BageraNet BageraNet
Ziberteka

Gora Estropadak

Artikulua Palmaresa
Artikulua Historia osoa
Artikulua Pertsonaiak
Artikulua Untzien Bilakaera
Artikulua Pasadizoak
Artikulua Donostia
Artikulua Pasaia
Artikulua Orio
Artikulua Estropada Eremua
Artikulua Ezaugarri Fisikoak
Artikulua Ametsetako Trainerua
Jaso ezazu
Bageranet Albistegia
posta elektronikoz


Irutxuloko Hitza
  BAGERA    ZIBERTEKA    IRUTXULO    GAZTEZULO    ALBISTEAK    LOTURAK    NON ZER 
 [ Bageranet  >  Donostiako Ziberteka  >  Estropadak  >  Orio ]

Oriotarrak eta Estropadak

Hori festa hori!, Oriok irabaziz gero

Oriotarrak
Oriotarrak

1998ko bandera irabazita

Oriok XX. mendearen hasiera Donostiako estropada irabazi eta Kontxako bere lehen bandera eskuratuz ospatu zuen, 1901 urtean, Benito Lertxundik famatu egin zituen bertsoetako balea hura harrapatu zuten urte berean. Mende bukaera ere Donostiako estropada irabaziz ospatu nahi dute oriotarrek.

Horrela gertatuz gero oriotarren 30. bandera litzateke eta segidan irabazitako laugarrena. San Pedrok 1927tik 1932ra bitartean 6 bandera segidan irabazita jarritako marka izugarria dardarka jarriko litzateke. Markak aipatuta, Oriok ere badu berea: mende honetako hamarkada guztietan irabazi du Kontxako bandera bat, gutxienez.

Aurten oso koadrila indartsua du Oriok eta sekula baino oriotarragoa. Iazko taldetik baja dira Patxi Frances donostiarra, Etxabe zumaiarra eta Urkizu ondarrutarra. Horiek ordezkatzeko Agustin Mujika, Santi Zabaleta eta Jon Salsamendi oriotar beteranoak sartu dira traineruan. Ordezkatzen lan zailagoa izango dute Joseba Ostolaza eta Jesus Mari Garmendia patroiek, bete beharreko hutsune handia Txikirena baita, iazko denboraldia bukatu berritan zoritxarreko istripu batean hildako patroi txiki-handia.

Gainontzean lehengo urtean ia estropada guztiak irabazitako koadrila bera du Oriok: Altxerri, Txabola, Urbieta, Iriondo, Goņi, bi Sarasuatarrak, Aizperro, Etxeberria, Redondo, Gaztaņazpi, Odriozola, Puertas eta Orbaņanos. Eta horiek gobernatzen iaz Korta ordezkatzera etorritako Tito Mancilla; prestaketa fisikoan Rafa G. Txabarriren laguntzarekin. Hau ere bitxikerien artean jarriko dugu; izan ere Zarautz, Getaria, Zumaia eta Castron oriotarrak baitaude entrenatzaile.

Aurtengo denboraldi hasiera ez dute ona egin, nahiz eta arraun olinpikoan azken urteotako maila onari eutsi eta Espainiako Txapelketa irabazi Sevillan, seigarren aldiz segidan; traineriletan ez zituzten helburuak bete eta ez zuten txapelketa bakarra ere eskuratu. Traineruetan ere ez ziren ondo hasi, Kontxako D.V. sarian bigarren ziaboga estriborretik hartu eta, azkenak geldituta, ekin behar izan zioten Euskal Ligari. Baina, urtero bezala, denboraldia Kontxakoari begira prestatu dute eta iraileko lehen igandean oriotarrak irabaztera aterako dira.

Oriotarrak irabaztera ateratzen baitira beti. Horregatik izango dituzte, noski, irabaziak Kontxako 29 bandera. Irabazteko grina horri lotu ohi dio hainbatek, baita ere, oriotarrek duten historia bitxiko hainbat gertaera: 1935eko estropadan Santa Clara uhartearen parean Orioko trainerua hondora joan zeneko hartan mutilek berek hondoratu omen zutelakoa, traineruan zuloa eginda, atzetik zihoazelako eta estropada ez galtzeagatik; edo arrazoi horrexegatik, trainerua Aginagaren izenean atera eta bandera irabazi zutenekoa; edo apustuekin lotutako beste hainbat histori. Oriotarrek duten goitizenak ere, ijitoak, horrekin zerikusia izango du, noski.

Ondorengoa Alde Zaharreko jatetxe batean gertatu zen, estropada egun batean: jangelan bi arraunlari koadrila bazkaltzen: batekoak aupaka eta kantari, pozik; beste koadrilakoak, berriz, isilik, muturrak luze. Zerbitzen zebilen neskak, halako batean, galdera egin zien pozik zeudenei: ”zer, estropa irabazi, ezta?”. Eta haiek: “Guk, keba, seigarren ailatu gea”. Neskak, orduan: ”Horiek, hortaz, azkenak izan dira?”. “Ba, ez, bigarren sartu dira, baina horiek oriotarrak dira”.

Iraileko bigarren igandera arte ez dugu jakingo bandera nora joango den, baina gauza bat seguru: baietz Portaletako apustuetan gehien entzungo den izena Orio izan. Mila duro baietz!

(testu hau 1999ko irailean argitaratu zen)

O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O
  Hasierara   hasierara   

Bagera.net © Bagera, Donostiako Euskaltzaleen Elkartea
Katalina Eleizegi 36, behea; Donostia 20009 | Telefonoa: 943467181 - Faxa: 943446532
e-posta: idazkaritza@bagera.net | Webgune honi buruz: Kontsultak - Kredituak
Orri honen kokapena: http://www.bagera.net/Bageranet/Ziberteka/Estropadak/Orio

Estropadak © Irutxulo, KTE Donostiako Kultur eta Turismo Ekintzetxearen laguntzarekin.