BageraNet BageraNet
Ziberteka

Gora S-Z

Artikulua Sanchez, Cayetano
Artikulua Sansinenea, Juan Migel
Artikulua Santesteban Maisuba
Artikulua Sarriegi, Raimundo
Artikulua Soka-muturrekoak
Artikulua Soroa, Marcelino
Artikulua Sorozabal, Pablo
Artikulua Uranga, Juan Ignacio
Artikulua Urdanpilleta, Gabino
Artikulua Urkixo, Julio
Artikulua Urreta, Migel
Artikulua Usandizaga, Jose Maria
Artikulua Yoldi, Paco
Artikulua Zatarain, Anbrosio
Artikulua Zipitria, Elbira
Artikulua Zubimendi, Joseba
Artikulua Zubiria, Ximon
Artikulua Zugasti, Anizeto
Artikulua Zumalabe, Jose Migel
Artikulua Zumalabe, Joxemi
Jaso ezazu
Bageranet Albistegia
posta elektronikoz


Irutxuloko Hitza
  BAGERA    ZIBERTEKA    IRUTXULO    GAZTEZULO    ALBISTEAK    LOTURAK    NON ZER 
 [ Bageranet  >  Donostiako Ziberteka  >  Donostiar Haiek  >  S-Z  >  Soka-muturrekoak ]

Soka-muturrekoak

Gertakari batek bereizten ditu Irutxulo zaharra eta Donostia berria: 1902ko urtarrilaren 14an udalak soka-muturra debekatu zuen. Orain arte, orrialde honetan izen-abizeneko donostiarrak agertu izan ditugu; soka-muturrak, ordea, bere lekua ondo merezia du, hainbesterainoko indarra izan baitzuen Irutxulo zahar hartan...

Noiz eta nola sortu ote zen idi korritzeko ohitura ez dago garbi; aspaldidanik sortua dela, ordea, bai. 1812an soldadu ingeles eta portugesek Donostian piztutako suak guztiz itzali gabe zirela, harri erori eta etxe hondakinen artean idia korritu omen zen hurrengo urtean. Ez zuten saltzeko garai hartako donostiarrek!

Soka-muturrari lotutako lehen idia San Sebastian egunean goizean goiz korritzen zen Lasala plazan, eta Inaute astearte arratsean azkena Konstituzio plazan. Bi egun horien bitartean igandero-igandero korritzen zen soka-muturra: goizean idi bana, eguerdian bina, eta hiruna arratsaldean. Toriloa Iñigo kalean izaten zen, lehengo arraindegi zaharraren parean. Handik plazaraino eramango zuten sokatik tiraka, zeharka beste kaleren batetik sartzen ez bazen behintzat. Jakina, gazte jendeak besterik ez omen zuen nahi izaten: behar ez zeneko kale horietakoren batera ihes egitea idiak; karrera egitea esaten zioten horri.

Idi korritzea ez zen nolanahi hasten; herri festa handi guztiek bezala, bazituen bere erritoak. Lehena, Juanitoren ibilaldia. Juanito hori alkatetzako etxezaina zen. Galoiez ondo horniturik, festaren jabea bera balitz bezala, hantxe aterako zen zeremonia guztiekin, agintarien baimena eskutan zuelarik, udaletxetik toriloraino. Kontzejuko arkupetik atera orduko, Basurkoren atabalak kolpe bakarra joko zuen, Iriyarena piezaren hasiera alegia. Plaza jendez gainezka zegoela, izugarria izaten omen zen musika horrek pizten zuen eromena.

Bitartean, zain egon beharra eta, ez zen harritzekoa horrelako zerbait gertatzea: jendea kaletik balkoi batera begira, gero eta jende gehiago. Balkoian garrasi-negarra nagusi. Behetik, jendea ere oihu eta keinuka. Halako batean, gizon bat ageri balkoiean makil batekin; burni tartean makilarekin jardun ondoren, bukatu dira negarrak; behetik, jendea txaloka. Zer gertatu ote da? Betikoa: umeak burua balkoiko burni tartetik sartu, eta gero ezin atera...

Emen dek! Hauxe da Irutxulo zahar hartako azken garrasia. Idiaren aurretik zetorren samalda, plazan trumilka sartzen zenean besterik ez zen entzuten. Emen dek! eta hantxe azalduko zen «lehen harakina»; eta atzetik, sokari tiraka, era guztietako gazteak. Orduko donostiarrak bi gauzatan berdintzen omen ziren denak: Polloera egin beharreko azken txangoan, eta... soka-muturraren aurrean! Emen dek! eta hantxe ikusiko ziren zilipurdika bandako musikoak, soldaduak, baita apaizak ere. Emen dek! danbolinteruak bigarren Iriyarenari ekiten zion arte, idia ostera torilora eramatekoa. Lan zailagoa izaten zen hura, eta Toloxa «azken harakinak» bere iaiotasuna erakutsi behar izaten zuen.

Donostiarren idi festak ospe handia izan behar zuen, baita Donostiatik kanpora ere. Ondoren azalduko dugun gertakariak, behintzat, hala erakusten digu.

Behin batean, Julian Gayarre tenore erronkariarra Londoneko Covent-Garden antzokian Freitschuts opera kantatzen ari zen; 1880 inguruan izan behar zuen. Isil-ehiztariak deabruari eskainitako balak funditzen dituen pasartean, kantuaren beroan donostiarren oihuaz gogoratu zen, eta bat-batean Emen dek! atera zitzaion Gayarreri. Entzuleen artean Martin Peña donostiarra fortunatu, baita butakatik erantzun ere, ahal zuen indarrik handienaz: «Soka-muturra! Eup!».

Festa kentzeko udalak hartutako erabakiak sekulako istiluak ekarri zituen. Aurrekoan esan genuen bezala, 1902ko urtarrilaren 14an izan zen hori. Kale-argi, egunkari eta edifizio publiko bakarra ez zen gelditu harrikada galantik jaso gabe. Gipuzkoako Plazan indar armatuaren hiru deskarga izan ziren; Gasteizko eta Nafarroako goardia zibilen eta Gipuzkoako mikeleteen kontzentrazioa izan zen. Valentziako erregimentua kalera atera zen, angarila eta guzti, eta Siziliakoa akoartelatuta gelditu zen gauzak baretu bitartean.

Hamasei zinegotzi izan ziren festaren kontra: Sebastian Matxinbarrena alkatea, Atxa, Bidaguren, Bizkarrondo, Resines, Navarro, Zaldua, Albisu, Elosegi, Ducloux, Goiburu, Comin, Arrese, Ibarra, Lertxundi eta Nerekan; bederatzi bakarrik festaren alde: Colmenares, Laffitte, Inziarte, Iraola, Gaminde, Gabilondo, Mendiluze, Arrillaga eta Arzelus.

Ez zen, zorionez, bestelako gaitzik izan. Colmenares, Eraso, Zalakain eta herriaren haserrea burutu zuten gizaseme bulartsuek zortzi egun egin zituzten kartzelan. Pikabea izeneko batek etorri behar izan zuen Bilbotik eta 26.000 pezetako bahitura jarri haiek kalera ateratzeko. Garai hartan dirutza hori ez zen, alajaina, hutsaren hurrengoa izango!

Horrelaxe bukatu zen desagertzear zegoen Donostia zahar hartako azken aztarna. Harresiak lurrarekin berdindu zituztenean ez baina, Irutxulo zaharra soka-muturrarekin batera joan zela esan daiteke.

O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O
  Hasierara   hasierara   

Bagera.net © Bagera, Donostiako Euskaltzaleen Elkartea
Katalina Eleizegi 36, behea; Donostia 20009 | Telefonoa: 943467181 - Faxa: 943446532
e-posta: idazkaritza@bagera.net | Webgune honi buruz: Kontsultak - Kredituak
Orri honen kokapena: http://www.bagera.net/Bageranet/Ziberteka/Donostiarrak/S-Z/Sokamuturra

Donostiar Haien Garaia: Irutxulo eta Gotzon Egia