Donostiak, enklabeak kontuan izan gabe (gero mintzatuko gara horietaz), zazpi herrirekin ditu mugak. Mendebaldetik ekialdera, Orio, Usurbil, Lasarte, Hernani, Astigarraga, Orereta eta Pasaia dira, hain zuzen, zazpi herriok. Garai bateko eskolan herrialdeen mugak ikasteko erabiltzen zen metodoa aplikatuz gero, hemen ere, doinu errepikakor batez lagundurik, esango genuke zerrenda: "Donostiak Oriorekin du muga mendebaldean, Usurbilekin hegomendebaldean, tralarara...". Erdaraz jakina. Baina, eta hau da garrantzitsuena, garai hartan ez genukeen abestuko zerrenda berbera. Izan ere, Donostiako gaur egungo mugak nahikoa berriak dira. Are gehiago: alde batzuetan zehazten ari dira orandik.
Donostia "inperiala"
Azken aldaketa garrantzitsua duela hamarren bat urte eman zen, Astigarragaren desanexioaz batera. Egia esan, "anexioa" bera ere ez zen luzeegia izan: Espainiako Gerrate Zibilaren ostean bereganatu zituen Donostiak Astigarraga eta Altza herriak. Erraz imajinatuko zenutenez, ordura arte Donostiak mapan zuen itxura oraingoaren oso desberdina zen. Batez ere Altza zer den kontuan hartzen badugu. Ez baita soilik gaur egun izen horrekin ezagutzen duguna, askoz gehiago baizik. Esate baterako: Altza bereganatzeari esker du Donostiak Pasaiarekin eta Oreretarekin muga. Frankismoak agindutako elkartze hura izan da, garai modernoetan behintzat, Donostiako mugek inoiz izandako aldaketarik handiena.
Iņigo Landa Altzako Historia Mintegiko kidea da. Berak azaldu digunez, beraien lana Altzari buruzko informazioa (agiri zaharrak, prentsan agerturiko albisteak...) jaso eta zabaltzea da. "1940an, gerra irabazi ostean, Francok Altza eta Astigarraga sartu zituen Donostian. Bere filosofia nazio handia egitea zen, eta hiriak ere handiak nahi zituen", esan digu Landak. Udaletxean sartu ziren zinegotzi frankistek ahalbideratu zuten Donostiaren handitze hura, eta ez zen, ez, makala izan. "Uliako pasealekuan dago muga", dio Landak. Garai batean Altza eta Donostiaren arteko muga zenaz ari da noski. Iparreko muga litzateke hori; hegoaldetik, Urumearekin bat egiten du muga horrek alde batzuetan. Ibaitik ekialdera, Astigarragak Donostiarekin gaur egun duen muga Altzarekin egiten du. Izan ere, Ategorrieta, Bidebieta, Trintxerpe, Intxaurrondoko zati bat eta Martuteneko beste bat... Altza dira, izatez, Landaren azalpenen arabera. Gure mapan ageri ez den enklabe bat ere Altzari dagokio ("KTEk argitaraturiko mapa txarra da zinez", kexu da Landa). Hau da, izen hori duen auzoa baino askoz eremu zabalagoa, eta askoz muga luzeagoak, beraz.
Muga-mugan dagoen kalea
Trintxerpen dago, hain zuzen, Donostiak alboko herriren batekin banatzen duen mugarik deigarrienetarikoa: Azkuene kalea. Iparraldetik hegoalderanzko norabidea du Azkuenek; mendebaldea donostiarra da eta ekialdea, berriz, pasaitarra. Banaketa horrek hainbat bitxikeriaren gune bihurtu du kalea. Adibidez, eta izena eman nahi izan ez duen auzokide batek esan digunez, "Donostiako aldea askoz garbiagoa da; goizero-goizero, udal langileak ikus daitezke urez espaloiak garbitzen". Dena den, argitu du, Pasaiako aldean ere hasi dira gero eta gehiago txukuntzen, baina desberdintasuna nabaria da oraindik. Kaletik ibilalditxoa egitea nahikoa da bi espaloien arteko aldeaz ohartzeko, egia esan.
Abantaila guztiak ez daude, ordea, alde berean: Pasaiakoak diren azkuenetarrentzat askoz hurbilago daude udaletxea eta, oro har, udal zerbitzuak. Bestalde, epaitegiko funtzionarien amesgaiztoa bilakatu da Azkuene, hango langile batek adierazi digunez: "Behin baino gehiagotan etortzen zaigu zitazioren bat atzera, ohartxo batekin: ´helbide hau ez dagokio Donostiari´, edo antzekoren bat".
Donostiar artxipelagoa
Santa Klara ez da Donostiako uharte bakarra. Lehorrean ere badira, ugariago eta handiagoak. Batzuk urruti samar ere bai. Astigarraga, Hernani eta Oreretaren erdian Landar-baso dago (ikus mapa). Artikutzako lurrak, berriz, guztiz Nafarroa barruan daude (iparreko muga Oiartzunekin dute). Obe-raneko lursailek ere (zati bat Altzarena da) Nafarroa ukitzen dute hegoaldetik. Donostiak, hortaz, badu muga, teknikoki behinik-behin, Nafarroako hainbat herrirekin: Arano, Lesaka, Goizueta eta hain hegoaldean dagoen Zubietarekin. Zan-pantzarren Zubieta.
Hori Nafarroako Zubieta da. Baina Gipuzkoan ere badugu Zubieta bat, eta zati bat Donostiarena da. Zubietaz pixka bat gehiago jakiteko, bertako Herri Batzarreko kide eta alkate ohi Xabier Arregirekin mintzatu gara. Lehenik, eta Landak bezalaxe, begi aurrean ipini diogun mapari hainbat kritika egin dio: Donostiako mapa izan arren, Zubieta osorik ageri da, Usurbilgo zatia barne. Ez du muga zehazten. Dena den, argitu egin behar da hauexek direla, arestian aipatu denez, Donostiak oraindik finkatzeke dituen mugak. Zubieta barrukoak hain zuzen. Arregik adierazi duenez, "bi udalen artean adostasuna dago, baina herritarren batek ez du lur sailen banaketa ontzat eman oraindik. Aurten eskari judizial batzuk izan dira gaiari buruz".
Bestalde, Zubietak baditu hainbat berezitasun. Berez Donostiatik kanpo egonik, hiriaren erdigunea oso urrun dago bertatik: hamabi kilometro inguru; zer esanik ez, hainbat oinarrizko zerbitzu. Anbulategirik hurbilena, "Antiguakoa izango da", 10 kilometrora dago, Arregiren kalkuluen arabera. Horre-gatik, eta Zubietako Herri Batzarraren kudeaketari esker, enklabeko biztanle guztiek Usurbilen dute medikua. "Administratiboki gauzek era batez funtzionatzen dute", dio Arregik, "baina eguneroko bizitzan logikak beste zerbait eskatzen du". Logika ez da, baina, beti nagusi. Udalean gestioren bat egiteko, donostiar-zubietarrek makina bat kilometro egin behar izaten dute. Donostia, egon, tokitan dago eta.
Akatsez jositako mapa
Irudi hau Donostiako Turismo Bulego batean erosi dugun mapatik hartua da. Erreportaia honetan izan ditugun hainbat mintzakidek esan digute akatsak dituela. Beste batzuk begibistakoak dira. Pasaia San Pedro eta Antxo, adibidez, Donostia dira, irudi honi kasu egin behar badiogu. Zubietako mugak ere bi modu desberdinetara ematen zaizkigu. Hemen ez da ageri Zizurkilekin mugarik; mapa bereko beste irudi batean, ordea, bai. Bestela, mapak ondo balio digu distantziez jabetzeko. Ederki asko ikus daiteke, esaterako, Zubieta eta Donostiako erdigunearen artean dagoen tartea, edota Artikutza (Donostiako muturrik hegoaldekoena) noraino iristen den. Portzierto, ia Donostia bera (Donostia metropolitanoa, nolabait adierazteko) bezain handia da Artikutza. Enklabeak kontuan izan gabe, Donostiak mugarik luzeena Usurbilekin eta laburrena Lasarterekin dituela ohartaraz gaitezke.