BageraNet BageraNet
Ziberteka

Gora Estropadak

Artikulua Palmaresa
Artikulua Historia osoa
Artikulua Pertsonaiak
Artikulua Untzien Bilakaera
Artikulua Pasadizoak
Artikulua Donostia
Artikulua Pasaia
Artikulua Orio
Artikulua Estropada Eremua
Artikulua Ezaugarri Fisikoak
Artikulua Ametsetako Trainerua
Jaso ezazu
Bageranet Albistegia
posta elektronikoz


Irutxuloko Hitza
  BAGERA    ZIBERTEKA    IRUTXULO    GAZTEZULO    ALBISTEAK    LOTURAK    NON ZER 
 [ Bageranet  >  Donostiako Ziberteka  >  Estropadak  >  Historia osoa ]

120 urteko historia



Beste garai bateko trainerua

Kontxan irabazitako bandera omen dute gordeta Ondarroako arrantzaleen kofradian, 1865eko abuztuaren 3an irabazia. Ez dago, baina, estropada hari buruzko berririk. Datu historikoen arabera, Kontxako estropada 1879ko irailaren lehen igandean jokatu zen lehenengo aldiz. 120 urteotan 96 bandera jokatu dira, eta gutxi dira, oso gutxi, bandera etxeratzea lortu duten taldeak: 17 besterik ez. Arraunaren historian lekutxoa lortzeko Kontxako bandera irabaztea ezinbestekoa da. Horregatik, urtero iraileko lehen bi igandeetan, ´Arraunaren olinpiadaª jokatzen da Donostian.

1971n lehen aldiz

1871ko irailaren 22an Kontxako Banderaren hazia erein zen. Urte hartan, Hondarribia eta Pasaiak elkarren kontrako desafioa jokatu zuten. Hondarribiatik Donostiaraino, pasaitar eta hondarribitarrak nor baino nor aritu ziren, eta pasaitarrak nagusitu.

1879an, Donostiako Udalak bi traineru horiek deitu zituen herritarren artean hain ikusmin handia sortutako estropada hura Donostian jokatzeko. Horrenbestez, Kontxako lehen bandera jokatu zen. Pasaitarrak nagusitu ziren berriro, Avante izeneko traineruarekin, patroi Ramon Goikoetxea zutela, 1871ko bera. Desafio hauetan sortu ziren mitoak, heroiak eta kondaira.

XIX mendeko Kontxako estropadek donostiar zaporea dute. Hiriburuko traineruen palmareseko hamabi banderetatik zazpi, XX. mendea baino lehen lortuak dira.

Orio beti Orio

Kontxako XX. mendeko historian, Orio izan da hamarkada guztietan gutxienez bandera bat irabazi duen herri bakarra. Oriok lehen bandera 1901ean eskuratu zuen. Donostiak beste lau bandera irabazi zituen XX. mendeko lehen bi hamarkadetan, txopan Kiriko eta Soterotxo zirela. 1950era arte, bandera ez zen berriro Donostian geratuko, eta ordutik hona, sekula ez.

1920ko hamarkadan San Pedroren nagusitasuna erabatekoa izan zen. Manuel Arrillaga, Aita Manuel, patroi mitikoaren urteak izan ziren. Kontxan eta euskal arraunketa munduan sekula izan den izenik handiena. 1927tik 1932ra sei bandera irabazi zituen jarraian. Aurretik beste bi zituen irabaziak (San Pedro eta Union Pasaiarekin) eta beste bat 1935ean.

San Pedrok azken urteotan erakutsitako indarra ikusita gezurra dirudien arren, Juan Carlos Fontan, gaur egungo patroia, da Aita Manuelen oinordeko zuzena. Izan ere, 54 urte igaro ziren Aita Manuelen azken banderatik 1989an San Pedro berriro gailendu zen arte.

Pedreña, Orio eta Hondarribia

Gerra zibilak Kontxako estropadak eten egin zituen. Guda bukatuta, 1939an, Kontxako Bandera jokatu zen berriro, eta ordutik hona ez da etenik izan. Gerraosteko urteotan irabazle ugari izan ziren. Guztien artetik, dena den, Pedreñako Castilla untzia aipatu behar da. Jose Bedia patroiaren aginduetara, kantabriarrak hiru aldiz nagusitu ziren 1940ko hamarkadan. Pedreñakoek beren laugarren eta azken bandera 1976an irabazi zuten.

Orioko untziak, Inazio Sarasua txopan zuela, bost bandera irabazi zituen 50eko hamarkadan. Oriotarren nagusitasuna erabatekoa izan zen garai hartan. Hondarribiako urrezko urteak Kontxan 1965ean hasi ziren, Kantauriko desafioa deitutakoan Pedreñako Castilla untzia menderatu eta gero. Lau bandera irabazi zituzten jarraian Jose Angel Lujanbioren gizonek, Aita Manuelen agindupeko San Pedrok ezarritako errekorretik bi garaipenera geratuz. Aurten Oriok irabaziz gero, berdindu egingo luke hondarribitarren marka.

Oriotik Bizkaiara

Orio Arraunketa Olinpiko Kluba 1965ean sortu zen banku mugikorreko arrauna bultzatzeko. Juan Antonio Lizarralde Altxerri patroi zutela, oriotarrek bost bandera irabazi zituzten 70eko hamarkadan.

Hori kolorekoek arraunketa-teknika erabat aldatu zuten. Izan ere, banku mugikorreko boga sakon eta luzea ekarri zuten traineru mundura. Zertan datzan aldaketa? Palada gutxiago eman bai, baina horietako bakoitza indartsuago eta luzeago egitea. Oriotarrek, ordura arte inork ez bezala, traineruan etzanda bukatu ohi zuten palada.

Oriotar iraultzaileen nagusitasunari, gipuzkoarrek Kontxan inoiz izandako urte bolada txarrenak jarraitu zion. 1976ko bandera Pedreñak eskuratu zuen. 1977-1982 bitartean, berriz, Santurtzi eta Kaiku bizkaitarrek sei bandera irabazi zituzten jarraian. Historian lehen aldiz, gipuzkoarrak zazpi urtez bandera etxeratu ezinik geratu ziren. Oriok berreskuratu zuen Gipuzkoarentzat 1983an. Ordutik hona, gipuzkoarrek bandera guztiak irabazi dituzte.

(1999an argitaratua)

O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O
  Hasierara   hasierara   

Bagera.net © Bagera, Donostiako Euskaltzaleen Elkartea
Katalina Eleizegi 36, behea; Donostia 20009 | Telefonoa: 943467181 - Faxa: 943446532
e-posta: idazkaritza@bagera.net | Webgune honi buruz: Kontsultak - Kredituak
Orri honen kokapena: http://www.bagera.net/Bageranet/Ziberteka/Estropadak/Historia

Estropadak © Irutxulo, KTE Donostiako Kultur eta Turismo Ekintzetxearen laguntzarekin.