Badia emankorra
Pasaian arraunak erabateko lehentasuna du. Uda partean, batez ere, ez dago beste hizketagairik. Ahaztezinak dira mende honetako San Pedro eta San Juanen arteko lehiak. Egun bi talde arroxa daude: Koxtape eta Donibaneko Arraunlariak. Hiru talde gutxi direlakoan edo, laugarren bat ere bada, hau ere goi mailakoa: Trintxerpe. Hain eremu txikian hain arraunlari handiak izatea ez da erraza. Pasaitarren meritua da.
San Pedro
Libia traineruko talde titularra ez da iaztik gehiegi aldatu: bi gazte sartu dira, baina eutsi egin zaio traineruaren egiturari. Oso talde indartsua da. Denboraldiari lasaitasunez ekin diote sanpedrotarrek herriko ikurriņa irabazi ondoren. Tostetan gazteak dira nagusi, batez ere brankatik hurbilen dauden tokietan. Patroi lanetan Juan Carlos Fontanek darrai. Libia etxean egindako egurrezko trainerua bakarra da fribrazkoen artean, baina bistan denez emaitza onak ematen ditu.
Donibaneko Arraunlariak
Aldaketa garrantzitsuak egin dituzte aurten. Jose Mari Sistiaga da entrenatzaile berria, eta tostetan ere beste lau aldaketa izan dira. Joan den urtean ohorezko txandatik kanpo gelditu ziren arren, aurten itxaropentsu daude donibanetarrak. Elkartea 1991ean sortu zen eta 1995ean Kontxako bandera irabazi zuten. Kontxaz gain, Euskal Liga eta Euskadiko txapelketari begira egin dute aurten prestakuntza.
Pasai Donibane Koxtape
Puntako traineruen artean aldaketa gehien egindakoa taldea: arraunlari askok utzi duteErreka, eta horien ordez gazteak sartu dira. Taldearen batez besteko adina 22 urtekoa da, puntako traineruen artean gazteena. Iaz ez zen oso fin ibili Koxtape. Aurten, ordea, denboraldi hasiera ikusgarria egin du. Joseba Arbona patroiak ziurtasun handiz gidatu ohi du trainerua, itsasoa bare edo harro egon. Arraunlarien prestakuntzaile fisikoa Iņaki Arratibel da, Abraham Olano txirrindulariaren medikua.
Trintxerpe
1987an sortutako Illunbe Arraun Elkarteak historia laburra du, baina sasoi onean dabil azken urtoetan. Trintxerpeko taldea eskarmentu handiko arraunlariez osatuta dago. Duela zortzi urte hasi ziren egungo taldea eratzen, eta orain uzta jasotzen hasi dira. Koxtape taldetik etorritako arraunlariek izan dute zerikusirik hobekuntza horretan. Iaz Kontxan ohorezko txandan aritu ziren, eta aurten iazkoa errepikatu edo hobetu nahi dute.
(testu hau 1999ko irailean argitaratu zen)