Zer iruditzen zaizu Donostiako Euskararen Plan Orokorra?
Euskaltzain eta donostiar bezala, planaren idazketan parte hartu nuen, eta nire oharrak egin nituen. Plan egokia de-la uste dut; patxadaz eta hainbat urtetan lan eginez gero, oso emaitza onak eman ditzake.
Nola liteke, euskararen ezagutza bermatzen ez duen A eredua oraindik ere irakaskuntzaren ardatzetako bat izatea? Ezin al da lortu eredu hori bazterrean uzteko akordio sozial eta politikorik?
Hor badago, hizkuntza politikan, berreskuratu beharko genukeen akordioa: hizkuntza eztabaida politikoetatik at utzi beharko genukeela, eta euskara denen ondasuna dela. Guztiz errespetatzen dut beren seme-alabak espainolez hezi nahi dituztenen jarrera. A ereduan ari direnak euskararen gutxieneko ezagutza izatea bermatu behar da.
Helduen artean, euskaltegietan beherakada handia somatu omen da matrikulazioetan. Helduen multzoarekin amore emanda, posible ote da benetako hizkuntz normalizazioa?
Lortu behar dena zera da: orain eskolan euskaraz ikasten ari direnei eskolatik kanpora ere gune normalak ematea euskaraz bizi daitezen, gazte eta heldu izatera iristen direnean, euskara erabiltzen jarrai dezaten.
Bestalde, egia da helduen sektorean matrikulazioa jaisten ari dela, baina pentsatzekoa zen hori. Hogei urte daramatzagu D eta B ereduen eskaintzarekin, eta aukera nagusia bi eredu horien aldekoa izan da. Bestalde, euskaltegian euskaldundu nahi zutenek aukera izan dute hogei urteotan. Horrek ez du esan nahi euskaraz ez dakien bezero potentzialik ez dugunik.
Beharbada, apustua autoikaskuntzatik dator, informatika bide berriak baliatuta. Bestalde, curriculum estandarraz aparte, beste aukera bat eman eman beharko li-tzaioke jendeari, euskaraz gauzarik sinpleenak egiten ikas dezan: tabernan zerbait eskatzeko, taxia hartzeko… Ikastaro laburretan irakats daitezke horiek.
Bi diskurtso kontrajarri ageri dira euskararen egoeraz. Batetik, “800.000 euskaldun gara, masa kritiko garrantzitsua” dioen lelo itxaropentsua dago. Bestetik, kopuru horiei sineskortasunik eman ez, eta euskara oso larri dagoela diote askok. Zentzu honetan, Bernardo Atxagak duela gutxi eginiko adierazpenek zeresana eman dute.
Horrelako diagnostikoetan, beti dago benetako egia zati bat eta exagerazio puntu bat. Batetik, egia da sekula baino hobe gaudela. Euskarak ez du inoiz izan egun duen ofizialtasun maila, orain dituen erabilera esparruak, eta sekula ez du izan eskola bidez irabazitako horrenbeste hiztun. Baina egia da, erabilera esparruak ugaldu diren neurrian, ez direla euskaraz sortzen esparru horiek, itzulpenaren menpe bizi garela. Argi itzalak daude.
Atxaga eta biok euskarak militantismo kutsua zuen belaunaldikoak gara. Gaur egun, ume askorentzat euskara berezko zerbait da, ez dago borrokatzeko arrazoirik, liburuak eta abar dituzte… Seguru asko, guzti horiei militantismoaren beharra azpimarratu beharko genieke. Txikiekiak gara, gutxiegi, etorkizuna bermatuta dugula esateko.
Milaka sinadura aurkeztu berri dira Osakidetzaren euskalduntzea eskatzeko. Sailburua, baina, erdalduna da. Euskalduntzeak ez al luke beti piramidearen tontorretik hasi beharko?
Batetik, Osakidetza euskalduntzeko plana ia prest dagoela esan behar dut. Bestetik, errealitatea hor dagoela: helduen belaunaldian daukaguna daukagula, baita kargu publikoetarako ere.
Gutxienez, gauza hauekiko sentiberak izatea eskatu behar zaie sailburuei. Ho-rietako batzuk, gainera, ari dira euskaraz ikasten.
Aurreikuspenen arabera, datozen urteotan atzerritar mordoa helduko da Euskal Herrira. Gure betiko auzotar eta bizilagunak euskarara erakartzeko gai izan ez bagara, nola konbentzitu horiek?
Datozen urteetako apustu erabakiorretako bat dugu hor. Nola lortu kanpotarrak hemen integratzea? Apustu garrantzitsua da, ez hizkuntzaren aldetik bakarrik, baizik eta beren kultura errespetatuaz. Ka-talanak ari dira jada hori aztertzen, es-koletara doazen umeen ama hizkuntza zein den jakin eta horren araberako neurriak hartzeko.
Justizia mundua euskalduntzeko plana bertan behera utzi du Madrilek. Bestalde, LOU legeak hondoratu egin ditzake unibertsitatean egindako aurrerapausoak. Nola erantzun behar du Eusko Jaurlaritzak?
Azken boladako erasoa oso latza da. Dirudienez, Madrilen orain arte erkidegoei eman zaizkien eskuduntzak pikutara bidali eta dena zentralizatzeko eta uniformizatzeko ahalegina egiten ari dira. Horren aurrean gure neurriak hartuko di-tugu.
Zein neurri?
Hori da Hezkuntza Saila aztertzen ari dena. Justizia munduan, berriz, askoz zailago dago, bertako jendearekin benetako konplizitaterik lortzen ez bada behintzat. Baina hori askotan ez da erraza izaten. Hezkuntza munduan, administrazioaren eta dagokion esparruko erakundearen arteko adostasuna lortuz gero, asko egin daiteke. Ikastolen adibidea ikusi besterik ez dago, hor zenbait gurasok eta irakaslek hezkuntza egitasmo berezia aurrera eramatea lortu zuten. Dena den, tristea da horrelakoetara itzul gaitezkeela pentsatze hutsa.
Ipar Euskal Herrian aspaldi piztu zen alarma gorria. Eusko Jaurlaritzaren lehentasunetako bat al da bertako egoera iraultzeko bitartekoak jartzea?
Eusko Jaurlaritzak laguntza ildo bat baino gehiago du Ipar Euskal Herriarekin. Frantziako administrazioaren aldetik, badirudi badagoela halako hazitxo bat fruituak eman ditzakeena, inkesta soziolinguistikoa egiteko, Ikas-Bi sareko irakasleen egoera aztertzeko, bertako Hizkuntza Kontseilua aintzat hartzeko… pazientzia behar dugu. Badago hitzarmen zabala sinatzeko borondatea hango eta hemengo agintarien artean.