Arratsalde on guztioi:
Nire lehen hitzok izan bitez Bagera elkarte honen zuzendaritzari eskerrak emateko, gaur eta hemen, euskararen eta bere munduaren bilakaeraz zuei hitz egiteko aukera eman didalako. Eskerrak, halaber, zuei denoi ere nire hitzok entzutera etortzean azaldu didazuen adeitasunarengatik.
Denbora laburra dut euskararen unibertsoaz, hau da, gure hizkuntza komunitateaz hitz egiteko eta hain denbora laburrean zer esan eta zer ez esan aukera egitea zaila da. Espero dut orain larriki bada ere esandakoak ondorengo elkarrizketan sakondu eta hedatzeko aukera izango dela, eta horrela denon parte hartzeari esker, eta aurreko egunetan euskararen egoera argitzeko asmoarekin, hemen, nire aurretik hitz egin dutenekin batera, hitzaldi-ziklo honen amaieran hasieran baino hurbilago egotea euskararen errealitatea sakonago ezagutzetik, bai iritzi desberdinak zehazteko eta bai etorkizuneko lankidetzarako elkarren arteko lokarriak estutzeko ere aukera izan dugulako. Hori da behintzat nik neuk hitzaldi honi ezarri diodan helburua.
Lehen atalean, batez ere azken hamarkadotan, denon artean burututako ahaleginaren ondorioz euskarak egin duen aurrerabidearen berri laburra ematen saiatuko naiz. Horretan ezinbestekoa izango da zifrak, portzentaiak eta kopuruak aipatzea, bide batez argi-ilunen aipamena egin eta etorkizunerako gogoeta bideratzeko.
Bigarren atalean, euskalgintzarekin 30 urtez izan dudan loturaz eta gaur egun dudan arduratik ikusi, entzun eta sendutako errealitateak zuen kontsideraziopean jarriko ditut argiro bezain zintzoki. Esan gabe doa, euskararen oraina eta geroa hobeak izan daitezen egingo dudala ahalegin hori eta ez beste ezergatik eta norbait mindurik gerta baledi, aldez aurretik esaten diot ez dela hori nire asmoa, baizik eta iraganetik etorkizunerako ondorioak atera eta euskal komunitateak bere aurrerabidea argi eta erosoagoa izatea baizik.
Ez dut itxarongo azkeneraino nire pentsamendua laburbiltzeko eta ataritik bertotik agintzen dizuet euskararen azken urteen balantza gisako bat eginez, sarritan esan izan dudana bera errepikatuko dudala: hau da, euskararen alorrean gauza asko eta garrantzitsuak egin ditugula, baina ahuleziak eta kontraesanak ere hor ditugula eta orain arte egindakoak, besterik gabe, ez digula etorkizuna bermatzen gaurko abiaduran aurrera baldin bagoaz EAE honetan, eta are gutxiago Nafarroan eta Iparraldean.
Beraz, nire iritziz, hobeto eta gehiago lan egin beharra daukagu Orixek zioen "herri bat izan zan" hura errepikatu ordez gure Euskal Herri honi hats emanez iraun nahi badugu. Ņabardurak ņabardura eta aldeak alde, funtsezko diagnosi honetan bat etorriko garelakoan nago eta uste dut, ondorioak ere antzekoak aterako ditugula hein handi batean.
Atarikoan agindu dudanez azken hamarkadotan egin ditugun lan eskergak eta alor batzuetan eman ditugun pauso luzeak aipatzea dagokit lehenik. Euskaldunok, munduan zehar, gero eta erreferente ezagun eta miretsiago bihurtu gara hizkuntza gutxiagotuen berreskuratzeari dagokionez. Azken boladan maori eta maputxeen ordezkariekin izandako harremanek hori egiaztatzera eraman naute. Baina inoren miresmenak ez liguke gure egoeraren ahulezia ikustea lausotu behar.
Beraz, lehenik aipa ditzadan azken urteotan egindako urrats batzuk. Hasteko, hiru hamarkada ozta-ozta iragan dira eta Euskaltzaindiaren gidaritzapean euskararen corpusa finkatu eta gaur gauden mailara iritsi izana zinez garrantzi handiko urratsa da, beste herri batzuek ehundaka urtetan eta askozaz bitarteko oparoagoekin egin izan duten lana. Egia da oraindik badagoela egitekorik, bai gramatika eta hiztegi arauemailea landu eta burutzen, eta bai arauturiko hori guztia gizarteratu eta daramagun erritmoa ahal den heinean bizkortzen, baina lortu duguna ezinbestekotzat eta garrantzizkotzat jotzen dut euskararen normalizaziorako.
Hizkuntza-corpusaren mailan lortu dugun hori zinez mirestekoa bada ere, estatusaren mailan, oro har, motelago gabiltza, oraindik askozaz pauso gehiago dugu emateko eta lortu dugun horretan bertan ere gorabehera handiak ageri dira. Ondoren, eta asmo agortzailerik gabe, sail desberdinetan lortutako emaitzak garrantzitsuak eta neurri batean baikortasunera bultzatzeko modukoak direla aitortzera ausartzen naiz.
Euskararen irakaskuntzari dagokionez, joan den mendearen lehen hamarkadetan hasi zen baina batez ere erditik aurrerantz indartu eta hedatu den ahalegin horren ondorioz egin den aurrerabidea nabaria da. Hezkuntza da herri honek etorkizunean bizirik irauteko duen borondate irmoaren ispilu hoberena bere hiru sailetan; eta ikastoletan, ikastetxe publikoetan eta ikastetxe pribatuetan euskarak egin duen aurrerabidearen zenbakiak ikustea aski da horretarako.
Egia esan, datuak biltzea ez da batere lan erraza izan eta horrek agerian utzi dit euskara hiru administraziotan banaturik egoteak nolako eragozpenak metatzen dituen gure hizkuntzaren ikuspegi bateratua izateko orduan. Zifra eta estatistiska bateratuak ez izateak eragin nabarmena du horien irakurketa eta balioespenari dagokionez, eta aukera honetaz baliatu nahi dut lehenbailehen euskararen inguruko datu bilketa sistematiko bat egin beharraren premia aipatzeko.
Ikastola-mugimenduari dagokionez, 1960. urtean 3 ikastola zeuden eta ikasleak ez ziren 100era iristen, hamar urte geroago, 1970ean, 103 ikastola eta 12.000 ikasle zeuden eta hamasei urte geroago, 1996. urtean 176 ikastola eta 30.000 ikasle. Aurten 54.000 ikasle dira guztira ikastoletan dabiltzanak. Azken urteotako ugaltze nabari hori DBHari zor zaio, nahiz eta arestian publifikaturiko ikastoletan 30.000 ikasle ibili une honetan. Zoritxarrez, ikastolaren mugimenduak hizkuntza eta kultura nazionalaren ikuspegitik egin duen lan eskerga ez da behar bezala aintzatetsi instituzioetatik eta hori konpontzen ez den bitartean balazta nabaria izango du gure aurrerabideak kurrikulu nazionalari dagokionez.
Irakaskuntza publikoak EAE-n egindako aurrerapausoak ere nabariak dira honako datu hauen arabera: 1987-88an % 9,9 zen D eredua eta 1996-97an % 402, ikastola publifikatuak barruan zirelarik.
Esaterako, 1979an irakasle euskaldun ez unibertsitarioak % 5 ziren eta 1996-97an % 50; eta Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan % 72koa izatera iritsi da 98-99 ikasturtean, beraz, funtsezko aldaketaren aurrean gaudela aitortu behar dut. Egia da, hala ere, FP edo Lanbide Prestakuntzaren mailan emandako pausoak ez direla parekagarriak eta horretan gauzak mugitzen hasita daudelakoan nago, beraz enpresa eta FP-aren arteko sinergia egokia eraginez bakarrik lortuko dugu etorkizunean aurreratze bizkorra egiteko oinarri sendoa.
Ipar Euskal Herriari dagokionez, frantses esattuko Hezkuntza Nazionalak emandako datuen arabera 17.400 hau daude Lehen Hezkuntzan (12 urte arte) eta horietatik 2.375 eredu elebidunean inskribatu dira eta beste 1.500 bat A ereduan, euskara ikasgai gisa irakasten duen frantsesezko hezkuntzan. Ikastolei bagagozkie, Seaskan 1.400 ikasle daude Lehen Hezkuntzan, 349 Bigarren Hezkuntzan eta 104 Unibertsitateaurrean (16-18 urte)
Eskola pribatuaren euskalduntzeari dagokionez, berriz, EAEn, 1982an, A ereduak % 734, B ereduak % 67, D ereduak % 49 eta X ereduak % 15 hartzen zituzten. 1996-97an ikasturtean, berriz, A ereduak % 52,6 , B ereduak % 269, D ereduak % 34 eta X ereduak % 18 hartzen zuten, irakasleriari dagokionez ere pareko urratsak egin zirelarik. (Ikus taulak behean).
Beste sail batean, euskarazko irakaskuntzari hertsiki loturik joan den ikasliburugintzari dagokionez, azken urteotan urtero 250 liburu, 100 bat entzun-ikustezko eta 50 bat software-material sortzen direla esan behar da, eta duela zenbait urtetako egoeraren aldean hobekuntza nabaria ageri da arlo horretan.
Bide batez, gogorarazi nahi dut, dagoeneko gure ikasleak elebidun ez ezik hirueledun izateko bidean sarturik dabiltzala neurri batean, gure artean ingelesari gero eta garrantzi handiagoa ematen zaiolako, eta begibistan dago, horrek kurrikuluak ongi antolatu eta bitarteko gero eta eraginkorragoak erabiltzera behartuko gaituela, orain arteko eduki eta trebetasunetan galerarik onartu nahi ez bada. Puntu honetan debate zorrotz bat egitea beharrezko litzaigukeela uste dut, sail batzuetako hobekuntza beste batzuen lepotik egin ez dadin eta gure ikasleak egoki prestaturik irten daitezen.
Unibertsitatearen alorrean, eta UPV/EHUri dagokionez, berriz 1986an, Estatutuak onartu ziren, 90-91 ikasturtean 3.000 ikasle euskaldun zeuden eta gaur 10.000etik gora dira, eta izaera elebiduneko irakasleak, aldiz, 800 inguru dira une honetan. Euskal Herriko unibertsitateetako irakasle-kopurua 5.500 ingurukoa da; horietatik elebidunak 1.100, hau da, % 20 inguru, portzentaia aski beherea oraindik.
Argitalpenen kopurua handia ez bada ere adierazgarri eta sostengatua da, Euskararen Institutua bera ere urrats garrantzitsua da eta Euskal Herri osoko 400 bat irakasle unibertsitarioez osaturiko EIRE elkartea ere lorpen itxaropentsua da Unibertsitateko euskararen geroari dagokionez. Zoritxarrez, ez dago gauza bera esaterik unibertsitate pribatuez, salbuespenen bat kenduta eta horregatik alde nabaria dagoela aitortu behar EAEko unibertsitate publikoaren eta pribatu gehienen, eta oraingoz Nafarroako Unibertsitate Publikoaren artean.
Halaber, euskaltegiek helduen mailan lortu dutenari buruzko datuak ere oso aintzakotzat hartzekoak dira. Euskalduntze-prozesuak ahalegin nabaria egin du horretan era desberdinetako euskaltegien bitartez. Duela hamabost urteko ikasle-kopurua zerbait jaitsi bada ere (46.000tik 41.000ra) EGAren pareko gaitasuna lortu duten ikasleen kopurua nabarmen gehitu da eta une honetan urtean 4.700 ingurukoa da. Egia da ikasle horien laurden bat helburutik askozaz hurbilago dauden urratsetatik abiatu direla, eta euskaltegien ahalegina txikiagoa izan dela kasu horietan, baina zifrek agerian uzten dute emaitzak nabarmen hobetu direla azken urteotan. (Ikusi 2.taula eranskinean).
86-87 ikasturtean denetara izandako 46.487 ikasleetatik 6.129k bakarrik lortu zuten 9. urratsa edo goragokoa; aldiz, 98-99 ikasturtean denetara izandako 41.753 ikasleetatik 13.129 iritsi ziren maila hori berori lortzera, urtez urteko igoera nabariaren ondoren.
Nabarmen hazi den beste sail bat liburugintzarena da. Gerra-aurreko eta gerra-osteko liburugintza urriaren ondotik azken hamarkadotan gertatu den liburu sortu eta itzulien ugaltzea nabarmena da. Horretan ere hazkuntza bizkor hori inguruko liburugintzarekin alderatuz gero, ahuleziak eta desorekak begibistakoak dira: sail batzuek (irakaskuntza ez unibertsitarioko ikasliburuek, literaturak) zifra bikainak eskaintzen dituzten bitartean, eduki tekniko, unibertsitario eta dibulgatiboko liburuen sailak oso murritz ageri dira.
- urtean lehen euskal liburua irten zenetik 1875 bitartean 723 liburu argitaratu ziren. 1876tik 1975 arte 3. 155 liburu eta 1976-1994 arte 12. 525. Beraz, Foru-garaian urteko 2,1 liburu atera zelarik, Pizkunde eta frankismo-garaian 31,5 liburu agertu ziren eta egungo aroan, urteko 659,2. Iaz, 1999an, 1.525 titulu argitaratu ziren eta horietatik 1.065 lehen edizioak izan ziren. (Ikus taulak behean).
Komunikabideen sailean, ia ezer ez egotetik irratia eta telebista publikoaren eta pribatu batzuen ere hazte eta ugaltze nabarira, eta astekari eta aldizkari orokor eta espezialdu duinak izatera iritsi gara. "Euskaldunon Egunkaria"k aipamen berezia merezi du hamar urteotan lortu duen emaitza bikainarengatik eta landu duen ikuspegi nazionalarengatik, hasieran batez ere laguntza handiegirik izan ez bazuen ere. "Euskadi Irratia" erreferentzia garrantzitsu bihurtu da euskaldunen artean eta hutsetik abiatu eta bikoizketa-lanak nagusiki egiten hasi zen ETB gerora etxeko ekoizpen duin eta lehiakorrak egitera iritsi da. Kazetaritzari dagokionez ere profesionaltasun-maila nabarmeneko produktuak lortzera iritsi gara, gero eta ikuspegi nazionalagoa integratuz. Erdarazko eskaintza ugariaren aurrean, zoritxarrez, euskarazkoaren aukera urriagoak lehiakidetza-auzi larri baten aurrean jartzen gaitu bezero elebidunak ditugula kontuan harturik. Eskaintza desberdintzen eta kalitatez hobetzen ahalegin berezia egin beharra daukagu etorkizunean merkatua murrizterik nahi ez badugu.
Era berean, duela hamabost bat urte herri-aldizkariak 3 bakarrik ziren eta gaur egun 31 badirela esan behar dugu; kopuru hori ia 60raino hanpa daiteke definizio zabalagoa erabiliz eta urtean 2 M aleak aise gainditzen dituztela baiezta daiteke. Parez pare, eta aldizkari berezien sailari bagagozkio, berriz, aldizkari tekniko eta dibulgaziokoek beste 2M eta 500 mila ale argitaratzen dituzte urtean, berripaper gisakoek 500 mila ale eta eskoletakoek 126.000 ale. Guztira 6.300.000 aleko zifra eman daiteke. Honetan, oinegituraren ahulezia nabaria eta aleen banaketari dagokionez Bizkaiak, euskaldun-kopuru antzekoa izan arren, Gipuzkoaren aldean ageri duen egoera desorekatua aipatu behar dira.
Aurrekoari herri-irratien sailean 15 eta herri-telebistenean 5 gehitu behar zaizkio. Kopuru hauek pozgarriak dira, zeren gero eta euskal komunikabide gehiago ditugula adierazten baitute; hala ere, ez dugu ahaztu behar erdal komunikabideak ere ugalduz doazela eta ondorioz merkatu-kuota gero eta txikiagoa dutela euskal komunikabideek, oro har. (Ikusi taula behean).
Bestalde, Autonomia Estatutuaren indarrez, euskararen legeak Administrazioa euskalduntzeko bideak urratu ditu eta horretan ere urrats garrantzitsuak egin ditugu, nahiz eta gora-behera handiak egon oraindik ere. Euskararen Biziberritze Plana lorpen ukaezina da eta beste plan guztiekiko, eta bereziki Bai Euskarari Akordioko Planarekiko lankidetzan, fruitu ugari lortuko dituela EAEn espero izan behar da. Kopuruak aipatzekotan, Administrazioa Euskalduntzeko Lehen Plangintzaldian sartuak 26.234 lanpostu ziren; horien % 34 derrigortasun-data ezarrita zeukatenak ziren eta horietatik, 1996an egindako ebaluazioaren arabera, % 43ak zegokion hizkuntza-eskakizuna egiaztaturik zeukan. Ikusten denez, egindako urratsa aintzat hartzekoa da, baina oraindik erdia baino gehiago gelditzen da aldez aurretik ezarritako helmugara iritsi gabe. (Ikusi taula behean).
Ekonomia eta euskarari bagagozkio, gure hizkuntzaren inguruan urtero milaka milioi batzuk mugitzen direla esan beharra dago baina sektore bezala oinegiturak finkatu, sendotu eta hedatu beharrean dago. Gainera, datuen gabezia ere nabaria da, eta interesgarria litzateke arloa gero eta hobeki ezagutzeko ahalbideak emango lizkiguketen zifra horiek eskuetan izatea. Dena den, euskararen mundua gastu gisa ez baizik inbertsio gisa ikusten hasi beharra dugu, beste edozein ekonomi alor bezala. Bestalde, euskararen presentzia zenbait sektoretan balio erantsi eta kalitate-ezaugarri gisa gero eta aintzatetsiagoa da eta hori seinale itxaropentsua dela aitortu behar. (Ikusi taula behean).
Gazteria eta euskararen arteko loturaz bi hitz esan nahi nituzke: gazteria, EAEn, eta maila apalagoan Nafarroan ere bai, gero eta euskaldunagoa da baina inertziak hautsi eta giro euskaldun egokia sortu beharra dago gure neska-mutilak euskaraz eroso bizi daitezen beren intereseko alorretan, hots, aisia, kirola eta abarretan. Lehiakide gogorrak ditugu baliabide ugariagoak dituzten erdal hizkuntzetan eta argotak gazteen artean sortzen duen hurbiltasunerako zubiak eraikitze-lanean ere eskuak bete lan dugu komunikabide eta aisia-kudeatzaileen laguntzarekin. Gainera puntu honetan gure gaurko ahaleginaren alde ahul bat ere aipatu beharra dago. Lehen urteetako haur eta gaztetxoei dagokienez, inbertsio nabarmenak egiten ditugu, baina zer gertatzen zaio ikasketak bukatzean lan-munduan sartu nahi duen gazteari? Oso nekez aurkitzen duela euskaldun izanez lan egiteko aukerarik. Badirudi haur eta gaztetxoentzako bakarrik egin nahi dugula euskal mundua, eta gero helduen eta lanaren mundua, ia erdaren esku hutsetan uzten dugula. Kontseiluak azken bi urte hauetan ahalegin berezia egiten dihardu gizarte-eragileekin gaurko eta etorkizuneko lan-munduan gazteek euskaldun izaten jarraitzeko aukera hobeak aurki ditzaten enpresetan, eta egiteko dagoen lana eskerga bada ere, Euskal Herri osoan ia mila gizarte-eragile horienengandik jasotako erantzunak baikor izatera bultzatzen gaituela aitortu behar dut.
Azkenik, Euskararen ezagutza eta kale-erabilerari buruz esan dezagun demografiak ia zirkinik egin ez duen garaian euskaldunen kopurua % 2 hazi dela eta hori joan den mendean hizkuntza berreskuratzen ari ziren hizkuntza komunitateetako datuekin kontrastatuz gero aurrera goazen seinalea da. Une honetan ezagutza % 22n dago eta erabilera % 13an gutxi gora-behera. Nafarroan ere antzeko aurrera prozesuak nabari dira, zorionez, nahiz eta laguntza instituzionala askozaz murritzagoa izan. (Ikusi taula behean).
Bestalde, eta oro har zenbait iritziren aurka, euskaldunok aski ongi baliatzen gara euskaraz hitz egiteko aukerez egin diren neurketen arabera, espero baino zifra handiagoak jaso baitira.
Euskarari buruzko Gastu Orokorretan Eusko Jaurlaritzaren azken Aurrekontuan % 16 (13.673M) ematen zaio euskarari eta Nafarroko Gobernuarenean % 034 (1.211M). Ohar bedi Nafarroan euskarari esleituriko diru-kopurua, ehunekoari dagokionez beheraka doala eta azken sei urteotan % 9 jaitsi dela. Eta oraindik sail askotan daukagu oinegiturak ezarri, sendotu eta euskalduntzea bultzatu beharra, ehuneko horrekin bakarrik nekez lor daitekeena. Adibidez, Cervantes Institutuak, espainola eta bere kultura munduan sustatzeko sortuak aurten 6.909 M gastatuko ditu berak bakarrik eginkizun horretan. Zentzu horretan, oso egoki deritzogu EAJk bere hauteskunde-kanpainan proposatu zuenez, euskararen aldeko diru-laguntza % 2ra igotzeari. (Ikusi taulak behean).
Aurreko sailean euskarak azken urteotan egin duen aurrerabideari buruzko zenbait datu eskaini ditut: horietako batzuk harrigarriak direla esatera ausartzen naiz, eta horrenbestez pozik egoteko datuak direla. Hala ere, sail bakoitzean aurkitu ditudan ahulezia eta argi-ilunen iraizeko aipamena ere egin dut, inolako asmo agortzailerik gabe izan bada ere.
Alde batetik, konforme samar egoteko eran gaude, oro har, Iparraldeko egoera oso larria dela eta Nafarroan euskarak instituzioetatik behar adinako laguntzarik ez duela jasotzen esan ondoren. Baina hori aitorturik, iraganera begira egotea baino etorkizunerako prestatzea areago dagokigunez, puntu honetan zenbait gogoeta egiteari bidezko deritzot. Horietako batzuk 30 urtez euskalgintzarekiko loturan neronek bizi eta hausnartuak dira eta beste batzuk aipatu ditudan sailetako arduradun eta pertsona gailenengandik jasoak. Denek helburu bera dute: egoeraz ahalik eta diagnosi egokiena egiten saiatzea etorkizunak aurkezten dizkigun erronkei egoki erantzun ahal izateko, aurrez aurre ditugun garai liluragarri bezain zailotan.
Lehenengo eta behin, kezka nagusi bat sumatu dut euskalgintzan azken urteotan, eta aurretik aipatu ditudan alderdi positibo horiekin batera bizikide den kezka da noski, gorago aipaturiko datu itxaropentsu horiekiko paradoxazko kontraesanean daudela zenbaiti begitanduko zaiona. "Euskararen Unibertsoa" mugimenduaren sorreran eta gero Kontseiluaren berarenean aurkitzen den kezka bera: aurrera goaz baina euskara epe arrazoizko batean sendoturik, normaldurik ikusteko bezain bizkor ote goaz? Ala gure hazkuntzak zentzu batzuetan bizkorra izanik ere ez ote du normalizazioa onargarri izan litekeena baino gehiago berandutuko, are gehiago, hasiera hartan euskarak aldeko zuen giroa hoztu eta zenbait sektoretan etsaikor bihurtzen ari den une honetan? Abiadura honetan euskararen normalizaziorako 100 urte baino gehiagoko epea aurreikusten duen ikerketa ofizialik ere bada, eta horrek adierazten digu egiten duguna garrantzitsua izanik ere, oraindik askozaz gehiago egin beharrean gaudela Euskal Herri euskaldunaren ametsa egia bihurturik ikusi nahi badugu. Horretan asmatzea eta geure buruei iruzurrik ez egitea hil-edo-biziko zaigu, bestela heriotzerako martxa garaikorra besterik ez litzateke izango gure hazkunde, neurri batean, miretsi hori.
Bestalde, euskara eta euskalgintzaren kontrako bidea eta jarrera ere hor daude, inoiz desagertzen ez den eta tarteka indarrez azaleratzen den Guadiana baten antzera: Nafarroan berriki egin den Hizkuntza Politikaren desantolatzea, komunikabide eta epaitegien jardueraren ondorioz datozen kalteak eta etorkizunerako iragartzen diren jokaerei buruzko zurrumurruak. Argi dago, laguntza eta elkartasuna ezinbestekoak zaizkiola kontrakar horren aurrean bere burua babesteko.
Zer ulertzen den euskara normaldurik ikusteaz galdetuko du norbaitek eta, definizio-sasitza handiegitan galdu gabe, erantzungo nuke euskararen normalizazioaz hitz egiten dugunean honako hau ulertzen dugula alde-alde: euskaraz nagusiki bizitzea erabakitzen duenak bere eguneroko jardueran arazo handirik gabe hori egin ahal izatea, adibidez, Islandia, Danimarka, Holanda, Suedia, Suomi, eta abarretako hiritarrek egiten duenaren antzera; baina aldez aurretik onartuz, biztanleria txikiko herria osatzen dugunez, ez dugula ingelesa, espainola, frantsesa edo antzeko hizkuntza nagusien mailako baliabide-ugaritasunik inoiz lortuko.
Eta normalizazio-maila hori lortzeari dagokionez, euskalgintzak, lehen aipaturiko aurreratze guztia ikusirik ere, funtsean zalantzak ditu alderdi abertzaleek, euskara Euskal Herriaren hizkuntza normalizatu izatea beren benetako lehentasunen artean jartzen ote duten, euskarak Euskal Herrian egiazko zentralitatea duen eta izango duen. Eta argi eta garbi esan behar da, euskalgintzarentzat egiten den ahalegin horrek guztiak azken helburu hori lortzeari begira bakarrik duela zentzua.
Zalantzarik ez dago gure artean herri-sena eta kultura propio bat izatea baloratzen dela, izan ere horrek subjektu eragile desberdin bihurtzen gaitu eta globalizazioaren garaian balio erantsi eta erreferentzia eragile dugu hizkuntza propioa izatea, baina prest al gaude azken ondorioetaraino iristeko?
Euskarak baliabide gehiegi (2000an 16.377 M EAEn) erabiltzen dituela esaten dutenei, alde batetik baliabide horien optimizazioa zaindu eta ahalik eta kudeaketa egokiena egiteko interes handia daukala euskalgintzak esan behar da, baina bestetik azken proiektu hori arrazionaltasunez lortzearen baitan egitekoak direla diru-inbertsioak esan behar da. Euskalgintzako sektore askotan oraindik militantzia nabaria da, eta luzaroan beharko da, baina pixkanaka erdal kideek dituzten soldata eta lan-baldintzetara hurbiltzen saiatu beharko genuke.
Bestalde, Euskalgintzaren baitan urteetan zehar izandako hizkuntza-politikari buruzko kritika gutxiegi izan da. Kritikaren kultura falta zaigu, izan ere ia tabu bihurtu baita gure artean. Nire ustez, herri-agintarientzat kritikak zerbait baliotsua izan beharko luke, hori baita arazoak benetan aztertu eta horiei zinez aurre eginez, etorkizuneranzko pausoak heldutasunez emateko era bakarra. Instituzioek naturaltasun osoz hartu beharko lukete beste gizarte-sektore batzuena hartzen denez, sindikatu, enpresario eta abarrena adibidez, konfrontazio-asmoa ez baizik egoera hobetzeko ahalegina bere baitan duen jarduera gisa. Honetan alde guztietatik aurrerapausoak eman behar nabaria daukagulakoan nago.
Gainera, euskararen etorkizuna ezin daiteke abertzaleen esparrura muga, euskal hiritar ororengana iritsi behar baitu euskarak bere geroa bermatzeko. Hori argiro ikusi zuen bere garaian "Euskaren Unibertsoa" mugimenduak eta ondoren Kontseiluak "Bai Euskarari" kanpainan erabili zituen leloetan, eta bide horretatik etengabe saiatu beharrean gaude Euskal Herriko hiritar guztiek euskararen balioa aintzatetsi eta berengana dezaten.
Azkenik, eta dagoeneko esan dudanaren ildotik, euskalgintzak etorkizuneko erronkei aurre egin nahi badie autokritika egin beharra dauka: sakabanaketa, lankidetza falta, bere buruaren azterketa falta gainditu, hausnarketa egin eta etorkizun-estrategiak bideratzeko, eta administrazioarekiko mendekotasuna eta kritika-gaitasunik eza gainditzeko. Beren aldetik, administrazioak eta alderdiek ere lagundu egin beharko lukete horretan euskararen "patrimonializatze" eta "instrumentalizatze" tentaldietatik ihes eginez, eta erabat kontrolatzen ez dituzten talde eta ekimenak ere ikuspegi abertzale batetik ulertuz, errespetatuz eta lagunduz. Helburu horrekin hasi zen "Euskararen Unibertsoa" mugimendua eta horren atzetik dabil gaur Kontseilua. Abertzaleen arteko batasun falta gainditu beharra dago funtsezko gaietan, hizkuntza eta kulturari dagokionez, euskalgintzaren autonomia errespetatuz.
Egoera politiko gatazkatsuaren aurrean, euskalgintzak alderdi politiko desberdinak beren proiektu sarritan kontrajarrien gainetik euskararen normalizaziorako bildu eta batzen saiatuko da, bere autonomiatik, orain arte Kontseiluak egin duenez, sinetsirik baitago euskarak Euskal Herriko hiritar ororen ondare dela eta izan behar duela.
Horretarako, alde batetik, bere hausnarketa eta plan estrategikoa egitea beharrezko zaio eta Kontseiluak aurten bertan ekin dio gogoeta hori bideratzeari gizarte-eragileekin egin duenez, indargune eta ahulguneak kontsideraturik gaurko egoeratik etorkizuneko helburuak ezarri eta bitartekoz hornitzen hasteko.
Eta bestetik, Euskararen Biziberritze Plan Nagusia eta Bai Euskarari Plan Estrategikoak lankidetzan eta elkar-osagarritasunean herrietaratzen hasi behar dugu hizkuntza komunitatea edukiz betetzeko beta euskaldunoi euskaraz bizitzea gero eta erosoago gerta dakigun.
Etorkizuna euskaraz dator baina, alde batetik, hizkuntza politikak azkartzea eta, bestetik, oraindik ere militantismoa indartzea ezinbestekoak izango zaizkigu normalizaziorako falta dugun ibilbide aski luzea egin ahal izateko.
Euskalgintza gero eta jabetuago dago Euskal Herriaren etorkizunari buruz duen egitekoaren garrantziaz eta, zailtasunak zailtasun, lanean ari da jadanik bere burua berrantolatu eta hiritar guztienganaino euskara eta euskal kulturaren ondarea hedatzeko. Badaki ahalegin eskerga egin beharko duela horretarako eta dagoeneko badaramatza urte batzuk gogoeta egiten eta bere burua maila desberdinetan lantzen Euskal Herri osoaren mailan urratsak eginez. Kontseiluak, sorreratik bi helburu nagusi izan ditu:
- Euskararen normalizazioan eragitea eta
- Euskalgintzaren kohesioa bideratzea, erakunde bakoitza bere aldetik ibili ordez, batasun eta elkarlan lerroak lortzea, beti ere herritik sortutako euskalgintza indartsua euskarak ezinbesteko duela uste dugulako eta indarrak biltzeak ekimen baliagarri eta indartsuagoak bideratzeko aukera emango digulako. Beraz, laguntza alderdi guztiei eskatzen die abertzaleei eta ez abertzaleei eta ahalik eta akordiorik zabalena lortuko duela epe arrazoizko batean espero du.
Esan beharrik ez dago, Euskal Herri euskaldun hori, beste hizkuntza eta kulturekin bizikide izango dena lortzeko, oraindik, arlo askotan, ahalegin eskerga egin beharra daukagula, lan-munduan bereziki, euskarak prestigioa eta adin-nagusitasuna lortu nahi baditu. Badakigu erronka handia dela eta gogor saiatu beharko dugula, baina era berean, badakigu bera osatzen duten sektore desberdinetatik hartzen hasi garen erantzunak baikor izateko arrazoiak ematen dizkigula. Euskal Herri osoan Bai Euskarari Akordioaren Plangintza Estrategikoan seriotasunez esku hartu duten ia mila gizarte-eragile horien eta atzetik zalantzarik gabe etorriko diren beste askoren bermea izango dugula.
Europako Batasunean estatu-nazioek beren legeak ezarri eta globalizazioaren eraginez munduan gertatzen ari diren berdintze-joeren aurrean gurea bezalako herriak indar guztiak bildurik ere, erronka latzari aurre egin beharko dio bere tokia izan eta bere nortasunari eusteko. Baina teknologia berriek eskaintzen dizkiguten aukerak ongi erabiliz geure burua eta nortasuna munduko gainerako herrien artean berresteko aukerak ere gehitu egin dira eta horrek gure alde jokatzen du, ongi ustiatzen asmatzen badugu. Ziur nago elkarren artean ditugun aldeak gainditu eta herri bezala geure nortasunari eusten ez ezik garatzen ere asmatuko dugula, funtsezko helburuak begiz jo eta horretarako behar diren bitartekoak eskuratzen. Iraun ez ezik haztea lortzen ez badugu, eta erdaldunak liluratu eta euskararen mundura erakartzea, ezinezko gertatuko zaigu helburu dugun euskal gizarte euskaldundua, hizkuntza eta kulturanitza sendotzea gure gizartearen integrazioa eta kohesioa lortzeko. Zorionez, adibide asko ditugu erdararen mundutik euskararenera lekuz aldatu eta azken urteotan jo eta ke hizkuntzagintzaren lehen lerroan ari direnenak Euskal Herri osoan zehar. Horrelako auzolan-giroa nahiko nuke gaur eta bihar, eta horrek bakoitzari daukagun hoberena ematea, eta bigarren mailako iritzi-desberdintasunak alde batera uztea eskatuko digu. Horixe da hitzaldi honen bukaeran euskalgintzari eta euskal gizarteari zinez opa diedana hizkuntza eta kulturen arteko bizikidetza baketsu eta emankorrean etorkizuna eraikitzeko. Inoiz ez dugu garai erraz eta erosoegirik seguraski izan, eta oraingoek ere badituzte beren eragozpen eta trabak, baina helburuak argitu eta denon artean behar besteko bitartekoak ezartzen baditugu, zinez lortuko dugu amets egiten dugun eta hainbeste herritarrek amets egin zuten Euskal Herri berreuskaldundua. Eskerrak denoi nire hitzok entzuteko izan duzuen arretarengatik.
2000, azaroa
******
Irakaskuntza ereduen bilakaera ikastoletan, eskola publikoan eta eskola
pribatuan.
Ikasle kopuruaren bilakaera ikastoletan
|
1960
|
1970
|
1996
|
2000
|
Ikasle
kopurua
|
100
|
12.000
|
30.000
|
54.000
|
Iturria:
Ikastolen Elkartea
Helduen euskalduntze-alfabetatzea: euskaltegietako ikasle kopuruaren bilakaera
(EAE)
|
1981/82
|
1982-83
|
1986/97
|
1988-89
|
1998-99
|
Ikasleak
denetara
|
19.032
|
37.581
|
46.487
|
38.247
|
41.753
|
EGAren
parekotasuna lortu dutenak
|
|
|
6.129
|
6.951
|
13.129
|
Iturria:
Eusko Jaurlaritza. Hezkuntza eta Kultura Saila / HABE
Ikasle kopuruaren bilakaera EAEko irakaskuntza publikoan (%)
|
1982/83
|
1987/88
|
1996/97
|
A
|
62,7
|
74,6
|
42,9
|
B
|
7,7
|
15,3
|
16,9
|
D
|
3,9
|
9,9
|
40,2
|
X
|
25,7
|
0,1
|
0,1
|
Guztira
|
100,0
|
100,0
|
100,0
|
Iturria:
EUSTAT, Irakaskuntzaren Estatistika
Ikasle kopuruaren bilakaera EAEko irakaskuntza pribatuan (%)
|
1982/83
|
1987/88
|
1996/97
|
A
|
73,4
|
84,6
|
52,6
|
B
|
6,7
|
8,8
|
18,7
|
D
|
4,9
|
4,4
|
26,9
|
X
|
15
|
2,1
|
1,8
|
Guztira
|
100,0
|
100,0
|
100,0
|
Iturria:
EUSTAT, Irakaskuntzaren Estatistika
Euskal liburugintzaren bilakaera
|
1545-1875
|
1876-1975
|
1976-1994
|
1994-1998
|
1999
|
Argitaratutako
liburu kopurua
|
723
|
3.155
|
12.525
|
4.996
|
1.525
|
Urteko
batezbestekoa
|
2,1
|
31,5
|
659,2
|
1.249,0
|
1.525,0
|
Iturria:
Jakin
Idatzizko herri komunikabideen argitaratutako ale kopurua
|
Aleak 1999an
|
Herri
aldizkariak
|
2.000.000
|
Aldizkari
teknikoak
|
2.500.000
|
Berripaperak
|
500.000
|
Eskoletako
aldizkariak
|
126.000
|
Iturria:
Topagunea
1. plangintzaldiaren betetze maila EAEko herri administrazioetan
Planean murgildutako lanpostuak
|
26.234
|
|
Derrigortasun
data dutenak
|
8.915
(%34,0)
|
|
|
Abs.
|
%
|
Dagokien
h.e. egiaztatu dutenak
|
3.829
|
42,95
|
Dagokiena
baino h.e. baxuagoa egiaztatu dutenak
|
1.106
|
12,4
|
Ezer
egiaztatu ez dutenak
|
1.025
|
11,5
|
Adinagatik
salbuetsitakoak
|
1.083
|
12,15
|
Lanpostu
hutsak
|
1.872
|
21,0
|
Derrigortasun
data dutenak guztira
|
8.915
|
100,0
|
Iturria:
Eusko Jaurlaritza, Kultura Saila, 1996
Euskararen ezagutza: Euskaldun eta elebidun hartzaile kopuruaren bilakaera
|
1991
|
1996
|
Euskaldunak
|
22,4
|
22,5
|
EAE
|
24,1
|
24,7
|
Nafarroa
|
9,5
|
9,4
|
Iparraldea
|
34,2
|
25,7
|
Elebidun
hartzaileak
|
7,7
|
14,5
|
EAE
|
8,5
|
16,3
|
Nafarroa
|
4,6
|
9,8
|
Iparraldea
|
7,0
|
9,3
|
Iturria:
Eusko Jaurlaritza, Soziolinguistikazko Inkesta
Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren euskararen aurrekontuaren
Bilakaera
|
1994
|
2000
|
Eusko
Jaurlaritza
|
|
|
Euskararen
aurrekontua (milioi pta.)
|
8.664
|
14.733
|
Aurrekontu
osoarekiko %
|
1,37
|
1,6
|
Nafarroako
Gobernua
|
|
|
Euskararen
aurrekontua (milioi pta.)
|
1.001
|
1.211
|
Aurrekontu
osoarekiko %
|
0,43
|
0,34
|
Iturria:
Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua