BageraNet BageraNet
Gaztetxulo

Gora Argitaratutakoak

Artikulua Komunetako Armiarma
Artikulua Asgarth
Artikulua Euskara Zigorpean
Artikulua Ligatzeko 10 Aginduak
Artikulua Fermin Muguruza
Artikulua Zur eta Lur
Artikulua Telezaborra
Karpeta Punka
Jaso ezazu
Bageranet Albistegia
posta elektronikoz


Irutxuloko Hitza
  BAGERA    ZIBERTEKA    IRUTXULO    GAZTEZULO    ALBISTEAK    LOTURAK    NON ZER 
 [ Bageranet  >  Gaztezulo  >  Argitaratutakoak  >  Komunetako Armiarma ]

Komunetako armiarmaren misterioa

Asier Azpilikueta, 2001/01/05.

Hego Euskal Herriko hainbat eta hainbat taberna zulotan armiarma bat azaldu da komunean itsasita. Mota guztietako gau txoriak eta tabernazaleak harrituta daude: zer izango ote da eranskailu misteriotsua? GAZTETXULOk ikerlari prestu bat bidali du tabernetara misterioa argitzera.

Vodka eta limoiaren arteko nahasketa buruan nuen jira-biraka. Sei bat garagardoren ostean, litro erdiko bigarren edalontzia zen, eta sabelaldea lehertzear nuen. "Oraintxe nator", erran nien lagunei, eta komunetarako bidea hartu nuen itsu-itsuan.

Neskentzako komuna itxirik zuten barruan gorotz kankak sudurreratzen ari ziren hiru kankailuk. Hortaz, nire aitzinean zen ipurdi eder eta mamitsuko neska puskak mutilentzako komunean sartu behar izan zuen. Horiek komeriak neskak eginen zituenak! Komun-ontzia hormara itsasirik dauden horietakoa zen. Bai, imajinatzen ahal nuen ipurdi eder eta mamitsuko neska puska, artropodoa bailitzan, kondoi makina euskarri harturik, hankak ontzi gainean, makurturik, txizaren gai likatsua goitik beheiti isuritzen.

Komunetik kontent atera zen ipurdi eder eta mamitsuko neska puska. Eta ni ere kontent, txanda heldu arte nire sabelaldiari eustea lortu nuelako. Presak irekitzen dituztenean bezala, halaxe atera zen alkoholak horiztatu txiza txorrotada.

Komunetako pintada komunak

Txizaren ateratze bero horrek ematen duen lasaitasuna lagun, nire inguruko pintadei erreparatu nien. Gehienak Gatazkari buruzkoak ziren, "Gora ETA manke pierda", eta antzekoak. Juntagailu kopulatiboaren inguruko pintada anitz zegoen. Bertze batzuek Espainia izeneko bati imajinatzen ahal diren gauzarik txarrenak opa zizkioten. Amodiozko pintadarik ez nuen ikusi, ez bada Oreretako gazte batzuek 97-VII-11ren gau etilikoan euren herri maitatuari eskaini zioten lili sorta. Eta bertze batek zezen adarrak marraztu zituen "Amaia" izenatik ateratzen. Baina hau ere ez nuen ulertu. Eta horien guzien artean bazen bat grazia pittin batez hartu nuena: "Erran zuen Aristotelesek eta errepikatu zuen Platonek: gantzontziloa dute helburu azken txiza tantoek". Erramoldearen bigarren zatia zalantzan jarri gabe, ezin nuen ulertu nola, Aristoteles Platonen ikaslea izanik, lehenengoak erran zuen gauza bat eta bigarrenak, errepikatu.

Eta... armiarmaren ikurra!

Eta horretan ari nintzelarik, armiarma beltz eta handi bat ikusi nuen komun-ontziaren ipurdian. Harrapatzen saiatu nintzen. Eskua luzatu eta, plast! Oraindik bukatu gabe zegoen txiza txorrotadak zikindu zuen nire eskua. Bortz axola. Armiarma hartu nuen. Eranskailua zen, pegatina alegia. Zakurrek egiten duten gisara, norbaitek paratu zuen hor armiarma bere lurraldea markatzearren.

Eta ipurdi eder eta mamitsuko neska puskarekin gogoratu nintzen. Eta bere atzetik atera nintzen. Eta Iruņeko tabernazulo guzietako komun-ontzietan egin nuen txiza. Eta guzietan topatu nuen armiarma beltzaren eranskailua. Bai, ipurdi eder eta mamitsuko neska puska armiarma zen.

Eta nire ekinaren ekinaz berarekin ligatzea lortu nuenean, orduan ulertu nuen zergatik ipurdi eder eta mamitsuko artropodoak mutilentzako komunetan soilik egiten zuen txiza. Orduan ulertu nuen armiarmek intsektuak harrapatzeko sarea egiteko tutu moduko bat dutela, espero baino lodiagoa, espero baino trinkoagoa. Eta ni, intsektua, bere amaraunean erori nintzen.

Hipotesiak hipotesi

Spidermanen itzulera
Batek baino gehiagok erran du (etilometroa hautsi gabe, baina psikotropikoen gaineko azterketarik egin gabe ere) armiarma gizona ikusi duela Iruņeko Singular dorrea eskalatzen. Spiderman itzuli ote da? Be-rak paratu du armiarma beltzaren ikurra ko-muna guzietan?
Publizitate kanpaina
Donostiako elastiko enpresa ezaguneko kideek, publizitate kanpaina trebean, "Loreak Mendian" leloarekin zikindu zituzten hiriko komunak. Gerora etorriko ziren "Perretxikoak basoan", "Zerbezak tabernan", "Militarrak hilerrian" eta gisako astakeriak. Akaso, armiarma beltza sortzear den enpresa baten irudia da.
Garbiketa enpresaren marka
Armiarma beltzaren zabaltzea ikusirik, baliteke ikur hori komunak ikuskatzen eta garbitzen dituen enpresa batena izatea. Hala bada, behintzat, armiarma beltza ikusiz gero, jakinen dugu komun-ontzi garbi batean egiten ari garela txiza.


Benetako azalpena jakin nahi al duzu?

Ez Spiderman, ez enpresa berririk. Bai, lagunak, zenbait tabernarik esan digutenez, komunetako armiarma beltza garbiketa enpresa batek utzitako arrastoa da. Egia esan, ipurdi marduleko neskari buruzko istorioak xarma bazuen, baina errealitatea, zoritxarrez, ez da batere erromantikoa.

O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O
  Hasierara   hasierara   

Bagera.net © Bagera, Donostiako Euskaltzaleen Elkartea
Katalina Eleizegi 36, behea; Donostia 20009 | Telefonoa: 943467181 - Faxa: 943446532
e-posta: idazkaritza@bagera.net | Webgune honi buruz: Kontsultak - Kredituak
Orri honen kokapena: http://www.bagera.net/Bageranet/Gaztezulo/Argitaratutakoak/Armiarma

© Gaztetxulo. Argitaratzailea: Donostiako Komunikabideak E.M.
Erredakzioa: 943458408 | e-posta: gaztetxulo@bagera.net