|
|
|
 |
|
[
Bageranet
>
Donostiako Ziberteka
>
Estropadak
>
Pasadizoak
]
|
|
 |
Hamaika Pasadizo
Estropadetako bitxikeriak
- Donostiako traineruak Luis Carrilen aginduetara 1890an Ondarroaren kontra egindako estropada sona handikoa da. Estropada jokatu aurreko hilabetean, Donostiako arraunlariak egunero entrenatu ziren. Horren truke, eguneko ogerleko bana jasotzen zuten, eta Donostiako elkarteetan afaltzen zuten, gonbidatuta. Entrenamentuek fruitu ona eman zuten: desafioan donostiarrak nagusitu baitziren. Estropada jokatu eta oso denbora gutxira, Luis Carril eta bere koadrilako hainbat lagun ito egin ziren.
- 1911 eta 1920an untzi bakarra aritu zen ohorezko txandan. 1911n Getariak irabazi zuen, Orio ez baitzen aurkeztu. 1920an, berriz, Donostiak eraman zuen bandera San Juangoak ez zirelako Kontxara etorri. Epaileek hartutako erabakien aurka protesta egiteko modua izan zen bi kasuetan.
- 1910ean bi traineru besterik ez ziren lehiatu: Orio eta San Pedro. Oriotarrak nagusitu ziren.
- Estropadarik laburrenak 1894 eta 1939an jokatu ziren. Traineruek bi milia besterik ez zuten egin. Lehen urte hartan Donostia izan zen garaile, eta bigarrenean Orio.
- 1902-1908 bitartean traineruek ez zuten Kontxako bandera jokatu. Hiriko agintarien ustez, traineru estropadak *”lehia basatia ziren, Donostiaren dotoreziarekin bat ez zetorren ikuskizuna”*. Traineruen ordez, zazpi urtez balandro estropadak antolatu zituzten.
- 1929ra arte traineruetako arraunlari guztiek arrantzale izan behar zuten, traineruak ordezkatzen zuen herrian bizi eta lan egin behar zuten, ezinbestean. Arraunlariak derrigorrez herriko traineruan aritzera behartzen zituen araua 1960, urtera arte mantendu zen.
- 1935ean Aita Manuel San Pedroko patroi ospetsuak bederetzigarren bandera izabazi zuen Kontxan. Orio zen faborito nagusia, aurreko bi urteetan gailendu baitzen. Lehen ihardunaldian, ordea, oriotarren trainerua hondoratu egin zen.
- 1957-1970 bitartean arraun elkarteek KTEk jarritako traineruetan aritu behar izan zuten. Traineru guztiak berdinak ziren, pisu eta diseinuan. Ondorioz, denak baldintza beretan ureratzen ziren. 1969an egindako azken traineruak 300 kiloko pisua zuen, eta KTEk 48.000 pezeta ordaindu zituen trukean.
- Kontxan sartzeko kanporaketa 1975ean hasi zen jokatzen. 1982ra arte Hondarribian jokatu zen, eta ordutik hona Donostian bertan. Traineru donostiarren arteko kanporaketa 1985ean hasi zen egiten.
- Arraunketaren Olinpiada deritzon Kontxako banderan Joko Olinpikoetan domina lortutako gizon bakarra aritu izan da: Luis Mari Lasurtegi. Pasai Donibaneko semeak Fernando Climentekin zilarra lortu zuen Los Angelesen 1984an.
- Lehen kaleari San Pedro ibilbidea esaten diote sanpedrotarrek. Esana, ordea, ez dator bat errealitatearekin. Azken 15 urteotan San Pedro bost aldiz aritu da bertatik, Hondarribia beste hainbestetan eta Orio, lautan. Hori bai, lehen kaletik aritu direnean, sanpedrotarrek behin besterik ez dute bandera lortu: 1991n.
- Bost aldiz atzeratu dira estropadak itsasoa harro zegoela ikusita, eta bost aldietan bigarren ihardunaldian. 1923an eta 1998an bi aldiz atzeratu zen bigarren ihardunaldia. 1957, 69 eta 72an ere astegunez jokatu zen estropada. Traineruen arteko iskanbilak medio, 1983an bi igandeetako estropadak atzeratu ziren.
- Iaz Pasaiako hiru untzi ohorezko txandan aritu ziren elkarrekin: San Pedro, Trintxerpe eta Koxtape. Pasaitarrak Oriorekin lehiatu ziren bigarren igandean. Egun horretako lehen txandan, gainera, Donibaneko Arraunlariak trainerua aritu zen.
- Balizak kokatzeko zazpi pertsona aritzen dira lanean, besteak beste bi topografo. Kontxan eta Igeldon aritzen dira, kaleen zabalera eta estropada eremuaren luzera neurtzen. Gutxi gora behera 20 bat zentimetrotan erratu daitezkeela uste da.
(1999ko irailean argitaratua)
O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O
|
|