Azal egizkiguzu disko berri honen nondik-norakoak.
Victoria Eugenian abuztuan emandako kontzertuak bi zati izan zituen. Lehendabizikoan betiko musikari taldearekin aritu nintzen, eta bigarrenean Euskadiko Gazte Orkestrarekin eta Donostiako Orfeoiarekin. Tartean bi proiekzio izan ziren.
Diskoa kontzertuaren laburpena da. Lehen zatian “Elgeta” kantua, “Txinaurria”ren bertsioa Josetxo Silguero eta Pascal Gaignek moldatua, Bernardo Atxagaren leloekin moldatutako “Gure hitzak” abesti berria, pianoarekin eta txalapartarekin moldatutako “Ezpata dantza”, eta “Kiromantzia” daude. Horrez gain, Euskadiko Gazte Orkestrarekin eta Donostiako Orfeoiarekin kontzertu horretan eman genituen hiru kantuak bilduko dira: “Gernika”, “Txoriak txori” eta “Baga biga”. Diskoaren titulua “Gernika zuzenean II” izango da, beste disko bat ere badaukadalako zuzenean grabatuta Gasteizeko Printzipal Antzokian eta Victoria Eugenian.
Zergatik egin duzu Gernikaren aipamena diskoaren izenburuan?
Tituluak badu bere zentzua, izan ere XXI. mendean sartu gara, eta XX. mendean izan ziren zenbait gertakari ezin ditugu ahaztu: Gernikako eta Hiroshimako bonbardaketak, esaterako. Gernikakoa izan zen, sistema berri batekin eta arma berriez, zibilei halako eraso bortitza egin zitzaien lehen aldia. Bere garrantzia du, beraz. Gernikakoa interesgarria da historia aldetik, geroztik gerra pilo bat izan den arren, arma modernoekin eta Condor Legio ospetsuaren ardurapean egindako lehen bonbardaketa izan baitzen Gernikakoa.
“Txoriak txori”, “Gernika” eta “Baga biga” kantuak aukeratu zenituen EGO eta Orfeoiarekin aritzeko. Zergatik hiru kantu horiek?
Donostiako Orfeoiari omenaldia egin zitzaion 1997an Anoetako estadioan. Hor bi abesti kantatzeko eskatu zidaten, eta “Txoriak txori” izan zen horietako bat. Baina bigarrena zein aukeratu ez nuen batere garbi. “Baga biga” etorri zitzaigun burura, baina ez genekien nork orkestratu zezakeen. Azkenean Carlos Puig kubatarrak orkestratu zuen abesti hori, eta ezusteko handia izan zen guretzat. Ni ez naiz kantuak orkestratuzale, baina dena den iruditu zitzaidan “Gernika”rekin ere egin zitekeela gauza politen bat.
Bestalde, “Gernika”, “Txoriak txori” eta “Baga biga” kantuek badute osotasun bat. Gernikakoa deuseztapena izan zen, “Txoriak txori” askatasunarekin lotua dago, eta “Baga biga”k, azkenik, etorkizunari buruzko hausnarketa bat egiten du nolabait umearen buruan: haurren jokoak dira, sorginak... hiru kantuek badute elkarrekiko lotura.
Nolakoa izan da zuretzat EGOrekin eta Donostiako Orfeoiarekin izandako esperientzia? Zer eman dizu esperientzia horrek?
Oso interesgarria izan zen. Lehen esan dudan bezala, ni ez naiz kantuak orkestratuzale, eta gainera beti horrelakoetan korrika eta presaka ibili izan gara entseiuekin. Dena den, oso esperientzia polita izan da, eta Gazte Orkestran eta Orfeoian oso jende jatorra topatu dugu. Ez genuen uste grabazioa horren ondo geratuko zenik. Grabazioa Angel Katarainek egin zuen, eta lan bikaina egin duela esan behar.
Beldurra ematen al du norbere atzean Orfeoia eta orkestra handi bat sentitzeak?
Anoetako esperientzia nuen aurretik. Victoria Eugeniako kontzertuko programa zail samarra zen, baina beldurrik ez nuen, tentsioa bai, tentsioa beti egoten delako. Kezka pixka bat bagenuen gauza asko egin behar zirelako eskenategian, eta entseiuak labur samarrak eta nahiko presaka egin genituelako.
Kontzertu horretan, Gazte Orkestra eta Donostiako Orfeoiaz gain, Iņaki Salvador pianojolea izan zenuen ondoan. Zer da zuretzat Salvador bezalako pianojole handia ondoan izatea?
Horrelako kontzertu batean zuzendariak ematen ditu aginduak, kasu honetan Sainz de Alfarok. Baina Iņaki ondoan egotea beti lagungarria da, tonoa emateko eta abar. Iņaki eta biok urte asko daramatzagu elkarrekin, eta dudarik gabe hartueman estua dugu, eta asko laguntzen dit beti.
EHUk urrezko domina emango dizue datorren astean Benito Lertxundiri, Artze anaiei eta zuri Ez dok Hamairu taldean eginiko lanarengatik. Nolaz hartu duzu berria? Zu, izan ere, ez zara batere omenaldizale.
Gauza kolektibo bat bezala planteatu dute, Ez Dok Hamairu taldean ibili ginenoi egin nahi zaigun omenaldi gisa. Hasieran uzteko esan nien, baina azkenean, gauza kolektiboa zela ikusita eta EHUk gogo handia zuela, egingo dugu.
Zein oroitzapen duzu garai hartaz?
Oroitzapen politak. Oso gazteak ginen, eta garai hartan ezagutu nituen Jorge Oteiza, Zumeta, Joxean Artze, Joxe Mari Zabala eta gainontzeko guztiak. Urte asko igaro dira, eta bakoitzak bere bidea hartu du, baina oroitzapenak hor daude. Beste garai batzuk ziren, noski. Mixel Laberegiek orduantxe grabatu zuen lehen diskoa, eta ni izan nintzen grabatzen bigarrena. Gero sortu zen Ez Dok Hamairu, eta hor ziren Benito Letxundi, Lourdes Iriondo, Xabier Lete...
Material berria prestatzen ari al zara? Buruan al duzu hurrengo diskoa?
Hasiera batean “Kiromantzixa”, “Gure hitzak” eta “Txinaurria”ren bertsioa disko berri batean sartzea pentsatu nuen. Baina Victoria Eugeniako grabazioa ondo geratu denez, azkenean zuzeneko disko horretan joango dira kantuok. Dena den, nire asmoa hori da, poliki poliki, kantu berriak ateratzea asko kostatu zaidalako beti, baina zerbait berria egitea. Adibidez, nahiko nuke “Langile baten galderak liburu batean aurrean” Bretch-en poemarekin egin nuen kantuaren moldaketa berria egitea.