BageraNet BageraNet
Irutxulo

Gora Argitaratutakoak

Artikulua Etxebizitza
Artikulua Joan Mari Irigoien
Artikulua Mikel Laboa
Artikulua Donostiaren Mugak
Artikulua Ramon Saizarbitoria
Artikulua Zabaletaren Hilketa
Artikulua Miren Azkarate
Artikulua San Bartolomeko harresia
Jaso ezazu
Bageranet Albistegia
posta elektronikoz


Irutxuloko Hitza
  BAGERA    ZIBERTEKA    IRUTXULO    GAZTEZULO    ALBISTEAK    LOTURAK    NON ZER 
 [ Bageranet  >  Irutxulo  >  Argitaratutakoak  >  Etxebizitza ]

Etxebizitza

Urrezko ondarea

Ainhoa Irazu , 2000/03/10.

Eusko Jaurlaritzatik eta Etxebizitza Patronatutik jasotako datuei erreparatzea nahikoa da genekiena baieztatzeko: Donostian bizitzea gero eta zailagoa da. Batetik, salmenta libreko etxebizitzak oso garestiak dira. Bestetik, dirusarrera txikiak dituzten pertsonak babes ofizialeko etxebizitzen sustapenetatik kanpo geratu ohi dira. Hori gutxi balitz, alokairuak igo egin dira. Datuak eskuartean, etxebizitzaren arazoak gero eta larriagoa dirudi.

Azken urteotan Donostian salmenta libreko etxebizitzen salneurriek nabarmen egin dute gora, batik bat, bigarren eskukoek. Bost urtetan etxebizitzon prezioak ia bikoiztu egin dira.

1994an bigarren eskuko etxebizitza bat erosteko, batez beste, 25 milioi pezeta ordaindu behar ziren. 1999an, berriz, 46 milioi (% 86 gehiago). Etxebizitza berrietan igoera txikiagoa izan da. 1994an, 32 milioi balio zituen etxebizitza berri batek. 1999an, berriz, 38 milioi ( % 22 gehiago).

Batez beste, egun 466.000 pezeta ordaindu behar dira metro karratuko; hau da, 40 metro karratuko etxebizitza batengatik 18.640.000 pezeta.

Zerk ekarri du etxebizitzen garestitze ikaragarri hau? Nekane Jurado ekonomialariak eman digu erantzuna. Nekanek Herri Ekimenak Legebiltzarrean aurkeztutako Eskubideen Gutunaren idazketan parte hartu du. “Donostian eraikitzeko lur gutxi dagoenez, etxebizitza berrien eskaintza txikia da. Etxe horiek periferian eraiki ohi dira. Hori dela eta, bigarren eskuko etxeak gainbaloratu egiten dira. Eskaera handia denez, espekulazioa areagotu egin da”, esan digu Nekanek.

Alokairuak,100.000 pezetatik gora

Alokairuei buruzko estadistikak ere ez dira batere lasaigarriak.

1999ko lehen sei hilabetekoan Donostian errentan eskaini ziren etxebizitza guztiek 75.000 pezetatik gorako salneurriak zituzten, hau da, Lanbide Arteko Gutxieneko Soldata baino gehiago. Batez beste, 115.000 pezeta ordaindu behar dira Donostian hileko alokairuaren truke, Lanbide Arteko Gutxieneko Soldata bider 1,7.

Bai erosteko eta baita alokatzeko ere, Parte Zaharra eta Erdialdea dira auzorik garestienak, eta Altza eta Bidebieta, merkeenak. Horietan biltzen dira errenta baxuenak dituzten hiritarrak.

“Jendeak prezio handiak ordaindu ezin baditu, toki merkeagoetara jotzen du. Ildo horretatik, gauzek horrela jarraituz gero, epe laburrean, hirian egituraketa soziologiko, demografiko eta urbanistiko berria sortuko da. Sektore dualizatuak nabarmenduko dira: dirudunak eta pobreak. Zoritxarrez, horrek eragin handia izan dezake auzo pobreetako giza azpiegituretan, zerbitzuetan eta abarretan”, diosku Nekanek.

Hau ez omen da Donostian bakarrik gertatuko: Gasteizen edo Bilbon ere antzeko joerak aurreikusi dira.

Babes ofizialeko etxebizitzak

Babes ofizialeko etxebizitzen sustapenari dagokionez, 1992 eta 2000 bitartean Eusko Jaurlaritzak 1.303 eraiki ditu Donostian, Udalak 994 eta Etxebizitza Patronatuak 293. Guztira: 2.297 etxebizitza.

Sustapen guztietan eskaintza eskaera baino hiru aldiz txikiagoa izan da.

Etxebizitzen erregimenari dagokionez, eraikitako 2.297 etxebizitza horietatik 261 (%11) jabego osoan eman ziren, 1.359 (%59) 75 urtetarako, 801 (%34) alokairuan eta 63 (%2,7) hil bitarteko logela zesioan. Alokairuan emandako etxebizitzen atalean, erdiak baino gehiago (%66) hamabi urterako eman dira.

Prezioen aldetik, berriz, batez beste, hamalau milioi pezeta ordaindu behar dira babes ofizialeko etxebizitza baten truke. Eskaintza eraikuntza etxe pribatuen esku geratzen denean, gainera, prezioak garestitu egiten dira. Dirusarrerak direla eta, sustapenetatik at geratzen direnak asko dira.

“Ikerketen arabera, lehen aldiz etxebizitza bila dabiltzanen % 60k Lanbide Arteko Gutxieneko Soldata baino 2,5 aldiz gutxiago kobratzen du, edo bestela, langabezian dago edo aldi baterako lan kontratuekin. Beraz, ezin dute inolaz ere horrelako preziorik ordaindu”, adierazi digu Nekanek.

Irtenbide bila

Gauzak horrela, babes ofizialeko etxebizitzen politikak arazoari benetako irtenbiderik ematen ote dion galdetzen du askok.

Batetik, eraikitakoaren heren bat besterik ez da ematen alokairuan eta, kasu gehienetan, behin behineko irtenbidea izaten da.

Bestetik, zesioan ematen diren etxebizitzen prezioak garestiak dira, eta etxebizitza finean erakunde sustatzailearena da. Antzeko zerbait gertatzen da hil bitarteko zesioen kasuan.

Hori guztia gutxi balitz, bai alokairuko etxeen sustapenetan eta baita zesioetan ere eskaintza eskaera baino askoz urriagoa da.

“Argi dago formula berriak aurkitu behar direla. Etxebizitza politika sozial bat jarri behar da abian. Etxe batzuk saldu egingo lirateke eta beste batzuk alokatu. Dena dela, jabetza beti ere Udalarena izango litzateke”, esan digu Agustin Iraeta Donostiako Etxebizitza Patronatuko buruak.

Hala eta guztiz ere, datozen bi urteetan Donostian egingo diren babes ofizialeko etxebizitzen sustapenak orain arte nagusitu den politikaren adibide garbia dira: etxebizitzen %28 alokairuan izango dira eta %72 zesioan. Ez da etxe bakar bat ere jabego osoan emango.

Nekane Juradoren ustez, irtenbideak aurkitzen hasteko, arazoari errotik heldu behar zaio “batetik, etxebizitza sozialeko parke publikoa osatu behar da, hutsik dauden etxebizitzekin eta berritu daitezkeenekin. Horretarako, beharrezkoa da hutsik dauden etxebizitzak merkaturatzea. Donostian, 11.767 dira. Jabeei zergak jarri behar zaizkie etxea hutsik izateagatik. Horrela etxe horiek publikoki alokatuko lirateke”, dio Nekanek.

Errenta hartzailearen diru irabazien arabera ezartzearen aldekoa da Nekane. “Jakina da etxebizitza arazoa larritu egiten dela zenbait giza taldetan: emakumeak, familia monoparentalak, bakarrik dauden pertsonak, gazteak, hirugarren adinekoak eta langabezian daudenak”, esan digu.
Balizko beste alternatiba bat lur publikoan finantza erakundeek diruz lagundutako sustapenak bultzatea izango litzateke. “Ezin dugu ahaztu Kutxako kudeatzaileak publikoak direla. Finantza erakunde horren estatutuetan agertzen denez, gainera, diru irabaziak helburu sozialetako ekintzetara bideratu behar dira. Kutxa ez da jatorrizko xedea betetzen ari, ez die populazioaren beharrei erantzuten, hau da, langabeziaren ondorioei eta etxebizitzaren arazoari”, dio ekonomialariak.

Erakundeen erantzuna

Nekanek legez, Agustin Iraetak ere jakin badaki arazoa larria dela. Dena den, bere ustez, irtenbideak aurkitzea ez da hain erraza.

“Lanean daramatzagun urteetan esperientzia hartu dugu eta babes ofizialeko etxebizitzen politika aldatu beharra dagoela konturatu gara. Politika soziala nagusitu behar da. Nolanahi ere, irizpideak finkatzea zaila da. Autofinantziaketa lortu behar da, etxebizitza sozialak sustatzeko, eta horretarako beharrezkoa da Eusko Jaurlaritzak diruz laguntzea”, esan digu. Hala ere, Etxebizitza Patronatuko buruaren iritziz, politika sozialago baten aldeko jarrera begibistan dago.
“Hasi gara gauzak egiten hutsik dauden etxebizitzak alokairuan eskaintzeko. Horrez gain, 2002tik 2004ra bitartean aurreikusita dauden sustapenetatik etxebizitza multzo handi bat alokairu sozialean emango da: Morlansen 250 etxebizitza, Loiolan 300, Auditz-Akularren 400” zehaztu digu Iraetak.
O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O
  Hasierara   hasierara   

Bagera.net © Bagera, Donostiako Euskaltzaleen Elkartea
Katalina Eleizegi 36, behea; Donostia 20009 | Telefonoa: 943467181 - Faxa: 943446532
e-posta: idazkaritza@bagera.net | Webgune honi buruz: Kontsultak - Kredituak
Orri honen kokapena: http://www.bagera.net/Bageranet/Irutxulo/Argitaratutakoak/Etxebizitza

© Irutxulo. Argitaratzailea: Donostiako Komunikabideak E.M.
Erredakzioa: 943467236 | faxa 943446532 | e-posta: mintzalaguna@bagera.net