Donostia zaharra, morallak bota aurrekoa alegia, berta-bertatik ezagutu zuen gizona dugu Jose Zapirain. Izen-abizen berekoa izanda, ez dugu nahastu behar Errenteriako Joxe Zapirain bertsolari famatuarekin. Gure Chapillo Bretxako plazan jaio zen; bere etxeak morallaren parean zetorren Santa Ana kalera begiratzen zuen. Harresiak 1863an bota ondoren, kale hori eta Zapirain jaiotako etxea bera ere galdu ziren betiko.
Gaztetan pilotari txukuna izan omen zen errebotean, Bretxako plazan errebotean ari izaten baitziren garai haietan. Ez zen, ordea, pilotari gisa nabarmenduko. Zapirain hizlari eta kontalari apartekoa izan omen zen; Donostia zaharreko kontu, ipuin eta kantu guztiak omen zekizkien.
Lanbidez zapatari izan zen bere bizitza guztian; Konstituzioko plazan izan zituen bere tailer-dendak. Udaletxea gaurko liburutegian zegoenean, bilerak bukatuta Zapirainen tailerra izaten omen zen zinegotzien berriketa leku.
Bilintxen lagun handia izan zen Zapirain. Elkarrekin ordu luzeak pasatzen omen zituzten txolartean, kontu zaharrak berritzen eta bertsotan. Bilintxen ibilera guztien berri zeukan Zapirainek, eta haren poema eta kantu gehienak buruz ikasiak zituen. Izan ere, bertso zaharrak buruan gordetzeko dohain paregabea omen zeukan Chapillok.
Lore-jokoak eta euskal festak Donostian antolatzen hasi orduko, Zapirain izan zen bertsolariak ekartzeko arduradun. Bertso saio mordoa antolatu eta zuzendu zuen, ez bakarrik Donostian, baizik Gipuzkoan, Nafarroan eta Lapurdin ere. Orduko bertsolari guzti-guztien adiskide eta lagun izan zen. Ikusi besterik ez dago aldameneko argazkia. Pello Errota eta Pedro Mari Otañorekin ageri da Zapirain Arrasaten 1896ko lore-jokoetan.
Zapirain hil zenean, 1914ko abuztuaren 27an, Jose Manuel Lujanbio Txirritak bertso hauek eskaini zizkion:
Aita Zapirain-i
| |
|
|
Gure aita Zapirain
euskaldun abilla,
arrokeri gabeko
zintzo ta umilla;
zan ibiltzen etzana
erriyeta billa,
gañera gizon ona
prestu ta i_illa,
Zeruaren erdiyan
gaur aurki dedilla.
|
Beti idukiko det
biyotzez goguan,
ta bere irudiya
albanu kolkuan;
bazekiyen zer nola
ibilli munduan,
argatik ipintzen det
aundiyen graduan,
noski Pello Mari-kin
gaur dago zeruan.
|