Usurbildarra zen jaiotzez, baina Igeldora etorria igeltsero, eta handik gero Donostiara. Lehorrekoa izanagatik, marinel aparta. Aurreko batean, 51. alean, garai bateko batelero zaharrez aritu ginen; Periko Bixar, besteak beste.
Batelero horietako bat genuen Ximon Zubiria. Gizaseme sendo eta iharra, azal beltzaran eta hatzapar handikoa. Jenioz ere ez zen oso motela izango: Egosgogorra esaten zioten goitizenez.
Neguan askotan ez zuten lan handirik izaten bateleroek. Halakoetan, ez zen zaila txakur handi baten truke batela alokatu eta, bazter joka ibili ondoren, ordubetera branka dena hondatuta itzultzea kaira. Gainerako bateleroei (Aitona Paki edo Yeba) bai, baina Ximon Zubiriari halakorik? Toletea puskatu edo, okerrago, lehorrera salto egin eta belearena eginda ordaindu gabe itzuri egitea? Kontu Ximonen mendekua gero!
Lau batel zeuzkan: Jai-Alai, Beti-Jai, Fiesta Alegre eta Fregoli. Denak arraunekoak, noski.
Jenio txarrak ez zion, hala ere, aurreratasunari ezer kentzen: Ximon izan zen jende garraioan lehen baporea ekarri zuena Donostiara. Jakina, San Simon jarri zion hari izena. Hobe santuaren babesa bilatzea, Ximonek ez bestek ez baitzion desastre hari probetxurik aterako. Motorraren eztul, doministiku eta marrantak Ondarretatik ere entzuten omen ziren. Maiz, eskuarekin lagundu behar izaten omen zioten; izkutuko lekuan behar bezalako biradera jarria zioten, noski.
Bi semerekin ibiltzen zen Ximon baporean: Gabriel lemazain eta Tomas laguntzaile. Motorra eztulka hasi orduko, eta baporea motelegi zihoala ohartzen baziren, Gabrielek: «Ez goaz aguro, bestela señorak igual mariatu egingo dira ta!»; eta aitari isilka: «Ez al diyozute erain biar?».
Halakoxeak izaten ziren haien ibilerak. Geroztik, beste bi bapore ere izan zituen Ximon Zubiriak: Danak Bat eta Torpedero izenekoak.