Euskaltzale familia donostiar ezagun baten barruan jaio zen 1950eko urriaren 14an. Aita (ikus Irutxulo 127) euskaltzaina, Argia aldizkariko antolatzailea eta Santo Tomas Lizeoa sortu zuenetako bat izan zuen; ama, berriz, Elbira Zipitriaren laguntzaile... Ikasketak Lizeoan egin zituen, eta han lagun izan zituen Antton Santamaria, Rafa Egiguren eta beste zenbait. Irakasle Rikardo Arregi izan zuten bolada batean, eta haren eragina, Ramon Saizarbitoriarekin batera, erabakitzaile izan zen gazte talde harentzat: Zeruko Argia-ko "Gazte naiz" sailaren "Hemen gazteagoak" ataltxoan idazten hasi ziren, kulturaz, politikaz, eta abar. Antzerkigintzan ere sartu ziren (Artzaiak taldea), eta Gabriel Aresti ezagutu zuten. Aipatutakoez gain, Kintxo Sarasola, Amaia Lasa, Mikel Mendizabal, Juan Luis Goenaga, Ixiar Mitxelena, Tomas Arozena, Karmele Guruzeaga, Luis Gorrotxategi eta abar luzea izan zen talde hartan, agian egun bizirik den euskaltzale belaunaldi oparo, eragile eta borrokalariena osatzeraino.
Arkitektura ikastera Bartzelonara joan zen Joxemi, baina bigarren urtean utzi eta etxera itzuli zen. Soldadutza amaituta, lanean hasi zen Donostian lehenbizi, Ordizian gero. Garai hartan, bizikletan egiten omen zuen joan-etorria Donostiatik haraino. Berehala, fotokonposizio lanetan hasi zen Donostian, Zeruko Argia-rentzat lanak egiten zituen tailerrean hain zuzen. Pilar Iparragirre, Elixabete Garmendia, Rotu Astrain eta Joxe Mari Ostolazaren garaiak ziren, eta azken honen eskaintzari jaramon eginda, 1977an sartu zen Joxemi Zeruko Argia-n. Berehala, Jon Barandiaran ere sartu zen, eta 1980an Ostolazak kaputxinoekin izandako negoziaketa luzeen ondorioz aldizkaria erostea lortu zuen, eta horrela sortu zen gaur egungo Argia. Ostolazak eta Joxemik bakarka hartu zuten ardura guztia, batez ere diru kontuetan. Urte latzak pasa behar izan zituzten, alajainetan! Berehala inguratu ziren Josu Landa, Pello Zubiria eta Iñaki Uria; geroago, Pablo Sastre eta Mikel Antza. Informatikaren aldetik, erabakitzaile izan zen Sime Barroso eta Juanjo de Marcok emandako laguntza. Aldizkaria goitik behera eraberritu, diru zuloak nolabait estali (laguntza publikorik handirik gabe, gehienetan!) eta aurrera eramatea lortu zuen talde horrek. Hortik sortuko ziren, gainera, Antza inprimategia eta Apika informatika enpresa, biak Argia-ren produkzio moldeak hobetu eta merkeagotzeko sortuak.
Astekaria bere buruaren jabe izan bezain laster, 1986rako euskarazko egunkariaren proiektua aurkeztu zuen Zumalabek. Mahai inguru bakarti haietan sineskaitz entzun izan genion behin eta berriro egunkariaren beharra eta ahala; eremu idorrean ereiten zirudien orduan, baina oker ginen... Lizardik amestu zuen euskal egunerokoa bizindartu zuen Zumalaberen kemenak, Egunkaria kaleratu arteraino, baita, ziurrrenik, bere osasuna akitu arteraino ere. Nork jakin, eskuetan dugun Irutxulo hau egon ere egongo ote zen, Zumalabe bide zuzenaren arrastoaz aurretiaz jabetu izan ez balitz...
Gaitzak eraman zuen, gazteegi, 1993ko urtarrilaren 12an. Berarekin amaitzea du ohore "Donostiar haien garaia..." sailak.