Zur eta lur geratzekoak...
Marihuana Buckingham jauregian
Buckingham jauregiko zerbitzari batek marihuana landare bat aurkitu du bertako sukaldean. Poliziaren bozeramaileak esan zuenez, ordea, kantitatea oso txikia zen eta horrenbestez, ez dute inor atxilotu. Bagenekien Isabel II.aren amak gin-tonicak atsegin zituela, baina erreginaren zaletasunak harritu egin gaitu benetan.
Pokemon kromoak liskar iturri
EEBBetako Arizona estatuko epaile batek urtebeteko baldintzapeko askatasuna ezarri dio hamabi urteko haur bati, laban batez mehatxuka, pokemon kromoak lapurtu izanagatik. Dirudienez, argitaletxeak bildumaren zenbait kromoen ale gutxi kaleratu zituen eta ale horiek lortzeko, liskarrak sortu dira. Egoera larria izan da EEBBetan eta hainbat ikastetxetan kromookin ibiltzea debekatu dute.
Arimak salbatzeko agentzia
Salbazioarekin kezkatuta al zaude? Ez al duzu otoitz egiteko astirik? Lasai egon zaitez, Italiako Varese hiriko agentzia batek zure alde otoitz egingo baitu, 260 pezeta edota 10 liberaren truke. Noski, hori otoitz bakarra eginez gero. Arrosario osoa esateak 4.300 pezeta edo 172 libera balio ditu. Beste aukera batzuk ere baude: aitaren egitea edo, aldez aurretik garraioa ordainduta, zure etxean bertan otoitz egitea.
Kultura paper kilotan
Asko irakurtzen al duzue? Edo bestela esanda, liburu asko erosten al duzue? Ez baita gauza bera, ezta? Pentsatu al duzue inoiz zenbat paper erabiltzen dugun liburuetan, idazteko orrialdetan, egunkarietan, hau bezalako aldizkarietan...? Ez dugu orain paper kontsumoak ingurugiroan duen eraginaz hitz egingo. Hurrengo baterako utziko dugu hauxe. Herrialdeen arteko ezberdintasunez mintzatuko gara. Izan ere, paper kontsumoak agerian uzten du herrietako hezkuntza sistemen edota argitaletxeen indarra. Esate baterako, finlandiar bakoitzak urtero 250 bat kilo paper erabiltzen ditu eta mozanbikear bakoitzak, ordea, ehun gramo besterik ez. Adierazgarria oso.
Idazteko eta inprentarako paper kontsumoa urtean (pertsona bakoitzeko kiloak):
- Gehien garatutako 46 herrialdeak............96.6
- Gutxien garatutako 35 herrialdeak..........0,4
- azafatak
Ez dute hiltzeko baimenik, bai, ordea, zaplastekoak ematekoa. Ez dira James Bond bezalakoak, baina tira... Suitzako Swissair hegazkinetako zuzendaritzak zaplastekoak emateko baimena eman die bertako azafatei. Nor egurtu dezakete azafatek? Beraien kontra egin edo gainerako bidaiariak arriskuan jartzen dituen edonor, adibidez. Horrez gain, Swissair-eko hegazkinek plastikozko eskuburdinak izango dituzte, behar bezala portatzen ez diren bidaiariak kontrolpean izateko. Izan ere, azken urteotan gero eta bidaiari gehiagok bortizkeria erabiltzen dute hegazkinetan. Azafatak gozotasunaren eredutzat hartu dituzte askotan. James Bond-en edo Ramboren bidetik hasiko al dira orain?
Euskal piratak
Euskaldunek lotura estua izan dute beti itsasoarekin: baleetara edo bakailaotara Ternuara joaten ziren arrantzaleak, marinelak, Armadako militarrak... Garai batean euskaldunak jaun eta jabe ziren itsasoan. Euskal Herrian sona handiko piratak eta kortsariak ere izan dira. Oso ezagunak izan ziren batez ere Lapurdikoak, askotan gipuzkoarrekin eta bizkaitarrekin borrokan ibilitakoak. Michel “Le Basque” donibane-lohitzuarra, esaterako, Karibe itsasoan aritu zen lapurretan. La Tortuga irlan, piraten babeslekuan, ibili ohi zen eta Olones ezagunarekin zenbait eraso eta ekintza prestatu zituen. Laffitte ere lapurtarra zen, Baionakoa edo Ziburukoa. EEBBetako New Orleansen ibili zen Laffitte, XIX. mendean eta film bateko protagonista da. Beste batzuk ere badira: Jean Perits Haraneder, Joanes de Suhigaraitxipi “Le Coursic” baionesa, Pellot hendaiarra...
Clemente "Aita Santu"aren penitentziak
Espainiako Palmar de Troya herrian izen bereko eliza dago, Eliza Katolikotik at. Eliz hau ultrakontserbadorea da eta, adibidez, Franco diktadorea santu izendatu du. Aita Santua ere badute, Gregorio XVII.a, itsua. Dena den, Palmar de Troya krisi ekonomiko larriak jota dago eta beraz, diru bila dabil. Gregorio XVII.ak dirua eskatzeko modu bitxia asmatu du. Dirulaguntzen arabera, batetik, kastitate botoa berrartuko du. Horrek esan nahi du, noski, orain arte ez duela botoa ondo bete eta jolas sexuetan ibili dela gure gizona. Bestetik, ikusmena berreskuratzeko mirariari uko egingo dio.