Aurreko bi asteetan orrialde honetan bertan agertutako Artolatar idazleen hirukotea osatzen du Rosariok: Ramonen alaba eta Peperen arreba zen.
Zein urtetan jaio eta hil zen inon jakiterik izan ez badugu ere, badakigu behintzak senide guztietan gazteena zela. Beraz, 1868 inguruan jaioa behar zuen.
Bere lehen poema Euskal-Erria aldizkarian argitaratu zuen 1889an Nere guitar-choari izenekoa. Geroztik, ia etengabe ikusi zuten argia bere poema eta bertsoek 1918. urtea bitartean.
Ez dira, agian, oso poema landuak izango; gai errexak, eta askotan erlijio girokoak aukeratzen zituen (Ama Birjinari poema asko idatzi zizkion, maiatzeko loreen gisara).
Garai haietan, ordea, emakume idazleak ez ziren asko, oso gutxi baizik. Rosario Artolak, bere apalean, familiatik zetorkion senari eutsi zion eta idazle izaten ausartu zen.
Rosario'ri
Pepe Artolak poematxo hau eskaini zion behin bere arrebari:
Gure arrebachua
polit egokiya
nescacha jakintsua
biziro aundiya,
guztiz liraņa eta
begiragarriya,
aingerua diruri
goitik etorriya.
Asko maite behar zuen Pepek arreba gazteagoa, bere alaba zaharrenari Rosario Isabel izena jarri baitzion.