BageraNet BageraNet
Irutxulo

Gora Argitaratutakoak

Artikulua Etxebizitza
Artikulua Joan Mari Irigoien
Artikulua Mikel Laboa
Artikulua Donostiaren Mugak
Artikulua Ramon Saizarbitoria
Artikulua Zabaletaren Hilketa
Artikulua Miren Azkarate
Artikulua San Bartolomeko harresia
Jaso ezazu
Bageranet Albistegia
posta elektronikoz


Irutxuloko Hitza
  BAGERA    ZIBERTEKA    IRUTXULO    GAZTEZULO    ALBISTEAK    LOTURAK    NON ZER 
 [ Bageranet  >  Irutxulo  >  Argitaratutakoak  >  San Bartolomeko harresia ]

Aieneen Harresia

Udalaren asmoak geldiarazi ditu EAEko Auzitegi Nagusiak

Ainhoa Irazu, 2001/10/26.

San Bartolomekoa Donostiako hirigintza proiektu polemikoenetakotzat joko dute historia liburuek. Afera 1990ean hasi zen. Operazioa geldiarazteko hainbat ahaleginen ondoren, Muinoaren Babeserako Plataformak bertako eraikin nagusiak babesteko helegitea aurkeztu zuen EAEko Justizia Auzitegi Nagusian eta epaiak plataformaren alde egin du, egitasmoa bertan behera utzita. Horrekin batera lo zirudien ika-mika biziberritu da.

San Bartolomeko egitasmoa 1990ean mahaigaineratu zen lehen aldiz, baina hala ere, ez zuen 1998ra arte behin-betiko onespena jaso.

Egitasmoak muinoa, bertako harresia, San Bartolome komentua eta inguruetako hainbat etxe lurrera botatzea aurreikusi zuen. Hustutako 53.080 metro karratuko lursailean, bestalde, salmenta libreko 500 etxebizitza eta erabilera publikorako ekipamenduak egin nahi ziren.

Hasieratik Udalak eta Gaurko S.A enpresa sustatzaileak bi oztoporekin topo egin zuten. Batetik, Espainiako Poliziak ez zuen Aldapetako egoitzatik alde egin nahi. Bestetik, proiektuaren harira sortutako Muinoaren Babeserako Plataformak San Bartolome bere horretan uztea nahi zuen. Ildo horretatik, plataformak bertako eraikin nagusiak ondare historiko-artistiko izenda zitzan eskatu zion Eusko Jaurlaritzari. EAEko Ondare Artistiko eta Monumentalaren Aholkularitza Kontseiluaren txostenak muinoa eraisteak kalte izugarria ekar lezakeela onartu zuen, “muinoa Donostiaren humanizazioaren edo gizartiartzearen lekuko eta eragile izan baita”. 1996an, ordea, Eusko Jaur-laritzak eskaera deuseztatu zuen. Dena dela, plataformakoek ez zuten etsi, eta bertako kide Eduardo Txillida eskultoreak eta Jose Luis Orella historialariak, bestek beste, helegitea aurkeztu zuten EAEko Justizia Auzitegi Gorenean.

Bost urteko loaldiaren ondoren, ezustea

1996tik hona egitasmoa bost urteko lozorroan egon da. Hilaren 5ean, ordea, proiektuaren aldekoek gogobetez hartutako berria jakinarazi zen: Udala eta Espainiako Gobernua Aldapetako kuartela lekuz aldatzeko negoziazioetan hasiak ziren.

Astebete beranduago, berriz, egitasmoa bertan behera utzi duen EAEko Justizia Auzitegi Gorenaren epaia etorri zen. Epai honek Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak onartutako San Barto-lomeko ordenazio plangintza indargabetu zuen.

Epaileek diotenez, muinoa ezin da lurrera bota, “bertako eraikin nagusiak Donostiako ondare historiko-artistikoaren zati direlako”. Hori dela eta, harresia, komentua eta bainuetxea Plan Orokorraren katalogoan sartu eta babestu behar dira. Ildo horretatik, epaiak ez dio inondik ere katalogatu gabeko esparruetan esku hartzerik ez dagoenik.

Helegiteak zioenez, bestalde, San Bartolomeko hirigintza egitasmoa eraikitze etxe baten (Moyua enpresa aipatu da agirietan), Udalaren eta Mariaren Lagundia moja kongregazioaren arteko ezkutuko hitzarmenaren ondorioa zen. Epaiak, hala ere, ez du argudio hau onartu.

Kaltetutako familien nekea

EAEko Justizia Auzitegi Gorenaren erabakiak ezustean harrapatu ditu Amara Zaharreko 161 familia. Izan ere, auzotarron etxeak zaharrak dira eta zenbait egoera kaskarrean daude. San Bartolomeko proiektua zela eta, etxe hauek lurrera bota eta jabeei etxe bana eman behar zieten auzo berrian. Horrexegatik, azken hamar urteotan Udalak ez du eraikin hauetan inongo konponketa lanik bideratu.

Aurtengo ekainean, auzotarron kexuak zirela eta, Udalak oinarrizko konponketak egitea erabaki zuen. EAEko Justizia Auzitegi Gorenaren erabakiarekin, ordea, auzotarrok ez dakite beren etxeekin zer gertatuko den. “Alkatearekin ere elkartu gara, baina udal ordezkariek ez digute ezer ziurtatu. Hainbat eskaera egin dizkiogu Udalari: konponketekin jarraitzea eta egoera larrian dauden etxeetako bizilagunak beste etxebitza batzuetara eramatea. Horrez gain, kaltetuonganako harremana estutzea eskatu dugu, azken urteetan ez baikenuen inongo berririk gertatzen ari zenaz”, jakinarazi digu kaltetuen taldeko ordezkarietako batek.

Auzotarrok argi dute: “Udalak EAEko Auzitegi Gorenaren aurkako helegitea aurkeztu behar du Espainiako Auzitegi Gorenean. Badakigu afera beste bost urtez luza daitekeela, baina gu itxaroteko prest gaude”. Dena dela, ez dirudi hain erraza izango denik.

Udalean argi-ilun ugari

Udalak, orain arte, ezer gutxi argitu du. Udalbatzarrean ordezkatutako alderdi politiko gehienek epaiaren aurka egin dute. Batasunak ez, ordea. "Epaiak hiriko esparru garrantzitsu hori galtzea saihestu du. Horrez gain, bertan behera utzi du hiriarentzat onuragarria ez zen proiektua", jakinarazi du Batasunak. IU/EBk, Udalbatzarrean ordezkaririk ez duen arren, iritzi bera plazaratu du. Alderdiok Amara Zaharrerako planeamendu berria luze baino lehen egitea eskatu diote Udalari.

Hiri Planeamendu zinegotzi Jorge Letamendiaren (PSE-EE) esanetan, aldiz, "Udalak epaia okerra dela uste du”. Hala eta, guztiz ere, Odon Elorza alkateak adierazitakoaren arabera, "Udalak ez du batere argi helegitea aurkeztuko ote duen". Aipatzekoa da alkatea bera, Letamendiaren alderdikide, egitasmoaren aurka azaldu zela duela zenbait urte.

Beste hainbat gai argitzeke daude oraindik ere: konponduko al dira Amara Zaharrean egoera kaskarrean dauden etxeak? Hala bada, zeinek ordainduko ditu lanok? Eta hala ez ba-da, Udalak beste toki ba-tera eramango al ditu au-zotarrak? Nora? San Barto-lomen katalogatu gabe ge-ratutako esparruez baliatuta, Amara Zaharrerako planemandu berria egingo al du Udalak?

Bien bitartean, Mariaren Lagundiaren abokatu Jose Luis Astiazaranek helegitea aurkeztuko dutela ziurtatu du. Moyuak eta beste zenbait enpresek osatutako Gaurko S.A sustatzaileak ere gauza bera egiteko asmoa du.

Plataformakoak pozik

Muinoaren Babeserako Plataformak, jakina, pozaren pozez hartu du epaia. "Pronostiko guztiak kontra genituen, baina hala ere, irabazi dugu. Argi geratu da, argudioak izanda eta legearen bidea hartuz gero, hiriarentzat kaltegarriak diren egitasmoak geldiarazi daitezkeela. Kasu hau aurrekaria da Donostiako ondareen aurkako gainerako erasoetarako", adierazi digu Miren Apalategi Muinoaren Babeserako Plataformako kideak.

Apalategiren arabera, Udalak oso trikimailu arrunta erabili du proiektua aurrera eramateko: "ez zituen San Bartolo-meko ondareak katalogatu, eta hori Donostiako ondareen aurkako eraso basatia da", diosku Apalategik.

Azkenik, interbideei buruz galdetuta, Apalategik Amara Zaharrerako beste plan bat egin beharko litzatekeela uste du: "katalogatutako esparrua txikia da eta Udalak, nahi izanez gero, auzoarentzako ordenamendu berria egin dezake. Argi dago auzoak behar handiak dituela. Hortaz, gure proposamena Amara Zaha-rrarentzat ideia lehiaketa antolatzea da. Horra hor auzia amaitzeko giltza".

BEGIRATU BAT PLAN OROKORRAREN KATALOGOARI

San Bartolomeko muinoa hiriko elementu geografikoetako bat da. Plan Orokarrak bost elementu geografiko babestu ditu: Ulia eta Igeldoko amildegiak, Arkumetegi eta Abalotz errekak eta Egiluze-Iranguen errekastoa. Harrigarria dirudien arren, Santa Klara uhartea, Urgull eta Ulia mendiak, hondartzak eta ibaia katalogatu gabe daude. San Bartolomeko harresia manposteriaz egina dago. Plan Orokorrak, antzeko bi harresi besterik ez ditu babestu: Erdi Arokoa (Mari kalearen eta Apaizen Pasealekuaren artean) eta Igarako errotakoa. Bainuetxeari (1915, Juan Aldai) dagokionez, berriz, modernista da, eta “langileek erabil zezaten egin zen”. Ildo honetatik, katalogoan, hainbat iturri, garbileku eta bestelakoak babestu dira: Arbaizeneko garbitokia eta Din Din, eta Kanoieta eta Lasala plazako iturriak, besteak beste. Azken horri dagokionez, San Bartolomeko bainuetxeak baino balore gutxiago duela esan izan da. Azkenik, komentua Osinalde arkitektoak egina da; katalogoak arkitekto honen beste sei eraikin bildu ditu.

Muinoaren Babeserako Plataformako kideen esanetan, ondarea ez errespetatzeko, hainbat trikimailu erabili ohi dira: ondareak ez katalogatzea (San Bartolome), katalogatu ondoren ezikusiarena egitea (Victoria Eugeniako eskailerak) eta proiektua abian jarri aurretik arkeologia azterketarik ez egitea (Bulebarreko aparkalekuak). Horrez gain, legearen arabera, eraikinaren %50 hondatuta egonez gero, etxea lurrera botatzeko aukera dago, nahiz eta babestutako esparruan egon (Mari kalean berriki eraitsitako etxea).

EGUNKARIETAN ESANAK

  • Aurkakoak

Odon Elorza, Donostiako alkatea, 1994-5-5, El Diario Vasco “Historia errepikatu da hirigintza beste hankasartze bati leku egiteko, Donostiako hirigintza ondarearen eta donostiarren bizi kalitatearen kalterako. Espekulazioak eta etxebizitza interesek mugitu dituzte proiektuaren hariak”

Miguel Garai, arkitektoa, 1993-9-15, El Diario Vasco “Ez dut muinoa erromantizismoarengatik defendatzen, Donostia erdialdeko elementu biziki garrantzitsua delako baizik. Muinoak. lurrera bota beharrean, zutik irauten badu, balore eta aukera aberatsagoak eskainiko dizkio etorkizuneko Donostiari”

Luis Mendizabal, kazetaria, 1993-8-22, El Diario Vasco “San Bartolomeko proiektua Udal Gobernuko alderdi politiko guztien adostasuna lortu duen bakarrenetakoa da. Oposizioaren gehiengoaren onespena ere jaso du. Ez da harritzekoa dituen abantailak kontuan hartuta. Egin dezatela lehenbailehen”.

  • Aldekoak

Fermin Muñoz, idazlea, Donostiari buruzko Ikerketa Historikoen Kazeta, 1998 “Eraitsi ala bere horretan utzi? Denek hiriarentzako onena nahi dute. Zenbaitek Donostiaren izpiritua jarraitu ohi dute, zabaltzeko premian beti, bidean enbarazu egiten duena eraitsiz. Beste zenbaitek ,berriz, zabalkundea onartu ohi dute, baina nortasun ikurrak errespetatuz”.

Javier Olaberri, Hirigintza zinegotzia, (Talde Independentea), 1994-5-4, El Diario Vasco “San Bartolomeko egitasmoak edo Miramongo enpresa parkeak diru irabazi handia ekarriko dute. Batzar Jauregia, Zurriolako hondartza eta hiriarentzat garrantzisuak diren bestelako proiektuak finantziatu ahal izango dira, donostiarren zergak igo gabe”.

Enrike Arana EAko zinegotzia, 1995-10-28, El Diario Vasco "Donostiako zabalkundea egin zenetik hona, ez da muinoa babestearen aldeko testigantzarik, agiririk edo iritzirik, ez bere balore artistikoengatik eta ezta estetikarengatik ere. Muinoari buruzko agiri guztietan hiria handitzeko oztopotzat hartu ohi da".

O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O
  Hasierara   hasierara   

Bagera.net © Bagera, Donostiako Euskaltzaleen Elkartea
Katalina Eleizegi 36, behea; Donostia 20009 | Telefonoa: 943467181 - Faxa: 943446532
e-posta: idazkaritza@bagera.net | Webgune honi buruz: Kontsultak - Kredituak
Orri honen kokapena: http://www.bagera.net/Bageranet/Irutxulo/Argitaratutakoak/Harresia

© Irutxulo. Argitaratzailea: Donostiako Komunikabideak E.M.
Erredakzioa: 943467236 | faxa 943446532 | e-posta: mintzalaguna@bagera.net