BageraNet BageraNet
Bagera logoa

Gora Mintegia

Artikulua Beltza, Emilio Lopez Adan
Artikulua Mendiguren Bereziartu, Xabier
Artikulua Odriozola, Joxe Manuel
Artikulua Ugartetxea, Arantxa
Jaso ezazu
Bageranet Albistegia
posta elektronikoz


Irutxuloko Hitza
  BAGERA    ZIBERTEKA    IRUTXULO    GAZTEZULO    ALBISTEAK    LOTURAK    NON ZER 
 [ Bageranet  >  Mintegia  >  Odriozola, Joxe Manuel ]

Euskalgintza: Eztabaidarako Proposamenak

Hitzaldi honetarako oinarritzat erabiliko ditudan testuak aipatuko dizkizuet lehen-kehenik. Bi artikulu eta liburu bat, hain zuzen. Artikuluak honako hauek dituzue: “Azkenean sinetsi egin dugu” (Euskaldunon Egunkaria, 1999/9/3) eta “Euskalgintza bide berrien eske” (Gara, 2000/1/31). Liburua, berriz, beste hau: “Nazio-identitatea eta eskola” (Euskaltzaindia-BBK, 2000).

Adierazi dudan bezala, lan horietan oinarrituko naiz hemen nire aldetik esan beharrekoa esateko. Testu hauetan idatziak dauzkadanak abiapuntutzat hartuta, egokien irizten ditudan aipuak aukeratu ondoren, zuen aurrean hainbat gogoeta eta iritzi azaldu nahi nituzke. Goazen, beraz, lanera.

Lehen Proposamena:

“ Hizkuntzaren bilakaera soziolinguistikoa nola doan jakiteko, beste ezertan hasi baino lehen, honako galdera hau egin beharko genioke geure buruari: nolako hartu-emanak ditu dena delako hizkuntza horrek bere ingurune orokorra osatzen duten dimentsioekin? Hizkuntza bat bere ingurune orokorrari zor zaio: ingurune sozioekonomikoari, ingurune politikoari, ingurune nazionalari, ingurune etnolinguistikoari... Oinarrizko osagai hauekin hartu-eman egokiak baldin baditu, hizkuntzaren bilakaera soziolinguistikoa ez da aldrebesa izango seguruenik. Normalizazio-kontzeptutzat hartzen dugun ildo horretan barrena ibiliko da. Aldiz, hartu-eman horiek nola-halakoak baldin badira, hizkuntzaren biziberritzeak ez du atarramendu zuzenik izango. Hartu-eman hauen izaeran dago, hortaz, gakoa. Hau da, izaera horren normalizatze-gaitasuenan” (Gara).

Proposamen hau babesteko ez dago oso zorrotza eta jakituna izan beharrik. Hizkuntzaren dimentsio-ugaritasuna jadanik edonoren adimenaren eskura dago, ez dago horretarako soziolinguistikaren barrunbetan aztarrika jardun beharrik. Gizartearen sisteman eta antolamenduan diharduten egitura, jarduera eta eragile guztien eragina begien bistako gauza baita hizkuntzaren prozesu historikoaz ohartu nahi duenarentzat.

Beste kontu bat da, jakina, goran aipatu ditudan faktore horien eragin-indarra zertan den zehaztea. Oinarrizko faktore horien eragin-indarra ez baita berbera izan, funtsean antzekoa izan baldin bada ere, mendeko hizkuntza minorizatuen ordezkapen historiko guztietan. Desberdintasuna herrian herriko erresistentzia-ahalmenaren esku egon da alde batetik (esaterako, ikastolen mugimendua bezalako erresistentzia-oinarria ez da herri zapaldu guztietan garatu); beste aldetik, berriz, herri hauen gainetik dagoen Estatu-nazioaren asimilazio-estrategiak ere ez dira berberak izan, ez neurriz eta ez eraz.

Nolanahi ere, guzti-guztiek dute oinarrizko kidetasuna asimilazio eta ordezkapen prozesu horietan: a) Estatu-nazioaren nazionalismo asimilatzailea dago guzti-guztien azpian; b) herri hauen garai bateko (nazionalismo asimilatzaileen aurreko garaiak) egitura etnolingustikoa pixkanaka-pixkanaka desegin egin da herri-egitura berri bat sortzeko gaitasunik egon ez den lekuetan (Katalunian, adibidez, badirudi garaiz dabiltzala, beste kasu askotan ez bezala, inoizko egitura etnolinguistiko hura egungo gizarte-molde nazional modernoaren erreferentzia historikoa bihurtzeko. Trantsizioaldi hau egoki antzean gertatuko bada, ezin da erabat eten nazionalismoaren aurreko oinarri etnokulturala eta ondorengo gizarte-molde nazionalaren arteko lokarria. Gure kasura etorrita, Ipar Euskal Herriko egoerari so egiten badiogu, egoera historiko batetik bestera igarotzeko behar den lokarri etnolinguistikoa eta kulturala funtsez etenda daudela esan beharko genuke geure buruak engainatu nahi ez baditugu.

Beraz, eta hizpidetzat hartu dudan aipura itzulita, zera aitor dezakegu: hizkuntza-komunitatearen oinarrian dauden euskarri-elementu horien arteko hartu-eman egokiak bakarrik eutsiko diola komunitate horren hizkuntzan eta kulturan bizitzeko gaitasunari eta ahalmenari. Nolako harremanak, halako hizkuntza-egoera. Harreman horien izaera estrategiko orokorra ez genuke inoiz ahantzi behar egungo mundu korapilotsuan.

Bigarren Proposamena:

*“(...) gaur egungo euskal ingurune orokorrak nolako euskaldunak sortzen dizkigu euskara-gaitasunari eta atxikimenduari dagokionez? Lehengoak euskaraz eskolagabeak omen ziren, eta euskaldun diglosikoak horrenbestez. Oraingoek zer dute, ordea, batez bestekoan “euskaldun osotik” eskolaro guztia euskal eskolan pasata? Zer esan, berriz, hizkuntza-ereduen mozorropean jantzitako erdal eskoletan burutzen den euskalduntze-politikaz? Euskal eskolarik ezagutu ez zuten haientzat eguneroko bizikeraren esparru informaletan behintzat euskara zen mintzabide bakar eta osoa. Oraingo euskal hiztun berriak gauza al dira, ordea, beste horrenbeste egiteko? Erantzuna, batez bestekoan, ukaezina da: egungo euskaldunak (ez naiz ari euskaldun berriez soilik) ez du gaitasun komunikatiborik ez batean (funtzio informalak) ez bestean (formalak) gutxieneko erraztasunez eta erosotasunez burutzeko. Hauxe da gure euskalgintzaren uzta eta porrota”* (Gara).

Euskaldun izatearen oinarriak oso erasanak eta ahulduak dauzkagu alde batetik. Beste aldetik, berriz, jarriak ditugu jadanik abian berreuskalduntzearen hainbat bitarteko, baina emaitzak aski etsipengarriak dira orohar. Esparru formaletan aurreratu duguna, informaletan atzeratu dugu. Ez gara gauza, nonbait, berreskurapen-prozesuak bere eskakizuntzat dauzkan baldintzak modu txukunean betearazteko.

Euskara kultura eta literatura jasoaren hizkuntza, hedabide eta mundu modernoaren mintzabide bihurtu behar genuen diglosiaren infernutik ateratzeko. Eta egia da: kultura idatziaren kode landua eta bizitza publikorako gaitua izango zen hizkuntza behar genuen betiko baserri-mundu eta sukalde-bazterreko solasbide izango ez bazen. Baina hara nora iritsi garen egin dugun bidea egin ondoren! Inork nahi ez zuen lekura eraman gaitu azken urteotako euskalduntze-politikak: gaitasun formaletan, trebetasun idatziari dagokionez, ez bide gabiltza oker, Selektibitatea euskaraz gainditzeko etsamina ongi gainditu du eskola-ikasleak, baina ahozkotasunaren adierazpideetan ez du azterketa gainditu bere eguneroko bizi-esparruko hartu-emanetan.

Eta hori arazoaren alderdi bat besterik ez da. Zeren, jakina, ahozkotasunaren barruan ere bi maila daude gutxienez: eskolako gaiak lantzeko eskuratu behar den hizkera-modua, kultura-gaietan ahoz jarduteko gaitasun komunikatiboa. Eta maila honetan gauzak nola dabiltzan aztertzen hasi gabe, eguneroko solasaldietan erabiltzen den hizkera-moduan dauzkagun arazo ikaragarriak azpimarratu nahi nituzke. Hementxe baitugu erronkarik latzena irakaskuntzan oinarritu dugun berreuskalduntzearen prozesuan: zertan da, izan ere, bene-benetan, eta batez bestekoan hartuta, egungo eskola-umearen euskara-gaitasun komunikatibo informala bere munduaren adierabide izateko bidean? Balio al dio euskarak bere mundu hori euskaraz bizitzeko? Erdaraz adieraz dezakeen unibertso pertsonal berbera adieraz ote dezake euskaraz ere? Erantzuna gauza jakina da euskal herri txikietako haur eta gaztetxoen kasua alde batera utzita: ez.

Hona, beraz, euskal hiztun diglosikoaren eredu berria, garai batekoaren aurkakoa. Orain alderantzizko gabezia darama aho-mihietan eskolan euskaldundu den euskaldunak: kode jasoko jakitebideak gainditu dituen bitartean (ahozkotasunean ere bai?), eguneroko bizimoduan ahozko harremanak euskaraz garatzeko aski erraztasun eta erosotasunik gabeko euskalduna sortu dugu azken hamarkada hauetan. Esana dago, eta berriro ere esango dugu, esan behar baldin bada: eskolako hizkuntza hizkuntza bizigabea izaten da hizkuntza hori mendeko egoera soziolinguistiko eta soziokultural minorizatuan dagoenean. Gizartearen arteria bizidunetarik kanpo dagoen hizkuntza akademikoa bihurtu ohi da, eta guri, dirudienez, horixe gertatu zaigu. Eta ohartu al gara behar hainbat gertatu zaigun horretaz, edota batetik eta bestetik egiten diren inkesta eta euskara-erabilerari buruzko datu eta portzentaiekin konformatzen gara euskalduntasunaren osasun-egoera ebaluatzeko? Beldur naiz euskaldun berrien hainbatekoen lilurak ez ote gaituen gehiegi itsutu. Eta beldurra areagotu egiten da, jakina, kezka hauek ezerezaren parekotzat jotzen direlako euskalgintzaren herri-erakundeetan dabiltzan kide askoren aldetik. Euskaldunen kopurua dugu nonbait erreferentzia bakarra Hegoaldean gertatzen zaigunari buruz. Eta, jakina, ulertzekoa denez, horixe besterik ez du nahi hizkuntza-politikaren ardura daramanak, horrela ezin hobekiago zuritzen baitu bere jokabidearen nondik norakoa.

Hirugarren Proposamena:

“ Orain arte eskolaren esku utzi dugu euskalduntze-jarduna batez ere, baina hezkuntzaren eragina ez da nahikoa izan, eta orain eskolaren euskalduntze-lanari esparru osagarriak erantsi behar omen dizkiogu. Hala nola, besteak beste, aisialdia, kirola, eta abar. Edota lan-munduan sartu behar dugu euskara. Honela, dirudienez, pixkanaka-pixkanaka, bizimodu osoa euskaraz egiteko gizarte-sarea taxutuko baita. Kontua, ordea, ez da hain sinplea, kontua ez da jendea euskaraz lanean jartze hutsa, besterik gabe. Izan ere, hortxe dago Hezkuntzaren eta Administrazioaren sailetan bildutako eskarmentua diogunaren lekuko. Horrela, euskara lanerako bakarrik gaitu duenarentzat, gehien-gehienetan, euskara mintzabide arrotza izan da bere bizitzako gainerako harreman-sareetan. Euskara lan-hizkuntza besterik ez da horrelakoetan, ez norberaren munduaren ulerbide eta adirazpide. Atxikimenduak (bizipenak, sentipenak, identitateak...) huts egin du hor, eta, aldi berean, euskarazko gaitasun komunikatiboak ere bai, hauek elkarren kide direlako euskararen egoera orokorra errotik aldatzen ez den bitartean. Kontua, ene ustez, eta ez naiz bakarra izango honako hau aldezten, euskal mundu mikroak (hiztuna eta bere mundu euskalduna) sortzea da: euskaldunak alegia, ez euskara-dunak soil-soilik. Plangintza makroak behar-beharrezkoak dira, jakina, baina orain arteko emaitzei (sortu dugun euskaldun-eredua) ezikusiarena egitea ez da zilegi” (Gara).

Lehendabizi eskolako hizkuntza bihurtu zitzaigun euskara, hezkuntza-sistema euskalduntzera jo genuenean. Eskolaren esparrua gainditu ezin duen mintzabidea. Hezkuntzaren jarduera formaletarako balio duena, baina hortik kanpo, ikasleen arteko komunikazio-behar informalak asetzeko gauza ez den hizkuntza. Geroago, Hezkuntza munduko irakasle gehien-gehienak erdaldunak zirela eta, hauek euskalduntzeko bideak urratu ziren. Esperientzia honetan gauza deigarri bat gertatu zen: irakasle erdaldun horietako asko eta asko nola edo hala euskaldundu ziren, klaseak emateko moduan edo, baina hauetako gehienek ez zuten euskararik erabiltzen eskolako esparrutik at. Oraintsuago, Administrazio Publikoan aplikatu den hizkuntza perfilen politikan, orobat, antzeko zerbait gertatu da: alegia, hainbatek eta hainbatek lanpostuak zekarren hizkuntza-eskakizuna gainditu dute, baina, hala ere, hauen euskara erabilera ez da lan-mundutik kanpora zabaldu.

Dirudienez, euskararen gizarteratze-politikak gainditu ezin duen langa larri bat dauka bere aurrean. Halako edo halako esparru jakin bat euskalduntzeko plana burutu ondoren, delako esparru hori konpartimentu-estankotzat hartu izan du euskaldun berriak (eskola-umeak, funtzionarioak...), eta euskararen erabilera eta balio soziala esparru horretara murriztu du. Zergatik gertatzen ote zaigu hau? Euskarak gizarte-sare eta esparru gehienetan oraindik lekurik ez duelako, eta, horrenbestez, bere erabilgarritasun soziala aldez aurretik mugatua dagoelako euskaldun berrientzat (eta zahar askorentzat) ?

Badakigu euskareren erabilera ez dela gauza “normala” gizarte-sare eta eremu askotan. Eta badakigu, orobat, bere erabilera ez dela normalizatuko sare eta eremu hauek euskalduntzeko planik ez dagoen bitartean. Baina, nonahi ere, ez dirudi euskalduntze-planok aski direnik euskararen erabilera bermatzeko. Izan ere, planak, onenean, euskaraz jarduteko gaitasun komunikatiboa eskaraziko dio halakoari. Ez, ordea, euskara erabiltzeko ezinbestekoa den jarrera eta motibazioa: hizkuntza leialtasuna dei dezaiokegu honi, edo bigarren hizkuntzarekiko atxikimendua kasu honetan.

Nora goaz konpartimentu-estankoetan sailkatutako hizkuntza-politika honekin? Lehendabizi esparru bat (eskola, adibidez) eta ondoren aisialdiko edo kiroletako eremua euskaldundu nahi dugu hemen ere euskara erabiltzeko aukera izan dezan neskatoak edo mutikoak. Baina ezin gara atera esparru itxiotatik, eta esparru itxiotan giltzaperatuta daukagu euskararen erabilera-unibertsoa. Gurpil zoroaren zurrunbiloan sartu zaigu euskalgintzaren gurdia, eta ezin dugu asmatu hortik nola atera. Ezin dugu asmatu nola arraio erabilarazi daitekeen minorizazioaren ajeak jota dagoen hizkuntza baztertua.

Nik neuk sendabide bakarra ikusten diot gaitz honi. Ez dut uste, besterik gabe, gizarte-esparru eta sare berriak euskalduntzeko ahaleginean jardute hutsarekin gurpil zoro honetatik aterako garenik. Ez dut uste izan ere bide nagusia hori denik, hori ere egin beharrekoa baldin bada ere. Bide nagusia euskaldun berriaren (eta zahar askoren) jarreran datzala esango nuke. Euskaldun honen kontzientzian, alegia. Euskaldunak zertarako nahi du euskara? Galdera honi erantzuteko moduan dago aterabidearen langa. Eta langa hau ataka gaiztoa bihurtu zaigu, zeren eta uste izan dugu hizkuntza ikastearekin nahikoa dela delako hizkunzta hori erabilia izateko. Eta hori ez da egia izan inoiz, eta gure egoera soziolinguistiko minorizatuan are gutxiago. Euskararen erabilerak subjektuaren aldetik ezinbestekoa den jarrera eskatzen du: hau da, euskalduntasunak inplikatzen duen mundu sozial eta sinbolikoaren ezagupidea eta atxikimendua. Euskalduntasunaren munduan dauden interes, balio eta helburuak konpartitu behar ditu elebiduna den aldetik, zeren elebitasunak bitasun kultural, historiko, nazional eta sozialarekin harreman hertsiak baititu. Bi hikuntza elkarren ondoan eta elkarri lehia eginez biziko badira, hiztunen aldetik biekiko jarrera demokratikoa eduki behar da. Berdintasunaren etika eta politika aplikatu behar du hiztunak gure herrian, eta jarrera hau garatzeko oinarriak non dauden jakin nahi nuke nik. Nik ikusten dudan gauza bakarra zera baita: euskararekikoak toleratu egin behar direla uste dela gure artean, ez konpartitu. Eta, jakina, baldintza hauetan, tolerantziaren politika eta jarrera hori ez da batere demokratikoa, inposizio mozorrotu baten estrategia inplizitua besterik ez baita.

Laugarren Proposamena

“Euskal identitate eta kulturarik gabeko euskalgintza eraiki nahi da hizkuntzaren dimentsio hirukoitz hau (identitatea, kultura, hizkuntza) gatazkabide omen delako, baina ez zaigu inon esaten nola gizartera daitekeen bere huts-gorrian euskara bezalako mintzaira minorizatu bat dimentsio horiek alde batera utzita. Hizkuntzaren fetitxismoa sartu zaigu hezurretaraino. Alabaina, ez dago nazionalista izan beharrik, Katalunian edo Euskal Herrian, elebitasun sozial asimetrikoaren aterabideak irtenbiderik gabeko atakan sartuko gaituela jakiteko. M. Vázquez Montalbán ere ohartua dago elebitasun sozialaren noraezaz: *Obsérvese que utilizo cohabitación lingüística y no bilingüismo, desde la perspectiva de que el bilingüísmo o el trilingüismo es una situación social y la cohabitación es a la vez situación y disposición cultural” (Talaia-3).* Gurean elebitasuna ez da kulturbitasuna, eta elebitasun horrek ez du ezertarako balio” (Euskaldunon Egunkaria).

Idazle katalana ondo ohartu da, gure arteko asko ez bezala, hizkuntza batek bere unibertso soziala, kulturala eta ideologikoa behar dituela. Zertarako behar ditu oinarri horiek? Hona korapilo askagaitz baten hasierako galdera. Hala ere, ezin dugu alde batera utzi galdera honen inplikazio erabakigarria, eta erantzun egingo diogu erantzuna ase-betegarria ez dela izango aldez aurretik jakin arren. Goazen apurka-apurka:

  • a) Hizkuntza gizartegintzan diharduten pertsonen arteko komunikazio-bidea izanik, ez da pentsatu behar bitartekaritza-lan hori inplikazio-eraginik gabekoa denik. Gaur egun badakigu jadanik hizkuntzak ez duela alegia pentsamendua eta ikuspegia alde batera edo bestera determinatzen, baina, aldi berean, badakigu ere bere bitartekaritza lan hori egitean, hizkuntza, identifikazio psikologikoa eragiten duen elementu soziala dela hiztun-subjektuen baitan. Orduan, utz ditzagun bateko eta besteko muturrak, eta esan dezagun hizkuntzaren zeregina ez dela soil-soilik errealitate sozialean dagoen mundua “kanpotik” aditzera ematen duen tresna bakartu ez-sozial bat. Hau ez baita egia. Hizkuntza ez da komunikazio-jardunean eragin psikokognitiborik ez duen tresna ez-sozial bat. Aitzitik, bere funtzioa mekanismo soziokognitiboen baitakoa denez, errealitatearen ekoizpen sozialean eragile sortzailea dugu.
  • b) Zer esan nahi izan dugu aurreko puntu horretan? Funtsaren funtsean, honako hauxe: hizkuntza baten erabilera sozialak konplizitate soziala, kulturala eta ideologikoa eskatzen dituela orohar. Konplizitate horren graduak ez dira noski berdinak. Esate baterako, Valladoliden erdara darabilen hiztunak ez du sentituko inolako konplizitate ideologiko nabarmenik hizkuntza hori darabilenean, modurik “naturalenean” darabilela usteko baitu halakoak. Inork ez baitu auzitan jartzen hizkuntza horren erabilera han. Denek eta aho batez konpartitzen duten giza jarduna baita. Baina “naturaltasun” hori laister jarriko da auzipean hizkuntza bat normaltasunez konpartitzen ez denean bere erabilera sozialean. Horixe da euskararen kasua. Eta orduan zer gertatzen zaigu? Mila aldiz entzuna izango duzue honakoa: ideologizatzen ari garela euskararen erabilera, instrumentalizatzen, politizatzen. Kritika honen oinarrian “zer” dago? kritika egiten duenak maiz “zer” horren berri ez baldin badaki ere? Azken batean, hauxe dago nire iritzian: euskarak ez dezala bere mundu sozial, kultural eta ideologikoarekin inolako konplizitaterik eduki. Konplizitate hori kentzea, ordea, euskarak oinarritzat daukan omunitatearekin ezinbeskotzat duen zilborrestea eten nahi izatea da, eta, horrenbestez, arnasik hartu ezin duen gizarte-baldintzetan bizirik iraunaraztea. Eta berriro esango dut aipatu berri dudana: jarrera hau euskaltzale askoren jarrera ere bada, ez haren arerioena bakarrik, euskarari on egiten diotela uste dutelako gainera, hizkuntzaren egitekoa ez baitute prozesu psikokognitibotzat hautematen.

Zer esan nahi digu Vázquez Montalbán-en kohabitazio hitz horrek? Zergatik gutxiesten du elebitasun terminoak adierazten digun errealitate soziolinguistikoa? Erantzuna begien bistan dago gai hauetan zertxobait pentsatu nahi duenarentzat: hizkuntza bakoitzak bere komunitate soziala, kulturala eta ideologiko autonomoa behar duela biziko bada. Komuniate soziala: gizarte antolamenduaren sistema estrukturatu bat, non hizkuntza normalizatua euskara izango den. Komunitate kulturala: gizarte-sistema antolatu horren baitan bizi diren kideek oinarrizko arau eta balioak konpartituko dituzte, eta konpartituko duten oinarri horietako bat euskara bera izango da. Komunitate ideologikoa: talde-identitatearen kohesioa eta jostura ideologiaren bidez sozializatzen da haurtzarotik beretik, komunitate horren batasunak ez bailuke iraungo bestela mila zatitan banatu gabe (funtzio ideogikoak zatikatu egiten gaituela ohartuta gaude aspalditik gure herrian, baina batu ere egiten du konpartitzen edo arbuiatzen ditugun balioen inguruan).

Beraz, kohabitatze sistema ez da egitura sozial, kultural eta ideologiko hegemoniko-nagusi batean (espainola Hegoaldean) erdara eta euskara elkarrekin bizitzen jartzea. Ez horixe! Hori asimetrian oinarritutako zapalkuntza eta asimilazioaren estrategia mozorrotua baizik ez da. Eta egoera horretan gaude. Egoera hori onartu egiten baitu Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikak. Tranpa honetaz ohartzea, esan dudan bezala, ez da gauza zaila, baina bi gauza eskatzen ditu oharmen horrek: batetik, gai hauetan pentsatzea, eguneroko esperientziaren irakaspena oinarri teoriko sendo samar batekin uztartzea; eta, bestetik, jarrera ausarta hartzea, bere esanetara gauzkan ideologia nagusiaren mugak gainditzea, eta hipotesi eta tesi berriak esperimentatzeko gaitasun ideologikoaz hornitzea.

Bostgarren Proposamena

“Euskal kulturaren eta atxikimenduaren egoera gizarte-bizitzako hartu-emanetan ahula baldin bada, nolakoa izango da euskararen erropena gizarte-sare horretan bertan? Euskal historiaren aldetikako sentipen-iturririk jorratu ez den belaunaldi batean nolakoa izango da euskararekiko leialtasun-maila? Euskal Herriaren geografiaz tutik ez dakien eskola-ume batek zer sentituko du nortasun nazionalaren esparruan? Hedabide nagusienen ildoan nazio- eta kultura-erreferentzien adierazleetan euskaltasunik sumatzen ez duen gazteak zer-nolako nortasun kolektiboa eraikiko du bere izaeran? Eskolako ikasliburu eta curriculumetan (formala eta ez-formala) euskal izatearen sentipenak landu beharrean, beste batzuk baldin badira nortasun-harrobi, zer-nolakoak izango dira bihar-etziko euskal gazteen identitate-jarrerak?” (“Nazio-identitatea eta eskola” 191. or.).

Zertara ote dakart nazio-identitatearen auzi hau euskararen erabilera-arazoa planteatzen duen solasaldi honetara? Zalantza honek izango luke noski aski oinarririk eta sustrairik euskaraz ari beharrean ingeles hizkuntzari buruz ariko bagina. Azken honen erabilera-mekanismoek ez baitute harreman zuzenik nazio-identitatea osatzen duten osagarriekin: historia, kultura, ideologia, erlijioa, lurraldea, mitologia... Hala ere, ezin da ukatu ingelesaren erabilera unibertsalizatu honetan identitate sozialaren eta kulturalaren konpartitze-maila gero eta nabarmenagoa dela munduan: bai zientzian, bai teknologian, bai informazio-sare berrietan, bai zinean eta musikan, bai merkataritzan eta ekonomiaren ildotik datorkigun “pentsamendu bakarrean”. Jar zaitezte pentsatzen, ea zenbat arau eta balio konpartitzen ditugun mendebaldeko sistema kapitalistaren barruan bizi garenok. Eta erraz konturako zarete egunetik egunera ari dela zabaltzen mundu osoan konpartitze-maila hori. Nik baino hobeki dakizue honezkero globalizazioaren fenomenoa zertan den mundu zabalean.

Zorionez edo zoritxarrez, euskararen estatus sozialak ez du zer ikusirik ingelesarenarekin, eta hark duen erakarpen soziala gure hizkuntzak beste modu batera garatu beharko duela dirudi. Hain zuzen ere, euskararen estatus sozialak ez du aukerarik eskaintzen erakarpen sozial hori garatzeko, eta hizkuntzaren gizarteratze-kemen hori baliatzeko. Orduan, zer egin dezakegu? Bide bat edo, hobeto esan, bideska mehar bat, hor daukagu erdi-zabalik: nik nazio-identitatearen izena jarriko nioke bideska horri. Alegia, nazio-identitatearen dimentsio anizkorrean dauden elementuak (kultura, historia, herrikidetasuna...) elkarrekin oparoki konbinatzeko estrategia.

Euskara ikasteko eta erabiltzeko behar den motibazioa eta jarrera eragingo lukeen estrategia izango litzateke hori, maila sozialean euskarak izan dezakeen erakarpen apurra (batez ere esparru publikoan daukan hizkuntza politika apala) alde batera utzi gabe. Badakit alde honetatik begiratuta ere oso gaitza dela euskararen aldeko estrategia oparo bat finkatzea. Alde honetatik diodanean, nazionalismoaren aldetik baitiot, eta gure herrian elkarren lehian ditugu hiru nazionalismo moten artean, gurea ez baita hegemonikoa eguneroko bizimodu nazionalean: hots, hizkuntzaz, kulturaz, literaturaz, informazio-sareaz, ekonomiaz, eta abarrez zein da gurean eguneroko praxi nagusia? Euskaltasunak ez dauka leku testimonial bat besterik praxi sozial nagusi horretan.

Guztiarekin ere, ez dut beste biderik ikusten: abertzaletasunaren harrobiari darizkion elementu sinbolikoak (euskal historiaren eta egungo egoera zapalduaren kontzientzia) baliatzea euskararekiko jarrera aktiboa pizteko. Bizi dugun eta gaituen sistema sozialak eta nazionalak euskaldungaia erdarararen mundura daramanez gero bere erakarpen-indar ikaragarria dela medio, erresistentziako estrategia sinboliko-ideologikoa eraiki beharra daukagu egoera gordin honi aurre egiteko. Gaitz hau ez baita pedagogiaz eta metodologiaz senda dezakegun eritasuna: minbiziaren sustraiak ezin dira trataera psikologiko hutsez gainditu.

Zein da, orduan, egin nahi dudan proposamena labur eta zehatz esanda? Hona, bada, erantzuna: gaurko testuinguru orokorrean euskararen erabilera bermatuko bada, hizkuntza honek harreman egokiak eduki behar ditu nazio-nortasuna osatzen duten osagarriekin (euskal kultura, historia, literatura, herrikidetasuna...). Atzekoz aurrera esanda, berriz, honela adieraziko nuke gauza berbera: euskal nazio-nortasunaren izaera osatzen duten osagarri horien arteko konbinazioak euskal hiztunarekin daukan harreman-motak erabakiko luke gure hizkuntzaren erabilera-neurria. Esan dudan bezala, estrategia nagusi honen sostegu bazterrezina dugu euskarak eskura dezakeen erakarpen soziala eta laborala (eremu publikoko lan-eremuan batez ere, arestian adierazi dugun moduan).

Seigarren Proposamena

“Ikus dezagun eskarmentu historikoaren argitan. Zer gertatu da orain arte Estatu-nazioren sistema asimilatzailearekin? Eta zer gertatzen ari da orain globalizazioaren sistema orobat irenslearekin? Arazoa ez da kulturen arteko elkarrekintza eta mestizajea; hau onuragarria eta beharrezkoa baita berez. Arazoa beste kontu hau da: elkarrekintza hori norabide bakarrekoa dela, eta sistema hegemoniko asimilatzailearen erakarpen-indarrak beste gainerako azpi-sistemak (batik bat, estaturik gabeko herri-nortasunaren kultura-sistemak) irentsi egiten dituela. Azken hauek ez baitaukate defentsa-mekanismorik haiei buru emateko. Hementxe dago auziaren gakoa. Eta gako honen argitan herri-identitatearen borrokak gutxieneko eskakizun bat dakar oinarritzat: bere nortasunaren garapenak herrian herriko gizarte eta kultura-baliabideak bertako gizarte-eragileen esku egoeta eskatzen du, nortasun-elementuen berritze-jarduna barruko indarren arabera eratua izan dadin. Honek ez du esan nahi, noski, kanpoko eraginik ez dagoenik; are gehiago, kanpoko eragin horien premia beharrezkoa izango du dena delako herri-komunitate horrek, aldian aldiko aldakuntzen bilakaeran murgilduko bada. Baina, diogun berriro argi eta garbi: asimilazioaren golde zorrotzak ez dio lur-zoru egonkorrik utziko herri-identitateari, harik eta herri honek bere gizarte-ondasunak bere kabuz kudeatzeko eskumenik ez duen bitartean” (“Nazio-identitatea eta eskola”, 194. or.).

Estatu-nazioa, globalizazioa, interkulturalismoa, eta abar. Zer esan dezakegu gaurko munduaren ezagupidea egiteko hitzetik hortzera darabiltzagun kontzeptu hauen inguruan? Izan ere, informazioa ez baita formazioa, eta gauzen berri izateak ez dirudi gauza horien izaera eta funtzionamendua zertan den jakiteko gehiegi lagun diezagukeenik. Nik neuk oharrok egin nahi nituzke puntu honetan:

  • a) Estaturik gabeko, beraz, Botere-aterperik gabeko herri bat garenez, eta gure egoeran dauden herri-nortasunak gainbehera datozenez mundu zabalean, asimilazio orokor honen estrategian sailka ditzagun behar bezala erasanaren eragile nagusiak. Zein da guretzat arriskutsuena egungo testuinguru historiko honetan?: mundu zabalean hedatzen ari den homogeneizazioaren uhina, ala goiko aldetik eta beheko aldetik ditugun bi Estatu-nazio menderatzaileen irenspena? Nik neure aldetik ez daukat zalantza handirik: oraindik ere, eta luzaroko kontua izan daiteke hau, bi Estatutu-nazio hauen estrategia nazionalista menderatzailea dugu euskaldunok etsairik gogorrena.
  • b) Kontrajarriak al daude ala osagarriak dira bi eragile irensle hauek? Hemen ere ez daukat zalantza handirik: gurekiko osagarriak dira, eta lehendik bizkar gainean ezarria ziguten uniformizazioaren sega zorrotza, orain are zorrotzago bihurtu zaigu. Sega honek lehen zorroztaile bat bakarra zeukan: Estatu-nazioaren aldetik zetorkigun hizkuntza, kultura, ideologia... inperialista. Orain, aldiz, bigarrena ere aurkitu du: globalizazioaren (batez ere kultura anglosaxoiaren oldea) zorroztaileak pentsamendu, kultura eta erreferentzia nagusi-bakarren zorroztarria abian jarria dauka. Aterperik gabeko herri-nortasunentzat egoera larriki gaiztotu zaigu Unesco orain egiten ari den Munduko Hizkuntzen Egoerari buruzko txostenak dioen bezala. Gero eta hilgarriagoa da globalizazioaren mozorropean datorkigun inperalismoaren sega. Txostena argitaratu gabe dago, baina jadanik aurerratuak daude honako ondorio makur hauek: *”Globalizazio prozesuek hizkuntza nagusien bizitza errazten duten heinean, arrisku bizian jartzen dituzte txiki eta ertainak”; “Arin ibili ezean, 50 bat urtetan edo bizpahiru belaunaldietan munduan dauden 6.000 hizkuntzetatik erdia desager daitezke”; “Hizkuntzen heriotza mundu osoan gertatzen den fenomenoa da, fenomeno orokorra”; “Hizkuntza bakoitzaren atzean mundu oso bat dago: historia sozial, politiko edo ekonomiko bat dago. Hizkuntza gutxitu guztien atzean genozidio bat dago edo gerra bat dago, egoera horretara eraman duena”.*
  • c) Goldea edo sega, sega edo goldea: har ezazue nahi duzuen irudia eta pentsa ezazue orain herri-nortasunen zorua hankaz gora iraultzen ari dela inperialismoaren goldea, edota historiaren joan-etorrian gizateriak sortu duen kultura-baliorik liluragarriena, hizkuntza-lorea, errotik ari dela mozten globalizazioaren sega. Egoera larri honetan geure elkartasuna adierazi behar genieke munduko herri menderatuei, eta Europako kulturaren zilborrestera gutxiago begiratu. Gure interesak eta balioak ez baitaude munduaren erdian kokatuak dauden herri ahaltsuen artean, historiatik desagertzear dauden beste horietan baizik. Horrexegatik, hain zuzen,, interkulturalismoa eta mestizajea bezalako hitz ederrak noren ahotan dabiltzan jakin behar dugu lehenik, herri aurreratu eta zibilizatuen ahotan dabiltzanean hitz horiek ez baitute berdintasunaren zentzu demokratikorik bereganatzen.

Joxe Manuel Odriozola

O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O
  Hasierara   hasierara   

Bagera.net © Bagera, Donostiako Euskaltzaleen Elkartea
Katalina Eleizegi 36, behea; Donostia 20009 | Telefonoa: 943467181 - Faxa: 943446532
e-posta: idazkaritza@bagera.net | Webgune honi buruz: Kontsultak - Kredituak
Orri honen kokapena: http://www.bagera.net/Bageranet/Bagera/Mintegia/Odriozola