892ko urriaren 19an ekaitza izugarri batek itsasoan harrapatu, eta Carril eta bere traineruko bederatzi gizonak itota hil ziren. Carrilek 1890eko estropada besterik ez zuen irabazi, baina haren izena donostiarren oroimenean geratu da. Argazkian, bere traineruko arraunlariez inguratuta, Luis Carril.
Batista Oliden
Kontxan bandera gehien lortu duen arraunlaria Batista Oliden oriotarra da. Hamahiru bandera irabazi zituen: Oriorekin hamar, lehena 1940an eta azkena 1964an, Aginagarekin beste bi, eta Donostiako Esperanzarekin, beste bat.
Zaila izango da norbaitek gizon honek lortutako marka berdintzea. Hainbeste garaipen lortzeko sekretua zein zen galdetzen ziotenei hala erantzuten omen zien: ”Gogoz aritzen ginen, horixe da dena. Jo eta ke beti, arraunean. Ez dago beste sekreturik”. Txapela jantzita aritzen zen beti, beheko argazkian ikus daitekeen bezala. Eskubitik ezkerrera bigarrena da Oliden, hankeko postuan. Arraunlari handia izandakoa iaz hil zen, 78 urte zituela.
Francisco Zufiaurre Kiriko
Donostiari bandera gehien eman dizkion patroia; Donostiako traineruek irabazitako hamabi banderetatik bost Kirikok lortu baitzituen. 1867ko urtarrilaren 11n Getarian jaioa, arrantzalea zen Donostiako kaian. Luis Carril zenak bultzatu zuen patroi lanetan hastera.
Lehen bandera 1891n irabazi zuen getariarren aurkako lehian, 24 urte besterik ez zituela. Ondoren, 1892an, 1894an, 1918an eta 1920an nagusitu zen. Kirikoren garaian Kontxako estropadak 12 urtetan ez ziren jokatu. Urteotan etenik izan ez balitz, auskalo zenbat bandera irabaziko zituen.
Manuel Arrillaga Aita Manuel
Kontxak ezagutu duen patroirik handiena da. Bederatzi bandera irabazi zituen Manuel Arrillagak patroi lanetan, lehenengoa 1917an eta azkena 1935ean. Arraunlari zela, berriz, 1899an lortu zuen.
Bere agindupeko Aita Sanpedrokua untziak Kontxako sei bandera eskuratu zituen jarraian 1927tik 1932ra, egun indarrean dagoen errekorra ezarriz.
Aita Manuelek Kontxako bere azken bandera irabazi zuenetik 1989an San Pedrok berriz ere garaipera lortu zuen arte, 54 urte igaro ziren. Garaiko kroniken arabera, gizon apala zen oso, harrokeriarik gabea. Argazkian, 1935ean irabazitako bere azken banderari eusten ageri da Aita Manuel, traineruko arraunlariak ondoan dituela.
Juanito Lizarralde Altxerri
Juanito Lizarralde 70eko hamarkadan Oriok izandako berpizkundearen arduradun nagusia da. Oriok goitik behera menderatu zituen hamarkada horretako lehendabiziko urteak, akaso klubaren urterik onenak, Inazio Sarasuaren denboraldiekin batera (50eko hamarkada). Hamar bandera irabazi ditu Altxerrik Kontxan: lau arraunlari lanetan (horietako bat Aginagarekin 1957an) eta sei patroi bezala. Altxerrik arraun olinpikoko teknika ekarri zuen traineruetara, arraunlariei palada gutxiago eginaraziz, baina horietako bakoitza indartsuago eta luzeago. Bere semea, Miguel Angel, egungo Orioko arraunlaria da.
Lujanbiotarrak
Lujanbiotarrak ez dira nolanahiko arraunlari-familia. Aitona Balentinek, 1923an, garai bateko estropada eremuan 19 minutu eta 17 segunduko errekorra ezarri zuen Francisco Laboa Matxet patroiaren aginduetara.
Haren seme Jose Angel, berriz, Hondarribiko patroia izan zen 60. hamarkadaren bukaeran, eta bere aginduetara Hondarribiak lau bandera irabazi zituen segidan. Izatez sanjuandarra, Jose Angelek garaipenik onenak Hondarribiarekin lortu zituen; baina Pasai Donibane, Jaizkibel, Astillero, Fortuna eta Zarautzen ere aritu zen patroi lanetan.
80ko hamarkadan Juan Mari bilobak jarraipena eman zien lujanbiotarren garaipenei. Argazkian, ezkerretik eskubira, Juan Mari, Balentin eta Jose Angel.
Jose Luis Korta
Orioko Ortzaika auzoan jaio zen 1949an, eta aurtengoa bigarren denboraldia du Castron. Hamaika bandera irabazi ditu Kontxan, horietatik zazpi arraunlari bezala: hiru Oriorekin, beste hiru Kaikurekin eta bat Lasarte-Michelinekin. Prestatzaile eta patroi bezala, beste lau bandera poltsikoratu ditu, Orion. Jose Luis Korta izan zen, oriotarrekin, 1994an zuntzezko trainerua goi mailako estropadetan erabiltzen lehena. Egurrezko untziak erabiltzera ohitutako arraun munduan, erabaki hark zeresan handia eman zuen.
Nortasun handiko gizona, eztabaida askotan sartuta ibili da argi hitz egitea gustatzen zaiolako.
Txiki Larraņaga
Txiki Larraņaga iazko udazkenean hil zen kotxe istripuan eta Orioko traineruak bere izena darama aurten. Txikia zen eta oso pisu gutxikoa. Orioko arraun elkartean lan ikaragarria egin zuen, edozein untzi motatan patroi lanak egiteko gai baitzen. Hori gutxi balitz, azken bi urteotan Kontxako Bandera Orio aldera eraman zuen. Itsaso zakarra zegoenean, bere gorputz txikia ez zen oztopo izaten arraun luzeari tinko eutsi eta trainerua bide onetik eramateko. Aurten oriotarrek bandera lortu nahiko dute Txikiri eskaintzeko.
(1999ko irailean argitaratua Irutxulo aldizkariaren gehigarrian)