**Zuk uste bezainbesteko eztabaida sortu al du “Aberriaren alde (eta kontra)” zure azken liburuak? Inor haserretu al zaizu?**
Ez da eztabaida askorik sortu. Zalantza dut ihes egiten ote zaion eztabaidari, gure egoera aztertzeak beldurra eta pena ematen digulako. Bestalde, zerbaitetan asmatu dut, inor mintzeko moduan ez hitz egitea, eta pozik nago, politikoki oso jende ezberdinak onartu baitu nik esandakoa.
Gero eta beharrezkoagoa da eztabaidatzea, eta zoritxarrez batzuek eta besteek alderantzizkoa egitera garamatzate. Alderdi horretatik, gizarte zibila mugitzearen gero eta behar handiagoa dago, eta horretaz ere nire zalantzak ditut, adibidez “Aski da” bezalako mugimendu batek, mugimendu zibila zirudiena, zer esatera heldu den ikusita.
Ezkor ala baikor zaitugu euskararen etorkizunari buruz?
Ez dago aurrera egin dugula ukatzerik. Baina ez dugu lortzen esparru benetan euskaldunak sortzea, non euskaraz hitz egiten normalak izango garen, eta horrek du lehentasuna.
Erakundeek eta gizarteak hor jarri beharko lukete indarra. Betekizun formalak eman nahi izan dizkiogu hizkuntzari, eta garrantzitsuagoa da gure egoeraren diagnostikoa egin eta diagnostiko hori onartzea. Maila orokorrean, kolektiboan eta indibidualean, zer dagokigun egitea jakin behar dugu. Gida praktiko pertsonalak edukitzea hizkuntzarekin, non, zer, nola jokatu jakiteko.
Liburuan oso zorrotz kritikatu dituzu euskaldunon hainbat portaera; erdaldungoaz, berriz, zeharka besterik ez diharduzu.
Euskaraz ari nintzenez, zorrotzagoa izan naiz euskaldungoarekin, hori baita nire ohitura. Gustua ematekoa baino, kontra egitekoa naiz, eta gaztelaniaz idazterakoan abertzaleagoa naiz euskaraz baino. Egia da erdaldun askoren jarrera, orain ikasi duten jarrera demokratikoarena, hots, bakoitzak erabili dezala nahi duen hizkuntza; noski horrela dela. Baina ez dute ikusi nahi eskubide hori ez dagoela betetzerik beraiek ez badute euskara ikasten. Niri euskaraz jarduteko eskubidea emateko, haiek gutxienez euskaraz ulertu behar dute. Hori da arazo nagusia, eta maila bateko intelektual batek Euskal Herrian euskal herritarra dela esateko, ez da serioa euskaraz ez jakitea. Gurekiko erabateko mesprezua da. Ez gara gu gaizto bakarrak.
Erdaldungoak euskararekiko abegikortasuna galtzeko arriskua dagoela diozu. Arrisku horren zantzuak ikusten al dituzu?
Sintoma nabarmenak daude. Duela hogei urte euskarak bazuen frankismoari aurre egin zion herri baten sinboloaren prestigioa: esaterako, gaurko pizkunde intelektual eta kulturalak, ikastolen mugimenduak eta abarrek, izan zuten prestigio kulturala. Ez zen bakarrik euskaraz egitea, baizik eta gauza aurrerakoiak egitea. Gertatu dena da jende batek, zorionez, derrigorrez ikasi behar izan duela euskara, eta horrek bere eragina izan du.
Dena den, hori ez da garrantzitsuena. Tristeena da euskarak nazionalismoaren ondasun izaten jarraitzen duela, eta nazionalisten eta anti-nazionalisten -nahi duzun bezala deitu- arteko zuloa gero eta handiagoa da. Ondorioz, euskara alde batean gelditzen ari da.
Alderdi estatalisten artean ikusten al duzu euskararen egoera normalizatzeko borondaterik?
Batere ez. Baina nire jarrera horixe da: hori hor dagoela, eta horiek ezin direla behartu. Haiek konbentzitzea beste erremediorik ez dugu, zuhur jokatuz, eta euskararen mundua haientzat erakargarri eginez. Indarrean ezin dugu ezer egin, eskatu egin behar da gure eskubideak errespeta ditzaten. Konbentzitu behar ditugu gizarte batek bi, hiru, lau hizkuntza izatea aberasgarria dela.
Nik uste dut zailena egin dela: erdaldungo horrek onartu duela beren seme-alabak euskaldunak izatea. Jarrera hori aldatu ez dadin zuhur jokatu behar dugu. Guri ere asko kostatu zaigu Mitxelenak esan zuen hura, “gaztelera ere gurea da” geureganatzea.
Gaia erabat aldatuz, Bretxan egindakoak ez zaizkizu askorik gustatu...
Astakeria hutsa da. Donostian hori gara: “nahi eta ezin”. Iragana miresten bizi gara, eta ez dugu nahiko genukeena lortzen. Donostiak galdu du garai batean izan zuen disdira, orain hiri txiki eta pobrea da, pobrea zentzu guztietan. Sinbolikoki Bretxan egindakoa da horren lekuko, horko bi eraikin zibil eder suntsitu, arraindegia eta merkatua, eta orain Mc’Donalds moduko zera batzuk jarri dituzte.
**“Noizbait hitz egingo dugu ńońostiarkeriaz”, diozu liburuan. Zer dela eta?**
Gogaitu egiten naute inguruko herrietatik etortzen diren gazte “progreek” Donostian jaio ez direlako haiek izugarri onak direla pentsatzea. Donostiari kritika egiterakoan, eredu bezala Bulebarreko dendari edadetu bat hartzen dute. Ez gara konturatzen Donostian era askotako jendea bizi dela.
Gainera, beren ustez “euskal herri jatorrak” diren horietako askotan euskaraz hitz egiteari uzten ari zaio. Frankismoan euskaldun hutsak izandako Gipuzkoako herri askotan gero eta erdara gehiago entzuten da, eta oso erdara txarra gainera, euskara utzi eta erdaraz ez baitute ikasi, “ńońostiarrik” ez dagoen herri horietan.