Aitor Zabaleta Kortazar 1998ko abenduaren 8an hil zuten Madrilgo Vicente Calderon estadio aurrean. Zabaleta Atletiko Madril eta Realaren arteko UEFA txapelketako itzuliko partidua ikustera joan zen. 28 urteko ibaetarra Reala animatzera zihoan, “Izar” taldeko kideekin eta Veronica Olivenza neskalagunarekin egunpasa egitera. Bihotz erdi-erdian emandako labankada batek hilotz ekarri zuen Donostiara.
Urtebete pasatxo igaro da Aitor erahil zutenetik. Ordutik hona, zabaletatarrek eta Aitorren adiskideek ez dute lasai lo egiterik izan. Denak justizia eske ari dira, hilketa honetan parte hartu zuten guztiak zigortu daitezela eskatuz.
Izan ere, zabaletatarrek hilketa “aldez aurretik prestatu eta koordinatutako ekintza” izan zela defendatu dute hasieratik. Iritzi berekoak dira Intolerantziaren Aurka-ko Mugimendua taldea eta Reala, Madrilgo epaiketan herri akusazioaren ordezkari lanetan aritutakoak. Aku-sazio hau hainbat datu eta lekukotasunetan oinarritua dago. Epaiketan entzun eta ikusitakoek, neurri handi batean, zabaletatarren ustea berretsi dute.
Aldez aurretik prestatutako hilketa
Familia eta Herri Akusazioaren arabera, hauxe da gertaeren kronologia:
- 1998ko azaroaren 24an Reala eta Atletiko Madrilen arteko partidua jokatu zen Anoetan, eta bertara “Bastion 1903” taldeko kideak etorri ziren autobusez. Anoetatik ateratzerakoan autobusa harrikatua izan zen. Zenbait lekukoren arabera, Madrilerako bidean itzuleko partiduan “mendekua” hartzeaz hitz egin zen.
- Abenduaren 5ean Atle-tico Madril eta Athletic-en arteko partidua jokatu zen Vicente Calderon estadioan. Bertan Ricardo Guerra Cuadrado “Bastion 1903” taldeko beste kide batzuekin elkartu zen ekintzaren nondik norakoak prestatzeko. Bilbo-ko jarraitzaileek abenduaren 5ean Madrilen ahoz aho ibilitako zurrumurru baten berri eman zieten Realeko jarraitzaileei: “abenduaren 8an Madrilera joatekotan oso kontu handiz ibiltzeko, ultrak egun horretarako zerbait larria prestatzen ari zirelako”.
- Abenduaren 8an, eguerdi partean, Realeko jarraitzaileak Alcobendas-era heldu ziren. Bertatik poliziari deitu zioten, estadioraino babestuta joateko. Polizia patruila bakarrak babestuta, realzaleak estadio inguruko parkinera heldu ziren arratsaldeko 17.00ak aldera. Ondoren poliziak desagertu egin ziren.
- Behin estadio inguruan, Aitor Zabaleta eta Veronica Olivenza eta beraiekin zeuden realzaleek zein tabernetara joan zitezkeen galdetu zieten bi udaltzaini. Udaltzainek “El parador” tabernara bidali zituzten, toki hura Atletikoko ultren topalekua zela gauza jakina izan arren. Han, besteak beste, Ricardo Guerra Cuadrado eta Aitor Zabaletaren arteko liskarra gertatu zen, Guerrak Veronica erasotu zuelako. Saltzaile batek handik alde egiteko esan zien realzaleei, bertan arrisku larrian zeudelako.
- Aitor Zabaleta eta gainontzeko lagunak taberna ingurutik estadioratz ihesi eta babes eske abiatu ziren. Estadioko 6-8. atera zihoazela, hiru lekutatik eraso koordinatua jasan zuten. Orduntxe jaso zuen Aitorrek bihotzean labankada. Zabaleta abenduaren 9ko goizaldean zendu zen.
Hainbat lekukotasun garrantzitsu
Zabaletatarrek eta Herri Akusazioak gertaerok aldez aurretik prestatu eta koordinatu zirela frogatzeko hainbat datu eta lekukotasun aurkeztu dituzte. Lekukotasun hauek Realeko hainbat jarraitzaileen, egun horretan estadio inguruan postuak jarrita zituzten saltzaileen eta Espainiako bi polizia nazionalenak dira, besteak beste.
Hauen arabera, 8-10 bat lagun bi kotxetatik jaitsi eta Aitor eta Veronica zeuden ingurura hurbildu ziren, labanak tarteko. Poliziek deklaratu zutenez, Atletico Madril taldeko 25 bat jarraitzaile realzaleei irainka eta harriak eta botilak jaurtitzen aritu ziren. Postuetako saltzaileek, azkenik, “kaskamotx” bat ikusi zuten telefono batekin, ekintza koordinatzen ari zeneko itxura guztiaz.
Hainbat puntu argitzeke
Familia eta Herri Akusazioaren arabera, abenduaren 8ko gertaerak ez dira behar bezala ikertu. Horrez gain, gogor kritikatu dute auziak epaitegietan jasotako tratamendua.
Izan ere, beraien ustez, gertakizunok koordinatuta eta prestatuta egoteaz gain, oso lotura estua dute ideologia faxista eta ultra-espainiarreko taldeen mundu ilunarekin. Taldeok futbol munduan kideak bereganatu eta bortizkeriaz baliatzen dira beren jardunean. Beren denborapasetako bat, futbol partiduek ematen dien aukeraz baliatuta, gazte euskaldunen “ehizan” ibiltzea da.
Zenbaiten aburuz, Aitor Zabaletaren hilketa “ETAren tregua garaian sortutakogiro anti-euskaldun nabariaren testuinguruan” kokatu behar da. Zentzu honetan, adierazgarria da Vicente Calderonen egondako guztiek estadioan bizitakoa “infernutzat” jo izana. Realeko jokalari, jarraitzaile eta kazetari guztiak bat etorri ziren horretan. Hemeroteka begiratu eta partidu ondorengo adierazpenak irakurri besterik ez dago horretaz jabetzeko.
Akusazioen ustez, ikerketak talde faxista eta ultra-espainiarren munduak hilketarekin eduki lezakeen lotura aztertu behar zuen nagusiki. “Sumarioaren sekretua” izendatu zenean, aldiz, poliziak ikerketa-bide hori bazterrean utzi zuen.
Bestalde, zabaletatarren aburuz, gertaeron erantzukizuna oso goian egon liteke, eta hainbat galdera erantzuteke gelditu dira. Honako hauek, esaterako:
- Poliziak zenbateraino zuen “Bastion 1903” talde faxistako kideen asmoen berri?
- UEFAk “arrisku handikotzat” jotako partidu batean, nola liteke realzaleak estadioraino eta estadioan bertan babesteko neurri-plangintza zehatzik ez ezarri izana?
* Zein da Atletiko Madrilen erantzukizuna gertaera guztiotan?
- “El parador” taberna ultren topaleku zela gauza ezaguna izan arren, nolatan bidali zituzten udaltzainek realzaleak bertara?
Epaiketa berria martxan
Familiak, hasieratik, hilketarekin lotutako pertsona guztien partehartze maila ikertu eta epaitu dadin eskatu du. Martxoaren 1ean hasitako epaiketan, dena den, pertsona bakarrari leporatu zaio Aitorren hilketa: Ricardo Guerra Cuadrado “Bastion 1903” taldeko kideari.
Lerrook idazteko orduan, herri-epaimahaia bilduta dago erabakia hartzeko. Epaimahai honek, Ricardo Guerra-ren gaineko karguak erabakitzeaz gain, gainontzeko pertsonek hilketan izandako parte hartzea frogatutzat eman dezake. Hala balitz, horien kontrako epaiketa berria martxan jar liteke, gertaeretan izan zuten eskuhartzea argitzeko. Hori da zabaletatarrek nahi luketena.
Bestalde, martxoaren 28an jakinarazi zenez, afera honetan nahastutako “Bas-tion 1903” talde faxistako ustezko 11 kideei “legez kanpoko elkartzea eta ordena publikoaren aurka egitea” leporatu zaie. Ricardo Guerrak eta gainontzeko lagunek, beraz, ahozko epaiketa berri bati egin beharko diote aurre. Epaiketak argi asko eman dezake ultren mundu ilunaz, eta baita alor honetan jurisprudentzia berria ezarri ere.
Lehen aipatu bezala, erantzukizunak oso goian egon litezke. Familiak sokatik tira egin eta korapiloa erabat askatzea nahi luke. Muineraino iristeko benetako borondaterik ba ote dago, ordea?
Bastion 1903: “oihal puxketa” besterik ez?
Madrilgo epaiketan behin eta berriz aipatu da “Bastion 1903” izena. Izan ere, Ricardo Guerra eta epaiketa honetan deklaratu behar izan duten beste hamar lagun ultra talde honetako ustezko kideak dira. Hain zuzen ere, Gerra eta beste hamar lagunok “legez kanpoko elkartzea eta ordenaren kontra egitearen” akusaziopean epaituko dituzte: Juan Ignacio Calderon Serrano “Nacho el loco”, Carlos Alfonso de Bedoya Flores “Carl”, Ignacio Racionero Fernandez “Nachito”, Miguel Angel Marcos Bueno “Tocho”, Israel Gonzalo Canabal Fernandez “Isra”, Pablo Roman Ruiz “Pablo Marmol”, Jorge Mallea Ferro “El pulga”, Alexis Sekulits Fernandez, Ismael B.M. “Isma” eta Jose Luis Lopez Sanchez “Jose el Rocker”.
Intolerantziaren Aurkako Mugimenduak epaiketan emandako datuen arabera, “Bastion 1903” taldea 1997ko maiatzean sortu zen, lehendik zeuden beste bi ultra taldeen -TNT eta Nueva Guardia- kideak elkartuta. Hasieran taldea Frente Atletikoren barruan zegoen, baina denborarekin banandu egin zen. Akusazioaren arabera, Bastion “ideologia nazionalsozialista eta arrazistan oinarritzen du bere jarduna, eta indarkeria gupida gabe erabiltzen du”.
Akusatu guztiek ukatu egin dute “Bastion 1903” esistitzen denik. Beren esanetan, taldea partiduetan zabaldu ohi den “pankarta bat” besterik ez da,“oihal puxketa bat”.
“Bazekiten Aitor hiltzeko asmoa zegoela”
Begoņa Lalana, Zabaleta Kortazar familiaren abokatua: "Epaiketa honetan Ricardo Guerrari leporatu zaio Aitor Zabaletaren hilketa. Bastion taldeko gainontzeko kideek hilketan izandako eskuartzea ez da epaitzerik izan.
Hasieratik Aitorren hilketa jende multzo baten ekintza koordinatua izan zela defendatu dugu: jende honek realzaleak erasotu zituen, eta gauzak nola egin ziren ikusita, argi dago norbait hiltzeko helburua zutela. Hildakoa Aitor izan zen, baina beste edonor izan zitekeen. Epaiketaren ondoren, argiago ikusten da zergatik aukeratu zuten Aitor Zabaleta: Ricardo Guerrarekin izandako liskarrarengatik. Gure ustez, ekintzan parte hartu zuten guztiek bazekiten Aitor hiltzeko asmoa zegoela, eta asmo horrekin bat zetozen gainera. Instrukzio epaileak, dena den, hil nahi-izate hori ez zela frogatu esan zuen, eta errekurtso baten ondoren, Ricardo Guerra izan da Aitor heriotzarengatik epaitu den bakarra."
"Hainbat datu eta lekukotasun aurkeztu dituzue Ricardo Guerra hilketaren erantzule bakarra ez dela frogatzeko.
Aitor Zabaleta Gerrak hil zuela argi dago, eta bera zigortzea lehen pauso garrantzitsua litzateke. Baina guk berarekin batera ekintzan parte hartu zutenen testigantza jasotzea eskatu dugu. Epaiketan zenbait lekukok horietako pertsona batzuk ezagutu dituzte: Ignacio Racionero eta Israel Gonzalo Canabal. Hirugarren pertsona bat ere badago, Arantxa Azkoitia lekukoak bideoan ezagututakoa. Horretan oinarrituta, ikerketarekin aurrera jarraitzeko eskatu dugu. Epaiketako giltzarrietako bat horixe da: jende honen parte hartzea ikertu behar den erabakitzea."