BageraNet BageraNet
Irutxulo

Gora Argitaratutakoak

Artikulua Etxebizitza
Artikulua Joan Mari Irigoien
Artikulua Mikel Laboa
Artikulua Donostiaren Mugak
Artikulua Ramon Saizarbitoria
Artikulua Zabaletaren Hilketa
Artikulua Miren Azkarate
Artikulua San Bartolomeko harresia
Jaso ezazu
Bageranet Albistegia
posta elektronikoz


Irutxuloko Hitza
  BAGERA    ZIBERTEKA    IRUTXULO    GAZTEZULO    ALBISTEAK    LOTURAK    NON ZER 
 [ Bageranet  >  Irutxulo  >  Argitaratutakoak  >  Joan Mari Irigoien ]

«Auditz Akular soberan dago»

Elkarrizketa: Joan Mari Irigoien

Raul Perez, 2000/11/24.

«Lur bat haratago» da Joan Mari Irigoienen eleberri berriaren izenburua. Datozen egunotan kaleratuko da. Altzako idazlearen lan berria aitzakiatzat hartuta berarekin aritu gara solasean.

Zer eskaintzen diozu irakurleari «Lur bat haratago» izeneko liburu berrian?

Erabateko eleberria egiten saiatu naiz, hau da, hainbat giro azaltzen dituen lana egin nahi izan dut. Irakurleak anekdota eta gertakizun ugari aurkituko ditu liburuan. Era berean, pentsamenduak, gogoetak tartea du bertan. Istorioa lehen pertsonan idatzi dut. XVII. mendean ko-katu dut eleberria eta idazterakoan, Axularren prosa izan dut oinarri. Hala ere, horrek ez du esan nahi irakurleak eleberri mardul batekin topo egingo duenik. Esaldiak ondo josten ahalegindu naiz. Baita hitz ezezagunen ondoan sinonimoak jartzen ere. Euskaldun alfabetatuak ez luke zertan arazorik izan behar eleberria irakurtzeko.

Lan berri hau XVII. mendean ko-katuta dago eta «Babilonia» berriz XIX.ean. Biak, iraganean, beraz. Ba al du zer ikusirik «Lur bat haratago»-k «Babilonia»rekin?

Ez. «Babilonia» baserri giroko eleberria da. Lan berriaren abiapuntua, berriz, aristokrata baten bizitza da. Horrek kultur esparru jaso batera jauzi egiteko aukera eman dit. Pertsonaia nagusiak Axular eta hainbat filosofo ezagutzen ditu. Horrrez gain, garai hartan Galileori esker zientziak izandako aurrerapenaz jarduteko parada izan dut. Hala ere, aipatu bezala, makina bat anekdota arrunt ere aurkituko ditu irakurleak liburuak aurrera egin ahala.

Eleberria idazteko Axularren prosa hartu duzu eredutzat. Zer dela eta?

Duela 25 urte Axular irakurri nuen, eta bere prosarekin mirestuta gelditu nintzen. Orduan, egunen batean eredu horri eutsi behar niola esan nion neure buruari. Liburu honekin nahi horri eutsi diot. Esaldi motzetara ohituta gaude, baina Axularren prosak ondo eraikita dauden esaldi luzeak ere ulergarriak direla agerian utzi du. Azken finean, eleberri honekin, prosaren bidez edozein gauza azal daitekeela erakutsi nahi izan diot neure buruari. Esan beharra dago nire prosa ez dela guztiz Axularrenaren berdina, hartzailea XX. mendekoa baita eta ez XVII. mendekoa.

Zeintzuk dira erabili dituzun iturri historikoak?

Beste garai batean girotuta dagoen eleberri bat idazteko, handik eta hemendik informazioa bilatu beharra dago. XVII. mendeko hirurogei bat liburu erosi nituen. Horrez gain, hainbat historialariren laguntza izan dut: Joxe Azurmendi, Lola Valverde eta Xoxe Estevez, esaterako. Axular eredu izan dudanez, hizkuntzaren aldetik ere laguntza behar izan dut. Ildo horretan, Xabier Mendigurenek gainbegiratu du liburua.

Nola ikusten du euskal idazle batek Durangoko azoka?

Ez diogu gure zilborrari harrokeriaz begiratu behar. Hala ere, duela 25 urteko literatura eta gaur egungoa alderatuz gero, argi dago jauzi nabarmena eman dugula. Garai batean hemengo idazleek liburu bakarra idazten zuten. Orain, ordea, idazleek liburu bat baino gehiago idazten dituzte. Idazkera eguneroko ofizioa bilakatzea positiboa da. Egun, idazleek idazkera menperatzeko aukera gehiago dute eta ondorioz kalitateko istorioak idazteko.

Durangoko azoka bezalako ekimenek zer nolako eragina dute euskal literaturarengan?

Idazleok nahiko genuke irakurleak milaka izatea, baina ez Durangon bakarrik, egunero baizik. Hori tamalez utopia besterik ez da. Hala ere, denok dakigu Durangoko azoka oso erakargarria dela. Ekimena seguru asko ez da biribila izango, baina euskal idazleentzat topaleku garrantzitsua da.

Gaia erabat aldatuz, Altzatarra zara. Zein iritzi duzu Auditz-Akularreko proiektuaz?

Proiektu hori soberan dago. Lehen-dabizi auzoa etxez bete zuten. Ondoren, autopistaren eta zabortegiaren txanda iritsi zen. Duela gutxi, berriz, Garbera egin zuten. Nahikoa dela uste dut. Inguru hauetan geratzen diren berdeguneak errespetatu egin behar dira. Altzak bizi izan duen itxuraldaketa trauma izan da niretzat. Larratxon errekatxo bat zegoela gogoratzen dut. Nire haurtzaroaren ikurra zen. Gaur egun, tamalez, erreka lurpetik doa dorre zikin batzuek estali dutelako.

Elkarriko kidea zara. Nola aska daiteke Euskal Herriak bizi duen egoera politikoaren korapiloa?

Adore gabe gabiltza. Bi muturren artean gaude eta maniobratzeko ahalmen gutxi dugu. Irrikitzen dut su etenak iraun zuen bitartean bizitako giroa. Su etena bertan behera uzteak pena izugarria eman zidan. Etorkizunari begira irtenbide bakarrenetarikoa su etenera bueltatzea da. Erronka, abertzaleen arteko akordioa lortzea izango litzateke.




«Futbolarien soldatak ezmoralak dira»



Realeko lehen taldera iritsi ez bazinen ere, hainbat urte harrobian eman zenituen. Zein harreman duzu gaur egun futbolarekin?
Futboletik urruti samar nagoen arren, oraindik ere futbolzalea naiz eta Realeko egoerak kezkatzen nau. Nik harrobia gehiago landuko nuke, eta puntako atzerritar pare bat besterik ez nuke fitxatuko. Atzerritarrekin taldeak nortasuna galdu du. Egunen batean Reala hamabi atzerritarrekin ariko balitz ez litzaidake batere axolako bigarren mailan ikustea.
Futbolarien soldatak ikusita, futbola eta literaturaren artean zein aukeratuko zenuke?
Jateko nahikoa izanez gero, literatura hautatuko nuke, lanbidea miresten baitut. Futbolak lekuz kanpoko bilakaera izan du. Soldatak gehiegizkoak iruditzen zaizkit. Futbolari buruzko liburua idaztea gustatuko litzaidake, futbola ironiaz kritikatzeko.

O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O
  Hasierara   hasierara   

Bagera.net © Bagera, Donostiako Euskaltzaleen Elkartea
Katalina Eleizegi 36, behea; Donostia 20009 | Telefonoa: 943467181 - Faxa: 943446532
e-posta: idazkaritza@bagera.net | Webgune honi buruz: Kontsultak - Kredituak
Orri honen kokapena: http://www.bagera.net/Bageranet/Irutxulo/Argitaratutakoak/Irigoien

© Irutxulo. Argitaratzailea: Donostiako Komunikabideak E.M.
Erredakzioa: 943467236 | faxa 943446532 | e-posta: mintzalaguna@bagera.net