Laburpen gisa, Euskara Iparraldean : hiletsian laguntzeko politika...
Iparraldean, euskararen transmisioa eta erabilpen publikoa gaizki dabiltza. Transmisioak huts egin du eta euskaraz dakiten haurrak % 5 edo 10 baizik ez dira. Erabilpen publikoa lastimagarria da: % 5-8 artean, ezagutza baino 6 aldiz apalagoa. Hizkuntzaren ordezkapen bizi-bizian ari gara. Militanteak salbu, komunitate euskaldunak ez die bere hizkuntzaren presentzia eta bizitzari garrantzirik ematen, frantsesa bereganatu du, eta jendartean eta familian lehentasuna eman dio.
Frantziako politika linguistikoak erabili ditu kontzientzia nazionala, eskola, armada eta komunikabideak. Orain harra barnean dugu, eta glotozidiorako neurri bereziak hartu gabe ere hiltzerat badoa euskara. Jakobinismo bortitzaren ordez liberalismo hipokrita dugu, aski eta sobera. Errepublikak errespeta ditzake iniziatiba pribatuak, alta euskararen sustapenaz edo erabilpen administratiboaz ez du obligaziorik batere, are gutxiago ofizialtasuna edo euskararen aldeko politika linguistikoa bideratzeko. Ez egitea aski zaio.
Estatuari aurka egiteko eta hizkuntzari atxikimendua sustatzeko, mugimendu nazionalistak dira eragile nagusiak. Iparraldean abertzaletasuna flakoa da (populazioaren %10 edo), eta mugimenduak berak ez dio euskarari lehentasuna eman. Hizkuntzaren kaltetan, bazterketa soziala lotu da abertzaleen kontzientzia eskasarekin.
Laburtzeko, euskarak ez du lekurik lege positiboetan, kontzientzia linguistikoa oso ahula da euskaldunengan, eta nazionalismoa gutxiengoan dago. Mirakulurik ez bada, 2030.ean edo %5 baizik ez da euskaldun gaitua izanen, eta jendarteko bizitza euskaraz ezinezko bilakatuko da.
Egoera ezkorretik jalgitzeko, euskalgintzaz arduratzen direnek hizkuntza berreskuratzeko finka-puntuak definitu dituzte. Bilakaera “naturala” kontra baita, zinezko politika linguistiko bat ekintza boluntarista eta baikorren bidez garatu beharko da, eta neurriak instituzioei eta euskaldunei buruz proposatu dituzte.
Oroz gainetik instituzio bat beharko genuke, borondate eta ahalekin berreskurapenari ekiteko. Departamentua edo Autonomia? Departamentuak badu erakarpen gehiago abertzale ez direnak biltzeko; instituzio autonomiko berezia (Korsikan bezala), askoz eraginkorragoa litzateke politika linguistikoan. Bestalde, politika horren oinarri legalen bila, gobernuari ofizialtasuna exigitzen zaio. Eskubide linguistikoak ukatzen baitizkigu, Frantziak badu eskas demokratiko bat, bereziki Europako beste erresumekin konparatzen bada. Estatuari buruzko eskakizunak argiak dira, lorpenak seguruak ez badira ere.
Berriz, euskaldun jendeari buruz, bideak ere ilunak dira. Autoritatearen errespetua oso barnatua den ingurunean, oso gogorra da sostengu ofizialik gabe euskaldunei beren hizkuntza erabiltzeko gogoa ematea. Badira etengabeko iniziatiba baliosak bizi publikoan, irakaskuntzan, helduen euskalduntzean eta komunikabideetan, baina beti sostengu sozial, politiko eta finantziero eskasarekin. Azken hogeita hamar urteko ekimenek gainbehera baretu badute, ez dute etorkizuna segurtatu.
Lan militantearen ondoan edo ondorioz, oraingo politikari eta hautetsiek diskurtsoa egokitu dute eta, diotenez, gure hizkuntza maite eta errespetatzen dute. Horiek ere glotozidio bortitzatik zurikeriara igaro dira. Baina, zer egin dute?
Euskararen grina duten instituzioak ba omen dira. Bat oso aipatua: eragile sozialak eta politikoak biltzeko Garapen Kontseilua, abertzaleek sustatua. Ondoan, herriko etxeek sortu Euskal Kulturaren Aldeko elkartea. Baditugu ere Auzapezen Biltzarra eta Hautetsi Abertzaleak. Gainera, instituzio berezi bat, Hegoaldean ezagunena, Euskal Kultur Erakundea, elkarte euskaltzale gehienak biltzen dituena, eta estatuak eta hautetsiek finantzatu eta kudeatua. Egitura guzti horiek arazo bera dute: ez dutela kanorezko proiekturen gauzatzeko botererik ez eta dirurik ere. Biltzar nagusietan etorri handiko deklarazioak egiten badira ere, ez dute gaitasun legal eta ekonomiko propiorik, eta puntu bakoitzeko akordio berezia bilatu behar da administrazioarekin. Hori ere oso lan konplikatua da borondate gutxiko politikarientzat, eta joku errazenera jo dute: hasteko, deklarazio ederrak egin; gero, patzientzia predikatu Frantziako agintariek kasu mikorik egiten ez dietenean. Horrela hautetsien erantzukizuna salbu da, eta hautesleek berdin bozkatuko dute hauteskundez hauteskunde. Kito.
Garapen Kontseiluan eta Kultur Erakundean badira exekutibo euskaldunak, hara izendatuak euskaltzale bezala duten sinesgarritasunarengatik. Alta, administrazio eta hautetsiekin etengabeko harremanetan, onartu egin dute eskakizun “erradikalak” alferrak direla, eta “errealismo” apalenean ari dira. Horrela, gezurren politika salatzeko ez dira gai, eta askotan estatu eta administrazioaren jukutriak, luzapenak eta erdi-bideak bermatu dituzte. Egoera horren erakuslea izan da Hizkuntza Kontseilurako eztabaida.
Hots, gauden egoera politiko-administratiboan, hautetsien eta politika kulturaren lana ez da hizkuntzaren berreskuratzea, baizik eta heriotza iragarriaren kudeatzea. Politikariek onartua dute euskararen heriotza, eta haien arazo bakarra da gatazka sozialik gabe gerta dadila. Horretarako, kulturzale euskaldun batzuen “errealismo”arekin kontatzen dute, horiek euskararen alde izanik ere ez baitie politikariei oldartu nahi, kalkulu politikoaz, herabetasun sozialaz, konfiantza faltaz, edota nik dakita zerengatik.
Ofizialtasuna eta autonomia ezinbestekoak dira. Zalu eta gogor aritzeko tenorea dugu, denbora ahitzen ari baitzaigu.
Sarrera
Iparraldeari buruzko gogoeta orokorrak.
- Iparraldeko populazioan euskara oso ahula dago, batez ere erabilpen publikoan eta transmisioan. Ezagutza aski altua bada ere (ona % 33,2 eta zerbait % 22,8), transmisioak huts egin du: adinaren arabera arras apaltzen da gazte eta haurrengan (euskaraz deus ez dakitenak % 17 dira zaharrenengan, eta % 61 gazteengan ; ongi dakiten haurrak % 5-10 artean dira). Erabilpen publikoa, oro har, hauxe da: % 5-8 artean, ezagutza baino 6 aldiz apalagoa.
- Egoera: hizkuntzaren ordezkapen azkar eta sakona. Militanteen salbuespenarekin (% 5-10 artean izanen dira), euskaldun komunitateak ez dio bere hizkuntzaren presentzia eta bizitzari garrantzi handirik ematen, frantsesa bereganatu du, eta frantsesari ematen dio lehentasuna sozietatean bizitzeko eta familian aritzeko. Euskara mugatu da eremu sinbolikora, eta han ere ahultzen ari da, euskararik gabeko euskalduntasunaren (“basquitude”) kontzeptuak erakusten duen bezala.
- Gobernu frantsesak ez du asmorik euskarari ofizialtasuna (edo ko-ofizialtasuna) emateko. Euskararen erabilpena askatasun indibiduala da, pribatuaren alorrera guztiz mugatua. Estatuak errespeta ditzake iniziatiba pribatuak, berdin irakaskuntzan, komertzioan edo seinaletikan, iniziatiba horiek Errepublikaren printzipio (berdintasuna) edo legeen aurka joaten ez badira, baina euskararen sustapenaz edo erabilpen publiko eta administratiboaz ez du obligaziorik batere.
- Euskal Herri osoan, euskararen bizitza euskal nazionalismoaren indarrari lotu da, arras ez bada ere. Iparraldeko nazionalismoa ahula da (populazioaren %10 edo), eta mugimendu abertzaleak berak ez dio euskarari lehentasuna ematen, hautesle potentzialeekin komunikatzeko frantsesa baita lehen bidea. Abertzaleen artean ere, eremu sinbolikotik atera bada ez da batere prioritarioa.
Iparraldean euskara berpizteko politikaren finka-puntuak:
Orain egiten ahal direnak:
- Gobernuari ofizialtasuna exigitu (ko-ofizialtasuna ere deitua, mugimendu abertzalearekin lotura egiteko). Horretarako, edozein komunitateri zor zaizkion eskubide linguistikoak aldarrikatu, eta Europako legedien arabera Frantziak duen isolamendu eta zurrunkeria salatu..
- Euskaldunei beren hizkuntza erabiltzeko deia luzatu eta gogoa eman, eta euskararen presentzia publikoa areagotzeko kanpainak eraman.
- Euskalgintzarako iniziatiba guztien (irakaskuntza, helduen euskalduntzea, komunikabideak,...) sostengu sozial, politiko eta finantzieroa.
- Abertzaleei euskara erabiltzeko eta lehen planoan emateko deiak, eta Departamentuaren aldeko politika kari ez baztertzeko presioak.
Epe ertaineko helburua (baina lortezina izan daitekeena...)
- Euskararen aldeko politika linguistikoa eramateko ahal instituzionalak eta borondate politikoa izanen dituen instituzio bat lortu: Departamentua versus Autonomia, eztabaida badugu...
Gaurko ariketaren helburua hauxe da: gauden egoera politiko-administratiboan zertan ari den politiko, hautetsi eta kultur-funtzionarien lana, ea lan hori doakion euskara berreskuratzeko borondateari edo heriotza onartuaren kudeatzeari. Horren ikertzeko, esperientzia original eta esangarri bat arakatuko dugu: Euskal Herriko Garapen Kontseilua
Garapen kontseiluaz
Eragile sozialak eta administrazioa elkarrekin euskararen alde? Esperantza piztu eta zapuztu baten kronika... (Atal hau BAT aldizkarian argiratu artikulu batetik moldatua da)
Hegoaldeko komunikabideetan, garrantzi handia eman zitzaion eragile sozialak eta politikoak biltzeko prozesu bati: Garapen Kontseilua. Askotan, modeliko bezala aurkeztua izan zen. Orain, bost urte pasa, ondorioak hobeki ikusten dira, eta aireari hauspoa emateko lantegi bat baizik ez dela izan da askoren iritzia. Haren kronika eginen dugu, eta hizkuntza politikarekin zerikusi duten puntu ideologiko, kontzeptual eta estrategiko garrantzitsuenak nabarituko ditugu.
1996ko urriaren 26an, Uztaritzen bilduta, Euskal Herriko Garapen Kontseiluak onartu zuen Euskal Herriko Antolaketa eta Garapen Eskema; horren barnean, Hizkuntz antolaketak atal berezia zuen. Garapen Kontseiluak proposamen bat egin zuen; erabakiak abiatzeko Euskal Herriko Hautetsien Kontseiluak eman behar zion oneritzia. Garapen Kontseiluak ez du botererik ez eta proiektuak aitzina eramateko dirurik ere; Euskal Herria 2010 deitu egitasmoaren segidan sortua, alor askotako jendea biltzen du, eta bere lan batzordeak proposamenak ontzeko egiturak dira. Biltzar Nagusian onartuak Hautetsien Kontseiluak filtratzen ditu, onerizteko, baztertzeko edo zehazteko. Horren arabera, 1997ko udaberrian, Hautetsien Kontseiluak orraztu zuen Uztaritzeko eskema eta egitekoak definitu zituen.
Hautetsien Kontseiluak berak ere ez du botere ez eta dirurik ere. Partaide diren hautetsi eta politikariei suposatzen zaie gaitasun nahikoa harreman egokietan sartzeko Departamenduarekin, Eskualdearekin, Estatuarekin, hots, proiektuen gauzatzeko zinezko gaitasuna duten erakundeekin. Hau da plangintzaren alde flakoena eta agerian zen hasi hasieratik. Onartua aplikatzeko ez baita gaitasun legal eta ekonomikoa duen egitura propiorik, puntu bakoitzeko erantzukizuna duen administrazioarekin akordio berezia bilatu behar da.
Hautetsiek beren lana egin zuten, eta Antolaketa eta Garapen Eskemako neurrien obratzaileak definitu zituzten. Kasu batzuetan, bertako Herriko etxeak edo Herrien arteko Euskal Sindikata dira egile posibleak; gehienetan, berriz, Estatua, Akitaniako Eskualde Kontseilua eta Departamenduko Kontseilu Orokorra ikustatu dira aldakuntza administratiboak eta finantzamendua ekartzeko. Gehiago dena,tokian tokiko erakundeen parte hartzea ezin askotan gauzatu daiteke erakunde handien akordiorik gabe. Departamendu eta Estatuko ordezkariak Garapen Kontseiluaren barnean dira, eta lanetan parte hartu zuten. Joko garbia izan bazuten, zerbaiten esperantza izaten ahal zen.
Frantziako instituzio horiek 1997ko bukaeran eman zituzten erantzunak. Hasi zen Kontseilu Orokorra Paben; gero Estatua (CIADT, hau da ministeritzen arteko lan batzorde berezia) eta bukatzeko Eskualdea. Lehen erabakiak ez ziren batere baikorrak izan. Kontseilu Orokorrak aldatu eta murriztu zituen proposamenak; Estatuak asmoen deklarazio hutsak egin zituen, eta Akitaniak esan zuen besteen ildotik jarraitzeko prest zela... Konkreturik, deus ez.
Ondorioz, Ipar Euskal Herriko elkarte kulturalak hasarretu ziren eta neurri egokien gabezia salatzeko mogimendu erreibindikatibo bat abiatu zuten, DEIADAR kanpaina, 1998ko udaberrian gauzatu zena. Kanpaina horren eskakizunak bi ziren: lehena, Hautetsien Kontseiluak onartu puntuak gauzatzea; bigarrena, euskararen ofizialtasuna, etorkizunaren berme. Elkarteak ez dira ageri Garapen Kontseiluaren sostengu soil bezala; ofizialtasunaren eskakizuna plazaratuz areago joan dira, hain zuzen Garapen Kontseiluak ez zuelako horrelakorik eskatu.
Abertzaleak eta Garapen Kontseilua
Euskal Herriko Antolaketa eta Garapen Eskema konpromezu baten ondorioa da. Eragile nagusiak abertzaleak izan dira; garapenaren eta nortasunaren ideiak txertatuz, tokiko etorkizunaz grinatzen direnei dei egin zieten indarrak biltzeko eta gogoeta irekia egiteko. Hori izan zen Euskal Herria 2010 egitasmoaren abiapuntua. Arrakasta izan zuten. Ipar Euskal Herriko arduradun anitzek onartu zuen ideia horien inguruan lan egitea, eta Frantziako inongo eskualdetan ez da antzeko dinamikarik ikusi.
Proiektu amankomunak ontzeko lekua da Garapen Kontseilua. Hautetsien eskuetan zegoen denen arteko lanari azken legitimitatea ematea eta Estatua eta Departamendua ikustatuak ziren azken egileak bezala. Botere politikoen parte hartzea bilatu eta ardietsi zen. Horrek, dudarik gabe, sortu zuen kontradikzio handia, egitura politiko eta administratiboetan abertzaleak ez baitira batere nagusiak. Oinarrizko oldarra eta goiko erabakiguneak ez dira uhin berean.
Abertzaleek lehentasuna eman zieten sinesgarritasunari eta iraupenari. Hautetsi eta administrazioarekin gatazkarik ez sortzeko, kontsentsu eta autozentsuraren politika onartu zuten. Horrela salaketak arrunt baztertu ziren, erreparakuntza historikoaren kontzeptua ez zen aipatu eta eskakizun batzuek, euskararen ofizialtasuna bezala, itxuraldatu ziren. Hau ez zen eztabaidarik gabe gertatu, eta askoren eritziaz urteak pasa dira ameskerietan, borrokatik urrun, gutaz trufatzeko diren politikariekin denbora galtzen.
Alta, ez gara guztiz petzero gertatu. Lanek, eta bereziki erabakiak gauzatzeko ezintasun estrukturalak, garbi utzi dute abertzaleentzat oinarrizkoa den puntu bat: Euskal Herriak eskas duen lurraldetasun administratiboa. Arazo honen kontzientzia sozializatzea izan da proiektuaren fruitu nagusietarik bat. Frantziako sistemaren barnean, lekuan lekuko proiektuen obratzea oso lotua dago egitura departamentalarekin. Horregatik, Garapen Kontseiluaren lanen ondoan laster ageri da departamenduaren arazoa eta haren beharra nabaritu da. Euskal Herriko auzapez gehienek bozkatu dute Euskal Departamenduaren alde, eta eritzi inkestetan herritarrak horren alde ageri dira. Finean, arazoa plazaratu eta sozializatu da abertzaleek nahi zuten bidetik, Garapen Kontseilua horretarako sortu ez bazuten ere.
Dudarik gabe, botereak ez zuen horrelakorik nahi eta neurriak hartu ditu departamenduaren eskakizuna ahultzeko. Bat izan da Pays egitura, eta beste bat Pabeko zerbitzuak Baionara deszentralizatzea. Ez dira aski izan mogimendua liseritzeko. Auzapezen errebolta eta jendearen eritzi aldaketa oldar identitarioari lotuak dira, eta ez dira deszentralizazio administratiboaz baretu.
Abertzaleen eskakizunak Garapen Kontseiluaren barne lanetan argaldu baziren ere, jendartean bizi biziak dira orain. Gertakariek arrazoia eman diete departamendua eta euskararen ofizialtasuna nahi dituztenei: Pabeko Kontseilu Orokorrean euskaldunak minorian daude, eta Pariseko CIADTek argi utzi du Frantziak ez duela inongo egitura egokirik gure eskakizun linguistikoak gauzatzeko. DEIADAR mogimendua abagune garrantzitsu baten erdian kokatu zen, eta 1999ean Departamenduaren aldeko mogimenduak arraskata sozial handia lortu zuen.
Antolaketa eta Garapen eskemaren puntu nagusiak
Hizkuntz antolaketako planoan ere aurki daitezke lan-molde orokorreko kontradikzio guztiak. Konpromezu lekua izan da, eta gauza anitz ez zaizkigu erradikalei laket. Gauzatuko balitz, arazo larri batzuen gozatzeko balio luke. Alta, eta sobera ezkorra izan gabe, erabakigune propiorik gabe proiektu hutsa bezala, inoiz betetako promesen alor antzuan geldi daiteke.
Eskemaren atalak banan bana aipatuko ditugu.
Hitzaurrea.
- Oso tekniko izan nahi duen dokumentuak ere zergak ordaintzen dizkio ideologiari. Hasteko, euskararen gainbeheraren arrazoiak ikertzen ditu, eta agerian utzi euskaldunek modernitatean sartzeko izan dituzten baldintzen bidez azaltzen dela euskararen gainbeherakada. Frantziako politika linguistikoaren erantzukizun zuzena ez du batere aipatzen. Badirudi egileek ez zutela salaketerik egin nahi, administrazioaren ordezkariek eta hautetsiek dolurik gabe onart zezaten dokumentua. Epe luzeko politika linguistiko egokia ikusmiran, kontsentsu bigun hori abiapuntu desegokia da. Euskara hilzorian dago Iparraldean eta bizirik jarraitzeko diskriminazio positiboa beharko du; zapalkuntzatik aterako balitz ere, berdintasun hutsak jokatuko luke frantsesaren erabilpen exklusiboaren alde. Diskriminazio positiboa moralki eta politikoki justifikatzeko, lehen izan zapalkuntzaren agertu behar da: horren gainean justifikatzen da erreparakuntza historikoa. Bazterrezinezko kontzeptuak dira horiek, eta euskaltzaleek ez diogu zertan beldurrik izan behar salaketa zuzenari.
- Euskararen onarpen legalaz oso era bitxian mintzatzen da. Ofizialtasunaren arazoa saihesteko, honela dio: nortasun hizkuntza gisa onarpen ofiziala behar duela euskarak. Iparraldeko euskaltzaleen eskakizun zehatza ofizialtasuna da, hau da euskararentzat frantsesak duen status juridiko bera edo bertsua. Garapen Kontseiluaren proiektuan, formulazioa hau da: ofizialki baiezta(tzea) nortasun hizkuntzaren baitezpadako estatua, edo, erdaraz, originalean, affirmant officiellement le statut fondamental de langue identitaire. Euskara hizkuntza ofiziala eta euskara ofizialki onartua identitate hizkuntza bezala ez da gauza bera. Hizkuntza ofizialak esan nahi du frantsesaren antzeko statusa; Québec-eko indigenen hizkuntzak identitarioak bezala ezagutuak dira, baina ez dute batere frantsesaren statusa. Berriz ere, formulazioa hautetsi eta administrazioari begira egina dela ematen du. Lanmolde osoaren estilokoa. Baina euskaltzaleen ohizko eskakizunak ahultzen ditu, alegia deus ez.
Eztabaida horrek bere ondorioak ukan zituen abertzaleen artean. Abertzaleen Batasunak konpromiso bitxia aurkitu zuen: euskaraz “ofizialtasuna” eskatzea eta frantsesez “la reconnaissance oficielle”, hau da “onarpen ofiziala”, gehiago zehaztu gabe. Askoren ustez, ofizialtasunak inplikatzen du behartzearen kontzeptua, hautesleak bildurtzen ditu, eta abertzaleei itxura totalitarioa ematen die. Ideia horiek ondorioak izan dituzte gero: 1999an Departamentuaren eskakizunari “sustrai etnikoak” kentzeko, eta, etengabe, hautetsi abertzaleei ez behartzeko euskarari leku normal eman diezaioten beren udaletan.
Hizkuntzaren antolaketarako politika.
Dokumentuak hizkuntzaren antolaketarako politika linguistikoaren beharra azpimarratzen du eta lau ataletan finkatzen ditu lan ardatzak :
- Euskarazko eta euskararen irakaskuntza eta helduen alfabetatzea
- Seinalakuntza eta euskal toponimia
- Euskal komunikabideak
- Euskararen erabilpena zerbitzu publikoetan.
Horien ikertzera pasatuko gara.
Irakaskuntza.
Dokumentuaren edukin nagusia hauxe da: Euskarazko eta euskararen irakaskuntza eskaintzak zabaldu, lurralde osoa estaltzeko moldean. Horren finkatzeko urratsak zehaztuak dira:
- Hezkunde Nazionalak 250 irakasle formatu eta lokalak, garraioak eta pertsonala egokitu.
- Irakasle berriak formatzeko IUFM (edo Eskola Normala) Baionan sortu, hau ere Hezkunde Nazionalaren eskutik
- Ikas Pedagogia Zentrua azkartu
- Oraiko eskola euskaldunen egoitzak egokitu
- Erakaskuntza teknikoan eta Unibertsitatean euskarari ateak zabaldu.
Finean, helburua da zazpi urte barne Lehen Mailako ikasleen % 40 biltzea euskarazko ereduetan.
Ohar zenbait merezi du alor honek.
- Hasteko, eskaintzeak ez du esan nahi haur guziei eta eskola guzietan euskarazko irakaskuntza ematea, baizik eta gurasoei zinezko posibilitatea ematea libreki hauta dezaten horrelakorik nahi duten ala ez; gizarte elebidunaren helburutik oso urrun uzten gaituzte. Estatuko CIADT-ek berehala hartu du plegua, eta argi deklaratu gurasoen eskaintza espontaneoaren arabera moldatuko direla egitekoak. Garapen Kontseiluko teknokratek handik hartu dute parada deus egiten ez dutela kritikatzen dietenei erantzuteko: lan tekniko eder bat planifikatu dute “eskaintza soziala neurtzeko”... Badakigu gauden egoeran eskaintza hori apala dela, eta ez dugu ulertzen zergatik ahalak ez diren erabiltzen egoera aldatzeko baizik eta haren diagnostikoaren inguruan dirua xahutzeko! Argia dena: euskaldunen komunitatea ghetto eta minoria egoeratik ateratzeko, irakaskuntzak ziurtatu behar die haur eta gazte guztiei euskarazko ezagutza. Euskaltzaleek bideratu plangintza batek eskaintzaren ordez generalizazio eta normalizazioa eskatu behar ditu. Baina Euskadiko Erkidego Autonomoan ere ez bada horren egiteko ausardia, Iparraldean urrunago izateak ez gaitu harrituko.
- Bitartean, onartu den plangintza moderatua ere oztopo ikaragarriak kausitzeko sortua da, obratzaile nagusia kontra baitu. Itun berezi bat (edo batzuek) sinatu beharko litzateke Frantziako Hezkuntza Nazionalarekin, eta horko jende hori oso gogorra eta aldagaitza da. Euskararen aldeko lege edo araudien gabezian, Hezkuntza Nazionaleko administratzaile eta sindikatu hiperjakobinoek lau arrastak sakaturik helduko dira, eta balizko negoziaketak latzak eta geldiak izanen dira. Plangintzaren lehen urratsek garbi erakutsi digute non eta zertan gauden: hasieran esan zen 800 irakasle beharko zela, gero 200 arte edo beheititu zen kopurua, eta 1997an bakarrik 2 postu berri sortu ziren. Gehiago dena, 1998an eskola publikoetan klase elebidun berrien zabaltzea errefusatzen ari ziren eta urte guziz badira horren gauzatzeko kalapitak: hori dela eta, irakaskuntza publikoaren gurasoak biltzen dituen Ikas-Bi elkartea oso kexu dago eta kalera jautsi da behin baino gehiagotan.
- Plangintzaren beste atal bat da eskolako ekipamenduak modernizatu eta, batez ere, Barnealdeko lau lehen mailako ikastolen egoitza modernizatzea. Hain zuzen, afera honek eman zion abiada militante euskaltzale tradizionalen kexualdiari: Estatuak, Eskualdeak eta Departamenduak ez baitzuten deus aitzinatu, Herriko etxeek ere ez zuten laguntzarik eman eta modernizatzeko lau ikastola horiek prefabrikatu ustelduetan jarraitu beharko izan zuten. Afera salatzeko hiru mila pertsona manifestatu dira 1998ko urtarrilean Baionan, Seaskak deiturik. Gero, Garazikoa hobetu bada ere, barnealdeko ikastolen egoera latza da eta arazo bereziak dituzte.
- Bukatzeko, plangintzak oso leku eskasa ematen dio jende helduen euskaratzeari. AEK ez izendatzeko, eragile pribatua dio dokumentuak, eta, finean, eskaintza eskakizunari egokitu behar dela diote, inongo zehaztasunik gabe. Pabeko Kontseilu Orokorrean AEK ez omen dute oso begikoa... Geroztik Kontseiluaren jarrera zerbait hobetu da, baina urte batez izandako laguntzen emendazioak ez du epe luzerako plangintzarik permititzen.
Paisaia linguistikoa.
Eskemak onartu du lurralde osoan hedatu behar direla euskarazko seinaleak, autopistetatik hasi eta barneko herri seinalakuntzaraino. Hautetsiek konpromezuak hartu dituzte, eta parte handi batean hemengoak dira obratzaileak. Alta, errepide departamentaletan eta herri askotan seinalakuntza elebiduna aitzina ari bada ere, gaurregunean ez da horretarako plangintza ikertu, finantziatu eta epekaturik. Badirudi politika argi eta aitortu baten beldurrean daudela Departamenduan eta Herriko etxeetan.
Hasieran, Angelu eta Baionako Herriko etxeek ez zuten seinalakuntza elebidunik nahi, gaskoinen komunitatea dela eta, omen. Geroztik Baionak zerbait egin badu ere, Miarritzen abertzaleak udalan sartu zirenean hasi lanak ez du jarraipenik batere izan azken urteetan. Arazo horiei nork egin beharko dien aurre ez da argia eta Eskemak ez du irtenbiderik eskaintzen. Bistan dena, Herrien Arteko Sindikata neurrien obratzailea izanik zerbait erran lezake, baina kostaldeko auzapez handiak makurtzeko ez du gaitasunik. Ipar Euskal Herriko paisaia linguistikoa guztiz maingua da Baionak, Miarritzek eta Angeluk erdaraz jarraitzen badute.
Bitartean, iniziatiba pribatuak seinale anitz eman du bidebazter guztietan. Ipar Euskal Herriak ba omen du zerbitzuak eskaintzeko bokazione turistiko eta komertziala, eta orain duela hamar urte baino erreklama askoz gehiago bada. Denak (salbuespuen minimoekin) erdaraz dira; kanpaina baten ondoan supermerkatuek zerbait eman bazuten euskaraz, lekuan lekuko partikularrek eta enpresa ertainek (abertzaleek barne...) frantsesari eman diote lehentasun osoa edo presentzia bakarra. Interes ekonomikoak gauzatzeko euskarak baliorik ez duela erakusten dute eta ondorioz, gure bideen paisaia linguistikoa gero eta erdaldunagoa da, bide-seinaleetan herrien izenak euskaraz agertzen badira ere.
Komunikabide euskaldunen antolatzea, hiru irratiek proiektu oro-hartzaile, profesional eta iraunkorra bermatzeko.
- Lehen atala hiru euskal irratiei dagokie. Lan eta neke handiez zerbitzu publikoa betetzen dute eta sostengu publikoa eskatzen dute. Eskemak bizitasuna segurtatu nahi badie ere, 1998ko urtarrilean Departamenduko Kontseilu Orokorrak laguntzaren parte handia kendu zien, eta horrek ekarri zuen beste laguntzen galtzea. Agi denez, hautetsi nagusiek ez dituzte kritikak preziatzen eta mendekiusak dira.
- Euskal irratientzat, nola euskal kulturaren eragile gehienentzat, ez da finantzamendu iraunkorrik. Urtean urtean berritu behar dira laguntza eskeak. Hau politika linguistikoaren gabeziaren beste ondorioa bat da, proiektu luzeak galarazten ditu eta kargudunen larderia elikatzen du.
- Berriz, Komunikabide publikoetan euskara sartzeko, hautetsiak txosten espezifikoaren zai gelditu dira. Komunikabide idatzietaz, deus ez da aipatu Eskeman.
Elebitasuna zerbitzu publikoetan, eta, bereziki, Herriko etxeetan.
Atal hau oso mingarri zaigu erradikalei. Hautetsiek zuzendu dute Garapen Kontseiluaren ikusmoldea eta azpimarratu dute administrazioetan egindakoa funtzionarien borondatea bortxatu gaberik egin beharko dela. Gainera, geroko utzi dituzte proiektuaren edukin guztiak: zer diruz, nork eraman, noiz hasi... deus ez da abian emana izan.
Azken erabakiak hartu baino lehen Euskal Konfederazioak eskatu zien proiektu horren ez gelditzea. Batzordearen lehendakaria den Hendaiako auzapez euskaltzalearekin bildu ginen ere, hitz ederrak bildu, baina ez ziguten kasurik egin. Alta, Herriko etxeetan oinarrizko elebitasuna sartzea gaurregun egingarri eta haizu da eta euskaldunengan esanahi handia ukanen du. Badirudi gure auzapezak herabe direla elebitasunaren konpromezu publikoa beren gain hartzeko. Ez zaizkie presioneak faltatu. Hautetsi handi batzuek, Alliot-Marie bezala, mehatxuak banatu dituzte eta Frantziako Kontseilu Konstituzionalak abisu bat eman du, hizkuntz erregionalak administrazioan erabiltzea antikonstituzionala dela esanez. Abisu horrek ez du balore exekutiborik, eta oinarrizko elebitasuna sinaletikan eta harreretan aplikatuko balitz, segur da botereak ez zuela aurka eginen.
Horra gutariko anitzen ikusmoldea. Baina, omen, kalkulu elektoral eta politikoetan ez gara oso argiak.
Hizkuntz Kontseilua
DEIADAR-ek garrantzi berezia ematen zion eta Garapen Kontseiluan definitua izan zen bezala egin dadila eskatu zuen, hau da hizkuntz politikaz arduratuko den zerbitzu eta gune eraginkorra izateko. Arduradun publikoak, pribatuak, zientifikoak, elkartekoak eta Hezkuntza nazionalekoak bildu beharko ditu; egile desberdinen arteko kontzertazio iraunkorra bermatuko du, euskararen aldeko plangintzen jarraipena eta ebaluaketa eginen du, eta euskararen statusari buruzko proiektuak sustengatuko. Hautetsien Kontseiluak onetsi zuen zerbait ahantzia ere: elkarteen presentzia. 1997an sortzekoa zen eta hiru lan-postu definitu zituzten. 1998 ko azken txanpan, proiektua izkutuan negoziatu zen politikari eta teknokraten artean, baina hau ere ez zaio aski izan Departamenduko arduradunei: Kontseilu Orokorrak Euskal Herriko proposamena aldatu du, eta haren orde Departamentuko lau hizkuntzetaz arduratuko zen funtzionario bat eskaini, Paben egoteko gainera. Eskarnio hori Garapen Kontseiluaren Biltzar Nagusiak aho batez errefusatu du, eta Hizkuntz Kontseilua lehenbailehen obra dadin berreskatu du. Azpimarragarria: Biltzar Nagusietan euskararen arazoa aipatzen denean, gehiengoak gure (elkarte euskaldunen ordezkaritza daraman Euskal Konfederazioa) proposamenen alde bozkatzen du, baina bozka horiek ez dute inoiz ondorio praktikorik. Hautetsiek berdin kontsideratzen dituzte Biltzar Nagusiak eta hauteskunde kanpainak: eleak eta beleak banatzeko lekuak, argazkian agertzeko paradak, baina erabakiak gero, bere artean eta sekretuan hartzen dituzte, bozkatu edo esandakoaren aradurarik gabe... Ez zen harrigarria Baionako erabakiaz axolatu gaberik, CIADTek eta Akitaniako Eskualdeak ez bazuten Hizkuntza Kontseilua aipatu ere egin.
Departamenduak badarama bide partikularra, eta funtzionario hori izendatu zuen 1999an. Gizon atsegina da, baina ez du ez botererik, ez dirurik, ez eta egiteko zehatzik ere. Departamenduko Boletinean euskarazko esaldi zerbait argitaratu zuen, eta beste gauza handirik ez du egin. Alta, Bayrou departamendu buruak bere euskararen aldeko politikaren beste fruitu bat bezala aurkezten du. Hots: ez da deus egin behar, baina zerbait egiten ari den inpresioa eman, hori bai. Horrek kontzientziak lasaitzen ditu eta diskurtsoak anpatzen.
1999an Hizkuntz Kontseilurako proiektu berri bat heldu zitzaigun. Arduradun politikoek jakin arazi ziguten ez dela Frantzian erakunde administratibo berri baten sortzeko asmorik, eta zerbait egitera behartuak diren lekuan lekuko handiki batzuek (Lasserre-n taldea) egoera “desblokeatzeko nahian” Hizkuntz Kontseilua Euskal Kultur Erakundearen baitan osatzea proposatu ziguten. Helburuak hiru ardatzetan kokatu zituzten: eginkizun teknikoa (itzulpenak, diagnostikoak, informazioa); egitekoei pentsatu eta autoritateei proposamenak egin; eta, azkenik, Hegoaldeko erakunde ofizialekin elkarlana azkartu. Proiektu horretan estatuko ordezkariak ez ziren partaide, baina egun batean etorri nahi balute ateak irekiak izanen lituzkete. Ahalmenen aldetik lanpostu bat eta erdi aipatu zen, diru kontuak batere zehaztu gabe.
Kultur Erakunde eta Garapen Kontseiluko arduradunek egoera blokeatuaren aterabidea elkarte euskaldunen eskuetan zela erran ziguten. Ongi konprenitu behar da arduradun horiek euskalgintzatik jalgiak direla eta lagunak ditugula. Euskaltzale gisa, indar morala dute; diru apurrak banatzen dituzten funtzionario gisa, presioa egin dezakete subentzioen beharra duten elkarteengan, eta bada horrelako. Horiek hola, elkarte eta erakunde batzuek onartu zuten gure ametsetatik jautsi behar genuela eta ematen zigutena onartu, gutxi ezer baino gehiago delakoan. AEK, Seaska, Ikas, Euskal Herrian Euskaraz eta beste hainbat elkarte esangarri, beste filosofia batekin ibili ziren eztabaidetan. Deiadar-en ekitaldietan jendearen parte hartzea ugaria izan zen, aldarrikapenekin bat egin zuten 10.000 pertsonek, eta herritarrek beren atxikimendua behin eta berriz adierazi diete “amets” horiei: jendeak kontziente dira benetako hizkuntz politika eraginkorrik gabe euskara abiadura handian galduko dela. Horregatik ezetz erran genion azken proiektu horri : ez zuen inolako podere exekutiborik, estatuko partaideak kanpo ziren, eta Hizkuntz Kontseilua deitzea iruzurra besterik ez litzateke.
Hona gure argudioak: Garapen Kontseiluak euskararen normalizatzeko erantzukizuna badu, Hizkuntz Kontseilua osatzeko betebeharra besteak beste. Hizkuntz Kontseilua eskatzen dugunean, euskararen bilakaera kudeatuko duen erakunde batetaz ari gara. Horregatik, erabakitzeko gaitasunik eta diru ahalmenik ez duen azpi batzorde bati ez diogu gure onespena ekarri. Hala eta guztiz ere, gutxi ezer baino gehiago denez, Hizkuntz Kontseilua deitu gabe, hautetsien azken proiektu horrek dirua eta lan postua euskararen alde ekartzen dituen ber ez diogu muzin eginen.
Esan daiteke hautetsi handiek bere kasa itzulikatu zutela Hizkuntz Kontseiluaren eskakizuna, eta Euskal Kultur Erakundearen pean zerbitzu ahul bat bezala gauzatu nahi izan zutela, nahiz eta izena gorde. Maniobra horrek ekartzen zien tanto politikoa, eta ez zien inongo obligaziorik sortzen. Kultur Erakundearen eta Garapen Kontseiluaren arduradunek arrunt jokatu zuten politikarien proposamenen alde, eta elkarte euskaltzaleen artean “erradikal” eta “errealisten” arteko ziria sartu zuten. Gero, elkarte esangarrienen oposizioa ikusita, Kultur Erakundeak eskaini zuen azken proiektu bat, gabezia nabarienak zuzentzen zituena; politikariena baino ausartagoa, eta gero politikariek beraiek “ahantzi” dute, eta gauzatu gabe gelditu da. Krisialdi horretan, Kultur Erakundearen jokamoldea kezkagarria zen: politikarien asmoak ateratzeko euskaraz batere grinatzen ez diren kultur elkarteen sostengua bilatu eta lortu zuen, eta Biltzar Nagusian elkarte frantximunten gehiengoari esker onartu zen proiektua, euskalgintzako partaideen mespretxuz. Badirudi tresna finantziatzen duten politikarien pean ibiltzea lan moldeen baldintza nagusia dela, edo, Lasserrek erran bezala: “ordaintzen duenak manatzen du...”, eta gure lagunek onartzen dute.
Politika Linguistiko orokor eta egokiaren alde, Eskema baino urrunago
Laburtzeko, Eskema ez da hizkuntz antolaketa programa bat, nahiz eta Kultur Erakundean eta Garapen Kontseiluan batzuek horrela aurkeztu. Alor gutxiegi estaltzen du eta ahulezia kontzeptual eta estruktural sobera ditu.
- Hamabi ekintza baizik ez ditu Hautetsien Kontseiluak abian eman, eta batzuentzat deus konkreturik erabaki gabe. Euskararen Agirian (hau baita euskaltzaleek onartu oinarri programatikoa, DEIADAR III kanpainaren ondoan 1994an), 40 baino gehiago dira premiazkotzat jotzen diren neurriak.
- Gure egoeran, politika linguistiko egoki batek ez luke ontzat eman behar garapen linguistikoa haur eta gazteengan egindako lanetik etorriko dela. Hain zuzen, Eskemaren neurri osotuenak erakaskuntzan finkatu dira, eta horrek erakusten du proiektuaren herabetasuna. Orain adin indartsuenean dagoen belaunaldia euskalduna da, eta ekonomian eta bizi sozialean indar nabaria du. Orain behar da euskararen presentzia areagotu bizi administratiboa eta publikoan, belaunaldi horrek hunki ditzakeen esparru publiko eta modernoetan. Behar bada, belaunaldi euskaldun horien mobilizatzea da Iparraldeko euskararentzat azken oportunitate historikoa. Gaurregunean euskal irakaskuntza da euskalgintzaren alor nagusia; dituen arazoei irtenbideak eman behar zaizkio, haren hedadura zabaldu eta Unibertsitateraino eraman. Baina ezin dezakegu gure haurrei euskaraz erakatsi... Seaskan edo AEKan lan egin dezaten gero. Euskaraz bizitzeko, administrazioa, zerbitzu sozialak, ekonomia, komunikabideak, kultura eta aisialdiak behar ditugu euskaraz. Betatxu bakan batzuen ondoan, haurren inguruko politikara mugatzen den plangintza, ez du izen hori merezi.
- Eskemaren puntuak gauzatzeko ere ez da gaitasun legal eta ekonomikoa duen egiturarik; bakoitzeko bilatu beharko da erantzukizun partziala duen administrazioarekin akordio berezia. Akordio horiek ardiesteko ikustatua den Hautetsien Kontseiluak ere ez du hornidura legal eta administratibo egokirik. Pays Pays Basque aipatu dugu. Erantzule batzuen ustez, hori liteke Eskema aitzina eramateko egitura. Ez dira sinesgarriak. Frantziako egoera administratiboa ikusirik, Departamenduak edo Korsikan bezalako autonomiak, biek gaitasun legal eta finantzieroak badituzte politika berezia eramateko; politika linguistikoaren kudeatzeko eta ordaintzeko bietan koka daitezke egitura eraginkorrak. Berriz, Pays egitura aski lanbrotsua da. Proiektuen asmatzeko eta gero kudeatzeko gauza berria da: ez dauka legitimitate demokratikorik, Kontseilu Orokorra edo antzeko zerbait hautatzeko ez baita barruti gisa onartua; ez ditu Departamenduari dagozkion azpiegitura eta administraritzarik. Finean, hautetsiak biltzen ditu proiektu batzuen gauzatzeko, eta ez da argi nondik aterako dituen diruak.
- Euskaltzale gehienek ez dugu dudarik: egitura politiko-administratiboa behar da gure proiektuen aitzinarazteko. Egitura lanbrotsu baten gainean finkatzea erokeria da. Euskaltzaleek ez dute zelata honetan erori behar eta, bereziki, kontuz ibili behar dute Bayrou ministro ohi eta Kontseilu Orokorreko lehendakariarekin. Bayrou ageri zen Garapen Kontseiluaren eginahien sostengu nagusien artean, eta Irisarrin ematen zituen diskurtsoak ziren gure esperantzen Itun Berria, omen. Baina, hain zuzen, Bayrou-k ez du Euskal Departamendurik nahi, eta, Garapen Kontseiluaren Biltzar Nagusietan Lasserrek, haren ordezkaria, gogoratzen duenez, ordaintzen duenak agintzen du... Bayrou-ri lotzea huts taktiko larria da, eta denbora batean horretan erori ziren Kultur Erakundearen arduradunak.
- Konfusio honen aurka, hizkuntz politikaren beharra eta Iparraldeko nortasunaren aldeko eskakizun politikoak elkarrekin doaz. Euskara ofizialaren aldeko borroka lotu behar da Departamendua edo Instituzioa nahi dutenekin eta fronte bakar eta indartsua egin. Garapen Kontseiluak, lehen ikusi dugunez, ez zuen kontestazio politikorik bideratu nahi; Kontseiluak, ez bada borroka egikorrena aitzina eramateko leku egokia, ez gaitu estekatu behar.
- Hizkuntz politikari dagokionez, AEK-k proposatu zuen Hizkuntz Idazkaritza baten sortzea; erakunde horrek, nonbait, agintea ukan beharko zukeen eta iniziatiba desberdinak bideratu plan orokor baten barnean. Garapen Kontseiluaren proiektuan, idazkaritza bilakatu da Kontseilua, eta horrek bere inplikazioak ditu, zeren eta kontseiluaren funtzioak ez baitira exekutiboak, aholkularitzarena baino. Aholkularitza, nori aholkatzeko? Politika linguistikoaz okupatuko den erakundearen gabeziaz, kontseiluaren mintzokideak sakabanatuak izanen dira, akordio partzialen alorrean berriz ere denbora eta energiak galtzeko. Ofizialtasuna eta Departamendurik gabe, deus ez da Hizkuntz Kontseilua. Horra errekuperazio linguistikoaren oinarriak.
Bitartean, Eskemako egitasmoak gauzatuko balira nahikoa arazo bideratu litzateke. DEIADAR-ek zuzen ikusi zuen hango promesen betetzea eta etorkizunerako bermeak bildu behar zirela eta biak lotu zituen kanpainaren deian: Bete Hitza - Euskarari lege geriza*
Frantziako politika linguistiko orokorra aldatzea beharrezkoa eta posiblea da. Horretarako ditugu finkapuntu azkar batzuek: Frantziaren isolamendua Europan - Frantziako beste eskualdeetako mogimendua - Iparraldean bertan nortasuna eta identitatearen aldeko oldar politiko eta soziala. Gehiago ere izan genezake Hegoaldeko Instituzioek presio egokia egingo balute eta euskaltzale guztiek fronte batua eratuko bagenu.
Azken urratsak
Orain, 2000. urtean, ingurumen ezkor horren barnean, aspektu baikor batzuk ageri dira.
- Frantzian bada Hexagonoko populu eta kulturak ezagutzeko (errekonozitzeko) mugimendu zerbait. Korsikako estatutu posiblearen inguruan eztabaidak ageri dira, eta badirudi zerbait alda daitekeela. Alta, estatutu horrek ez du ofizialtasuna onartuko, eta tendentzia nagusia hauxe da: hizkuntzen erabilpen pribatuari jakobinismoak sortu oztopoak baztertu, baina publikotasuna onartu gabe edo oso era mugatuaz ematen. Frontea irekia dago, eta Europako kontestua ikusita, bada non eta zer egin.
- Sozietatean, “Bai Euskarari” kanpaina izan zela eta, euskararen aldeko jarrera orokorrak normaldu dira, eta edozeinek dio euskararen alde zerbait egin behar dela. Irabazpen hau eremu sinbolikoan gertatu bada ere, agian izan liteke errealitatean zerbait egiteko: posibilitate irekia da, segurtamenik gabe bada ere. Kanpaina deklarazioen fasetik egitateen fasera pasatuko denean, ikusiko da Iparraldeko egoeran erangingarri izan daitekeen ala ez.
- Mugimendu abertzalean, ofizialtasunaren deia (kontsigna) berriz ageri da, lehen planoan, departamenduarekin parekatua. 1999ko manifestazio handian, berriz, bigarren planora baztertu zuten Departamentuaren aldeko kanpainaren erantzuleek, ustez eta sobera euskaldun agertzeak kalte egiten diola mezuari. Omen, euskarak iduri “etnikoa” ematen digu eta zokoratzen gaitu. Kalapita franko izan genuen puntu horretaz, eta orain, konsignetan bederen, Abertzaleen Batasunak berriz parekatzen ditu departamentua eta euskararen ofizialtasuna. Konsignatik politika aktibora badira eman gabeko urratsak, baina baikortzat jotzen dugu tendentzia.
Ingurumen horretan, bi ardatz ageri zaizkigu: Estatuak eman nahi omen dituen urratsak, eta Herriko Etxeetan (Udaletan) eman litezkeenak.
- Estatuaren aldetik, bada berri. Ministroen arteko azken batzordeak (CIADT) pikutara igorri zituen Garapen Kontseiluaren nahikundeak alor linguistikoan: proiektu guztiz berriak ondu beharko dira, eta horiek ikertuko eta agian onartuko dira! Ongi frogatu ziguten bost urteko lana alferra izan zela, eta hautetsiak ez ziren batere oldartu... Berriz, euskalgintzako elkarteek (Euskal Konfederazioan bildurik) eta abertzaleek gogor salatu genuen botere publikoen axolagabekeria (edo borondate glotozida). Gero, 2000ko udaberrian, Prefetak deitu zituen euskalgintzako ordezkariak (EHE ez zen deitua izan), eta lan dokumentu gisa (eta ez proposamen ofizial gisa) eman zien Erramun Bachocen taldeak (hau da, Kultur Erakundean eta Garapen Kontseiluan ibiltzen diren kargudun euskaltzaleek) ondu proposamen bat. Proposamen honi buruz interpretazio politiko bat izan da: Departamentua ez dute eman nahi, eta jendearen baretzeko euskarari zerbait eskainiko diote... Gure erantzuna (Euskalgintzako beste taldeekin bateratua) ez da hortik joan: euskararen aldeko zinezko politika bat eskatu diegu botere publikoei. Noski, ez gara ofizialtasunean, baina bai politika baikor ofizial baten eskean, orain beharrezkoa eta posiblea den urrats gisa. Prefetak udazkenean erantzun behar digu, eta horren arabera arituko gara. Horra irekiko den ekintza eta hausnarketa eremua.
- Populazioari loturik eta euskaldunen eskuetan dira hemengo hautetsiek kontrolatzen dituzten Herriko Etxeak. EHEk badarama bospasei urte alor horretan, lagun eta iniziatiba desberdinekin, arrakasta mikorik gabe. Orain, badirudi zerbait egin litekeenik, eta Euskal Konfederazioaren eskutik abiatu da kanpaina bat Herriko Etxeetan euskararen erabilpena sustatzeko eta frantserarekin parekotasuna erdiesteko. Ofizialtasun kutsua dute udalen eginkizunek, eta euskaradunengan hizkuntzaren balorea gehitzeko ondorioak izan ditzake. Alta, hautetsien herabetasun tradizionala eta hauteskunde munizipalen hurbiltasuna (2001) faktore negatiboak dira, eta kanpainaren arrakasta ez da oso segurua
Konklusioa
Iparraldean euskarak ez du lekurik lege positiboetan, eta haren erabilpena exigitzeko euskarri legalik ez dugu.
Alta, egoera larriaren aurka zerbait egin beharko dugu. Ez aldatzekotan, 2030ean %5 baizik ez da euskaldun izanen, eta euskarak ez du bizi sozialean erabilia izateko baldintza minimorik izanen.
Zinezko politika linguistiko batek diskriminazio positiboa garatu beharko zuen.
Bitartean, politikariek euskara laudatzen dute eta batzorde desberdinetan banatzen dituzte hitz politak, baina zerbait egiteko herri iniziatibak sortu alorrak (ikastolak, AEK, klase elebidunak...) onartzen dituzte, beti berandu eta erdibidez. Baina beraiek sos edo bitarte batzuk eman ondoan, beraiek sortuak balira aurkezten dituzte!
Hautetsien politika ez da euskara aurrera ateratzeko, baizik eta heriotzaren kudeatzeko, eta kulturzale euskaldun anitzen laguntza dute, horiek ez baitute politikariekin enfrentatu nahi, kalkulu politikoaz, herabetasun sozialaz, euskaldunengan konfiantza faltaz, edota nik dakita zerengatik.
Ontsa politak gara!