|
|
|
 |
|
[
Bageranet
>
Donostiako Ziberteka
>
Estropadak
]
|
|
 |
Kontxako Estropadak
Irailak badu Donostiako egutegian argi eta usain berezi bat: Kontxako Estropadek ematen dutena. Horrela, urtez urte, koloretako uholde paregabe batek Donostiako kaleak estaltzen ditu iraileko lehen bi igandeetan. Eta bi egun horietan gure hiriko karrika eta plazek horia, arrosa, urdina, txuria, berdea eta abarren tonalidadea hartzen dute txaranga, txistu eta alboken soinuekin nahastuaz.
120 urte baino gehiago igaro dira, eta ez dira gutxi, 1879an Pasaiako Avante traineruak lehen bandera irabazi zuenetik eta ordutik, urtero-urtero (ezinbesteko salbuespenak salbuespen) zorioneko uneak bizi izan dituzte traineru ezberdinetako arraunlariek bandera hori jasotzeko orduan.
Gaur egun Arraunketaren Olinpiadaren maila duten estropada hauek jatorri xumeagoa izan zuten. Joan den mendean, eta jaietako egitarauaren osagarri gisa lehen estropada gauzatu zen, orduan desafioetan, eta dirua tartean zelarik, aritzen ziren arrantzarako traineruak erabiliz. Lehen unetik sekulako arrakasta izan zuen estropada honek eta ordutik hona, mendearen hasierako urte batzuk kenduta, Donostia eta irailaren ikurra izan dira guztion aurrean.
Gaur egun hitz handirik ez da esan behar Kontxako Estropada hauei buruz. Ikusi besterik ez du ezagutzen ez duen batek Donostiako Alde Zaharra, kaia, Urgull mendia eta inguru guztiak harrapatzen dituen jai giro alai eta lehiatsua, algaratsu eta tematsua aldi berean, lehiakideen urduritasuna ikusleen zalapartarekin nahasten duena.
Eta egun, orain mende bat bezala, Iraileko Jaiak, Euskal Jai hauen egitarauaren parte garrantzizkoa osatzen dute Estropada hauek, gure hiriaren aberastasun kultural aberats eta mardularen erakusgarri.
Irutxulo aldizkariak gehigarri bereziak atera izan ditu 1999. eta 2000. urteetako estropaden inguruan, KTE Donostiako Kultur eta Turismo Ekintzetxearen laguntzarekin. Gehigarri horietan bildutako testu batzuen bilduma daukazu hemen.
O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O
|
|